79. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

16E/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 4koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi hau onesten baita 2021erako: “Arte eszenikoen eta musikalen ekoizpenetarako dirulaguntzak (Artem Pro) enpresa eta profesionalentzat (Nafarroa Suspertu Plana)”. DDBN identifikazioa: 551858.

Kultur Ekintza Zerbitzuak egin duen txostenean proposatu du onestea “Arte eszenikoen eta musikalen ekoizpenetarako dirulaguntzak (Artem Pro)” emateko 2021eko deialdia (Nafarroa Suspertu Plana) eta bere oinarri arautzaileak, 320.000 euroko gastua baimentzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen betebeharrak eta baldintzak, eta ikusirik kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela espedientean.

Horrenbestez, erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdi hau onestea 2021erako: “Arte eszenikoen eta musikalen ekoizpenetarako dirulaguntzak (Artem Pro) enpresa eta profesionalentzat (Nafarroa Suspertu Plana)”.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Laguntzak emateko 320.000 euroko gastua baimentzea, 2021eko Gastuen Aurrekontuko “Suspertu plana-Artem Pro: enpresa eta profesionalentzako laguntzak arte eszenikoen ekoizpenetarako” izeneko A20002-A2530-4709-334104 partidaren kargura.

Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4709-334104: Suspertu plana-ARTEM PRO: enpresa eta profesionalentzako laguntzak arte eszenikoen ekoizpenetarako

2021

320.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2021eko martxoaren 4an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ENPRESEI ETA PROFESIONALEI ARTE ESZENIKOEN
ETA MUSIKALEN EKOIZPENETARAKO DIRULAGUNTZAK (ARTEM PRO) EMATEKO 2021EKO DEIALDIKO OINARRI ARAUTZAILEAK (NAFARROA SUSPERTU PLANA)

1.–Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio-eremua.

1.1. Deialdi honen xedea da arte eszenikoetako eta musikako ikuskizunak (zuzenekoak, aretokoak edo kalekoak) ekoizteko proiektu berrietarako laguntzak arautzea, kalitatezko arte eskaintza bat, askotarikoa, berritzailea eta herritar guztientzako interesgarria, sustatzeko asmoz. Laguntzapeko proiektuak Nafarroan ekoitziak eta/edo estreinatuak izan beharko dira, eta Nafarroako Foru Komunitateko enpresek eta profesionalek eginak. Hori guztia, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren esparruan, zeina COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari Foru Komunitateak ematen dion erantzuna baita, aurrerapenean, kohesioan eta berrikuntzan oinarritutako eredu ekonomiko sozial berri baterantz aurrera egiteko.

1.2. Ekoizpenaren jardueran obra sortzea sartuko da.

1.3. Dirulaguntzen xedeko proiektuak 2021ean estreinatzen ahalko dira (urte osoan zehar), eta 2022ko otsailaren 28ra arte, egun hori barne.

1.4. Enpresa edo profesional bakoitzak proiektu bakar bat aurkez dezake.

2.–Pertsona eta entitate onuradunak eta onuradun izaera frogatzeko modua.

2.1. Pertsona eta entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako laguntzak:

a) Nafarroako Foru Komunitatekoak diren edo gutxienez 2020ko urtarriletik Nafarroako Foru Komunitatean erroldaturik dauden pertsona fisikoak.

b) Merkataritzako sozietateak, sozietate zibilak, ondasun erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, nortasun juridikorik gabea. Entitate horiek helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izanen dute, eta jarduera bertan egin, gutxienez 2020ko urtarriletik.

Gainera, haien sozietatearen helburuen artean edo estatutuen araberako xede edo helburu sozialen artean jarduera eszeniko edo musikalak egitea agertu beharko da.

2.2. Aurreko apartatuan aipatutako pertsona edo entitateek alta emanik egon behar dute, eskaera aurkezteko unean, oinarri hauen 6.5 a) puntuan aipatutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean.

2.3. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako Gobernuaren 2021eko aurrekontuetan partida izenduna duten entitateak.

c) Arte ikasketen ikastetxeak, musikako, dantzako eta beste arte arlo batzuetako eskolak eta/edo akademiak.

d) Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak eta entitateak, sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

2.4. Pertsona eta entitate onuradunek bete egin beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak, eta ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsona eta entitateei.

