80. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

43E/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 10ekoa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita lurreko telebista digitaleko (LTD) ikus-entzunezko komunikazio zerbitzurako hamaika lizentzia emateko lehiaketa publikoa.

Nafarroako Gobernuak 2019ko ekitaldian lehiaketa publiko bat onetsi zuen (otsailaren 20ko 9/2019 Foru Agindua, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak emana) Nafarroan hutsik zeuden tokiko lurreko telebista digitaleko (LTD) ikus-entzunezko komunikazio zerbitzurako hamaika lizentziak lizitatzeko: bi lizentzia Tafallako barrutirako, eta hiruna Lizarrako, Zangozako eta Tuterako barrutietarako.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren otsailaren 25eko 38/2020 epaiak lehiaketa hori deuseztatu zuen, 2. oinarri arautzailea ordenamendu juridikoaren kontrakoa zela baietsi baitzuen.

Proposamen-txosten hau idazteko tenorean, Nafarroako Foru Komunitateak eskuragarri ditu (esleitu gabe) 2019ko lehiaketaren xede ziren tokiko LTDeko hamaika lizentzia berberak, eta lehiaketa berri baterako oinarri arautzaile berriak prestatu dira, aipatutako epaiak dioenari jarraikiz, eta oinarrien honako alderdi hau egokitu da: enplegua sortu edo egonkortzeagatik aurreikusitako puntuazioa kendu da ebaluazio irizpideetatik; orain, aurkezten diren eskaerak onartzeko irizpidetzat hartuko da.

Lizentziak emateko aplikatu beharreko araudia honako hau da: alde batetik, oinarrizko arauia, hau da, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra; eta, beste aldetik, horren Nafarroako erregelamenduzko garapena, hots, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko 5/2012 Foru Dekretua. Bi arau horiek ezartzen dute ikus-entzunezko lizentziak emateko prozedura, betiere lehiaketa publiko baten bidez egin beharko dena, eta aurkezten diren eskaintzak baloratzeko baremo batzuk; baremo horiek dagoeneko egituratuta daude foru araudian.

Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuak ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen arloan eskuduna den departamentuko titularrari esleitzen dio ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuaren lizentziak emateko lehiaketa publikoaren deialdia egitea. Legegintzaldi honetan (2019-2023), Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak du eskumen hori, halaxe ezarri baitu Nafarroako Gobernuaren departamentuen egitura xedatzen duen lehendakariaren abuztuaren 7ko 22/2019 Lehendakariaren Foru Dekretuak.

Ikusirik Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Ataleko buruaren txostena, eta Nafarroako Gobernuaren departamentuen egitura onesten duen abuztuaren 7ko 22/2019 Lehendakariaren Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Lehiaketa publiko baterako deialdia egitea, hamaika lizentzia emateko lurreko telebista digitaleko (LTD) ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

3. Deialdi hau eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus) argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusira, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusira eta Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Administrazio bidea amaitzen ez duen foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko martxoaren 10ean.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN TOKIKO LURREKO TELEBISTA DIGITAL ZERBITZUA EMATEKO LIZENTZIAK BANATZEKO LEHIAKETA PUBLIKOA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

Baldintza agiri honen xedea da lurreko telebista digitaleko (hemendik aurrera LTD) ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak emateko lizentziak banatzeko lehiaketa publikoa arautuko duten baldintzak ezartzea. Lizentzia horiek leku librea duten tokiko estaldurako Nafarroako lau kanal anizkoitzei dagozkie, zeinek, guztira, lizentzia esleitu gabe dauden hamaika kanal hartzen baitituzte.

Lehiaketa honen xede diren kanalen xehetasun teknikoa oinarri hauen I. eranskinean kontsultatu daiteke.

–Lizarrako multiplexadore lokala (24. kanala): hiru kanal eskuragarri.

–Zangozako multiplexadore lokala (41. kanala): hiru kanal eskuragarri.

–Tafallako multiplexadore lokala (31. kanala): bi kanal eskuragarri.

–Tuterako multiplexadore lokala (39. kanala): bi kanal eskuragarri.

2. oinarria.–Lizentziaren titularra izateko baldintzak.

Lizentziak lortu ahal izateko, beharrezkoa da Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 25. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

Ezin izanen dira lehiaketa honetara aurkeztu Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 26.1 artikuluan ezarritako eragozpenetakoren bat dutenek. Bertan, lizentzia baten titularra izateko mugak ezartzen dira, ikus-entzunezkoaren arloko ordena publikoko arrazoiak direla-eta.

3. oinarria.–LTDaren eskaintzaren mugak.

Lizitatzaile bakoitzak, beste muga batzuk aplikatzen ahal badira ere, lehiaketara ateratzen diren frekuentziak adina eskabide aurkezten ahal ditu. Hala ere, lizentziak adjudikatzeko, ikus-entzunezko telebista merkatuan pluraltasuna defendatzeko mekanismoak erabiliko dira, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 36. artikuluan ezarritakoak.

Lizitatzaile batek eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu barruti bererako, proposamen tekniko berberak eduki ahal izanen dituzte, baina beti telebista eskaintza desberdinak izan beharko dituzte, hau da, edukien programazio guztiz desberdinean egituratuta, bere ekoizpen propiorako, eta, edukiz gero, baita besteren ekoizpenerako ere (LTDeko beste tokiko telebista batzuekin emititu ditzakeen kate-emisioak barne).

Lizitatzaile batek barruti baterako telebista proiektu bereko bi eskaintza edo eskaintza gehiago aurkezten baditu, azkena erregistratzen dena baizik ez zaio onartuko, eta aurkezten dituen gainerakoak baztertu eginen dira.

Enpresa talde bereko pertsona juridikoek lehiaketa honetarako eskaera bat baino gehiago aurkezten badituzte, eskaera guztiak eskatzaile bakar batenak direla joko da, Merkataritza Kodearen 42. artikuluak aipatzen dituen kasuen arabera.

Eskaera bat elkarrekin aurkezten duten pertsona fisiko edo juridikoek ezin izanen dute beste eskaintzarik aurkeztu udalerri bererako, banaka nahiz beste edozein pertsona fisiko edo juridikorekin batera. Baldintza hori ez betetzeak berekin ekarriko du eskatzaile horrek barruti horretarako aurkeztutako eskaera guztiak baztertzea.

