9. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 14a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

1/2021 FORU AGINDUA, urtarrilaren 13koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen eta partez aldatzen baitira Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduaren bidez hartutako prebentzio neurri apartekoak Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

2020ko ekainaren 20an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela deklaratzen zuena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen zituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta zitezkeen berragertzeei aurrea hartzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko egoera epidemiologikorako eta osasun egoerarako egokiak direla bermatzeko.

Erabaki horrek ezartzen du, halaber, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabaki hori aplikatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzen ahalko dituela eta, beharrezkoa bada, neurriak gehitu, osatu edo murrizten ahalko dituela, betiere aplikatzekoa den araudiarekin bat eta bilakaera epidemiologikoa aintzat hartuta.

Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu horretan, aparteko neurri murriztaile batzuk onetsi ziren. Izan ere, lehenik eta behin, “osasun-hesi” bat ezarri zen Nafarroako Foru Komunitate osoaren perimetroko sarrerak eta irteerak mugatzeko; ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuen jarduera eten zen; mugatu egin zen txikizkako merkataritza ixteko ordutegia, bai eta hipermerkatu, azalera ertain eta handiko saltoki, merkataritza-parke edo horien parte diren establezimenduena eta bestelako zerbitzuena ere; mugak ezarri ziren garraio publikoaren jardueran; pertsona kopuru mugatua mantendu zen eremu publiko eta pribatuko bilkuretarako; mugatu egin zen aire zabalean erabiltzen diren kirol-eremuak, haurren jolas-eremuak edo -parkeak erabiltzeko ordutegia; eten egin zen joko- eta apustu-lokalen jarduera, bai eta ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dituzten establezimenduena ere. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak berretsi zuen foru agindu hori, 2020ko urriaren 22an emandako autoaren bidez.

Geroago, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua onetsi zen, zeinaren bidez alarma egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko; errege dekretu horretan autonomia erkidegoetako lehendakariak deklaratzen ziren agintari eskudun delegatu, autonomia erkidegoetan errege dekretu horri dagozkion arloetan jardun dezaten. Orobat, aipatu errege dekretu horren 12. artikuluak xedatzen du administrazioek indarreko arauek ematen dizkieten eskumenak izaten jarraituko dutela, eta horrenbestez, beharrezko jotzen dituzten neurriak hartzen ahalko dituztela, errege dekretu horretan ezarritakoa galarazi gabe.

Aipatu 57/2020 Foru Aginduan, Osasuneko kontseilariak urriaren 21ean emandako horretan, ezarri zen 2020ko azaroaren 4ra arte, egun hori barne, egonen zela indarrean, eta luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko zela, uneko egoera epidemiologikoaren arabera. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa, onetsi zen, zeinaren bidez prebentzio neurriak ezarri baitziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Foru dekretu horren bidez ezarri ziren egun dauden mugak bai Nafarroako Foru Komunitateko sarrera eta irteerei dagokienez, bai esparru publiko zein pribatuko bilkurei dagokienez. Horrez gain, mugatu egin zen pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasuna Nafarroako Foru Komunitatean, hori guztia arestian aipatutako 926/2020 Errege Dekretua aplikatuz. Foru dekretu horretan ezarritako neurriak luzatu egin ziren, urriaren 27ko 24/2020 Foru Dekretuaren eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 16ko 28/2020 Foru Dekretuaren bidez. Geroago, abenduaren 14an, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 29/2020 Foru Dekretua onetsi zen, neurri berriak ezarri zituena, bereziki Eguberrietarako. Lehendakariaren 31/2020 Foru Dekretuak, abenduaren 28koak, aldatu zuen foru dekretu hori.

Osasuneko kontseilariaren azaroaren 4ko 58/2020 Foru Aginduaren bidez, luzatu eta zati batean aldatu zen urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua. Hartan, azaroaren 18ra arteko indarraldia ezarri zen, egun hori barne, eta ezarri zen, oro bat, unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko zela. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak judizialki baimendu zuen foru agindu hori, 2020ko azaroaren 4an emandako autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariak azaroaren 16an emandako 59/2020 Foru Aginduaren bidez, zati batean aldatu zen Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua eta 2020ko abenduaren 2ra arte luzatu ziren aipatu foru aginduko neurriak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak berretsi zuen luzapen hori, 2020ko azaroaren 18an emandako autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren azaroaren 25eko 61/2020 Foru Aginduaren bidez, Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduan ezarritako neurri batzuk malgutu ziren. Zehazki, ostalaritzaren eta jatetxeen sektorearen gaineko neurriak malgutu ziren, honela: ostalaritza itxita mantendu zen, baina, salbuespenez, terrazak ireki ziren, aipatu foru aginduan ezarritako baldintzekin.