2.5. Ezin dira laguntza hauen onuradun izan sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez zehapena edo zigorra jaso duten pertsonak edo entitateak.

3.–Betebeharrak.

3.1. Eskaera bat aurkeztuko da muntaketa eszeniko bakoitzeko.

3.2. Ikuskizuna Nafarroako zein tokitan eta zein egunetan estreinatu zen egiaztatzea. Horretarako, programatzailearen ziurtagiri bat edo erantzukizunpeko aitorpen bat aurkeztu beharko dute.

3.3. Gutxienez bost antzezpen saio eginak izatea, estreinatu zen egunetik hasita hamabi hilabeteko epearen barruan. Antzezpen saio horiek egiaztatzeko, programatzailearen erantzukizunpeko aitorpen bat aurkeztu beharko da.

3.4. Langile lan-kontratudunen lan baldintzak mantentzea, aplikatu beharreko lan arloko araudiarekin bat.

4.–Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

4.1. Laguntza hauek (320.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2021eko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

4.2. Proiektu bakoitzerako laguntza ezin da izan, inola ere, aurrekontu onartuaren %70 baino handiagoa (aurrekontu onartua honela kalkulatuko da: aurkezten den aurrekontuari diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 7. oinarriarekin bat).

Proiektu diruz lagungarri bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa 30.000 eurokoa izanen da, gehienez ere.

4.3. Behin proiektuak aurkeztu eta aurrekontuak onartutakoan, unitate kudeatzaileak dirulaguntza banatuko du proiektuen artean, lehentasun hurrenkerari jarraikiz, dirulaguntzen zenbatekoa agortu arte.

4.4. Gerakinik badago, baina hurrengo proiekturako eskatutako aurrekontua baino txikiagoa bada, eska daiteke hasiera batez aurkeztutako proiektua berregiteko.

Nolanahi ere, proiektua berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

Irizpide hauei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Ezin izanen da murriztu hasierako aurrekontuan sartuta dagoen eta entitatearen beraren baliabideekin (jarduera diruz lagungarriak sortzen ez dituztenekin) finantzatzen den kopurua.

b) Proiektua berregitearen ondorioz lortzen den azken dirulaguntzak errespetatu beharko ditu ezarritako gehieneko ehunekoak.

Berregindako proiektuak Ebaluazio Batzordearen adostasuna beharko du, laguntza ematea proposatu aurretik.

4.5. Enpresa edo profesionalen batek dirulaguntzari uko eginez gero, unitate kudeatzaileari jakinarazi beharko dio.

Uko egitearen ondorioz eman gabe gelditzen den dirulaguntza puntuazio ordenaren arabera dagokionari ematen ahalko zaio. Profesional hori proiektua berregiten ari baldin bada, dagokion kopurura arte eginen da, eta horren ondotik gerakinen bat baldin badago edo horri uko egiten badio, puntuazio ordenaren arabera hurrengoa den proiektuari emanen zaio.

Laguntzak esleitzeko ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko 9. oinarriko 4. apartatuan 30 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuak (Proposamenaren kalitate artistikoa).

5.–Proiektu diruz lagungarriak.

5.1. Enpresa edo profesional bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du. Horren ondorioetarako, proiektutzat hartuko da arte eszenikoetako eta musikako zuzeneko ikuskizun bat estreinatu arte egiten diren ekoizpen jardueren multzoa.

5.2. Proiektuan honako hauek jasoko dira:

–Izena.

–Memoria, honako hau jasoko duena:

• Ekoizpenaren azalpena.

–Eskatzailearen eta talde artistiko eta teknikoko kideen ibilbide profesionala.

• Ekoizpena aurrera ateratzeko behar diren giza baliabideen egitura eta antolaketa.

• Ekoizpenaren fitxa artistiko zehatza, honako hauek jasoko dituena: estreinaldirako aurreikusitako eguna eta tokia, ustiapen plana eta 3.3 oinarrian aurreikusitako emanaldien aurreikuspen zehatza.

• Ikusleak erakarri eta haien leialtasuna lortzeko jardueren deskribapena.

• Koprodukzio kontratua, halakorik bada.