4. oinarria.–Irekian emititzeko programazioa eta Nafarroako hizkuntza ofizialetan egindako programazioa.

Lehiaketaren xede diren hamaika lizentzietako bakoitzak programazio irekiaren bidez eman beharko du lurreko telebista digitalaren zerbitzua, eta komunikazio hizkuntza Nafarroako Foru Komunitatean koofizialak diren hizkuntzetatik edozein izanen da.

5. oinarria.–Lizentzien iraupena eta aplikatu beharreko araubide juridikoa.

Oinarri hauetan aipatzen diren lizentziak hamabost urterako emanen dira, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 21. artikuluan eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 28. artikuluan aipatzen diren berritzeak.

Lehiaketaren xede diren lizentziei aplikatu beharreko araubide juridikoa honako hau da: Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretua eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra.

6. oinarria.–Organo eskuduna.

Eskaerak tramitatzea Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Publizitate Instituzional, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atalari dagokio.

Lizentziak adjudikatzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari dagokio.

7. oinarria.–Zerbitzua emateko baldintzak.

7.1. Lizentzien adjudikaziodunak ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen eta telekomunikazioen arloan indarra duen araudia betetzera behartuta daude. Edonola ere, eskaeretan beren gain hartzen dituzten konpromisoak bete beharko dituzte, baita betebehar eta baldintza hauek ere:

a) Lizentziaren xede den zerbitzua zuzenean ematea, horren gaineko negozio juridikoak egiteko aukera galarazi gabe, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 22. artikuluan eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

b) Katean emititzeko edukiak mugatzea, eta, horretarako, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 22.3 artikuluan ezarritakoa betetzea: tokiko telebistarako lizentzia bat emanda ere, ez da zilegi izanen beste entitate baimendu batzuekin katean emititzea asteko emisio denbora osoaren %25 baino gehiago, ordutegi ezberdinean bada ere. Portzentaje hori ezin da inolaz ere metatu 21:00etatik 24:00ak arteko ordutegian. Ez dira katean egindako emanalditzat jotzen tokiko telebista komunikazioaren zerbitzu-emaileek modu sindikatuan edo elkarrekin ekoitzitako programen emanaldiak. Egoera hori aplikatzeko, gutxieneko sindikazioaren portzentajea proiektu osoaren %12 izanen da.

c) Lizentziaren indarraldian, lizentziaren ezaugarri teknikoak errespetatzea.

d) Organo eskudunek lizentzia adjudikatu ondoren frekuentzia eta potentzia aldaketei buruz ematen dituzten ebazpenak ontzat hartu eta betetzea.

e) Proposatutakoaren araberako telebista emanaldiak sei hilabeteko epean abiaraztea, lehiaketa hau ebatzi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Horrela egiten ez badu, lizentziaren titularrari egotzi ezin zaizkion arrazoi objektiboengatik, sei hilabetetik gorakoa izanen ez den luzapen bakarra eskatzen ahalko zaio sei hilabeteko epe horren barnean Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari emanaldiak abiarazteko.

f) Zerbitzua etengabe emanen dela ziurtatzea, lizitatzaileak eskaintzan bere gain hartzen dituen eta lizentzia emateko oinarritzat hartzen diren konpromiso eta baldintzekin bat. Zerbitzua ezin izanen da eten, ezinbesteko kasuetan izan ezik, ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen arloan eskumena duen organoak baimena eman gabe.

g) Nafarroako Gobernuak edo zehazten diren beste agintari batzuek, interes publikoko arrazoiengatik, edozein unetan eta larrialdietan bidalitako adierazpen, ohar edo abisu ofizialak doan zabaltzea, jatorria aipatuta.

h) Egiaztapenak eta ikuskapenak egiteko erraztasunak ematea, lizentziaren baldintzak betetzen direla egiaztatzearren, eta informazioa emateko eta emititutako programak artxibatzeko betebeharrak betetzea, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 34.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

i) Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen arloan eskumena duen organoari jakinaraztea telebistako zuzendariaren izendapena, baita haren ordez arituko den pertsonarena ere hura kanpoan edo eri denean edo postua hutsik geratzen denean.

j) Legez ezartzen diren kanonak eta tasak behar den epean eta moduan ordaintzea.

k) Nafarroako ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak ematen dituztenen Erregistroari dagokionez ezarrita dauden betebeharrak betetzea. Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 29. artikuluan ezarrita daude.

l) Barruti bakoitzari esleitutako kanal anizkoitzetik emititzeko lizentzia duten gainerako titularrekin elkartzea eta multiplexadore hori elkarrekin kudeatzearen ondoriozko betebehar ekonomiko eta teknikoak betetzea.

Zerbitzua emateko funtsezko baldintza gisa hartzen dira oinarri honen a, b, c, d, e, g eta k letretan ageri direnak.

7.2. Ez badira betetzen lizentziaren titular bakoitzari aplikatzen ahal zaizkion funtsezko baldintzak eta, bereziki, lizitatzaileak eskaeran bere gain hartzen dituen eta lizentzia emateko oinarri hartzen diren konpromisoak, lizentzia baliogabetu eginen da, deusetan galarazi gabe aplikatu beharreko oinarrizko araudia oinarri hartuta ezartzen ahal diren administrazio zehapenak.

8. oinarria.–Adjudikatzeko modua.

Agiri honetan aipatzen diren lizentziak lehiaketa publikoaren bidez emanen dira, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuarekin bat etorriz.

9. oinarria.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

Eskaerak eta dokumentazio osagarria hurrengo apartatuetan adierazitako moduan, lekuan eta epean aurkeztu beharko dira.

Eskaera aurkezteak berekin dakar lizitatzaileak agiri honetako klausulak baldintzarik gabe onartzea.