Horrez gain, edukierak, ordutegiak eta bestelakoak malgutzeko neurriak ere sartu ziren, honako hauei dagokienez: kultura, liburutegiak, haur-parkeak edo desgaitasuna dutenen edo adinekoen zentroetako egoiliarren bisitak eta ibilaldiak.

Osasuneko kontseilariaren abenduaren 2ko 62/2020 Foru Aginduaren bidez, abenduaren 16ra arte luzatu ziren, egun hori barne, urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Foru Komunitaterako hartutako berariazko neurri apartekoak eta horiei egindako aldaketak.

Geroago, Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri aparteko gehiago hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz; abenduaren 30era arteko indarraldia eman zien foru aginduak, egun hori barne. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak judizialki baimendu zuen foru agindu hori, abenduaren 15ean emandako 189/2020 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren abenduaren 28ko 64/2020 Foru Aginduaren bitartez luzatu ziren, baldintza berberetan, abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduan ezarritako neurriak. Foru agindu hori judizialki baimendu zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren abenduaren 29ko 205/2020 Autoaren bidez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, azken 4 asteetan metatutako intzidentzia (azaroaren 30etik abenduaren 27ra) egonkorra izan da: 95 kasu ingurukoa 100.000 biztanleko. Joera hori, nolanahi ere, eten egin zen urteko azken astean, kasuak %34 igo baitziren, eta aste horretan metatutako intzidentzia 100.000 biztanleko 123 kasura iritsi zen, eta goranzko joera horrek aste honetan ere jarraitu du (urtarrilak 4-10), 100.000 biztanleko 169 kasura iritsi baikara 7 egunetan. Horren eraginez, transmisio mailaren adierazleak arrisku maila oso altuan daude jada.

Tasa handienak 15 urtetik 34 urtera artekoen taldean daude (258 kasu 100.000 biztanleko); haren ondotik dira 35 urtetik 54 urtera artekoen taldea eta 75 urtetik gorakoena (100.000 biztanleko 169 eta 158 kasurekin, hurrenez hurren). Azken horiek dute ospitaleratzeko eta hiltzeko arriskurik handiena, argi eta garbi.

Estatuko eta nazioarteko egoeraren antzera, hemengoa ere kezkagarria da, intzidentzia tasak gora egin baitu. Horretan zerikusia izan dute neguko klimak, birusen transmisioa errazten duelako, eta Gabonek, jendea gehiago mugitu delako eta familiarekin nahiz lagunekin egon.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren txostenean aipatzen denez, gorabeherak daude ospitalizazio arruntean nahiz etxeko ospitalizazioan artatzea behar duten pertsona kutsatuen kopuruan, kutsatutako pertsona berrien kopuruaren eta horien ezaugarri klinikoen arabera. Behea jo zuen abenduaren 21eko astean (49 ospitaleratze), baina handitu egin zen abenduaren 28ko astean (61 ospitaleratze) eta urtarrilaren 4ko astean (58 ospitaleratze).

Abenduaren 4tik aurrera, aldakorra izan da SARS-CoV-2ak kutsatuta egoteagatik ospitalizazio arruntean eta etxekoan arreta behar duten gaixoen kopurua: 143 ziren abenduaren 10ean, eta 100, berriz, abenduaren 24an.

Abenduaren 15ean etxeko ospitalizazioan 11 pertsona egotetik abenduaren 30ean 33 egotera pasatu zen, esparru soziosanitarioko agerraldiei dagokienez, eta urtarrilaren 10ean 14ra jaitsi zen kopuru hori. Ospitalizazio arruntak urtarrilaren 3an jo zuen behea (75 pertsona), baina urtarrilaren 10ean 95 ziren. Gorabehera horiek adierazten dute gure egoera ezegonkorra dela.

Urtarrilaren 10ean, 109 paziente zeuden ospitaleratuta. Nafarroako Foru Komunitateko ospitale publikoetan SARS-CoV-2ak eragindako infekzioekin zerikusia duten larrialdiak handitu egin dira azken bi astean. Nabarmenki jaitsi ziren urriaren 19ko asteko 475 kasuetatik abenduaren 21eko asteko 92 kasuetara. Abenduaren 7tik 21era bitarteko asteetan egonkortu zen COVID-19arekin lotutako larrialdien eskaera, baina azken bi asteetan handitu egin zen: 92tik 117ra (%27,2ko igoera).