–Komunikazio plana eta produkzioaren egutegia.

–Proiektu osoaren aurrekontu xehakatua. Proiektuaren aurrekontu osoa aurkeztu beharko da, eta bertan argi geldituko da enpresak edo profesionalak proiektuari aurre egiteko dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, kontratatzen diren langileak) eta baliabide materialak (azpiegiturak) koherenteak direla.

Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

6.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

6.1. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.2. Eskaerak honela aurkeztuko dira:

–Pertsona juridikoen kasuan, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa, NAN + PINa edo Cl@ve sistema eduki beharko da.

Eskaera beste edozein bide erabiliz aurkezten bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

–Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz.

6.3. Eskabidea eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta Tramiteen Katalogoko fitxan egonen dira eskuragarri: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

6.4. Eskaeraren berariazko inprimakiari (I. eranskina) erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Dokumentazioa eskaneatuta aurkeztuko da, agiri bakoitza bereizita eta behar bezala identifikatuta.

a) Eskaera aurkezteko unean ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe hauetako batean alta emanik egotearen frogagiria (egoki den udalak emana):

–1. atala (enpresa jarduerak): 965. taldea.

–2. atala (jarduera profesionalak): 85. multzoa.

–3. atala (jarduera artistikoak): 1., 2. edo 3. multzoak.

b) Pertsona juridikoen kasuan, gainera, sozietatearen kontratuaren kopia, eraketaren edo, hala denean, aldaketaren eskrituraren kopia eta Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioarena.

c) Pertsona edo entitate eskatzailearen IFZ edo IFK.

d) Proiektuaren memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren arabera.

Proiektuaren deskribapen-memoriak ez du 30 folio baino gehiago beteko, DIN A-4 formatuan, alde batetik idatziak, ohiko tipografian, gutxienez 11 puntuko letra mota erabilita, II. eranskinean jasotzen den ereduaren arabera. Hortik aurrerako informazioa ez da baloratuko.

e) Memorian proiektuari buruz jasotzen diren datu ekonomikoak III. eranskineko ereduari jarraikiz bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan berdinduta izatea gastuak eta diru-sarrerak.

6.5. Kultura Zuzendaritza Nagusiaren aurreko deialdietan parte hartu duten pertsona eta entitate onuradun eskatzaileek ez dituzte aurreko puntuko b) eta c) apartatuetan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

6.6. Eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar eguneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

6.7. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko da.

7.–Gastu diruz lagungarriak.

7.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta 2020ko abenduaren 2tik 2021eko abenduaren 1era bitarteko epean egiten direnak. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak egindako gastu hauek jasotzen ahalko dute dirulaguntza:

a) Zuzeneko kostuak.

1.–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren langileen eta artisten lansarien eta gizarte segurantzaren kostuak.

2.–Talde tekniko eta artistikoko kideen ostatu gastuak, mantenu gastuak eta bidaia gastuak, bai eta emanaldia egiteko beharrezkoak diren garraio gastuak ere (bidezkoak badira), kopuru hauek gainditu gabe:

–Ostatu eta mantenu gastuak: gastu horiek mugatuko dira Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian jasotako baldintzetara (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17koan, argitaratu zen Erabaki hori).

Deialdi honen ondorioetarako, mantenu gastutzat hartuko dira otordu nagusiei dagozkienak bakarrik (bazkaria eta afaria).

–Joan-etorriak: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak.

Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekuetakoak.

Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

Bidaietako gastuak lotuta badaude emanaldi bat baino gehiago dituen bira batekin, talde artistikoak edo artistak joan-etorri bakarra sar dezake kontzeptu horretan.

–Jarduketa egiteko beharrezkoak diren elementuen garraioa:

Autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak.

Furgoneta edo zamalanetarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, zero koma berrogei (0,40) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak.

Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autobideko gastuak (bidesariak) eta aparkalekuetakoak.

Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua egoitza soziala edo pertsona fisikoaren helbidea izanen da.

3.–Ekoizpenaren ondoriozko gastuak (estreinaldia barne, bidezkoa bada), hala nola kanpoko baliabideen kontratazioa, agertokien eta entseguetarako lokalen alokairuak (3 hilabete gehienez), ekipo eta bitarteko materialen alokairuak, talde artistikoaren ordainsariak, eszenografia, jantziak eta material kontsumigarri oro, eta beste batzuk, ekoizpenera bideratuak.