–Modua:

Eskaerak paperean aurkeztuko dira, gutun-azal itxi nagusi batean, eta han adieraziko da “Lizarrako LTDko lizentzia eskaera”, “Zangozako LTDko lizentzia eskaera”, “Tafallako LTDko lizentzia eskaera” edo “Tuterako LTDko lizentzia eskaera”, dagokionaren arabera. Interesdunak edo behar bezala ahaldundutako legezko ordezkari batek sinatu beharko du gutun-azal nagusia. Horren barnean lizentzia eskaeraren inprimakia izanen da, oinarri hauen II. eranskinari jarraikiz, eta beste bi gutun-azal, horiek ere itxita, eduki honekin:

1. Lehenengoak “Dokumentazio administratiboa eta ekonomikoa” izena hartuko du, eta 10. oinarrian zerrendatutako agiri guztiak bilduko ditu.

2. Bigarrenak “Dokumentazio teknikoa: telebista proiektua” izena hartuko du, eta 11. oinarrian zerrendatutako agiri guztiak bilduko ditu.

–Aurkezteko epea eta lekua:

Eskaerak aurrez aurre aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak prestatutako erregistro bulegoetan.

(https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/AtencionCiudadana/Oficinas.htm).

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratu eta biharamunetik.

Eskaeretan, eskatzailearen gaitutako helbide elektronikoa (GEH) adieraziko da, horixe izanen baita lehiaketari buruzko jakinarazpen guztiak egiteko bide bakarra.

Eskaera aurkezteko aipatu ez den beste edozein erregistro-bulego aukeratzen bada, Nafarroako Gobernuari horren berri eman beharko zaio, aipatutako aurkezpen epean, audiovisuales@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidalita eta dagokion egiaztagiria erantsita. Jakinarazpen hori egin arren, Nafarroako Gobernuak ez badu eskaera jasotzen aurkezteko epea bukatu eta hamar egun balioduneko epean, eskaera ez da onartuko.

10. oinarria.–Aurkeztu beharreko dokumentazio administratiboa eta ekonomikoa.

Lehenengo gutun-azalean, “Dokumentazio administratibo eta ekonomikoa” izenekoan, aurkibideaz gainera, agiri hauek sartu beharko dira:

10.1. Lizitatzailearen nortasun juridikoa frogatzen duten agiriak eta, hala badagokio, ordezkaritza frogatzen dutenak:

a) Pertsona fisikoak badira, Nortasun Agiri Nazionalaren kopia, edo, atzerritarrak badira, pasaportea edo nortasuna egiaztatzen duen beste edozein dokumentu ofizial.

b) Europako Esparru Ekonomikoko kide ez diren estatuetako nazionalitatea duten pertsona fisikoek Espainiak dagokion estatuan duen Misio Diplomatiko Iraunkorraren txosten bat aurkeztu beharko dute, frogatzen duena jatorrizko estatuak ere onartzen duela Espainiako herritarrek ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak ematea.

c) Pertsona juridikoek eraketa eskritura aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, aldaketarena, Merkataritza Erregistroan inskribatua, baldin aplikatu beharreko merkataritza arloko legediaren arabera baldintza hori eskatzen ahal bada. Ez bada hala, eraketaren edo sortzearen agiria edo estatutuak aurkeztu beharko dituzte, non egoitza soziala eta jardueraren gaineko arauak azalduko baitira, nahitaezko erregistro ofizialean inskribaturik, hala badagokio.

d) Europar Batasuneko estatu kideetako edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duten estatuetako pertsona juridiko ez-espainiarrek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute behar den erregistroan inskribatuta daudela frogatzeko (zer estatutan kokatuta dauden, horko legediak ezartzen duen hartan) edo, bestela, inskripzio hori nahitaezkoa ez bada, jarduteko duten gaitasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat.

e) Aurreko apartatuan sartzen ez diren estatuetako pertsona juridiko atzerritarrek jarduteko gaitasuna frogatzen duen txosten bat aurkeztu beharko dute, dagokion estatuan Espainiak duen ordezkaritza diplomatikoak emana. Halaber, jatorrizko estatuak Espainiako herritarrei ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak ematea onartzen diela frogatzen duen txostena aurkeztu beharko dute, Espainiako kasuan kasuko ordezkaritza diplomatikoak emana.

f) Eskatzaileak ordezkari baten bitartez jarduten badu, ordezkaritza egiaztatzen duen notario ahalordea eta ordezkariaren nortasuna frogatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dira.

g) Bi pertsona fisiko edo juridikok edo gehiagok baterako eskaera aurkezten badute, bakoitzak bere nortasuna eta gaitasuna frogatu beharko ditu, eta sinatzen duten pertsonen edo enpresen izena eta inguruabarrak eta bakoitzaren partaidetza adierazi beharko dituzte, baita Administrazioaren aurrean horien guztien ordezkaritza osoa izanen duen pertsonaren edo entitatearen izendapena ere.

10.2. Helburu komertzialak dituzten pertsona fisikoek eta juridikoek memoria ekonomikoa aurkeztuko dute. Bertan, oro har, telebistaren kudeaketa eredua, bideragarritasun ekonomikoa eta proposatutako zerbitzua abian jarri eta emateko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak deskribatuko dira.

Ikuspegi orokorraz gain, lizitatzaile komertzialak jarraian aipatzen diren alderdiak zehaztu beharko ditu:

–Proiektuaren bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa eta negozio plana: lizitatzailearen deskribapena aurkeztuko da, bere baliabide ekonomikoak (funts propioak, finantzatzeko ahalmena...) eta zerbitzua ustiatzeko esleitutako bitartekoak ere bai. Halaber, bere telebista eskaintzarekin bat datorren negozio plana erantsi beharko da, arrazoitua, proiektua abian jartzeko eta iraun dezan zentzuz behar diren kudeaketako eta finantzaketako tresnak zehaztuz. Horrez gain, aurrekontuak aurkeztuko dira, diru-sarrerak eta gastuak (hasierako inbertsioak barne) eta telebistaren lehenengo bi funtzionamendu urteetarako diruzaintza fluxuak zehaztuta. Dokumentazioa Kontabilitateko Plan Orokorraren eredu ofizialaren arabera aurkeztuko da, edo ETEen Kontabilitateko Plan Orokorraren ereduaren arabera, telebista lizentzia kudeatzen duen enpresaren edo erakundearen tamainaren arabera.

