8. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZARRAKAZTELU

Deialdia, Udaleko zerbitzu anitzetako
enplegatuaren lanpostu bat betetzeko

Zarrakazteluko Udalaren alkateak, Alkatetzaren erabakiaren bidez, onetsi zituen deialdi baten oinarriak, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat betetzeko oposizio-lehiaketa bidez, Zarrakazteluko Udalaren zerbitzura. Hona hemen aipatutako oinarriak:

OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat betetzesa oposizio-lehiaketa bidez. Lanpostuak albienteei dagozkien eginkizunak ere izanen ditu. Izanen ditu lan-kontratu finkoa eta lanaldi osoa, eta Zarrakazteluko Udaleko plantillan sartuko da.

1.2. Lanpostuaren ordainsariak izanen dira E mailari dagozkion oinarrizkoak, lanaldiaren araberakoak, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuarekin eta indarra duen araudiarekin, eta jasoko ditu Udalaren plantilla organikoan une oro ezartzen diren osagarriak.

1.3. Hiru hilabeteko probaldia ezartzen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahalko du, Udalari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.

1.4. Hautaprobak gainditurik, deialdi honetako lanposturako izendatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorreko kide eginen da, eta hartan inskribatuko.

1.5. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira; organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.6. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduarekin, hautaproben emaitzak zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanposturako, erantzuna eman dakien Zarrakazteluko Udalean sortzen diren beharrei.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori subsidiarioa izanen da, araudiaren arabera prestatutako edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrenden aldean, baina lehentasuna izanen du aldi baterako kontrataziorako eratuta dagoen beste edozein zerrendaren aurretik.

Deialdi honetako apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere probaldi bat ezartzen da, bi hilabetekoa, eta epe horretan edozein aldek deuseztatzen ahalko du kontratua.

1.7. Hona hemen lanpostuaren eginkizunak, aipatze hutsez, eta bestelakoak baztertu gabe, besteak beste:

–Koordinatzea eta gainbegiratzea garbiketa eta mantentze-lanak egiteko kontratatzen diren langileak (udal lantaldea).

–Udalaren zerbitzuak eta eraikinak mantentzea eta zaintzea (urak, saneamendua, hilerria, parkea, kirol-instalazioak, eskolak, bideak, etab.). Orobat, honelako lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa eta obra publikoak. Udal inbentarioko mantentze-lanak.

–Bulegoan laguntzea.

–Bandoak zabaltzea.

–Ibilgailuak gidatzea eta Udalaren makineria, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea.

–Hiri altzariak paratzea eta haiei dagozkien mantentze-lanak egitea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak, agertokiak, hesiak, besta eta ekitaldi publikoetan erabilitako tresnak, etab.

–Lorezaintza eta nekazaritza lanak arboladietan, lorategietan, eremu publikoetan eta udal finketan.

–Kontrolatzea Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak, eta bultzatzea zerbitzuen hobekuntza eta hartan laguntzea, eta, hartara, proposatzea hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintzak eta aldaketak.

–Laguntzea Zarrakazteluko Udalak programatzen dituen jaietarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan, baita Zarrakazteluko Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere.

–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu egokiak.

–Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arauak, prozedurak eta zehaztapen guztiak.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak betetzeko.

–Udalaren ordenantzak betetzen ote diren kontrolatzea eta begiratzea, eta ikuskapena egitea hirigintza eta ingurumen gaietan, begiratuta ea jasotzen eta betetzen ote den araudia honako hauen gainean: lizentziak eta obrak, eremu publikoaren okupazioa, isurketak eta abar.

–Era guztietako udal zerbitzuak ematea, eta hala Alkatetzak nola organo eskuordetuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin betetzea; guztiak ere haren eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

2. oinarria.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude. Era berean haien ondorengoek eta ezkontidearenek, legez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Adinez nagusia izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adinik ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eskola-ziurtagiria izatea, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) B motako gidabaimena izatea.

g) Produktu fitosanitarioak profesionalki erabiltzeko txartel kualifikatua izatea.

h) Honako makina hauek erabiltzeko txartela izatea: orga jasotzailea, plataforma jasotzailea, makina teleskopikoak eta dunperra.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere bete beharko dira.

3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da, Zarrakazteluko Udalari zuzendua, Zarrakazteluko Udaleko erregistro orokorrean (Elizako plaza 3-2, 31310 Zarrakaztelu), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea), 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabideari (deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoa betiere) honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

c) Gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

d) Lehiaketaldian baloratzeko aurkeztu diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak edo horien kopia kautotuak; eskabidean, adierazi beharko dira lehiaketaldirako alegatutako merezimenduak.