4.–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako, digitalizaziorako eta merkaturatzeko gastuak, gehienez ere %15.

5.–Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan bakarrik, kontabilitateko irizpide orokorren arabera (114/2017 Foru Dekretua, abenduaren 20koa, Sozietateen gaineko zergaren erregelamendua onesten duena).

6.–Dirulaguntzaren xedeko proiektua prestatzeko edo gauzatzeko, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiaren ondorioz nahitaezkoak diren edo osasun agintaritzak gomendatzen duen materiala erosteko eta/edo zerbitzuak kontratatzeko egindakoak.

7.–Arte eszenikoen eta musikalen proiektuen parte diren jarduerek sortutako gastuak, baldin eta proiektu horiek erabat edo partzialki gauzatu ezin izan badira agintari eskudunek COVID-19aren osasun krisiari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz.

b) Zeharkako kostuak.

Hemen sartzen dira bai gastu orokorrak, pertsona edo entitate onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Proiektua egiteko beharrezkoak diren finantza-gastuek dirulaguntza jasotzen ahalko dute, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

Zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira izanen proiektuaren kostu osoaren %15 baino gehiago.

7.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak, bai eta horien amortizazioak eta horien finantzaketaren ondoriozko finantza-gastuak ere. Azken kasu horretan, salbuespena izanen da dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarrien erosketarako 7.1 apartatuan ezarritakoa.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, baita antzeko beste zerga batzuk ere, entitateak berreskura ditzakeenak.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) Ez dira onartuko laguntza eskatzen duen pertsona fisikoak berak egindako lanen gastuen fakturak.

f) Ordezkaritza, protokolo eta luxuzko gastuak, ez eta elikagaiak, edariak eta antzekoak erostekoak ere.

7.3. Elkarlanean ekoitzitako proiektuetarako eskaeretan honako hauek jaso beharko dira berariaz:

7.3.1. Deialdi honetako 2. oinarrian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzten bazkideek osatutako enpresek eta/edo profesionalek elkarrekin egindako ekoizpen proiektuak: Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, bai laguntzaren eskabidean, bai laguntza emateko ebazpenean, taldeko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira.

Nolanahi ere, batasunaren ordezkari edo ahaldun bat izendatu beharko da, batasunari onuradun gisa dagozkion obligazioak betetzeko adinako ahalen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko 11/2015 Foru legean ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

Dirulaguntzaren onuradun diren enpresa eta profesional guztiek egiten eta justifikatzen dituzten gastuak hartuko dira gastu diruz lagungarritzat.

7.3.2. Eskatzailearekin batera, deialdi honetako 2. apartatuan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten enpresak partaide diren koprodukzio proiektuak. Kasu honetan, enpresa edo profesional batek baino gehiagok ekarpenak egiten badituzte proiektu bakar bat egiteko, eskatzaileak honako hauek adierazi beharko ditu berariaz eskabidean:

a. Enpresa edo profesional bakoitzak bere gain hartutako exekuzio konpromisoak, alderdien arteko hitzarmen baten edo kontratu baten bidez.

b. Proiektuaren zenbateko osoa.

c. Enpresa edo profesional bakoitzak proiekturako egindako ekarpenaren zenbatekoa eta bakoitzak bere gain hartzen dituen gastuak.

d. Dirulaguntzaren onuradun suertatzen den enpresa edo pertsona onuradunak egiaz egiten eta justifikatzen dituen gastuak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.

Bi kasuetan, enpresa edo profesional eskatzaileak frogatu beharko du diruz lagundutako gastu guztia, eta, orobat, proiektua oso-osorik gauzatu dela.

Informazio hori guztia eskabideari eransten zaion memorian xehakatu beharko da.

8.–Tramitazioa eta ebaluazioa.

8.1. Eskaerak Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

8.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoan dagoen deialdiaren fitxan (www.nafarroa.eus). Honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hura izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko teknikari bat, edo, hura izan ezean, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikari bat, hitza duena baina botorik ez.

c) Batzordekideak: Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua eta arte edo ekonomia arloetako bi aditu; horietako bat Nafarroako Kultura Kontseiluko kidea izaten ahalko da.

