79. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

10E/2021 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baita xehetasun-azterketa bat “Belagua ikasle-egoitzako dorreak” handitzeko. Jarduketa hori kokatzen da “Nafarroako Unibertsitatearen Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Z-2 unitatean. Sustatzailea Belagua ikasle-egoitza da.

Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 1eko 57E/2020 Ebazpenaren bidez, hasiera batean onetsi zen xehetasun-azterketa bat “Belagua ikasle-egoitzako dorreak” handitzeko. Jarduketa hori kokatzen da “Nafarroako Unibertsitatearen Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Z-2 unitatean. Sustatzailea Belagua ikasle-egoitza da.

Ebazpen hori 2020ko 169. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 31koan, baita 2020ko uztailaren 7ko prentsan ere. Ezarritako hogei eguneko epean, ez da haren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Espedientearen xedea da zehaztea Belagua ikasle-egoitzan egin nahi diren berritze funtzionaleko eta energia-efizientziako jarduketek dakartzaten lerrokadurak eta sestrak, bereziki hauek: dorreen oinplanoko azalera handitzeak eta dorre horiek beheko solairuan eta sotoan lotzen dituen eraikin berri batek sortutakoak.

Jarduketa horiek hasiera batean onetsi zituen ebazpena betetzeko, 2021eko otsaileko xehetasun-azterketaren alean justifikatu ziren hirigintzako zerbitzuen sareen elkargunea eta ahalmena, eta horien koordenatu geografikoak sartu ziren espedientearen planoetan.

Dokumentuak hirigintza-antolamendu xehatuko determinazioak baizik ez ditu jasotzen, xehetasun-azterketa baten xede eta eskumen direnak. Bat dator Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren xedapenekin, baita “Nafarroako Unibertsitatearen Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialean biltzen diren determinazioekin ere.

Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskuduna den departamentuari dagokio Udalez gaindiko Plan Sektoriala garatzeko xehetasun-azterketak tramitatzea eta onestea, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1.d) artikuluarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2021eko otsailaren 23ko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta erabiliz Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Behin betiko onestea “Belagua ikasle-egoitzako dorreak” handitzeko xehetasun-azterketa. Jarduketa hori kokatzen da “Nafarroako Unibertsitatearen Campusa” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko Z-2 unitatean. Sustatzailea Belagua ikasle-egoitza da.

2. Ebazpen hau eta onetsitako agiria Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Iruñeko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Adieraztea ebazpen honek administrazio bidea amaitzen duela, eta bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik edo, hala bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epe horiek.

Iruñean, 2021eko martxoaren 4an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

ERANSKINA

Xehetasun-azterketa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2103770