79. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

41/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 26koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira autolikidazio ereduak 2020ko zergaldiari dagozkion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako eta ondarearen gaineko zergarako; ematen baitira horiek aurkezteko eta diru-sarrera egiteko arauak; eta ezartzen baitira bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko prozedura eta baldintzak.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 82.1. artikuluaren arabera (testu bategin hori onetsi zen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez), zerga horri atxikiriko errentak eskuratzen dituzten subjektu pasiboek betebeharra izanen dute zerga horri dagokion aitorpena aurkeztu eta sinatzeko; gainera, aitorpenik aurkeztu beharrik ez duten subjektu pasiboek ere aurkezten ahalko dute, baldin eta kuota likidoa gainditzen duten atxikipenak eta konturako sarrerak jasan badituzte edo zatikako ordainketak egin, dagokien zenbatekoa itzul dakien.

Aipatutako testu bateginaren 82.2. artikuluan ezartzen denaren arabera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak onesten ahalko du aitorpena egiteko modalitate erraztu edo berezien erabilera, ezartzen ahalko ditu aitorpenak aurkezteko modua, epeak, tokia eta inprimakiak, eta zehazten ahalko ditu aitorpenarekin batera aurkeztu behar diren agiri eta frogagiriak.

Bestalde, testu bategin horren 83. artikuluak xedatzen duenez (hura garatu zen maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onesten duen zergaren Erregelamenduaren 57. artikuluaren bidez), zerga horren aitorpena egitera behartuta dauden subjektu pasiboek, beren aitorpena aurkezten dutenean, beren zerga zorra zehaztu eta ordaindu behar dute tributuen gaietan eskumena duen departamentuko titularrak finkatutako tokian, moduan eta epeetan. Gainera, aukera ematen da dirua zatitan sartzeko, interesik eta errekargurik gabe, erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

Testu bategin horren 84. artikuluak ahalmena ematen dio Ekonomia eta Ogasun Departamentuari subjektu pasiboei autolikidazioaren proposamen bat bidaltzeko, departamentu horretako kontseilariak ezartzen dituen baldintzetan. Subjektu pasiboek zerga betebeharrak errazago bete ditzaten, bereziki autolikidaziorako proposamenetatik ateratzen den emaitzaren diru-sarrera egin beharra denean, eta bat etorriz Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 51. artikuluarekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketari buruzko Erregelamenduaren 25. artikuluarekin (erregelamendu hori onetsi zen uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez), proposamen positiboen ondoriozko zorra bi zatitan helbideratuko da, horietako bakoitza zorraren %50ekoa, proposamenean berean ageri den banku-kontuan eta foru agindu honetan ezarritako egunetan. Dena dela, subjektu pasiboak proposamenaren ordainketa helbideratu nahi ez badu edo helbideratzeko kontua aldatu nahi badu, foru agindu honetan ezartzen dira ordainketaren helbideratzea deuseztatzeko edo aldatzeko beharrezkoak diren bideak.

Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuaren titularrari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zer kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Hori horrela, uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenak Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari baimena ematen dio, bere eskumenen barruan, foru dekretua garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan (aipatutako foru dekretuak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen du Nafarroako Foru Ogasunaren esparruan).

Gaikuntza hori baliatuz, foru agindu honen bitartez onesten da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazio eredua, 2020ko ekitaldiari dagokiona.

Ondarearen gaineko zergari dagokionez, tributu hori arautzen duen azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 36. artikuluaren arabera, subjektu pasiboek honako kasu hauetan aurkeztu behar dute aitorpena: haien zerga-kuota, behin hura zehazturik zergari buruzko arauei jarraikiz, eta aplikaturik bidezkoak diren kenkariak eta hobariak, ordaintzekoa dela ateratzen denean, edo, halaber, egoera hori ez izan arren, haien ondasun edo eskubideen balioa, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua, 1.000.000 eurotik gorakoa denean. Azkenik, lege testu horren 37. eta 38. artikuluen arabera, aitorpena aurkezten dutenek, alde batetik, autolikidazioa egin eta dagokion zenbatekoa sartu behar dute Ekonomia eta Ogasun Departamentuak finkatzen dituen tokian, moduan, epeetan eta inprimakietan, eta, bestetik, agindutako agiri eta frogagiriak aurkeztu eta aitorpena sinatu behar dute.

Azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 38. artikuluan Ekonomia eta Ogasun Departamentuari ematen zaion gaikuntza erabiliz (Ondarearen gaineko Zergari buruzkoa da foru lege hori), foru agindu honek Internet bidezko aurkezpen elektronikoa ezartzen du, modu bakar gisa, ondarearen gaineko zergaren 2020ko ekitaldiko aitorpenak aurkezteko.

Kontuan harturik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren 2020ko sortzapena gertatu dela, beharrezkoa da xedapen batzuk ematea autolikidazioen aurkezpena arautzeko, eta, orobat, ezartzeko tributu-zorrak ordaintzeko autolikidazio ereduak, moduak eta epeak, eta xedatzeko zergadunen eskura jartzen diren autolikidaziorako proposamenen baldintzak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Nor dagoen beharturik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztera.

1. Hitzarmen Ekonomikoaren 8. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ohiko bizilekua Nafarroan izan eta zerga honen menpeko errentak lortzen dituzten subjektu pasiboak behartuta daude aurkeztera 2020ko zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa.

2. Familia-unitatea osatzen duten subjektu pasiboek zerga batera ordaintzen ahal dute, eta baterako autolikidazioa aurkeztu, jarraikiz Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren VI. tituluari (testu bategin hori onetsi zen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez). Kasu horretan, frogatu beharko dute honako lotura hauetako bat dagoela: ezkontza-lotura edo bikote egonkorra, bat etorriz Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren otsailaren 19ko 73/2014 Foru Aginduarekin (horren bidez arautu zen Nafarroako Foru Komunitateko bikote egonkorren Erregistro Fiskalaren edukia eta funtzionamendua), edo, kasua bada, seme-alabak izatea (kasu honetan, bete beharko dituzte aipatutako testu bateginean ezarritako betebeharrak).

Baterako tributazioaren aukerak familia-unitateko kide guztiak hartu behar ditu. Haietako batek banako autolikidazioa aurkezten badu, gainerakoek ere banaka egin beharko dute autolikidazioa.

Familia-unitate bateko kide diren subjektu pasibo guztiek ez badute beren ohiko bizilekua Nafarroan eta baterako autolikidazioa aukeratzen badute, behartuta egonen dira aitorpena Foru Komunitatean aurkeztera lurralde horretan bizi bada likidazio-oinarri handiena duen familia-unitateko kidea, likidazio-oinarria kalkulatuta dagokion araudiari jarraituz.

3. Familia-unitaterik osatzen ez duten subjektu pasiboak edo, osatu arren, baterako zergapetzea aukeratzen ez dutenak ez daude aitorpena egitera beharturik baldin errentak ondoko bideetatik soilik jaso badituzte:

a) Urtean 12.600 eurotik beherako lan-etekin osoak.

b) Kapital higigarriaren etekinak eta ondare gehitzeak, atxikipenaren edo konturako diru-sarreraren menpe daudenak, baldin eta bien artean, urtean eta osorik, 1.600 eurotik beherakoak badira.

Letra honetan xedatutakoa ez da aplikatuko inbertsio kolektiboko erakundeen akzioen eta partaidetzen eskualdaketek edo diru-itzulketek eragindako ondare-gehikuntzetan, baldin haien atxikipen-oinarria ez badago zehazterik zerga-oinarrian sartu beharreko zenbatekoaren arabera, bat etorriz Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 80.2 artikuluarekin (erregelamendua onetsi zen maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez).

4. Dena dela, autolikidazioa aurkezteko betebeharra ez izanik ere, ezinbestekoa da hura aurkeztea baldin subjektu pasiboek eskatu nahi badute itzul dakiela kuota likidoa gainditzen duten zatikako ordainketak edo atxikipenak eta konturako sarrerak.

2. artikulua. Nor dagoen beharturik ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera.