Nafarroako ZIUetan dauden COVID-19aren pazienteen kopurua aldakorra izan da azken asteotan: 15 pazientetik 23ra bitarte. 2021eko urtarrilaren 10ean, 18 paziente zeuden ZIUetan.

Ildo horretan, SARS-CoV-2ak kutsatutako pertsonen ospitaleko hilkortasunak behera egin du: 19 heriotza izan dira azken bi asteetan, eta 32 aurreko bietan.

Azken bi asteetan, nabarmenki egin du gora kutsatu berrien kopuruak eta gora egin du, halaber, larrialdietan eta ospitalizazio arruntean arreta jaso dutenen kopuruak, nahiz eta horren eragina oraindik ez den nabari ZIUetan eta hilkortasunean.

Argi dago, beraz, 2 eta 3 asteko aldea dagoela komunitatean neurriak hartzen direnetik neurri horien ondorioak ikusten hasi arte (kutsatutakoen kopurua murriztea, ospitaleratzeak eta ZIUetan sartutakoen kopuruak behera egitea eta hildakoena jaistea). Alde hori, bada, malgutze neurriei nahiz neurri zorrotzagoei dagokie (mugikortasuna eta harreman sozialak mugatzen dituztenak). Horregatik, joan diren hilabeteetan ikasitakoa oinarri hartuta, beharrezkoa da aurrea hartzea erabakiak hartzeko orduan, horrek eraginik izan ez dezan COVID-19ko pazienteei eta COVID-19az bestelakoei laguntza sisteman arreta emateko gaitasunean.

Gabonak gertu zirenez eta egoera epidemiologikoak eta laguntzakoak horretarako bidea ematen zutenez, neurri murriztaileak malgutu egin ziren gure Foru Komunitatean, beste autonomia erkidegoetan eta gure inguruko herrialdeetan egin zen bezalaxe; halaxe dakar Osasun Zuzendaritza Nagusiaren txostenak. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak abenduaren 14an emandako 29/2020 Foru Dekretuaren bidez malgutu ziren neurri horiek, baita Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduaren bidez ere. Hala ere, goraka ari ziren adierazle iragarle batzuk objektibatu ziren Gabonetako lehen zatian. Adierazle horiek ohartarazi zuten zubi foralaren eta Gabonetako lehen zatiaren inpaktuaz. Arrazoi horregatik kendu ziren, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariak abenduaren 28an emandako 31/2020 Foru Dekretuaren bidez, “Gabonetako salbuespenak”, eta berriz ezarri ziren, Urtezahar gauerako, Urteberri egunerako eta Errege gau zein egunetarako, gure komunitatearen konfinamendu perimetrala, 23:00etan etxean egon beharra eta eremu pribatuan bi bizikidetza unitatetako sei pertsona elkartzeko muga.

Une honetan, bukatu da Lehendakariaren 29/2020 Foru Dekretuaren indarraldia, baita Osasuneko kontseilariaren 63/2020 Foru Aginduarena ere, eta bidezkoa da berritzea. Pandemiaren egoerari dagokionez, arrisku handiko egoeran gaude berriz ere: adierazle guztiek goranzko joera hartua dute edo, laguntzaren arloko adierazleen moduan, egonkortuta badaude ere, goranzko joera dute. Egoera honetan gaude, zalantzarik gabe, zubi foralean eta, batez ere, Gabonetan areagotu zirelako mugikortasuna eta harremanak, familiakoak nahiz sozialak. Horrela, eta Nafarroako ibilbide orriaren arabera, arrisku oso handiko egoeran gaude 14 eta 7 egunetan 100.000 biztanleko metatutako intzidentziari dagokionez, eta 64 urtetik gorakoen artean metatutako intzidentziei dagokienez; eta arrisku ertainean gaude proba diagnostikoen positibotasun-ehunekoan, kasuen trazabilitatean eta laguntzaren arloko inpaktuaren adierazleetan (COVID-19 gaixoek okupatzen dituzten oheen ehunekoan eta zainketa intentsiboetako gure unitateetan dauden COVID-19 gaixoen kopuruan).

