85. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 15a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 20/2021 FORU DEKRETUA, apirilaren 15ekoa, zeinaren bidez luzatzen baitira Milagroko udalerrirako aparteko prebentzio neurriak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz hartutakoak.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren martxoaren 25eko 11/2021 Foru Dekretuaren bidez prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Milagroko udalerrirako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz. Neurri horiek apirilaren 15era arte luzatu ziren, hura barne, Nafarroako presidenteak apirilaren 6an emandako 14/2021 Foru Dekretuaren bidez.

Hartutako neurrien indarraldia bukatzear dagoenez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak proposatu du haiei eustea, kontuan hartuta intzidentziak altuak direla oraindik Milagroko udalerrian, bilakaera ona izan eta kasuen kopuruak behera egin badu ere. Gainera, udalerri hori Alesbesko eta Cadreitako udal-mugarteen artean dago, zeinetan intzidentziak oso altuak baitira.

Horrenbestez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena aintzat hartuta eta azaldutako arrazoiak direla eta, bidezkoa da hartutako neurriak astebetez luzatzea, eta jarraipen berezia egitea udalerri horretan kutsatzeek izanen duten bilakaerari.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.-Luzatzea Milagroko udalerrirako aparteko prebentzio neurriak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz hartutakoak.

Apirilaren 22ra arte luzatzen dira, egun hori barne, Milagroko udalerrirako aparteko prebentzio neurriak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz hartutakoak Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren martxoaren 25eko 11/2021 Foru Dekretuaz baliatuz, zeinak apirilaren 6ra arte luzatu baitziren Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 14/2021 Foru Dekretuaren bidez. Neurri horiek luzatu, aldatu edo indarrik gabe uzten ahalko dira, uneko egoera epidemiologikoaren arabera.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2021eko apirilaren 16an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 15ean.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2106003