Dokumentu horiez gain, minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dute minusbaliotasuna eta desgaitasun maila frogatzeko agiria ere, organo eskudunak emana. Une horretan aurkezten ez dutenei, ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan. Halaber, eskabidean bertan eska ditzakete ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak, horren beharrik izanez gero. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

Egun horretatik aurrera, eta hurrengo hamar egun balioduneko epearen barnean, baztertutako izangaiek aukera izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.

4.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Udaleko alkateak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko, adierazita deialdiko hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia.

4.3. Behin hautaprobak hasita, gainerako probak egiteko hurrengo iragarkiak Udalaren iragarki-taulan argitaratuko dira.

4.4. Izangaien kalifikazioa egin ondotik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan paratuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio ordenaren araberakoa, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia; alabaina, izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehazten ahalko da behin betiko osaera:

Epaimahaiburua: Zarrakazteluko Udaleko alkatea.

–Mahaiburuaren ordezkoa: Zarrakazteluko Udaleko zinegotzi bat.

Lehen epaimahaikidea: Juan Jiménez Gabari, Zarrakazteluko Udaleko zinegotzia.

–Lehen mahaikidearen ordezkoa: Zarrakazteluko Udaleko zinegotzi bat.

Bigarren mahaikidea: Ana Isabel Aguas Zoco, Zarrakazteluko Udaleko zinegotzia.

–Bigarren mahaikidearen ordezkoa: Zarrakazteluko Udaleko zinegotzi bat.

Hirugarren epaimahaikidea: Mariano Bonel Laguardia, Zarrakazteluko Udaleko langilea eta langileen ordezkaria.

–Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Zarrakazteluko Udaleko langile bat.

Laugarren mahaikidea: Teknikari bat: José Joaquín Garde Musgo. Egin beharreko proben arabera, ikus ea beharrezkoa den.

–Laugarren mahaikidearen ordezkoa: teknikari bat, izendatzekoa.

Epaimahaikide-idazkaria: Begoña San Martín Amor, Zarrakazteluko Udaleko idazkaria.

–Mahaikidearen ordezkoa, udal bateko idazkaria.

5.2. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Zarrakazteluko Idazkaritza Alorrari hala jakinarazi, baldin indarreko legerian horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak gertatzen badira.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek berek uko egiteko edo haiek errekusatzeko legez ezarritako arrazoiengatik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da aldaketa hori.

5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon beharko dute.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruak kalitateko botoa erabiltzen ahalko du.

6. oinarria.–Hautapen prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.

Hautapen prozesuak bi fase edukiko ditu. Oposizioaldia eta lehiaketaldia.

6.1. Lehiaketaldia. 20 puntu, gehienez.

6.1.1. Lehiaketaldian, izangaiek alegatutako merezimenduak kalifikatuko ditu epaimahaiak.

6.1.2. Lehiaketaren balorazioa.

Lehiaketaldiak gehienez ere 20 puntuko balorazioa izanen du, honela banaturik:

–Administrazio publiko batean lan egin izateagatik, deialdiko lanpostuaren antzekoetan (oinarri hauetako 1.7 apartatuan espresuki aipatu diren eginkizunetako edozein eginez), betiere, hori frogatuko da kasuan kasuko administrazio publikoaren ziurtagiri baten bidez: 4 puntu urte oso bakoitzeko, eta, zati bakoitzeko, araberan.

Apartatu honetan 13 puntu lortzen ahal dira gehienez.

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten prestakuntza-ikastaroak egiteagatik, eta edukitzeagatik lanpostuarekin zerikusia duten LH2, gradu ertaina edo haren baliokidea den titulazioa, irizpide hauen arabera ateratzen diren puntuazioak emanen dira:

• DBHko graduatua: Puntu bat.

• Goi mailako gradua, LH2 edo baliokidea: espezialitate bakoitzeko puntu bat.

• Erdi mailako gradua, LH1 edo baliokidea: espezialitate bakoitzeko puntu bat.

• 50 ordu bitarteko ikastaroak: ikastaro bakoitzeko 0,5 puntu.

• 50 ordutik 100 ordura bitarteko ikastaroak, edo ordu gehiagokoak: ikastaro bakoitzeko puntu bat.

• Lanpostuko zereginetarako gaikuntza ematen duen txartela. txartel bakoitzeko puntu bat.

Goi mailako graduak edo baliokideak baztertu egiten du espezialitate bereko erdi mailako gradua edo baliokidea.

Ez dira baloratuko iraupen orduak zehaztuta ez dituzten ikastaroak.

Apartatu honetan 7 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

Merezimendu guztiak agiri bidez eta egiaztatzeko moduan frogatu behar dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu aurkeztu gabeko edo agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik.

6.2. Oposizioaldia. 80 puntu, gehienez.

Hiru proba egin beharko dira; bat teorikoa, beste bat praktikoa eta balorazio psikotekniko bat. 80 puntu, gehienez.