Aste honetako datuek erakusten dute Nafarroan, zorionez, arriskua txikiagoa dela beste autonomia erkidego batzuetan eta inguruan ditugun Europako beste herrialde batzuetan baino. Izan ere, Espainiako batezbestekoaren azpitik gaude intzidentzia metatuetan; oso azpitik, lehen proben positibotasunean eta kasuen trazabilitatean, eta izugarri azpitik, ospitaleko inpaktuaren adierazleetan (COVID-19 oheetan zein ZIUetako oheetan), nahiz eta ospitaleratzeek gora egin duten, zertxobait, azken egunotan. Antza denez, eta hala dela dirudi, gure autonomia erkidegoko egoera ez da beste lurralde batzuetan bezain muturrekoa, batetik, neurri zorrotzak ezarri zirelako Gabonetako bigarren zatirako –funtzionatu dutela dirudi– eta, bestetik, eta bidezkoa da aitortzea hau ere, jende gehiena ahalegindu delako eta arduraz jokatu duelako Gabonetan egin behar zena eginez, pandemia egoeran gaudela kontuan izanik.

Nolanahi ere, joera argia eta kezkagarria da, noski. Eta egoera oso-oso makala da. Kontuan izan beharra dago, gainera, Nafarroan “andui britainiarra” delakoa badagoela objektibatu dugula, zabaltzeko arriskua badagoela eta kutsakortasuna behin-behinean igotzea eragin dezakeela. Eta mundu mailako pandemia honek irakatsi digu, benetan irakatsi ere, aurrea hartzen saiatu behar dugula, ahal dugun neurrian, eta ahalik eta prebentzio, arreta eta zuhurtasun gehienez jokatu behar dugula. Horrez gain, ebaluatu beharra dago, aldez aurretik, ezarriko diren neurrien inpaktua, justifikazioa eta proportzionaltasuna, guztien onerako badira ere, beti izanen baitira horien ondorioak pairatzen dituzten pertsonak, taldeak eta sektoreak. Edonola ere, egia da oraindik ere ezin dugula jakin, zehaztasun osoz, zein izanen den olatu edo fase pandemiko honen munta. Izan ere, aurreko asteko datuetan sumatzen baita, oraindik ere, jaiegunen eragina. Gabonen ondotik “normaltasunera” itzultzen ari gara aste honetan, eta objektibatu ahal izanen dugu, zehaztasunez, zein den pandemiaren benetako egoera Nafarroan.

Horregatik guztiagatik, bidezko da neurri murriztaile eta selektibo batzuk eranstea lehendik indarrean zeudenei. Hurrengo astean gertutik monitorizatuko dira egoera eta datuak, helburu izanik arrisku egoera objektiboa ebaluatzea, eta aztertzea zer neurri ezarriko diren horren ondorioz; hori guztia gure ibilbide orriari jarraituta, zeina, bidenabar, publikoa baita eta orok ezagutzen duen. Esan gabe doa, halaber, aste bateko epean kasuek gora egiten badute bat-batean eta modu esponentzialean, behar diren neurriak ezarriko direla lehenbailehen. Edonola ere, eta aste honetako ebaluazioaren zain gauden bitartean, gomendatzen da, eta berriro dei egiten, urtarrila bukatu arte geratzen diren asteetan muga daitezen, ahalik eta gutxien izateraino, mugikortasuna eta familiako nahiz lagunarteko kontaktuak eta elkartzeak (etxe barruan bertan bizi direnek baino ezin dute egon). Goranzko joera aldarazi behar dugu lehenbailehen, eta haren inpaktuak minimizatu behar ditugu maila guztietan. Gainera, kontuan izan behar dugu pertsonarik kalteberenak txertatzeko epealdi bete-betean gaudela eta indar guztia jarri behar dugula horretan.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da berriro luzatzea Osasuneko kontseilariaren abenduaren 28ko 63/2020 Foru Aginduan ezarritako neurriak. Horietako batzuk, gainera, zorroztuko dira: murriztuko da txikizkariak ez diren saltokietako edukiera, jende pilaketarik egon ez eta, ondorioz, kutsatzerik egon ez dadin; laburtuko da ostalaritza eta jatetxeak, bingoak, joko aretoak eta antzekoak irekitzeko ordutegia (21:00etan itxi beharko dute), interakzio soziala saihesteko eta kutsatzeko aukera txikiagotze aldera; debekatuko da ostalaritzako establezimendu eta jatetxe guztietako terrazetan erretzea (upelak barne), kutsatzeko arriskua oso handia baita establezimendu horietako terrazetan erretzen denean, berdin dio zer distantzia dagoen erretzen ari den pertsonaren eta terrazan dauden gainerakoen artean, eta arrisku hori ez hartzea komeni da. Azkenik, gomendatzen da lantokiek mailaka ditzaten langileen sarrera eta irteera ordutegiak, jende pilaketarik izan ez dadin Iruñerriko hiri garraioko linea nagusietan jende gehien dabilen orduetan.

