79. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

84/2021 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten duena uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aipatzen diren ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko 2020-2021 ikasturtean. Aipatu foru dekretuak martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretua aldatu zuen, zeinaren bidez arautu baitzen Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa eta ezarri baitziren ziklo hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak. DDBN identifikazioa: 554387.

Uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuak lehen xedapen gehigarrian xedatzen du Hezkuntza Departamentuak parte hartuko duela lankidetza hitzarmena izenpetu ohi duten udal titulartasuneko ikastetxeen kudeaketa gastuak finantzatzeko, dirulaguntzen araubide berariazko baten bitartez, baldin martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren eranskineko hezkuntza edukiak ematen badituzte eta adingabeei zuzeneko hezkuntza arreta ematen dieten profesionalek behar diren titulazioak badituzte; hots, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak eta horren garapeneko araudiak eskatzen dituzten titulazioak.

Alde horretatik, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduaren 2.2 artikuluan jasotzen da deialdi bat eginen dela lehen xedapen gehigarri hartan jasotako ikastetxeentzako dirulaguntzetarako. Foru agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen artean lankidetza hitzarmenak izenpetzeko oinarriak ezarri ziren, udal titulartasuneko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko.

Ebazpen honen xedea da horrelako dirulaguntzak emateko deialdia eta oinarriak onestea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoarekin bat.

Dirulaguntzak partida honen kargura emanen dira: 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Udalekin hitzarmenak 0 eta 3 urte bitarteko haurrak eskolatzeko” izeneko 420002 42120 4609 322100 partida.

Toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi hau, 2020-2021 ikasturtean 0-3 urteko haurren ikastetxeen kudeaketa finantzatzea bilatzen duena, funtsezkotzat jotzen da interes orokorra babesteko, eta oinarrizkoa hezkuntza zerbitzu publikoaren funtzionamendurako.

Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak deialdia onestearen aldeko txostena aurkeztu du, horren bidez toki entitateei dirulaguntzak emateko uztailaren 25eko 72/2020 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aipatzen diren ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko 2020-2021 ikasturtean.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aipatzen diren ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko 2020-2021 ikasturtean, ebazpen honi I. eranskin gisa gehitu zaizkion oinarri arautzaileei jarraituz. Aipatu foru dekretuak martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretua aldatu zuen, zeinaren bidez arautu baitzen Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa eta ezarri baitziren hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak.

2. 496.479,97 euroko gastua baimentzea, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorreko partida honen kargura: “Udalekin hitzarmenak 0 eta 3 urte bitarteko haurrak eskolatzeko” 420002 42120 4609 322100 partida.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntza Departamentuan Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentua duen kontu-hartzaile delegatuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta 0-3 urteko Haurren eta Landa Eskolen Atalari igortzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko martxoaren 22an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aipatutako ikastetxeen titular diren toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, 2020-2021 ikasturterako

1.–Deialdiaren xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da toki entitateei dirulaguntzak emateko arauak ezartzea, uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian aipatzen diren ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko 2020-2021 ikasturtean. Aipatu foru dekretuak martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretua aldatu zuen, zeinaren bidez arautu baitzen Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa eta ezarri baitziren hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak.

Deialdi honen helburua da toki entitateei laguntzea 0-3 urteko haurrei hezkuntza arloko arreta emateko zerbitzuetan, eta haurren familiei erraztasunak ematea laneko eta familiako bizitza bateragarri egiteko.

2.–Onuradunak eta betebeharrak.

Ikastetxeen titular diren toki entitateek eskatzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak, baldintza hauek betez gero:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako kasuetako bakar batean ere ez egotea.

b) Uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren eranskineko hezkuntza arloko edukiak eman beharko dituzte, eta adingabeei zuzeneko hezkuntza arreta ematen dieten profesionalek eduki beharko dituzte Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta horren garapeneko araudian eskatzen diren titulazioak.

3.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Deialdi hau dela-eta ematen diren dirulaguntzak partida honen kargura ordainduko dira: 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorreko 420002 42120 4609 322100 “Udalekin hitzarmenak 0 eta 3 urte bitarteko haurrak eskolatzeko” partida. Ordainduko den zenbatekoa 496.479,97 euro izanen da, gehienez.

Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira irizpide eta modulu batzuk; hain zuzen ere, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduan eta Hezkuntzako zuzendari nagusiaren urriaren 19ko 438/2020 Ebazpenean ezarri direnak. Aipatu foru aginduaren bidez, Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen artean lankidetza hitzarmenak izenpetzeko oinarriak ezarri ziren, udal titulartasuneko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko; 438/2020 Ebazpenaren bidez, berriz, eguneratu ziren, 2020-2021 ikasturterako, toki erakundeei dagokien ekarpenaren ehunekoa eta Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduan agertzen diren finantzaketa-moduluen zenbateko ekonomikoak, eta aldatu ziren finantzaketa-modulu batzuk (Hezkuntzako zuzendari nagusiaren otsailaren 10eko 32/2020 Ebazpenaren II. eranskinean onetsi zirenak), haur eskoletako lanaldi jakin batzuk konbinatzeko. Muga hauek izanen dira:

a) Aurreko irizpideak aplikatuz onuradun diren toki entitateei dagozkien dirulaguntzen zenbateko metatuak gainditzen badu deialdi honetarako baimendutako gastua, bidezko hainbanaketa eginen da, laguntzen zenbatekoa aurrekontu erabilgarriari egokitzeko.