Lehen eta bigarren probak baztertzaileak izanen dira; hau da, ez da hurrengo probara pasatuko aurreko proban eskatzen den gutxienekoa erdiesten ez duena.

6.2.a) Proba teorikoa: gehienez 35 puntu lortzen ahalko dira:

II. eranskineko gai zerrendarekin lotuta, 35 galderako sorta bati erantzun beharko zaio, erantzun zuzena bakarra izanik. Erantzun zuzen bakoitzak puntu bat emanen du, eta hiru erantzun okerrek 0,25 puntu kenduko dute. Hurrengo probara pasatzeko gutxienekoa 17,5 puntu izanen dira. Ezartzen den edukiaren araberakoa izanen da iraupena.

Proba hauek egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahal, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere; soilik bolaluma (urdina edo beltza) eta lapitza.

Epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu izangaien zerrenda eta lortutako kalifikazioak, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

6.2.b) Proba praktikoa: gehienez 35 puntu lortzen ahalko dira:

zenbait proba praktiko eginen dira, arlo hauetakoak: makinak erabiltzea, igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, iturgintza eta elektrizitateko eskemak, mantentze-lan orokorrak, obra txiki edo ertainetako makinak maneiatzea, edota bestelako edozein, betiere loturik dagoena deialdi honetako oinarrietan aipatzen diren eginkizun edo zerbitzuekin. Hurrengo probara pasatzeko gutxienekoa: 15 puntu.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketa honetako probak eginen diren egun bakarrean edo gehiagotan, baita zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera.

6.2.c) Proba psikoteknikoa: gehienez ere, 10 puntu emanen dira:

zenbait proba psikotekniko eginen dira, Nafarroako Psikologia Aplikatuaren Institutuak (NPAI) prestaturikoak. Proba horren helburua izanen da jakitea izangaiak noraino egokitzen zaizkion lanpostuko profil profesiografikoari.

6.3. Lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazio osoa ehun (100) puntukoa izanen da.

6.4. Probetarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Baztertuta geldituko dira agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak.

6.5. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

7.1. Gaindituen zerrenda.

7.1.1. Behin proben kalifikazioa bururatuz gero, epaimahaiak argitara emanen du, Zarrakazteluko Udaleko iragarki-taulan eta web orrian, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zerrenda horrekin batera, 1.6 oinarrian aipatzen den zerrenda eratuko da, izan daitezkeen aldi baterako kontratazioetarako.

7.1.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako izangai guztien artean, bat hautatuko da ausaz. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena.

7.1.3. Epaimahaiak puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Udaleko Alkatetzari. Loteslea izanen da. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.1.4. Proposatu denak aurkeztu beharko ditu deialdian eskatutako gaitasun baldintzak eta gainerako beharkizunak frogatzen dituzten agiriak, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 eguneko epean. Gainera, osasun azterketa egin eta gainditu beharko du.

7.1.5. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da izendatu, eta probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, aurreko atalean ezarritakoa bete ondoren.

7.2. Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda.

7.2.1. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahal zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Zarrakazteluko Udalean dagokion zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, jarraikiz deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei.

Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahal zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Udaleko alkateak lanposturako izendatuko du proposatutako izangaia, baldin oinarri hauen 7.1.4 atalean ezarritakoa betetzen badu.

8.2. Izangai izendatuak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik. Hala egiten ez badu, eskubide guztiak galduko ditu, eta 7.1.5 apartatuan xedatuari jarraituko zaio.

9. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien aurka nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Zarrakaztelun, 2020ko abenduaren 22an.–Alkatea, Javier Igal Iguaz.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDF).

II. ERANSKINA

1. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze-makineriaren oinarrizko maneiuari buruzko ezagutza.

2. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Soldatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta hormak egitea. Hormigoiak. Planoak.

3. gaia.–Oinarrizko argi-zirkuituak eta elektrizitatea, oro har: etengailuak, kommutadoreak, gurutzamenduak, entxufe-oinak, lanparak, diferentzialak, magnetotermikoak.

4. gaia.–Iturgintzako, berokuntzako eta aire egokituko instalazioak: tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, aire egokituko zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea, planoak, galdara gelak eta horien osagai bereziak.

5. gaia.–Udal antolamendua. udalerria eta udal organoak.

6. gaia.–Zarrakazteluko udalerria: kaleen izenak, bai eta mendienak, parajeenak eta ibaienak ere; nomenklatura ofiziala eta tradizionala; Udaleko araudia, ordenantzak.

7. gaia.–Produktu kimikoak eta lorezaintza.

8. gaia.–Laneko segurtasuna eta osasuna.

Iragarkiaren kodea: L2016183