89. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

303/2021 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana, proiektu honetako obrek ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko dei egiten duena: “NA-128 errepidean Caparroso-Mélida tartea zabaldu eta hobetzeko eraikuntza proiektua”.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren martxoaren 29ko 49/2007 Foru Aginduaren bidez, NA-5500 errepidean Caparroso-Mélida tartea zabaldu eta hobetzeko eraikuntza proiektuari onespen teknikoa eman zitzaion eta proiektu horrek ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jarri zen.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren uztailaren 3ko 67/2009 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Errepideen Katalogoa eta Nafarroako errepideen mapa ofiziala onetsi ziren. Ezartzen dituen aldaketen artean NA-5500 errepidearena dago, NA-128 Foru Komunitateko intereseko errepidea izatera pasatu baita. Horrenbestez, proiektuaren izen berria “NA-128 errepidean Caparroso-Mélida tartea zabaldu eta hobetzeko eraikuntza proiektua” da.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariak irailaren 15ean emandako 55/2010 Foru Aginduaren bidez, NA-128 errepidean Caparroso-Mélida tartea zabaldu eta hobetzeko eraikuntza proiektua jendaurrean egoteko epea ebatzi, eta proiektu hori behin betiko onetsi zen.

Nafarroako Gobernuak 2021eko martxoaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, NA-128 errepidean Caparroso-Mélida tartea zabaldu eta hobetzeko eraikuntza proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa zela deklaratu zen, nahitaez desjabetzeko.

Hori horrela, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52.2 artikuluari jarraikiz, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 26. artikuluaren bidez eskuratu ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. NA-128 errepidean Caparroso-Mélida tartea zabaldu eta hobetzeko eraikuntza proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei dei egitea 2021eko maiatzaren 25ean, 26an, 27an eta 28an Caparrosoko, Murillo el Cuendeko eta Mélidako udaletxeetan ager daitezen, okupatu aurreko aktak egiteko eta, hala badagokio, okupazio aktak egiteko.

2. Ekitaldi horretara titularrek beraiek joan beharko dute, edo haien izenean aritzeko behar bezala baimendutako pertsona bat bidali, titulartasuna frogatzen duten agiriak aldean dituztela (eskritura publikoa, jabetza erregistroko ziurtagiria, etab.); egoki baderitzote, perituak eta/edo notarioa eraman ditzakete, baina, betiere, norberak ordainduta.

3. Ebazpen hau argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitatean editatzen diren egunkari hedatuenetako bietan eta Caparrosoko, Murillo el Cuendeko eta Mélidako udalen iragarki-tauletan. Halaber, ohartarazten da argitalpen hau Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 44. artikuluan xedatzen diren ondorioetarako ere egiten dela.

4. Ukitutako titularrei jakinaraztea, banakako zitazio zedularen bidez.

5. Ebazpen hau igortzea Caparrosoko, Murillo el Cuendeko eta Mélidako udaletara eta Azterlan eta Proiektuen Zerbitzura.

Iruñean, 2021eko martxoaren 31n.–Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusia, Pedro Andrés López Vera.

Iragarkiaren kodea: F2105474