Betiere, hainbanaketa horretatik aparte izanen da hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleez arduratzen diren langileak finantzatzeko ekarpena.

b) Dena dela, 2021. urtean, Hezkuntza Departamentuak funts gehigarriak baditu deialdi honetarako aurrekontua handitzeko, ematen diren laguntzen zenbatekoa handitzen ahalko da, harik eta Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 27ko 79/2012 Foru Aginduan eta Hezkuntzako zuzendari nagusiaren urriaren 19ko 438/2020 Ebazpenean ezarritako irizpideak eta moduluak aplikatuz onuradunei legokiekeen zenbatekoa berdindu arte.

Zenbateko gehigarria eraginkorra izanen da baldin eta lehen aipatutako inguruabarraren ondorioz kreditu erabilgarria dagoela deklaratzen bada; betiere, bidezko aurrekontu aldaketa onetsi beharko da dirulaguntza emateko ebazpena baino lehen.

4.–Eskabideak aurkezteko epea eta erantsi beharreko dokumentazioa.

4.1. Interesdunek II. eranskinaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute Hezkuntza Departamentuko 0-3 urteko Zikloaren eta Landa Eskolen Atalean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 10 egun balioduneko epean.

4.2. Eskabidea, horretarako ahalordea duenak sinatua, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko da (San Domingo kalea 8, 31001 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezartzen diren tokietako edozeinetan, edo Erregistro Elektronikoan, zeina arautu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez.

4.3. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Legezko ordezkariaren ahalordea frogatzen duen agiria.

–Ikastetxe bakoitzean 2020-2021 ikasturtean sortutako diru-sarreren eta gastuen egiaztagiria.

–Ikastetxe bakoitzean 2020-2021 ikasturtean matrikulatutako haurren zerrenda ziurtatua, eta haietako bakoitzak ordaindutako tarifak, Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 21eko 18/2020 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz.

–Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.

–Dirulaguntzaren xedeko jarduera osorik edo haren zati bat azpikontratatzen duten toki entitateek frogatu beharko dute kontratazio horren efizientzia eta ekonomia, idazkariaren ziurtagiri baten bidez, non adieraziko baita kopuruari edo inguruabarrei dagokien prozeduraren arabera kontratatu dela, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeari jarraikiz.

4.4. Eskabidea osorik betetzen ez bada edo ez badira behar bezala frogatzen eskaera baloratzeko garrantzitsuak diren datuak, akatsa zuzen dezala eskatzen ahalko zaio toki entitateari. Horretarako hamar egun balioduneko epea emanen zaio gehienez ere, jakinarazpen egunaren biharamunetik hasita. Eskatutako dokumentazioa zuzentzen ez bada, toki entitateak eskaera bertan behera utzi duela ulertuko da eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eskatzaileari jakinarazita.

5.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak ebatziko du deialdi hau, bi hilabeteko epean, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aurrera. Ebazpen hori toki entitate interesdun guztiei jakinaraziko zaie.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

6.–Entitate titular onuradunen betebeharrak.

Onuradun ateratzen diren toki entitate titularrek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte.

7.–Dirulaguntzaren ordainketa eta gastuen justifikazioa.

7.1. Lehenbiziko ordainketan deialdi honen hirugarren oinarrian xedatutakoaren arabera kalkulatutako dirulaguntza osoaren %60ra arte pagatuko da, dirulaguntza emateko ebazpena sinatzen denean, ikastetxeak 2021eko martxoaren 31ra arte izandako diru-sarrerak eta gastuak frogatu ondoren; horretarako, toki entitate titularreko idazkariaren ziurtagiri bat bidali beharko da Hezkuntza Departamentura, deialdiaren eskaerarekin batera.

7.2. Bigarren ordainketa, gainerako %40ra arte, 2021eko azken hiruhilekoan eginen da, toki entitate titularrak 2020-2021 ikasturteko diru-sarrera eta gastu guztiak justifikatu ondoren. Justifikazio hori 2021eko irailaren 1a baino lehen bidali beharko da.

8.–Bateragarritasuna hirugarrenen dirulaguntzekin.

Toki entitateek beste dirulaguntza edo laguntza batzuk hartzen ahalko dituzte deialdi honen xederako, edozein administrazio publikotatik edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

Toki entitateak beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso eta ikastetxearen diru-sarrerak guztirako gastuak baino handiagoak badira, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduko da Hezkuntza Departamentuaren dirulaguntzatik.

9.–Toki entitate onuradunen betebeharrak, dirulaguntzaren xedeko jarduera finantzatzeko publizitateari buruz.

Dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek, dituzten hedabideen bitartez edo, horrelakorik ezean, Nafarroako Aldizkari Ofizialaren edo prentsaren bidez, Hezkuntza Departamentuak dirulaguntza eman izanaren berri eman beharko dute.

10.–Azpikontratazioak.

Toki entitate onuradunek eskaeraren xedeko ikastetxe guztien edo batzuen kudeaketa azpikontratatzen ahalko dute, eta ez dago portzentaje mugarik azpikontratatzen den zenbatekorako.

11.–Oinarri arautzaileen eta deialdiaren aurka jartzen ahal diren errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien kontra, toki entitate interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

12.–Ematen diren dirulaguntzen eta haien onuradun ateratzen diren entitateen zerrendaren araubidea eta publizitate maila.

Hezkuntza Departamentuak bere web orrian argitaratuko ditu ematen diren dirulaguntzak eta haiek jasotzen dituzten entitateen zerrenda.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

III. ERANSKINA

Gastuen eta diru-sarreren ziurtagiria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2104849