–Antolaketa eredua eta giza baliabideak: zerbitzua emateko giza baliabideen eta antolaketa baliabideen plana, eskumen arloak, eredu operatiboa eta kudeaketan eraginkortasuna bideratzeko funtsezko oinarriak deskribatuko dira. Telebistako langileen lanbide profilak berariaz aurkeztu beharko dira.

Irabazi asmorik gabeko erakundeek proiektuaren memoria ekonomikoa aurkeztu beharko dute, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 32.6 artikuluak aurreikusitako moduan eta mugekin. Halaber, lizitatzaile komertzialentzat zehaztutako dokumentazioa haien berezitasunetara moldatu beharko dute (proiektu ez-profesionalizatuak, asmo komertzialik gabekoak, etekin ekonomikoa lortzea xede ez duen kudeaketa...).

10.3. Gainera, pertsona juridikoek kasuan kasuko gobernu organoak kapital sozialaren osaerari eta egiturari buruz egindako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, III. eranskin gisa agertzen den ereduarekin bat. Kapital sozialean Europako Esparru Ekonomikoko kide ez diren herrialdeetako pertsona fisiko edo juridikoen partaidetza badago, egiaztagiriari Espainiak dagokion estatuan duen Misio Diplomatiko Iraunkorraren txosten bat erantsi beharko zaio, frogatzen duena jatorrizko estatuak ere onartzen duela herritar espainiarrek partaidetza izatea ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak emateko xede duten pertsona juridikoetan.

10.4. Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez diotela eragiten Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 26. artikuluan jasotako mugapenek, ikus-entzunezkoen arloko ordena publikoko arrazoiengatik ezarritakoek, espresuki aipatuta zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela indarra duten xedapenek ezarri bezala. Adierazpena IV. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

10.5. Erantzukizunpeko adierazpen bat, ikus-entzunezkoen merkatuaren aniztasunari begira, Ikus-entzunezko Telebista Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 36. artikuluak ezartzen dituen debekuen barnean ez dagoela adierazteko. Adierazpena V. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

11. oinarria.–Dokumentazio teknikoa: telebista proiektua.

Bigarren gutun-azalak, “Dokumentazio teknikoa: telebista proiektua” izenekoak, aurkibide bat izanen du, agiriaren egitura eta edukiak jasoko dituena, baita hasierako aurkezpen bat ere, mila hitz baino gehiago izanen ez dituena. Dokumentazio teknikoak agiri bakarra izanen du, 100.000 hitz baino gehiago izanen ez dituena, eta agiri osagarri bat ere izaten ahal du. Agiri horrek 20 orrialde izanen ditu gehienez, A-4 tamainakoak, eta erantsitako dokumentazioa bilduko du.

Telebista proiektuak honako datu eta informazio hauek jaso beharko ditu gutxienez:

11.1. Telebista eskaintza.

Lizitatzaileak orokorrean azalduko ditu proposatzen duen telebistako programazio eskaintzaren printzipioak eta helburuak, eta adieraziko du programazioan zer komunikazio hizkuntza erabiliko den edo diren.

Programazio eredu bat erantsiko da, asteko zazpi egunetako hogeita lau orduetan emanen diren programak adierazita (ordu tarteren batean ezer emateko asmorik ez bada, “emanaldirik gabe” jarriko da taulan). Programa bakoitzaren izaera, landuko dituen edukiak, esleitzen ahal zaion genero mota, iraupena eta komunikazio hizkuntza deskribatuko dira. Berremanaldirik bada, hori ere adieraziko da.

Aurreko paragrafoetan eskatzen den ikuspegi orokorraz gain, lizitatzaileak jarraian adierazten diren alderdiak zehaztu beharko ditu (programazioaren kuantifikazioetan ez dira sartuko behin baino gehiagotan ematen diren edukiak edo telebista edukia ekoizteko eta sortzeko lanik ez dakarten musika emanaldi hutsak edo beste mota batekoak):

–Ekoizpen propioko programak: ekoizpen propioko programek, hots, aurkezten den telebista proiektuan aurreikusitako giza baliabide eta baliabide material propioekin prestatutakoek, astean zenbat emanaldi ordu izanen dituzten zehaztuko da. Ekoizpen propioko programak era honetakoak izan daitezke:

• Tokiko programazioa: tokiko estaldura duten programa informatiboek edo bestelakoek astean hartuko duten ordu kopurua zehaztuko da, hau da, lizentzia eskaeraren xede den barrutiari dagozkion edukiak dituzten ordu kopurua.

• Nafarroako programazioa: Nafarroari buruzko programek duten asteko ordu kopurua zehaztuko da, bai informatiboek bai bestelakoek.

–Beste batzuek ekoitzitako programak: beste batzuek ekoitzitako programak emateko asteko ordu kopurua zehaztuko da, eta egileak eta aurreikusitako kontratazio edo elkarketa formula adieraziko dira. Kanpoko ekoizpena honako xehakapenarekin eskainiko da:

• Nafarroari buruzko kanpoko programazioa: Nafarroari buruzko programek duten asteko ordu kopurua zehaztuko da, bai informatiboek bai bestelakoek.

• Beste batzuek ekoitzitako bestelako programazioa: eskaerako barrutiarekin nahiz Nafarroa osoarekin zuzeneko loturarik ez duten programen asteko ordu kopurua zehaztuko da, informatiboak izan nahiz bestelakoak.

–Euskarazko emisioa: adieraziko dira euskarazko saioen orduen kopurua eta horien portzentajea emandako saio guztien artean.

–Negozio juridikoak: lizitatzaileek aurkezten ahalko dute lizentzia ez eskualdatzeko eta ez alokatzeko konpromisoa, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29.2 artikuluak ezartzen duen bi urteko eperako baino gehiagorako, gehienez ere hamahiru urte bitarte, lizentziaren hasierako iraupenaren denbora osoa betetzeko (VI. eranskina).

11.2. Bideragarritasun eta berrikuntza teknologikoa.

Lizitatzaileak modu orokorrean honako hauek deskribatuko ditu: edukiak ekoizteko jarriko dituen estudioak; zer azpiegitura erabili behar duen bere estudioak eta bere barrutiari dagokion LTD kanala emititzeko instalazioa lotzeko (garraioa); eta nola hedatuko duen LTD kanalaren seinalea.