8.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. Batzordekideek proiektuei buruzko dokumentazioa jasoko dute horiek baloratzeko.

2. Eskatzaileek zilegi dute proiektua azaltzen duen bideo artxibo bat eranstea dokumentazioarekin batera, 15 minututik beherakoa betiere.

3. Balorazio prozesu osoan zehar, batzordeak informazioa eska diezaieke entitateei edozein bideren bitartez, zalantzak argitzeko.

4. Onetsitako aurrekontuak zehaztuta daudela, ebaluazio batzordeak proiektuen puntuazioa zehaztuko du, 9. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz. Batzordeak irizpen loteslea emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

5. 9. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuaziora iristen diren proiektuei dagokien zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira, betiere kontuan harturik 4. oinarrian finkatutako diru-muga:

–Proposatutako laguntza guztien baturak deialdiko kreditua gainditzen ez badu, eskatutako zenbatekoa emanen zaio eskatzaile bakoitzari.

–Unitate kudeatzaileak dirulaguntza banatuko du proiektuen artean lehentasun hurrenkerari jarraikiz, lortzen den puntuazioaren arabera, dirulaguntzaren zenbatekoa agortu arte.

–Gerakinik badago, baina puntuazio hurrenkeran hurrengoa den proiektuarentzat eskatutako aurrekontua baino txikiagoa bada, eskatzaileari eska dakioke hasiera batez aurkeztutako proiektua berregin dezala. Nolanahi ere, proiektua berregitean, 3. oinarrian zehazturiko dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

9.–Proiektuen balorazioa.

9.1. Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, eskaera eginen da II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduari jarraikiz; eredu horretan zehazten dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

9.2. Informazio ekonomikoa III. eranskinean beteko da.

9.3. Gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari. Dirulaguntza jaso ahal izateko, eskaerek gutxienez ere 30 puntu lortu beharko dute 9.4.1 apartatuan aurreikusitako puntuazioan.

9.4. Balorazio irizpideak.

1. Proposamenaren kalitate artistikoa (60 puntu gehienez).

a) Ekoizpenaren interesa eta kalitatea (25 puntu gehienez). Proposatutako ekoizpen eszeniko edo musikal berria baloratuko da ekoizpenaren interes eta kalitate artistikoaren arabera.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

25 arte

Ongi

20 arte

Nahikoa

15 arte

Hala-holakoa

10 arte

Ez nahikoa

5 arte

Urria

0

b) Enpresa eskatzailearen ibilbidea (5 puntu gehienez). Entitate eskatzailearen jarduera urte osoak baloratuko dira eskala honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

10 urte baino gehiago

5

5 urte baino gehiago eta 10 urte bitarte

3

1-5 urte

1

c) Enpresaren edo profesionalaren jarduna (10 puntu gehienez). Baloratuko da azkeneko hiru urte naturaletan izandako ekoizpenen kopurua, emanaldien kopurua eta feria edo azoka garrantzitsuetan izan dituen inskripzioen kopurua (esate baterako, COFAE, Mercartes edo 948 Mkt barruan egindakoak):

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

10

Ona

8

Nahikoa

5

Ez nahikoa

2

Urria

1

d) Ekoizpenean zenbat profesionalek parte hartzen duten arlo hauetan (konpainiakoak eta/edo kontratatuak izan): talde artistikoa (testuaren egilea, zuzendaritza artistikoa, zuzendaritzako laguntzailea, interpretazioa), talde teknikoa (eszenografia, jantziak, argien eta soinuaren diseinua) eta ekoizpen, banaketa eta komunikazio taldea (5 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

10 pertsonak edo gehiagok osatutako taldea, eta horietatik 5, gutxienez, antzezle

5

8 pertsonak edo gehiagok osatutako taldea, eta horietatik 4, gutxienez, antzezle

4

6 pertsonak edo gehiagok osatutako taldea, eta horietatik 3, gutxienez, antzezle

3

4 pertsonak edo gehiagok osatutako taldea, eta horietatik 2, gutxienez, antzezle

2

Gutxienez 3 pertsonak osatutako taldea

1

(laneko fitxa erantsi da bertan langileen zerrenda eta haien lanaren deskribapena jasotzeko).

e) Berrikuntza artistikoa: hizkuntza berrien garapena (5 puntu gehienez).

