89. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

25/2021 FORU DEKRETUA, martxoaren 31koa, azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru dekretu horren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi ziren.

ATARIKOA

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi ziren.

2020. urtean, hainbat eskumen eskualdatu dira Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren artean. Eskumenen eskualdatze hori hiru arlo hauetan gauzatu da: Erreferentzia Nazionaleko zentroen kudeaketa, lanbide gaitasuna egiaztatzeko prozesuen kudeaketa eta moduluzko enplegu egiaztagarrirako lanbide heziketako ekimenen exekuzioa. Nafarroako Gobernuari dagokionez, erabaki da aldaketa hori Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Hezkuntza Departamentuak sinatutako hitzarmen baten bidez egitea. Hitzarmen horren bidez, Hezkuntza Departamentuaren esku uzten dira honako hauek: Energia Berriztagarrien eta Energia-efizientziaren Erreferentzia Nazionaleko Zentroa (CENIFER) zuzentzea eta kudeatzea; Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalak lanbide-prestakuntzaren arloan aurreikusten duen eskumena, egiaztagiri ofiziala lortzea sustatzeko; eta akreditazio prozedurei buruzko eskumenak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prozedura horien gaineko informazio eta orientazio eginkizunei eusten diela. Eskumenen eskualdaketak eskatzen du erakundearen berrantolaketa organikoa, aipatu aldaketetara eta 2021etik aurrerako eginkizun berrietara egokitzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearekin bat, eta Eskubide Sozialetako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak 2021eko martxoaren 31n egin bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak aldatzea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren artikulu hauek aldatzen dira: 2.2.b), 19.b) eta e), 20., 21., 22. eta 23. artikuluak. Artikulu horiek honela idatzita geldituko dira:

Lehenbizikoa.–2.2.b) artikulua aldatzen da, eta testua honela geldituko da:

“b) Enplegurako prestakuntza programatzea, kudeatzea eta koordinatzea, Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean”.

Bigarrena.–19. artikuluaren b) eta e) apartatuak aldatzen dira, eta honela idatzita geldituko dira:

“b) Esperientzia egiaztatzeko prozesuen azterketa, komunikazioa eta hedapena bultzatzea, Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean.

(...)

e) Enplegurako lanbide-prestakuntzako programak eta ekimenak prestatzea, koordinatzea, kudeatzea eta sustatzea, Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean”.

Hirugarrena.–20. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“20. artikulua. Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuaren egitura.

Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuak unitate organiko hauek ditu bere egituran:

a) Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Atala.

b) Programen Kudeaketa, Balorazio eta Eraginaren Atala.

c) Prestakuntza Programazio Propioaren Atala”.

Laugarrena.–21. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“21. artikulua. Prestakuntza Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Atalaren eginkizunak.

Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Enplegurako prestakuntzako beharrak eta aukerak aztertzea eta horiei buruzko lehentasun proposamenak egitea.

b) Prestakuntzako espezialitateak diseinatzea eta eguneratzea, hautemandako beharretatik abiatuta.

c) Enplegurako prestakuntzaren eskaintza planifikatzea eta proposatzea, Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean.

d) Prestakuntza arloko jardunbide egokiak identifikatzea eta aztertzea.

e) Enplegurako prestakuntza arloko programa berritzaileak sustatzea, garatzea eta esperimentatzea, profil berrietarako aukerak ematen dituzten eta espezialitate berriak sortzen edo berriz diseinatzen dituzten programak, alegia.

f) Prestakuntza formaleko eta ez-formaleko plan berritzaileak diseinatzea eta kudeatzea, plan sektorialekin eta irakasleei zuzendutakoekin elkarlanean, prestakuntzaren kalitatea hobetzeko helburuarekin. Plan horiek bat eginen dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estrategiarekin eta koordinatuko dira zerbitzu horren gainerako atalekin.

g) Koordinazioa eta laguntza erakundearen prestakuntza propioaren jardueretako programazioan eta lanbide heziketako ikastetxe bateratuen programazioan.

h) Koordinazio teknikoa enplegurako prestakuntzaren garapenean parte hartzen duten entitate eta erakundeekin.

i) ETEentzako eskaeraren araberako prestakuntza sustatzea.

j) Irakasleen eta espezialitateen fitxategia kudeatzea eta eguneratzea.

k) Prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuekin lotutako proiektuak eta kontratatzeko konpromisoko proiektuak diseinatzea eta kudeatzea.

l) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak”.