Lizitatzaileak honako alderdi hauek zehaztuko ditu:

–Ekoizpen estudioak, proposatzen den kokapena eta azpiegiturari eta ekipamendu teknikoari buruzko xehetasuna.

–Ekoizpen estudioa eta dagokion MUX lokalaren instalazio nagusia lotzeko aukeratutako konponbide teknikoaren deskribapena.

–Lizentziaren xedeko kanalaren seinalea zentro igorletik emititzeko konponbide teknikoaren deskribapena; horren barnean honako hauek sartuko dira: erabiliko den teknologiaren deskribapena eta horretarako jarriko diren edo erabiliko diren azpiegiturak kudeatu, ustiatu eta mantentzeko aplikatuko duen araubidearen deskribapena, zeinaren bidez aukera egonen baita multiplexadorearen kudeaketa lizentziaren gainerako titularrekin partekatzeko.

12. oinarria.–Lizarrako, Zangozako eta Tafallako eskaintza teknikoen balorazioa.

Eskualde mistoan dauden barrutietarako proposamenak (lehiaketa honetan, Lizarrako, Tafallako eta Zangozako barrutiak), Euskarari buruzko ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legeak ezarritako zonifikazioaren arabera, bi puntuazio bloke aintzat harturik baloratuko dira, eta, denera, 70 puntu izanen dira:

–Telebista eskaintza, 50 puntu.

–Bideragarritasun eta berrikuntza teknologikoa, 20 puntu gehienez.

Telebista eskaintzari buruzko atalean 20 puntu lortzen ez dituzten proposamenak ez dira baloratuko bideragarritasun eta berrikuntza teknologikoaren blokean, eta ezin izanen zaie adjudikazio proposamenik egokitu.

12.1. Telebista eskaintza. 50 puntu gehienez.

–Ekoizpen propioa (gehienez 30 puntu):

Gehienez 10 puntu emanen dira eskaintzan ageri bada telebista proiektuan aurreikusitako giza baliabide eta baliabide material propioekin prestatutako programazioak astean 10 ordu edo gehiago beteko dituela. Hori baino ekoizpen propio txikiagorik duten proposamenak hirukotearen erregelaren bidez barematuko dira.

Asteko programazioren ordu kopuruagatik jasotako puntuazioaz gain, eskaintzei gehienez 20 puntu osagarri emanen zaizkie, alderdi hauen arabera: aurkeztutako formatuen kalitatea eta aniztasuna (bai informatiboena bai bestelakoena); eskainitako programazioak ikusleentzat duen interesa; asteko egun bakoitzerako gordetako emanaldien ordutegiak; eta eduki horiek ekoizteko erabilitako baliabideak.

0 puntuz baloratuko dira programazio proposamenak baldin eta horien ekoizpenerako behar diren giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak lizitatzaileak 1 zenbakiko gutun-azalean emandako memoria ekonomikoan aurreikusitakoak baino handiagoak badira.

–Nafarroari buruzko programazioa (gehienez 5 puntu):

2,5 puntuz baloratuko dira gehienez Nafarroari buruzko programazioan astean 10 ordu edo gehiago dituzten eskaintzak, bai baliabide propioz eginak bai eskaerako barruti lokalean eskaintzarik ez duten telebista etxe edo kateekin akordioa edo elkarketa eginez (horiek barruti horretan lizentziarik ez izateagatik edo horretarako indarreko akordio edo elkarketarik ez izateagatik lizentzia duen norbaitekin). Eskaintza txikiagoa duten proposamenak hirukotearen erregelaren bidez barematuko dira.

Asteko programazioren ordu kopuruagatik jasotako puntuazioaz gain, eskaintzei gehienez 2,5 puntu osagarri emanen zaizkie, alderdi hauen arabera: aurkeztutako formatuen kalitatea eta aniztasuna (bai informatiboena bai bestelakoena); eskainitako programazioak ikusleentzat duen interesa; asteko egun bakoitzerako gordetako emanaldien ordutegiak; eta eduki horiek ekoizteko erabilitako baliabideak.

Kanpoko programazio eskaintzak 0 puntuz baloratuko dira baldin aurkezten ez bada horiek babesteko sozietate itun edo konpromisorik. Orobat, 0 puntuz baloratuko dira baldin aurrekontu zuzkidura nahikorik ez badute edo merkatuko prezioen azpikoa badute.

–Euskarazko programazioa (gehienez 10 puntu):

10 puntu emanen zaizkie eskatzaileei baldin eta euskarazko emanaldiek programazio osoaren %25 duten programazio proposamenak aurkezten badituzte. Eskaintza txikiagoa duten proposamenak hirukotearen erregelaren bidez barematuko dira.

–Lizentzia ez eskualdatzeko eta ez alokatzeko konpromisoak (gehienez 5 puntu):

Proposamenek 5 puntu jasoko dituzte baldin eta ematen zaien lizentzia hori indarrean den 15 urteetan negozio juridikorik (eskualdaketa edo alokairua) ez egiteko konpromiso idatziak aurkezten badituzte. 13 urtetik beherako konpromisoak (Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29.2 artikuluak ezartzen duen hasierako bi urteko epea kenduta) hirukotearen erregelaren bidez puntuatuko dira.

12.2. Bideragarritasun eta berrikuntza teknologikoa. 20 puntu gehienez.

–Ekoizpen estudioak (gehienez 15 puntu):

10 puntuz baloratuko dira ekoizpen estudioak eskaerako barrutiko edozein herritan jartzeko konpromisoa duten telebista proiektuak.

Proposatzen den ekoizpen estudioaren kalitatea, espazio kopurua, baliabide mugikorrak, zehaztasuna eta egokitzapen teknologikoa 5 puntuz baloratuko dira gehienez.

–Garraiatzeko eta hedatzeko sarea (gehienez 5 puntu):

Telebistako seinalea garraiatu eta hedatzeko egindako proposamenaren kalitatea, zehaztasuna eta egokitasun teknologikoa baloratuko dira.

13. oinarria.–Tuterako eskaintza teknikoen balorazioa.

Tuterako barrutirako proposamenak, eremu ez-euskaldunean baitago, bi puntuazio bloke aintzat harturik baloratuko dira, denera 65 punturekin:

–Programazioaren eskaintza: 45 puntu.

