82. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

222E/2021 EBAZPENA, martxoaren 12koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana,ingurumen baimen integratua ematen duena Caparrosoko udal mugapean dagoen esne-behien ustiategi eta hondakinen biometanizazio planta batentzat. Instalazio horrek eta jardueraren garapenak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioaren titularrak Valle de Odieta SCL eta Hibridación Termosolar Navarra SL dira.

Instalazio hori funtzionamenduan dago gaur egun, eta badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 11ko 2275/2009 Ebazpenaren bidez emana, esnetarako behi-aziendaren ustiategirako eta hondakin organikoak biometanizatzeko plantarako.

Titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, esnetarako behien kopurua handitu nahi baitzuen, 3.450etik 7.200era (12 nabe bete abere), eta biometanizazio plantaren funtzionamendua aldatu, erregimen termofiloa ezarriz. Aldaketa hori funtsezkotzat jo zuen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hortaz, beharrezkoa da beste ingurumen baimen integratu bat ematea instalazio osorako, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluarekin bat.

Instalazio hori, abeltzaintzako jarduera izateagatik, jasorik dago Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 9.1.f) epigrafean (“250 esne-behi buru helduak”), eta, ondorioz, ingurumen baimen integratuaren eta ingurumen eraginaren nahitaezko ebaluazioaren araubidearen menpe dago. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Instalazioa ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, eta prozeduran sartu dira ingurumen eraginaren ebaluazioaren arloko jarduketak.

2012ko azaroaren 6an, titularrak proiektuaren ingurumen eraginaren azterketa aurkeztu zuen, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak adieraz zezan nahikotzat jotzen zuen ala ez, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 8. artikuluari jarraituz.

2012ko azaroaren 16an, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Ebaluazioaren Atalak irizpena eman zuen, esanez ingurumen eraginaren azterketa nahikoa zela eta onartzen ahal zela, bat zetorrelako, oro har, araudian aurreikusitako edukiarekin, eta sustatzaileak ingurumen baimen integratuaren aldaketa eta ingurumen eraginaren adierazpena eskatzen ahal zizkiola Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 11. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako prozedura betez.

2013ko urtarrilaren 18an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 11. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztuta.

Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egunez, 2013ko martxoaren 11tik hasita, eta ez zen alegaziorik aurkeztu.

2015eko abenduaren 22an, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 19. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ebazpen-proposamena igorri zitzaien instalazioaren titularrei, eta 15 eguneko epea eman zitzaien egokitzat jotzen zutena adierazi ahal izateko.

Igorritako ebazpen-proposamena instalazioari ingurumen baimen integratua ematearen aldekoa zen. Halaber, proposatu zen ingurumen eraginaren adierazpena egitea instalazioa handitzeko proiektuarentzat, proiektu hori ingurumen aldetik bideragarria zela iritzita, eta proposatu zen lurzoru urbanizaezineko jarduerarako baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

2016ko urtarrilaren 14an titularrak ebazpen-proposamenari buruzko alegazioak aurkeztu zituen. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak alegazioak baloratu ondoren, aldeko beste ebazpen-proposamen bat prestatu zen, eta 2016ko abuztuaren 16an Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak uko egin zion proposamen hori sinatzeari, beharrezkotzat jotzen zuelako aldez aurretik egiaztapen berezia egitea, ea titularrak betetzen ote zuen simaurra eta digestatoa ekoitzi eta kudeatzeko plana, zeina jasorik baitzegoen lehendik bazen instalazioaren (3.450 esne-behi heldu) ingurumen baimen integratu indardunean.

2017ko irailaren 1ean, Ingurumenaren eta Lurraldearen Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoko zuzendariak txosten juridikoa eman zuen. Bertan proposatu zuen ez ematea eskatutako ingurumen baimen integratua, ezin zelako ziur jakin ingurumen baldintzak eta instalazioaren funtzionamenduari lotuak betetzen ote ziren, edo mota horretako instalazio baten osasun arriskuek egoera eutsiezina sorraraziko ote zuten. Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak eskatutako baimena ez ematea ebazten ahal zuen.