Irizpide honen arabera, hizkuntza berrien garapena, ikuspegi berrien ekarpena, hibridazioa eta abar baloratuko dira.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Ez nahikoa

2,5 arte

Urria

1

f) Garatzeko bidean dauden sortzaileek aurkeztutako proiektuak (egilea edo zuzendari artistikoa). Halakotzat hartuko dira lehenengo proiektu profesionala sustatzen duten sortzaileak (5 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Ez nahikoa

2,5 arte

Urria

1

g) Komunikazio plana (5 puntu gehienez). Baloratuko da nolako koherentzia duen proposamenaren komunikazio planak.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Ez nahikoa

2,5 arte

Urria

1

2. Proposamenaren kudeaketa (bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa). (20 puntu gehienez)

a) Bideragarritasun ekonomikoa (5 puntu gehienez).

Proposamen batek bideragarritasun ekonomiko handiagoa du baldin eta gauzatzeko behar adinako finantzaketa badu; eskatutako diru kopurua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta puntu gehiago emanen zaizkio, horrek frogatzen duelako behar adinako finantzaketa duela proposatutako ekoizpena gauzatzeko.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

%40 arte

5

%40 baino gehiago, %50 arte

4

%50 baino gehiago, %55 arte

3

%55 baino gehiago, %60 arte

2,5

%60 baino gehiago, %65 arte

2

%65 baino gehiago, %70 arte

1,5

%70 baino gehiago, %75 arte

1

%75 baino gehiago, %80 arte

0,5

b) Aurrekontua proiektuaren araberakoa izatea edo orekatua izatea (5 puntu gehienez).

Puntuazio handiagoa emanen da baldin eta aurrekontua orekatua bada proiektua gauzatzeko behar diren baliabide guztiei dagokienez (langileak, azpiegitura eta material teknikoa, zabalkundea, komunikazioa eta beste), eta aurkeztutako proposamenarekin bat etortzen bada.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Ez nahikoa

2,5 arte

Urria

1

c) Ustiapen plana (10 puntu gehienez).

Irizpide honen bidez baloratuko da ekoizpen berriaren ustiapen planaren koherentzia. Honako arlo hauei buruz aurkezten diren datuak hartuko dira kontuan: frogatu daitezkeen programazio konpromiso sinatuak, banaketa enpresekin dituen kontratuak, merkatu eta ferietara joateko estrategia eta abar.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

10 arte

Ongi

8 arte

Nahikoa

5 arte

Ez nahikoa

2 arte

Urria

1

3. Proposamenaren inpaktua. (20 puntu gehienez).

a) Proposamenean euskara erabiltzea (5 puntu gehienez). Baloratuko da ea euskara erabili den proposatutako ekoizpenean:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Handia

5 arte

Ertaina

2,5 arte

Eskasa

0

b) Genero-berdintasunaren ikuspegia txertatzea programaren helburuetan eta ekintzetan eta/edo emakumeen ekarpen eta parte-hartze profesionala (5 puntu bitarte). Baloratuko da proposatutako ekoizpenean arreta berezia ematea emakumeen esku-hartze aktiboari, eskaera azaltzeko txostenean jasotako datuetan oinarrituz:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Garrantzitsua

5 arte

Esanguratsua

2,5 arte

Ez oso esanguratsua

0

c) Neurririk hartu den bermatzeko bazterketa arriskuan daudenek eta/edo dibertsitate funtzionala dutenek ekoizpenera iristeko modurik dutela (5 puntu gehienez). Baloratuko da, eskaera azaltzeko txostenean jasotako datuetan oinarrituz, ea proposatutako ekoizpenean neurririk txertatu den dibertsitate funtzionala dutenengana iristeko eta haien parte-hartzea bultzatzeko, bai ikusle gisa, bai talde artistikoko edo teknikoko partaide gisa:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Ez nahikoa

1,5 arte

Urria

0

d) Entitateak egindako ahaleginak publiko berriak erakartzeko bitartekaritza eta hezkuntza ekintzen bidez, batez ere 0-11 urte bitarteko haurrak, 12-35 bitarteko gazteak eta talde eta pertsonarik kalteberenak (5 puntu gehienez). Baloratuko da ekoizpena publiko berriei zuzenduta egotea eta haiek parte hartzea; balorazio hori eginen da eskaera azaltzeko txostenean jasotako datuetan oinarrituz eta taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Ez nahikoa

1,5 arte

Urria

0

10.–Laguntza emateko ebazpena.