–Bideragarritasun eta berrikuntza teknologikoa, 20 puntu gehienez.

Tuterako barrutirako proposamenei dagokienez, programazio eskaintzari buruzko atalean 20 puntu lortzen ez dituzten proposamenak ez dira baloratuko bideragarritasun eta berrikuntza teknologikoaren blokean, eta ezin izanen zaie adjudikazio proposamenik egokitu.

13.1. Telebista eskaintza. 45 puntu gehienez.

–Ekoizpen propioa (gehienez 30 puntu):

Gehienez 10 puntu emanen dira eskaintzan ageri bada telebista proiektuan aurreikusitako giza baliabide eta baliabide material propioekin prestatutako programazioak astean 10 ordu edo gehiago beteko dituela. Hori baino ekoizpen propio txikiagorik duten proposamenak hirukotearen erregelaren bidez barematuko dira.

Asteko programazioren ordu kopuruagatik jasotako puntuazioaz gain, eskaintzei gehienez 20 puntu osagarri emanen zaizkie, alderdi hauen arabera: aurkeztutako formatuen kalitatea eta aniztasuna (bai informatiboena bai bestelakoena); eskainitako programazioak ikusleentzat duen interesa; asteko egun bakoitzerako gordetako emanaldien ordutegiak; eta eduki horiek ekoizteko erabilitako baliabideak.

0 puntuz baloratuko dira programazio proposamenak baldin eta horien ekoizpenerako behar diren giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak lizitatzaileak 1 zenbakiko gutun-azalean emandako memoria ekonomikoan aurreikusitakoak baino handiagoak badira.

–Nafarroari buruzko programazioa (gehienez 5 puntu):

2,5 puntuz baloratuko dira gehienez Nafarroari buruzko programazioan astean 10 ordu edo gehiago dituzten eskaintzak, bai baliabide propioz eginak bai eskaerako barruti lokalean eskaintzarik ez duten telebista etxe edo kateekin akordioa edo elkarketa eginez (horiek barruti horretan lizentziarik ez izateagatik edo horretarako indarreko akordio edo elkarketarik ez izateagatik lizentzia duen norbaitekin). Eskaintza txikiagoa duten proposamenak hirukotearen erregelaren bidez barematuko dira.

Asteko programazioren ordu kopuruagatik jasotako puntuazioaz gain, eskaintzei gehienez 2,5 puntu osagarri emanen zaizkie, alderdi hauen arabera: aurkeztutako formatuen kalitatea eta aniztasuna (bai informatiboena bai bestelakoena); eskainitako programazioak ikusleentzat duen interesa; asteko egun bakoitzerako gordetako emanaldien ordutegiak; eta eduki horiek ekoizteko erabilitako baliabideak.

Kanpoko programazio eskaintzak 0 puntuz baloratuko dira baldin aurkezten ez bada horiek babesteko sozietate itun edo konpromisorik. Orobat, 0 puntuz baloratuko dira baldin aurrekontu zuzkidura nahikorik ez badute edo merkatuko prezioen azpikoa badute.

–Euskarazko programazioa (gehienez 5 puntu):

5 puntu emanen zaizkie euskarazko emanaldiek programazio osoaren %10 izatea aurreikusten duten proposamenak aurkezten dituzten eskatzaileei. Eskaintza txikiagoa duten proposamenak hirukotearen erregelaren bidez barematuko dira.

–Lizentzia ez eskualdatzeko eta ez alokatzeko konpromisoak (gehienez 5 puntu):

Proposamenek 5 puntu jasoko dituzte baldin eta ematen zaien lizentzia hori indarrean den 15 urteetan negozio juridikorik (eskualdaketa edo alokairua) ez egiteko konpromiso idatziak aurkezten badituzte. 13 urtetik beherako konpromisoak (Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29.2 artikuluak ezartzen duen hasierako bi urteko epea kenduta) hirukotearen erregelaren bidez puntuatuko dira.

13.2. Bideragarritasun eta berrikuntza teknologikoa. 20 puntu gehienez.

–Ekoizpen estudioak (gehienez 15 puntu):

10 puntuz baloratuko dira ekoizpen estudioak eskaerako barrutiko edozein herritan jartzeko konpromisoa duten telebista proiektuak.

Proposatzen den ekoizpen estudioaren kalitatea, espazio kopurua, baliabide mugikorrak, zehaztasuna eta egokitzapen teknologikoa 5 puntuz baloratuko dira gehienez.

–Garraiatzeko eta hedatzeko sarea (gehienez 5 puntu):

Telebistako seinalea garraiatu eta hedatzeko egindako proposamenaren kalitatea, zehaztasuna eta egokitasun teknologikoa baloratuko dira.

14. oinarria.–Balorazio mahaia.

Balorazio mahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Mahaiko burua: David Chivite Pérez, Gobernuaren Eledunaren Bulegoa - Komunikazio Zerbitzuko zuzendaria, eta haren ordezko gisa, M.ª Antonia Uriz Ayestarán, Prentsa Bulegoaren Ataleko burua.

–Mahaiko kideak:

• Juan José Balerdi Usabiaga, Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Ataleko burua, eta haren ordezko gisa, Janire Arrondo Maguregi, atal horretako kazetaria.

• Silvia Iriguibel Aguadero, Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Ataleko Enpresa Zientzietako diplomaduna, eta haren ordezko gisa, M.ª Asunción Ruesta Ozcoidi, navarra.es Atariaren Ataleko burua.

• Edurne Izkue Mendi, Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritzako telekomunikazioetako ingeniaria, eta haren ordezko gisa, Inmaculada del Castillo Artazcoz, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiko Laguntza Administratiboaren eta Digitalizazioaren Ataleko burua.

• José M.ª Aldasoro Oyarzábal, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko kontu-hartzaile delegatua, eta haren ordezko gisa, Fernando Hipólito Ojeda, Kontu-hartze Ataleko kontu-hartzaile delegatua.

–Idazkaria:

• Arantza Bidondo Arnedo, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa), eta haren ordezko gisa, Pedro Loitegui Irurzun, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Araubide Juridikoaren Ataleko administrazioko publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

15. oinarria.–Proposamenak aztertzea.