Txostenean adierazi zen egoera nabarmen aldatua zela aldeko lehen ebazpen-proposamena eman zenetik, eta berriz aztertu zela eskaera, eta berrikusi egin zirela handitze proiektuaren inguruabarrak.

Hala, txostenaren arabera, egiaztatu zen zenbait arau-hauste egin zirela orduan baimenduta zegoen jardueraren garapenean, zehapen espedienteak abiarazi ziren, ingurumen baimen integratu indardunean sartu gabeko nabeak eraikitzeko lanak geldiarazi behar izan ziren, eta kezka handia zegoen ingurumenaren eta abere osasunaren ikuspegitik. Horren guztiaren ondorioz, berriz planteatu ziren inguruabar guztiak, eta nahikotzat jo ziren 2015eko abenduaren 22an entzunaldian jarritako ebazpen-proposamenaren kontrako ebazpena emateko, aurreikusi ez bezala.

2017ko irailaren 21ean, handitze proiekturako eskatutako ingurumen baimen integratua ematearen kontrako ebazpen-proposamen berriaren entzunaldia ireki zen instalazioaren titularrarentzat, hamabost egunekoa.

2017ko urriaren 6an eta 2018ko urtarrilaren 19an titularrak ezezko ebazpen-proposamenari buruzko alegazioak aurkeztu zituen. Ingurumenaren eta Lurralde Antolamenduaren Zerbitzu Juridikoak alegazioak baloratu ondoren, azkenik, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 30eko 850E/2018 Ebazpena eman zen, eta bertan ukatu egin zen ingurumen baimen integratua, esne-behien ustiategian eta hondakin organikoen biometanizazio plantan funtsezko aldaketa egiteko eskatu zena, esnetarako behien kopurua handitu nahi baitzen 3.450etik 7.200era (12 nabe bete abere), eta biometanizazio plantaren funtzionamendua aldatu, erregimen termofiloa ezarriz.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak, martxoaren 6ko 25E/2019 Foru Aginduaren bidez, ezetsi egin zuen instalazioaren titularrek jarritako gora jotzeko errekurtsoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 30eko 850/E/2018 Ebazpenaren kontrakoa.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, abenduaren 21eko 333/2020 Epaian, partez baietsi zuen Hibridación Termosolar Navarra SLk eta Valle de Odieta SCLk Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren martxoaren 6ko 25E/2019 Foru Aginduaren kontra jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa; foru agindu horrek ezetsi egin zuen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 30eko 850E/2018 Ebazpenaren kontra jarritako gora jotzeko errekurtsoa; ebazpen horrek, berriz, ukatu egin zuen funtsezko aldaketarako ingurumen baimen berria, 2013ko urtarrilaren 18an eskatua.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren abenduaren 21eko 333/2020 Epaiak deuseztatu egin zuen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 30eko 850/E/2018 Ebazpena, zuzenbidearen araberakoa ez izateagatik, eta adierazi zuen demandatzaileak eskubidea zuela eskatutako ingurumen baimen integratua jasotzeko, baimen hori ematearen aldeko 2015eko abenduaren 22ko ebazpen-proposamenean ezarritako baldintzekin (ebazpen-proposamen horrek baimena emateko baldintzak ezarri zituen).

Beraz, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren abenduaren 21eko 333/2020 Epaia betetzeko, bidezkoa da ingurumen baimen integratuaren funtsezko aldaketa onartzea Hibridación Termosolar Navarra SLri eta Valle de Odieta SCLri, 2015eko abenduaren 22an jakinarazi zen aldeko ebazpen-proposamenean jasotako baldintzekin.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Ingurumen baimen integratua ematea Caparrosoko udal mugapean dagoen esne-behien ustiategi eta hondakinen biometanizazio planta batentzat. Instalazio horrek eta jardueraren garapenak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioaren titularrak Valle de Odieta SCL eta Hibridación Termosolar Navarra SL dira.