Hitzarmen Ekonomikoaren 17. artikuluan xedatutakoaren arabera, betebehar pertsonala dutelako edo, bestela, betebehar erreala dutelako, zerga Foru Komunitatean ordaindu behar duten subjektu pasiboak behartuta daude ondarearen gaineko zergaren 2020ko autolikidazioa aurkeztera, baldin eta tributu-kuota –zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua eta behin aplikatuta bidezkoak diren kenkariak edo hobariak– ordaintzeko dela ateratzen bada, edo, halaber, egoera hori ez izan arren, haien ondasun edo eskubideen balioa –zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua– 1.000.000 eurotik gorakoa bada, bat etorriz Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 36. artikuluarekin.

3. artikulua. Onestea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazio eredua eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazio eredua, 2020. urteari dagozkionak.

1. F-93 autolikidazio eredua onesten da, 2020. urteko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako.

Inprimakiak sortzeko zerbitzuaren bidez (https://hacienda.navarra.es helbidean dago eskura), ordainketa-gutunaren 710 eredua eskuratzen ahalko da, beharrezkoa izanen dena tributu-zorra ordaintzeko, baldin eta ez bada banku helbideratzea erabili ordainketa egiteko.

2. F-83 autolikidazio eredua onesten da, 2020ko ondarearen gaineko zergarako.

Inprimakiak sortzeko zerbitzuaren bidez (https://hacienda.navarra.es helbidean dago eskura), ordainketa-gutunaren 711 eredua eskuratzen ahalko da, beharrezkoa izanen dena tributu-zorra ordaintzeko, baldin eta ez bada banku helbideratzea erabili ordainketa egiteko.

4. artikulua. Nola egin pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioa.

Autolikidazioa egitean, jarri beharko dira onetsitako F-93 eta F-83 autolikidazio ereduek eskatzen dituzten datu guztiak, interesdunei dagozkienak; hala, datuak jarri beharko dira bete beharreko lauki guztietan, interesdunen egoera pertsonal eta ekonomikoaren, ondarearen eta informazioaren arabera.

5. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioa aurkezteko epea.

2021eko apirilaren 12tik ekainaren 23ra bitarte, biak barne, aurkeztu beharko dira 2020. urteari dagozkion pertsona fisikoen errentaren zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak.

Aurreko paragrafoan zehaztutako epea bukatuta, soilik 6. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako modalitateetan bakarrik aurkez daitezke pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak.

6. artikulua. Nola aurkeztu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak.

Modalitate hauetakoren bati jarraituz aurkeztuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak:

1.–Autolikidazio proposamena.

1. Modalitate honi heltzeko, Nafarroako Foru Ogasuneko subjektu pasiboak autolikidaziorako proposamen bat prestatu beharko du, bat etorriz Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 84. artikuluarekin.

2. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako proposamenean, bildu beharko dira subjektu pasiboak 2020. urtean izandako errentari buruzko datuak, eta zerga horren pean dauden subjektu pasibo guztien eskura jartzen ahalko da, familia-unitatea osatu edo ez.

3. Subjektu pasibo bati autolikidaziorako proposamena prestatu bazaio, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orriaren bidez eskuratzen ahalko du (https://hacienda.navarra.es helbidean). Hor, autolikidaziorako proposamenaren edukia ikusi eta inprimatzen ahalko da.

4. Subjektu pasiboak uste badu autolikidaziorako proposamenean zuzen islatu dela zerga horren ondorioetarako duen tributu egoera, hurrengo apartatuetan adierazten den bezala berresten ahalko du. Kasu horretan, proposamena autolikidazio aurkeztutzat hartuko da, bat etorriz Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 82., 83. eta 84. artikuluekin.

5. Autolikidaziorako proposamenean diru kopuru bat zehazten bada ordaintzeko, aitorpena berretsitzat hartuko da zorra oso-osorik ordaindutakoan edo, ordainketa zatikatzen bada, haren lehenbiziko zatia 11. artikuluan adierazitako epean ordaindutakoan. 5. artikuluan ezarritako epean diru-sarrera egin ezean edo Interneten bidez edo telefono bidez eskainitako prozedurak erabiliz berariaz uko eginez gero, ulertuko da subjektu pasiboak ez duela berretsi autolikidaziorako proposamena eta, horrenbestez, dagokion aitorpena aurkeztu beharko du, horretara behartua badago, artikulu honetan ezartzen diren beste modalitateetako baten arabera.