15.1. Dokumentazio administratiboa eta ekonomikoa irekitzea:

Proposamenak aurkezteko ezarritako epea bukatu eta hurrengo 15 egun balioduneko epearen barnean, balorazio mahaia eratuko da, eta, lehenik eta behin, 1 zenbakiko gutun-azalean bildutako dokumentazio administratiboa eta ekonomikoa aztertuko du, ateak itxita.

Informazio ekonomikoari dagokionez, balorazio mahaiak eskaintza onar dezan, haren dokumentazio ekonomikoak jaso beharko du zer inbertsio eta zer gastu egin behar diren lizentzia behar bezala ustiatzeko, aurkeztutako eskaintzarekin bat; era berean, dokumentazioak, bermatu beharko du finantzazioa nahikoa eta iraunkorra dela, telebista ekonomikoki bideragarria izan dadin lizentziak irauten duen bitartean. Gainerako eskaintzak ez dira onartuko.

Halaber, ez dira onartuko merkatuko prezioetatik beherako gastu edo diru-sarrera zenbatespenak aurkezten dituzten memoria ekonomikoak, ez eta beren langileen baldintza ekonomikoak bermatzen ez dituztenak ere, kasuan kasuko sektore eta kategoria profesionaletan aplikatu beharreko lan hitzarmenen arabera.

Informazio administratiboari dagokionez, mahaiak zuzentzen ahal diren akatsik edo hutsunerik ikusten badu aurkeztutako dokumentuetan, edo lizitatzaileak zerbait argitzea edo dokumentazio gehigarria aurkeztea beharrezkoa dela iruditzen bazaio, interesdunei jakinaraziko die, eta gehienez ere bost egun balioduneko epea emanen die akatsa zuzentzeko; hori egiten ez badute baztertu eginen direla ohartaraziko zaie berariaz.

Dokumentazioa zuzentzeko eskatu beharko balitz, eta ezarritako epea bukatzen denean, balorazio mahaia berriro bilduko da, jasotako zuzenketak ikusi ondoren, lizitatzaileen behin betiko onarpenari buruzko erabakia hartzeko.

15.2. Dokumentazio teknikoa irekitzea:

Dokumentazio administratiboa aztertuta eta onartutako proposamenen zerrenda erabaki ondoren, balorazio mahaiak ezarriko duen tokian, egunean eta orduan, jendaurreko ekitaldia eginen da. Bertan, lizitatzaileak onartzeari eta baztertzeari buruzko emaitza adierazi, eta baztertu diren proposamenak eta horiek baztertzeko arrazoia aipatuko dira. Jarraian, onartutako eskatzaileek beren eskaerarekin batera 11. oinarrian eskatutako dokumentazioa biltzen duen 2 zenbakiko gutun-azala erantsi dutela egiaztatuko da, eskaintzak egin direla egiaztatzeko baino ez.

Ekitaldi publiko hori, gutxienez ere, egin baino 72 ordu lehenago iragarriko da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus) –lehiaketaren izapide fitxan– eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko iragarki taulan.

16. oinarria.–Eskaintzak baloratzeko prozedura eta adjudikazio proposamena.

Ekitaldi publikoa bukatu ondoren, aurkeztu diren proposamen teknikoak ebaluatuko ditu balorazio mahaiak, ateak itxita. Balorazio mahaiak eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edukiari buruz egoki iruditzen zaizkion azalpenak eman ditzatela, eta eskatzaileek bost egun balioduneko epea izanen dute azalpen horiek emateko.

Balorazio irizpide jakin bati buruz proposamen edo informaziorik batere ez duten eskaerei 0 puntu emanen zaie irizpide horretan.

Eskaintzek irizpide bakoitzaren arabera lortzen duten puntuazioa kalkulatu ondoren, eskaintza bakoitzak guztira lortu duen puntuazio osoa zehaztuko da, lehian dagoen barruti bakoitzerako eskaerak puntuazio ordenaren arabera multzokatuko dira, eta proposatuko da eskaintza onenari edo onenei ematea lizentzia, barruti bakoitzean dagoen lizentzia kopuruaren arabera.

Lizentzia horietatik edozeinetara aurkeztutako proposamen onenen artean berdinketa badago, telebista eskaintzaren multzoan puntuazio onena lortzen duenaren alde eginen da adjudikazio proposamena. Berdinketak irauten badu, bideragarritasun eta berrikuntza teknologikoaren atalean punturik gehien atera duenaren alde eginen da. Azkenik, irizpide horiek aplikatuta ere berdinketa hausten ez bada, zozketa eginen da jendaurreko ekitaldi batean.

Balorazio mahaiaren proposamenak ez du inolako eskubiderik sortuko proposatutako adjudikaziodunen alde.

Barruti batean edo gehiagotan eskaerarik aurkezten ez bada, aurkeztutakoak onartu ez badira, edo eskaerek oinarri hauetan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute, lizentzia hori edo horiek hutsik gelditu direla deklaratzea proposatuko du balorazio mahaiak.

17. oinarria.–Agiriak aurkeztea.

Balorazio mahaiak hamabost egun balioduneko epean honako dokumentazio hau aurkezteko eskatuko die lizentziak emateko proposamen horretan aipatzen diren pertsona fisiko edo juridikoei:

1. Kasuan kasuko Ogasunek (Nafarroako Foru Ogasuna eta/edo Estatuko Ogasuna eta/edo Foru Ogasunak) eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiriak, lizitatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko, hurrenez hurren.

Lizitatzailea ez bada ageri subjektu pasibo gisa inolako zerga kontzepturengatik Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Foru Ogasuneko ziurtagiri baten bidez frogatuko da egoera hori.

Ziurtagiriak proposamenak aurkezteko epea bete baino sei hilabete lehenago emanak izanen dira beranduenez, Nafarroako Foru Ogasunarena izan ezik, kasu horretan hiru hilabete lehenagokoa edo zaharragoa izanen baita.

Egoitza fiskala Espainian ez duten lizitatzaile atzerritarrek, Europar Batasuneko estatu kideetakoak izan ala ez, jatorriko herrialdeko agintaritza eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, frogatzeko egunean dituztela zerga betebeharrak eta gizarte aurreikuspeneko sistematik ondorioztatzen direnak.