10.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

10.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruan ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Gainera, eskabidean adierazitako helbide elektronikoa baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko.

Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea 39, Iruña).

10.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

Ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

10.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, helbide elektroniko honen bidez: iniciativacultural@navarra.es

11.–Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

11.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira, baldin eta helbide fiskala Nafarroan duten pertsonek eta entitateek egiten badituzte, eta horiek ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetako batean alta emanda badaude (legearen 4.f) artikuluan aipatzen dira), arau horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

Ondorio horietarako, eskatzaileek IV. eranskina beteko dute.

11.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, pertsona eta entitate onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kultura eta Kiroleko kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

11.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo edo babesletza ekarpenak jasotzen dituzten pertsonek edo entitateek amaierako memoria batean zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira izan duten eragina.

12.–Onuradunen betebeharrak.

12.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, onuradunek, pertsona fisikoak direnek izan ezik, dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek arautzen baititu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen pertsona eta entitate onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalaren bidez.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

12.1. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

12.2. Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

12.3. Pertsona eta entitate onuradunek laguntza jasotzen duten proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko dute proiektuak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso duela.

Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta.

12.5. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu.

Proiektuan edozein aldaketa egiteko, Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik; zerbitzu horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

12.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela.

Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta hori deskribatzen duen testu bat erakutsi (Diruz laguntzen du:...).

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala eta/edo haren Argitalpen Atalaren bidez.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak).

Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logoa sartuko, arestian deskribatutako baldintzei jarraituz.

12.7. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

12.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

12.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

12.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

12.11. Dirulaguntzaren onuradun diren pertsonek eta entitateek, proiektua bukatutakoan, ebaluazio txosten bat aurkeztuko dute, bertan honako hauek adierazita:

–Jaialdi/lehiaketaren alderdiak noraino bete diren, eskabidearekin batera aurkeztutako deskripzio-memoria jasotakoarekin alderatuta.

–Masa soziala osatzen duten pertsonen banaketa sexuen arabera (emakumezko eta gizonezko bazkideen kopurua); orobat, entitateko zuzendaritza-taldearena, talde artistikoarena eta kudeaketa taldearena.

12.12. Ez erabiltzea inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan, hizkera edo irudi sexistarik. Era berean, hizkera inklusiboa erabiliko da sortzen diren dokumentu guztietan. Horretarako, gida hau kontsulta daiteke: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf)

13.–Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

13.1. Oro har.

Behin pertsona edo entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo, bestela, partzialki, proiektuaren %25, %50 eta %75 gauzatu ahala.

Justifikazio partziala eginez gero, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskaera, ordainketa mota (likidazio partziala) eta eskatutako zenbatekoa adierazita.

b) Zerrenda zenbakitu eta zehaztua, egindako gastuen fakturena edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriena, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko. Honako hauek jasoko dira: hornitzailearen/igorlearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZ, PFEZ eta osoko kopurua) eta ordainketa data. Excel formatuan igorriko da.

c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. 100 euroko edo beherako gastuen kasuan, ordainketen frogagiriak hauek izan daitezke: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo ordainketa egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Proiektuari lotutako eta kontabilizatutako gastu eta diru-sarreren zerrenda.

f) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori aurkeztuko da ordainketa partzial bakoitza egin baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean. Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

13.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren. Konturako ordainketa bat eskatzeko epea bukatuko da justifikazioa aurkezteko epea bukatu baino hilabete bat lehenago (2021eko azaroak 1).