Bosgarrena.–22. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“22. artikulua. Programen Kudeaketa, Balorazio eta Eraginaren Atalaren eginkizunak.

Programen Kudeaketa, Balorazio eta Eraginaren Atalak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Lanbide gaitasunak garatzeko programetarako eta prestakuntza eta enpleguko programa bateratuetarako laguntzak eta dirulaguntzak arautzeko oinarri teknikoak prestatzea eta proposatzea.

b) Enplegurako lanbide-prestakuntzako programetarako, prestakuntza eta enpleguko programa bateratuetarako, enpresa planetarako eta langileen gaitasun profesionalak garatzeko beste neurri batzuetarako laguntzen eta dirulaguntzen espedienteak kudeatzea, kontrolatzea eta tramitatzea.

c) Enplegurako prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenentzako beka eta laguntzen espedienteak kudeatzea, kontrolatzea eta tramitatzea.

d) Lanbide gaitasunak garatzeko programetan kudeatutako laguntzen eta dirulaguntzen exekuzioaren, trazabilitatearen eta eraginaren jarraipena egitea.

e) Lanbide gaitasunak garatzearen arloko programei buruzko adierazleak eta estatistikak prestatzea.

f) Garatzen diren ekintzen eta parte hartzen duten zentroen eta entitateen jarraipen teknikoa, koordinazioa eta ebaluazioa, Prestakuntza Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Atalarekin koordinatuta.

g) Lanbide gaitasunak garatzeko neurriak ezartzeko, kudeatzeko, kontrolatzeko eta tramitatzeko tresna informatikoen beharrak atzematea.

h) Enplegurako prestakuntza eta prestakuntza ez-formala hedatzeko bidea definitzea eta bultzatzea.

i) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak”.

Seigarrena.–23. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:

“23. artikulua. Prestakuntza Programazio Propioaren Atalaren eginkizunak.

Prestakuntza Programazio Propioaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Esperientziaren eta prestakuntza ez-formalaren bidez jasotako lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozesuen azterketa, komunikazioa eta hedapena kudeatzea, Hezkuntza Departamentuarekin koordinaturik.

b) Erakundearen prestakuntzako programazio propioa planifikatzea, exekutatzea eta horren jarraipena egitea.

c) Beharrak aztertzea, prestakuntza baliabideak programatzea eta profil profesionalak prestatzea, erakundearen plangintza estrategikoarekin koordinaturik.

d) Politika publikoak ezartzean sortzen diren beharren ondoriozko prestakuntza ekintzak garatzea, bereziki toki-erakundeekiko elkarlanaren esparruan.

e) Prestakuntza propioan parte hartzen duten irakasleen gaitasunak garatzeko eta eguneratzeko sustapen lana egitea, enplegurako prestakuntzako irakasleen garapen planarekin koordinaturik.

f) Metodoa hobetzeko ekimenak bultzatzea prestakuntza programetako jarduketetan, eta horiek koordinatzea enplegurako irakasleen garapen planarekin.

g) Beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria baldin bada, eta zerbitzuko zuzendaritzak bere jarduketa esparruaren barrenean agintzen dizkionak”.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra.–Izendapenak.

Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:

–Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Erreferentzia Nazionaleko Zentroaren Ataleko burua, hemendik aurrera Programen Garapen eta Berrikuntzarako eta Sustapen Sektorialerako Ataleko burua izanen dena.

–Lanbide Gaitasunak Egiaztatzeko eta Prestakuntza Propioaren Ataleko burua, hemendik aurrera Prestakuntza Programazio Propioaren Ataleko burua izanen dena.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko martxoaren 31n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2105347