2. Ekonomia jardueren gaineko zergan, lehiaketa honen xedeari dagokion kategorian, alta emanda dagoela frogatzen duen agiria; edo zerga horretatik salbuetsita dagoela frogatzen duen agiria.

3. Proposatutako instalazioak ekoizpen estudio gisa erabiltzeko eskubidea duela frogatzen duen dokumentazioa (jabea delako, alokairuan dagoelako, erabilera laga diotelako...), lizitatzaileak bere proposamenean libreki hartutako konpromisoa den kasuan. Instalazio horiek eskaeraren xedeko barrutiaren estaldura eremuaren barrenean sartutako edozein udalerritan egon beharko dira, lehiaketa honetarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean indarra duen tokiko LTDaren plangintza nazionalaren arabera.

1., 2. eta 3. paragrafoetan xedatutakoa ezertan galarazi gabe, oinarri honetan emandako epea bukatutakoan interesdunek aurkeztu ez badute eskatutako dokumentazioa, edo, dokumentazio hori aztertuta, ikusten bada proposatutako eskatzaileak ez dituela betetzen lizentziaren titularra izateko baldintzak, edo proposatutako lizitatzaileak uko egiten badio proposatutako adjudikazioari, beste proposamen bat egiten ahalko da hurrengo eskatzailearen alde, eskaerak sailkatu diren hurrenkerari jarraikiz, baldin eta hori posible bada eta hautatua ados badago. Kasu horretan, hautatuari hamabost eguneko epea emanen zaio oinarri honetan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

18. oinarria.–Lizentziak ematea.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak tramitatuko du lizentziak adjudikatzeko espedientea; espedientea bat etorriko da balorazio mahaiak egiten duen proposamenarekin, eta proposamenean aipatzen diren pertsona fisikoek edo juridikoek aurkeztutako dokumentazioa jasoko du. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari igorriko dio, eta horrek lehiaketa ebaztea erabakiko du proposamen horretan oinarrituta.

Lehiaketa bukatutzat ematen duen foru aginduan, berariaz azalduko da zein eskatzaileri eman zaien lizentzia, eta, horrekin batera, jakinaraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Gainera, lizentzien adjudikaziodunei dagokienez, emanaldien lurralde mailako estaldura eremua eta funtsezko baldintzak zehaztuko dira.

Lehiaketa ebazteko erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta lizitatzaileei banan-banan jakinaraziko zaie.

Lehiaketa gehienez sei hilabeteko epean ebatziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori bukatzean berariazko foru agindua eman eta argitaratu ez bada, eskaera ezetsi zaiela ondorioztatu beharko dute interesdunek.

19. oinarria.–Administrazio dokumentu batean formalizatzea.

Eman ondoren, lizentzia administrazio dokumentu batean formalizatuko da. Dokumentu horretan lizitatzaileak eskaeran bere gain hartutako konpromisoak bilduko dira, eta nahitaez bete beharko ditu. Halaber, Nafarroako ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen emaileen Erregistroan inskribatuko da ofizioz.

I. ERANSKINA

Frekuentzien zerrenda eta ezaugarri teknikoak

HERRIA

ERREFERENTZIA

KANAL ANIZKOITZA

KANAL ESKURAGARRIAK

GEHIENEKO POTENTZIA ERRADIATU AGERIKOA

ESPARRUA

AZALERA OSOA

(km²)

LIZARRA

TL01NA

24

3

100 W

Lizarra, Abartzuza, Aiegi, Allin, Iguzkitza, Metauten, Villatuerta eta Zirauki

194,07

ZANGOZA

TL03NA

41

3

50 W

Zangoza, Esa, Ibargoiti, Irunberri, Kaseda, Ledea eta Oibar

355,42

TAFALLA

TL04NA

31

2

100 W

Tafalla, Artaxoa, Azkoien, Beire, Berbintzana, Erriberri, Faltzes, Garinoain, Larraga, Miranda Arga, Oloritz, Orisoain, Pitillas, Puiu eta San Martin Unx

593,54

TUTERA

TL05NA

39

3

500 W

Tutera, Cascante, Castejón, Cintruénigo, Corella, Cortes, Murchante eta Ribaforada

925,27

Frekuentziak arautzen dituen araudia honako hau da: ekainaren 21eko 391/2019 Errege Dekretua –arau horren bidez onetsi zen lurreko telebista digitalaren plan tekniko nazionala, eta arautu ziren bigarren dibidendu digitala askatzeko zenbait alderdi–; Aurrerapen Digitalerako Estatu Idazkaritzaren 2019ko otsailaren 1eko 0123/2019 Ebazpenak –arau horren bidez baimena eman zen Faltzes eta Azkoien herrietara zabaltzeko Tafallako barrutiko zerbitzu eremua (TL04NA)–; eta Aurrerapen Digitalerako Estatu Idazkaritzaren Ebazpena –arau horren bidez tokiko telebista digitaleko plan tekniko nazionalean zehaztutako Zangozako barrutiko emisio kanala (TL03NA) aldatu zen, bateragarritasun erradioelektriko eta nazioarteko koordinazio arrazoiengatik–.

DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Eskaera eredua, Nafarroako Foru Komunitatean tokiko lurreko telebista digitalaren lizentzia eskatzeko.

III. eranskina.–Ziurtagiri eredua, gobernu organoak kapital sozialaren osaerari eta egiturari buruz egin beharrekoa.

IV. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez diotela eragiten Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 26. artikuluan jasotako mugapenek, ikus-entzunezkoen arloko ordena publikoko arrazoiengatik ezarritakoek.

V. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, azaltzen duena ez dagoela, telebistaren ikus-entzunezko merkatuaren aniztasun arrazoiengatik, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 36. artikuluan ezarritako debekuen barnean.

VI. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, lizentzia ez eskualdatzeko eta ez alokatzeko konpromisoa jasotzen duena, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29.2 artikuluak ezartzen duen bi urteko eperako baino gehiagorako, gehienez ere hamahiru urte bitarte, lizentziaren hasierako iraupenaren denbora osoa betetzeko.

Deskargatu II., III., IV., V. eta VI. eranskinak PDF formatuan.

Iragarkiaren kodea: F2104196