Agiri hauek aurkeztu beharko dira justifikaziorako:

a) Ordainketa mota horren eskaera (konturako ordainketa) eta eskatutako zenbatekoa.

b) Zerrenda zenbakitu eta zehaztua, gastuen fakturena edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriena. Honako hauek jasoko dira: hornitzailearen/igorlearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZ, PFEZ eta osoko kopurua), eta Excel formatuan igorriko da.

c) Egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori aurkeztuko da ordainketa partzial bakoitza egin baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean. Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

13.3. Salbuespenez.

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere.

Horretarako, eskaera egin beharko zaio Kultur Ekintza Zerbitzuari, zer nolako ordainketa den adieraziz (aurrerakina), eta dirulaguntzaren helburuak betetzeko funts horiek aldez aurretik jaso behar dituela frogatzeko dokumentazio egokia aurkeztu (egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, eta egiteko dauden kobrantzen eta ordainketen zerrenda, hilabeteka banakatua).

14.–Justifikatzeko epea eta modua.

14.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean edozein aukeratzen dela ere, dirulaguntzaren likidaziorako, onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2021eko abenduaren 2a baino lehen (egun hori barne):

a) Eskabidea, ordainketa mota (azken likidazioa) eta eskatutako zenbatekoa adierazita.

b) 13.1 oinarrian eskatutako dokumentazioa. (b, c, d).

c) Proiektuaren azken memoria, 12.11 oinarrian zehazten den moduan.

d) Proiektuan egindako jarduerei buruzko ebaluazio txostena.

e) Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Proiektuari lotutako eta kontabilizatutako gastu eta diru-sarreren zerrenda.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Hala ere, konturako ordainketaren bat egin bada, abenduaren 27ra arte aurkezten ahalko dira frogagiriak, baldin eta agiri horietan agertzen bada exekuzio epe horren barnean egindako gastuei dagokien ordainketa dela (fakturak eta merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera duten agiriak edo eraginkortasun administratiboa duten agiriak).

Gainerako frogagiriak aurkezteko epea abenduaren 2an bukatuko da, egun hori barne.

Agiri horiek jaso eta aztertu ondoren, organo kudeatzaileak espedientea ixteko txostena eginen du, edo, bestela, oker kobratutako kopuruak itzultzeko espedientea hasiko du.

Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

14.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

14.3. Proiektuak justifikatzeko epea hilabetekoa izanen da, horiek estreinatzen direnetik aurrera zenbatzen hasita. Laguntza ematea onartzen den unean estreinaldia egina duten proiektuen kasuan, laguntza eman zaiela jakinarazi eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazio hori.

14.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den ehunekoa aplikatuko zaie onartutako gastuen frogagiriei, ordainketaren ziurtagiria baldin badute, jarduera egin eta gero.

14.5. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak justifikazioko kontu horien gaineko berrikuspen txostenak egiten ahalko ditu, Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean dagoen jarduneko kontu-auditore baten bidez. Txosten horiek honako baldintza hauei jarraikiz eginen dira:

I. Kontratazioa Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak eginen du.

II. Txostena maiatzaren 17ko EHA/1413/2007 Aginduan ezarritakoarekin bat eginen da. Agindu horren bidez, kontu-auditoreek dirulaguntzen justifikazio-kontuak berrikusteko lanetan bete beharreko jarduketa-araua onetsi zen.

15.–Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

15.1. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

15.2. Kasu guztietan, bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioko Kultura eta Kirol Departamentuak proiektu bererako ematen duen beste edozein dirulaguntzarekin.

15.3. Jasotako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

15.4. Dirulaguntza hauek, norgehiagokako araubidean emanen baitira, bateragarriak dira Europar Batasuneko barne merkatuarekin, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 53.2.d) artikuluari jarraikiz. Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

16.–Dirua itzultzea.

Pertsona edo entitate onuradunak ez badu behar bezala justifikatzen proiektua gauzatu dela, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Entitate edo pertsona onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

17.–Arau-hausteak eta zehapenak.

17.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

17.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

18.–Hornitzaileak kontratatzea.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, pertsona edo entitate onuradunak frogatu egin beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela. Baldintza hori betetzen dela ulertuko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu, eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate aski, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egina bada.

19.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

20.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskabide eredua.

II. eranskina.–Deskripzio-memoria.

III. eranskina.–Datu ekonomikoak.

IV. eranskina.–Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Dokumentazioa deskargatu (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2103842