89. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

15E/2021 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez berriz ere egiten baitira, aldi berean, hogei eguneko epean jendaurrean jartzeko eta eragindako udalari entzuteko izapideak, Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 4. faseari dagokion urbanizazio proiektuari dagokionez, trafikoari buruzko azterlanarekin batera. Proiektuak Noain Elortzibarko udal-mugarteari eragiten dio eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak uztailaren 27an emandako 64E/2020 Ebazpenaren bidez, hasiera batez onetsi zen Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 4. faseari dagokion urbanizazio proiektua. Proiektuak Noain Elortzibarko udal-mugarteari eragiten dio eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du.

Horretarako ezarritako epean, 2020ko irailaren 11n, alegazio-idazki bat aurkeztu du Sebastián Marco Zaratieguik, Noain Elortzibarko Udaleko alkateak, Udalaren izenean eta hura ordezkatuz.

Idazkiaren alegazioetako batean, interesdunak azaltzen du ez zela egokia proiektuari hasierako onespena ematea, hasieran onetsitako eta jendaurrean jarritako dokumentuak ez duelako indarrean dagoen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaren 30. artikuluak eskatzen duen trafikoari buruzko azterlanaren berrikuspena.

2021eko apirilaren 7an, sustatzaileak urbanizazio-proiektu osoaren beste ale bat aurkeztu zuen.

Ale horrek aldaketak sartzen ditu jendaurrean jarri denaren aldean, hasierako onespenaren ebazpena, bildutako sektore-txostenak eta Lurralde eta Paisaiaren Zerbitzuak 2021eko martxoaren 22an egindako errekerimendua betez. Honako hauek dira aldaketa nagusiak:

–Gehitu da justifikazioa irisgarritasunaren, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eta suteen aurkako babesaren arloan aplikatu beharreko legedia betetzeari buruz.

–Gehitu da dokumentazio grafiko berria espazio komunak (bideak, berdeguneak eta drainatze jasangarriko hiri sistemak) eta pribatuak mugatzeari buruz, birpartzelazioaren ondoriozko lurzatiekiko baliokidetasunari buruz eta trenbide-adarrak jabetzan dituen mugei buruz.

–A15.01 planoa sartu da; bertan, obraren barruan hondakinak biltegiratzeko, maneiatzeko, bereizteko eta kudeatzeko beste lan batzuetarako aurreikusitako instalazioak jasotzen dira.

–Iruñeko Garraioaren Hiriko Trafikoari buruzko azterlanaren berrikuspena gehitu da, 17. eranskin gisa.

–Aurreikusitako betelanetako eta lur-erauzketen ezpondak zuzendu dira, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren araudiaren 35. artikuluan xedatutako gehieneko maldara egokituta.

–Aurrekontua aldatu da, sartutako aldaketekin bat etorriz.

–Aurreikusitako eraikuntza-etapak ezabatu dira.

Onargarritzat jotzen da lehen aipatutako Noain Elortzibarko Udalaren alegazioa, ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2021eko apirilaren 12ko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hogei egunez jendaurrean jartzeko eta ukitutako udalari entzuteko izapideak berriz ere egitea, aldi berean, Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 4. faseari buruzko urbanizazio proiektuari dagokionez, trafikoaren azterlanarekin batera. Proiektuak Noain Elortzibarko udal-mugarteari eragiten dio eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du, trafikoari buruzko azterketarekin batera, ebazpen hau argitaratuz Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren webguneko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

2. Ebazpen hau jakinaraztea Noain Elortzibarko Udalari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 12an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2105809