Proposamenaren arabera sartu beharreko diru kopurua bi zatitan helbideratuko da, bakoitza %50ekoa, 11.2. artikuluan ezarritako egunetan, autolikidaziorako proposamenean adierazitako banku-kontuan.

Baldin subjektu pasiboak ordainketa modua aldatu nahi badu eta bi zatitan ordaindu beharrean zati bakarrean ordaindu nahi badu, helbideratzeko kontua aldatu nahi badu edo zorraren ordainketa helbideratu nahi ez badu, honako baliabide hauek izanen ditu aldaketa horiek egiteko eta baita helbideratze hori deuseztatzeko ere: https://hacienda.navarra.es webgunea; telefonoz deitzea Nafarroako Foru Ogasunak kanpaina bitartean herritarrentzat jartzen dituen zenbakietara (betiere, adieraziz interesdunaren identifikazio fiskaleko zenbakia, IFZ, eta identifikazio-zenbaki pertsonala, PINa, edo ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve, edo Nafarroako Foru Ogasunak egiaztapen digitalerako onartzen dituen gainerako prozedurak). Aldaketa horiek 2021eko ekainaren 24a baino lehen egin beharko dira.

6. Autolikidaziorako proposamenean “zero” kuota zehazten bada, hura berretsitzat hartuko da baldin subjektu pasiboak ez badio berariaz uko egiten Interneten horretarako prest dauden prozedurak baliatuz edo telefono bidez, 5. artikuluan adierazitako epean. Bestela, ulertuko da ez dagoela berretsita autolikidaziorako proposamena, eta kasuan kasuko autolikidazioa aurkeztu beharko da, horretara behartuta egonez gero, artikulu honetan aurreikusitako modalitateetako baten arabera.

7. Autolikidaziorako proposamenean diru kopuru bat, itzuli beharrekoa, zehazten bada, hura berretsitzat hartuko da baldin eta, itzulketaren zenbatekoa jaso eta, 5. artikuluan adierazitako epean, subjektu pasiboak ez badu zerga horren autolikidazioa aurkezten edo ez badio berariaz uko egiten, Interneten bidez eta telefono bidez ezarrita dauden prozedurak erabiliz. Proposamenari uko egin zaiola joko da subjektu pasiboak itzultzen duenean Nafarroako Foru Ogasunak itzulitako kopurua, 5. artikuluan ezartzen den epean. Proposamenari uko eginez gero, subjektu pasiboak berretsi gabe izanen du autolikidaziorako proposamena, eta dagokion autolikidazioa aurkeztu beharko du, horretara behartua badago, galarazi gabe 1.4 artikuluan ezarritakoa.

Proposamenean horretarako adierazitako kontuan eginen da itzulketa.

8. Subjektu pasiboak, autolikidaziorako proposameneko itzulketaren zenbatekoa jaso ondoren, autolikidazio bat aurkezten badu eta autolikidazio horrek, aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera, lehen bidalitako proposamena indarrik gabe uzten badu, honela jokatuko da:

a) Aurkeztutako autolikidazioaren zenbatekoa zergadunari itzultzekoa denean:

a’) Baldin itzuli beharreko zenbatekoa jasotako itzulketa baino handiagoa bada, tributu arloko Administrazioak ofizioz itzuliko du aldea.

b’) Baldin itzuli beharreko zenbatekoa jasotako itzulketa baino txikiagoa bada, subjektu pasiboak 710 ereduko ordainketa-gutunaren bidez ordaindu beharko du aldea, 2021eko uztailaren 2ra arteko epean, egun hori barne. Kasu horretan ezin da ordainketa helbideratu.

c’) Emaitza berbera bada, ez da inolako jarduketarik egin beharko.