Bigarrena.–Ingurumen eraginaren adierazpena egitea esnetarako behi helduen kopurua 3.450etik 7.200era handitzeko (12 nabe bete abere) eta biometanizazio plantaren funtzionamendua aldatu eta erregimen termofiloa ezartzeko proiektuarentzat, proiektu hori ingurumenaren ikuspegitik bideragarria dela iritzita.

Hirugarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta kontuan hartuta ebazpen honen VIII. eranskinean jasotako baldintzak bete beharra. Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira gehienez ere; epe hori amaituta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.

Laugarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan hondakin arriskutsuen ekoizle gisa zentroak 15P01065033742009 zenbakiarekin duen inskripzioa mantentzea, eta hondakin ez-arriskutsuen ekoizle gisa ere inskribatzea, 15P03065090022015 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Bosgarrena.–Hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile izateko gaur egun daukan baimena mantentzea, Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroko 15G04065033742009 zenbakiduna. Baimen hori Hibridación Termosolar Navarra SLri dagokio, biometanizazio plantaren titularra den aldetik. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.8 artikulua aplikatuz (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimena). Sozietatearen helbidea dagoen autonomia erkidegoan ingurumen arloan eskumena duen organoak III. eranskinean adierazitako tratamenduak egiteko baimendutako entitate batek ustiatu beharko du instalazioa, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 27.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Seigarrena.–Bere horretan mantentzea atmosferara isuriak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan aurreikusia. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Zazpigarrena.–Simaurra eta digestatoa ekoitzi eta kudeatzeko plana onartzea, 0650170058/2/3 zenbakiarekin. Ebazpen honen X. eranskinean jasorik dago, eta Valle de Odieta SCLk izanen du haren garapenaren erantzukizuna, abere ustiategiaren titularra den aldetik.

Zortzigarrena.–Valle de Odieta SCL eta Hibridación Termosolar Navarra SL ingurumen baimen integratu bakar baten titularrak dira, zeinak instalazio osorako balio baitu. Valle de Odieta SCLren ardurapean daude abere ustiategia eta abeltegi hori biometanizazio plantarekin lotzen duen lurpeko minda-hodia; eta Hibridación Termosolar Navarra SLren ardurapean daude biometanizazio planta, lurpetik biometanizazio planta digestato likidoaren idoiekin lotzen duen hodi bikoitza eta digestato likidoaren idoiak.

Bederatzigarrena.–Ingurumen baimen integratu hau ematen da galarazi gabe instalazioak beste baimen batzuk eskuratu behar izatea bestelako arau batzuen indarrez, adibidez, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2009ko urriaren 21ean gizakien kontsumorako ez diren animalien azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatu beharreko osasun arauak ezartzeko emandako 1069/2009 Erregelamendua.

Hamargarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean.

Hamaikagarrena.–Era berean, eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, zuzendaritza nagusi honek berrikusi eta egokitzen ahalko ditu ingurumen baimen integratuaren baldintzak.

Hamabigarrena.–Instalazioaren edozein aldaketa egiteko, titularrak aitzinetik jakinarazi beharko du, arrazoiez adieraziz aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hamahirugarrena.–Handitutako instalazio zatia funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Hamalaugarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak agiri hauek aurkeztu beharko ditu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan:

–Jarduketa programa bat, non azalduko baititu lurzorura eta lurpeko uretara iristen ahal diren emisio kutsagarriak –bereziki instalazioan dauden substantzia arriskutsu nabarmenenak– saihesteko neurri erabilgarriak mantentzeko eta aldian behin gainbegiratzeko jarduketak.

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Fidantza jarri izana frogatzen duen agiriaren kopia. Agiri hori instalazioaren ingurumen baimen integratuaren oinarrizko dokumentazioari gehituko zaio.

–Ebazpen honen VIII. eranskinean ezarritako hirigintza baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

Hamabosgarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotako ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Hamaseigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamazazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hemezortzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Valle de Odieta SCLra, Hibridación Termosolar Navarra SLra, Caparrosoko Udalera, Greenpeacera, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura, Abeltzaintza Zerbitzura, Nekazaritza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura, Basozainen Zerbitzura eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 12an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2104441