Foru agindu honetan adierazitako neurriek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak aukera ematen die, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariei, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzeko, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Urtarrilaren 11ko asteko datu epidemiologikoak funtsezkoak izanen dira osasun arloko neurriak hartzeko. Nolanahi ere, nahiko argi ikus dezakegu zein izan daitekeen olatu edo fase pandemiko berri honen munta. Hori dela eta, 2021eko urtarrilaren 12ra arteko datu epidemiologikoetan oinarritzen dira foru agindu honetan ezarritako neurri sanitarioak. Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren irizpideari jarraikiz, salbuespenez eskatzen da, kasu honetan, foru agindu hau judizialki berrets dadila, ezin baita osasun arloko neurririk ezarri aldez aurretik ez badakigu zein diren neurri horiek oinarri dituzten datu epidemiologikoak, urtarrilaren 12ra artekoak, gutxienez ere. Izan ere, datu horiek adierazten dute zein den kutsatzeen joera eta, horrenbestez, zer nolako zorrotz izan behar duten egun ezarri beharreko neurri sanitarioek.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Luzatzea Osasuneko kontseilariak abenduaren 14an emandako 63/2020 Foru Aginduan hartutako neurriak, baldintza berdinetan; aldatzea, jarraian adierazten den moduan, 1.2, 3.2 f), 3.3, 10.1 eta 23.3 puntuak, eta 2.4 puntua gehitzea. Foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen dira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.–Aldatzea Osasuneko kontseilariak abenduaren 14an emandako 63/2020 Foru Aginduaren neurri hauek, honela idatzita geldituko baitira:

“1.2. Horrez gain, oinezkoek pasiboki ez erretzeko duten eskubidea zaindu eta babesteko, eta orobat COVID-19aren kutsapen arriskua murrizteko, kalean bakarrik erretzen ahalko da eserlekuetan, espazio publikoetan eta antzekoetan. Erretzaileak geldirik egonen dira, mugitu gabe, eta gutxienez ere 2 metroko segurtasun-tartea bermatu beharko dute beste pertsona batekin”.

“2. Garraioa.

2.4 puntua gehitzen da.

2.4. Gomendatzen da enpresek eta administrazio publikoek langileen sarrera-irteerak malgutu ditzatela, edo erraztasunak eman, bidaiari gutxiago elkar daitezen Iruñerriko hiri garraio erregularreko linea nagusietan jende gehien ibiltzen den orduetan”.

“3. Ostalaritza.

3.2 f) Debeku da erretzea ostalaritzako establezimenduetako eta jatetxeetako inolako terrazetan, horien barnean direlarik zenbait establezimenduren kanpoko aldean jarritako upelak.

3.3. Puntu honetan aipatutako ostalaritzako establezimenduak eta jatetxeak 21:00etan itxiko dira, lokalak jendez hustu ondoren”.

“10. Hipermerkatuak, azalera ertain eta handiko establezimenduak eta merkataritza-gune edo -parkeak, edo horien zati direnak.

10.1. Hipermerkatuetan, azalera ertain eta handiko establezimenduetan eta merkataritza-gune edo -parkeetan, edo horien zati direnetan, ezin izanen da gainditu edukieraren %30. Edukiera hori aplikatuko da solairu eta saltoki bakoitzean, baita eremu komunetan ere, berdin dio zein azalera duten”.

“23. Bingoak, eta joko-, apustu- eta jolas-aretoak.

23.3. Establezimendu horiek 21:00etan itxiko dira, lokalak jendez hustu ondoren”.

Hirugarrena.–Luzatutako neurri hauek eta foru agindu honetan ezartzen diren aldaketek indarra izanen dute 2021eko urtarrilaren 15etik 28ra, biak barne. Egoera epidemiologikoa zein den ikusita, egoera ebaluatuko da zazpi egun naturalean, edo lehenago, baldin beharrezkoa bada, eta unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera luzatu, aldatu edo bertan behera utzi ahal izanen dira.

Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, berrespen judiziala lortzeko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Departamentuko Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek 2021eko urtarrilaren 15ean hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 13an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2100475