90. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

28E/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 9koa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena 2021eko apirilaren 13tik 17ra aurreikusita dagoen greba deialdia dela eta.

LAB, UGT, ELA eta CCOO erakunde sindikalek grebarako deia egin dute eraikin eta lokalen garbiketaren sektorean, Nafarroako Foru Komunitatean, aritzen diren enpresa, lan zentro eta lantoki guztietan; greba 2021eko apirilaren 13an hasiko da, 06:00etan, eta 2021eko apirilaren 17an bukatuko da, 06:00etan.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren zehazteko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1 b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Hezkuntza funtsezko zerbitzu publiko bat denez, beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezinezko kalteak saihestearren, eta, orobat, funts publikoz sostengatutako ikastetxeen funtzionamendua bermatzea.

Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluak, 1. eta 5. apartatuetan, aitortzen du gizabanako guztien hezkuntza eskubidea, eta botere publikoek eskubide hori bermatu behar dutela ezartzen du.

2020-2021 ikasturtean ikastetxeek hainbat neurri bete behar dituzte COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz. Horrela, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzen dituen ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege-dekretuaren 9. artikuluak ezartzen du hezkuntza administrazioek egiaztatu beharko dutela Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluan jasotako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publiko zein pribatuetako titularrek betetzen dituztela hezkuntza administrazioek ikastetxeetarako ezartzen dituzten desinfekzio, prebentzio eta egokitzapen arauak. Aurreikuspen hori bera jasota dago berriki onetsitako martxoaren 29ko 2/2021 Legearen 9. artikuluan (haren bidez, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak onesten dira).

Adierazi beharra dago artikulu horrek espresuki aipatzen dituela unibertsitateko irakaskuntzak.

Bestalde, Osasun Ministerioak ezarri ditu “COVID-19a dela eta, ikastetxeetarako prebentziorako, higienerako eta osasunaren sustapenerako neurriak 2020-2021 ikasturterako”, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak onetsi zuen aipatu neurriak betetzeko eta irakaskuntza presentziala bermatzeko jarduketa protokolo bat.

Betebehar horiek guztiak betetzeko eta ikasleei beharrezkoak diren higiene eta segurtasun baldintzekin arreta ematen zaiela bermatzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2020-2021 ikasturtean indartu egin du garbiketa eta desinfekziorako kontratatutako zerbitzua.

Horrek guztiak adierazten du, COVID-19a dela-eta egun murgilduak gauden osasun egoeraren ondorioz, ezinbestekoa dela garbiketa eta desinfekzio beharrak betetzea erabilera kolektiboko instalazioetan, bereziki komun, ikasgela eta laborategietan.

Horregatik guztiagatik, bermatu behar da kontratatutako garbiketa zerbitzuaren gutxienez %50a ematen dela, erabilera kolektiboko lokaletako desinfekzioa lehenetsita (komunak, ikasgelak, laborategiak eta eremu komunak), erreferentziako protokoloetan ezarritako maiztasunaz.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Honako hau xedatzea 2021eko apirilaren 13ko 06:00etan hasi eta 2021eko apirilaren 17ko 06:00etan bukatuko den grebarako deialdia dela eta: Nafarroako Unibertsitate Publikoko gutxieneko zerbitzuek bermatu behar dituzte COVID-19aren aurkako segurtasun eta higiene neurriak unibertsitateko irakaskuntzan, irakaskuntza presentziala ziurtatze aldera.

2. Neurri hori bermatzeko, egungo zerbitzuen %50eko gutxieneko zerbitzuak ezartzen dira. Foru agindu honetan aipatutako arauekin bat, gutxieneko zerbitzu horiek aplikatu beharko dira, lehentasunez, komunetan, ikasgeletan, laborategietan eta eremu komunetan, eta ikasturtearen hasieratik eskatutako desinfekzio kopurua bete beharko da aipatu arauak betetzeko.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Foru agindu hau LAB, UGT, ELA eta CCOO erakunde sindikalei jakinarazteko agintzea, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari igortzea, behar diren ondorioetarako.

Iruñean, 2021eko apirilaren 9an.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa García.

Iragarkiaren kodea: F2105793