87. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CORELLA

Boto eskuordetua Udalaren funtzionamenduan. Onespena

Corellako Udalak, 2021eko martxoaren 30ean egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Aintzat hartuta: horretarako egokiera sortu dela, eta Udalaren funtzionamenduan boto eskuordetua sartzea komeni dela;

Aplikatzekoa den araudia (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 84.4. artikulua),

Eta Batzordearen 2021ko martxoaren 16ko txostena.

ERABAKITZEN DA:

Lehenbizikoa.–Boto delegatuaren erabilera onestea Udalaren funtzionamenduan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 86.4. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

a) Amatasunaren kariaz bilkuretara joan ezin den zinegotziak bere botoa uzten ahalko du beste zinegotzi baten esku, erditu ondoko sei asteetan.

Aitatasunagatiko baja, edoskitzea edo haurdunaldia ez dira arrazoi izanen botoa eskuordetzeko, salbu eta arriskuko haurdunaldia dagoenean, mediku arduradunak behar bezala ziurtatua.

b) Ospitaleratua egoteagatik edo, behar bezala frogaturik, eritasun larria izateagatik bilkuretara joan ezin den zinegotziak bere botoa uzten ahalko du beste zinegotzi baten esku.

c) Baja medikoa frogatzeko, osasun ziurtagiri sinatua aurkeztu beharko da, elkargokide zenbakia zehaztuta eta pairatzen duen eritasunaren larritasuna jasota.

d) Osoko bilkuretan baizik ez da posible izanen botoa eskuordetzea, inoiz ez batzordeetan, lan bileretan edo bozketa behar duten bestelako egoeretan.

e) Zinegotzi batek ez du inoiz izanen boto bat baino gehiago bere esku utzia.

f) Besteen esku utzitako botoen kopurua ez da inoiz izanen Udalbatza osatzen duten zinegotzien erdia baino gehiago.

g) Botoa eskuordetzeko aldia ez da inoiz urtebete baino luzeagoa izanen.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Corellan, 2021eko martxoaren 31n.–Alkatea, Gorka García Izal.

Iragarkiaren kodea: L2105391