b) Aurkeztutako autolikidazioaren zenbatekoa ordaintzekoa denean:

a’) Subjektu pasiboak epe bakarrean helbideratzen badu ordainketa, oker egindako itzulketaren zenbatekoa gehi aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den diru kopurua kobratuko ditu tributu arloko Administrazioak, 2021eko uztailaren 2an.

b’) Subjektu pasiboak bi epetan helbideratzen badu ordainketa, tributu arloko Administrazioak honela kobratuko du: 11. artikuluan adierazitako lehenbiziko epean, oker egindako itzulketaren zenbateko osoa gehi aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den zenbatekoaren %50. Bigarren epean, berriz, aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den zenbatekoaren gainerako %50a kobratuko du tributu arloko Administrazioak.

c’) Subjektu pasiboak erabakitzen badu zerga-zorra ordainketa-gutun baten bidez ordaintzea, jokatuko da a’) eta b’) letretan adierazi diren baldintzen arabera, ordainketa zatikatzeko eta zenbatekoei eta epeei dagokienez.

2.–“Online errenta” modalitatea, aurkezpen elektronikoa Internet bidez egitekoa.

Baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira modalitate horretako autolikidazioak, “Nafarroako errenta online” aplikazioa erabiliz, Nafarroako Foru Ogasunak zergaren subjektu pasiboen eskura jartzen duena https://hacienda.navarra.es helbidean.

3.–Aurkezpen elektronikoa Internet bidez, Laguntza Programaren bitartez.

1. Baliodunak izanen dira laguntza programa erabiliz aurkezten diren autolikidazioak. Nafarroako Foru Ogasunak garatu du laguntza programa hori, eta web-orri honetan deskarga daiteke: https://hacienda.navarra.es.

Laguntza programaren bidez sortutako inprimakia elektronikoki igorri beharko da nahitaez, Internet bidez.

2. Halaber, balioa izanen dute autolikidazioak egiteko eta aurkezteko beste programa batzuk erabiliz aurkezten diren autolikidazio batzuek ere, baldin prozedura elektronikoak erabiltzen badira eta inprimakiek honako datu hauek jasotzen badituzte gutxienez: datu pertsonal, ekonomiko eta informatiboak, beharrezkoak direnak kalkulatzeko etekinak, ondare gehikuntzak eta gutxitzeak, zerga-oinarriaren murrizketak, kenkariak eta zerga zehazteko beharrezkoak diren guztiak, eskatzen direnak F-93 autolikidazio ereduan deskribatutako laukietan. Aipatu diren beharrezko datu horietako batzuk autolikidazioetan agertzen ez badira, Nafarroako Foru Ogasunak zilegi izanen du okerra zuzentzeko eskatzea. Eskatutakoa ematen den epean ongi betetzen bada, aurkeztutako autolikidazioan berretsiko da. Bestela, ez aurkeztutzat jotzen ahalko da, indarra duen araudian ezarritako legezko ondorioekin.

4.–Aurkezpen elektronikoa Interneten bidez, Nafarroako Foru Ogasunaren bulegoetan autolikidazioak egiteko ematen den laguntza zerbitzuaren bidez.

1. Subjektu pasiboak erabakitzen badu autolikidazioa aurkeztea baliatuz Nafarroako Foru Ogasunaren bulegoetan autolikidazioak egiteko ematen den laguntza zerbitzua, eskaera egin beharko da telefonoz edo Internetez, https://hacienda.navarra.es web-orriaren bidez. Eman beharko dira interesdunaren identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eta identifikazio-zenbaki pertsonala (PINa), edo erabili beharko da ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve edo Nafarroako Foru Ogasunak onartzen duen beste edozein autentifikazio digitaleko prozedura.

Zerbitzu hori emanen da 2021eko apirilaren 19tik ekainaren 23ra, bulego hauetan:

–Tuterako eskualdeko bulegoa (Antso Azkarra plaza, 8).

–Lizarrako Lurralde Bulegoa (Nafarroa Beherea kalea, 1).

–Tafallako Lurralde Bulegoa (Cuatropea kalea, 4).

–Iruñeko Baluarteko Erakusketa Aretoan prestatzen den bulegoa (Baluarteko plaza, z.g.).

2. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa aurkezteko modu hau ezin izanen du erabili subjektu pasiboak baldin honako inguruabar ekonomikoren bat badu 2020an lortutako errenten izaeran eta zenbatekoetan:

a) Urtean 65.000 eurotik gorako lan-etekin osoak.

b) Enpresa edo lanbide jarduerak ekarritako diru-sarrerak, zergak ordaintzen dituztenak zuzeneko zenbatespeneko araubidean (normala nahiz erraztua).

c) Bi higiezin edo gehiago errentan, edo horien diru-sarrerak guztira izatea, aurreko urtean aitortutako kapital higiezinaren etekin gisa, 24.000 eurotik gorakoak.

d) 2020an bi eskualdaketa edo gehiago egin izana notario-protokolo bidez, 10.000 eurotik gorako zenbatekoarekin.

e) 2020an akzioen edo beste higiezin-balore batzuen bi eskualdaketa edo gehiago egin izana, balioa 10.000 eurotik gorakoa izanik.

f) Parte hartzea errentak eratxikitzeko araubideko entitate batean, enpresa-jardueran parte hartuta, zuzeneko zenbatespeneko araubidea duen tributazioarekin.

Baterako tributazioa egiten denean, egiaztatzen bada aurreko inguruabarren bat gertatzen dela ezkontideetako batengan edo bikote egonkorreko kideren batengan, bietako bakar batek ere ezin izanen du aipatutako zerbitzua erabili.

3. Orobat, subjektu pasiboak ezin izanen du erabili autolikidazioa aurkezteko modu hau baldin aurretik autolikidazioa aurkeztu izan badu 2., 3. nahiz 5. apartatuetan aurreikusitako modalitateren batean.

5.–Aurkezpen elektronikoa Interneten bidez, entitate laguntzaileek autolikidazioak egiteko ematen duten laguntza zerbitzuaren bidez.

Autolikidazioak aurkez daitezke Nafarroako Foru Ogasunari laguntzen dioten entitateen bidez, baldin laguntza zerbitzua ematen badute autolikidazioak egiteko. Foru Ogasunaren https://hacienda.navarra.es web-orrian kontsulta daiteke zein diren zerbitzu hori ematen duten entitate laguntzaileak, baita zerbitzua emateko epeak eta baldintzak ere.

7. artikulua. Nola aurkeztu ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak.

1. Ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak elektronikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, Internet bidez.

2. Autolikidazioek balioa izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte: bat etorriko dira foru agindu honetan onesten den F-83 ereduaren edukiarekin, elektronikoki aurkeztu beharko dira, eta Nafarroako Foru Ogasunak garatutako laguntza programaren bidez sortuko dira. https://hacienda.navarra.es web-orrian dago programa hori. Orobat, helbide berean eskuratzen ahalko da ordainketa-gutunaren 711 eredua, eta gutun hori beharrezkoa izanen da tributu-zorra ordaintzeko, baldin eta ez bada banku helbideratzea erabili ordainketa egiteko.

3. Halaber, balioa izanen dute autolikidazioak egiteko eta aurkezteko beste programa batzuk erabiliz aurkezten diren autolikidazio batzuek ere, baldin prozedura elektronikoak erabiltzen badira eta inprimakiek honako datu hauek jasotzen badituzte gutxienez: datu pertsonal, ekonomiko eta informatiboak, beharrezkoak direnak kalkulatzeko zerga-oinarria, kenkariak eta zerga zehazteko beharrezkoak diren guztiak, eskatzen direnak F-83 autolikidazio ereduan deskribatutako laukietan. Aipatu diren beharrezko datu horietako batzuk autolikidazioetan agertzen ez badira, Nafarroako Foru Ogasunak zilegi izanen du okerra zuzentzeko eskatzea. Eskatutakoa ematen den epean ongi betetzen bada, aurkeztutako autolikidazioan berretsiko da. Bestela, ez aurkeztutzat jotzen ahalko da, indarra duen araudian ezarritako legezko ondorioekin.

8. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioari dagozkion agiriak.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboak behartuta egonen dira beren autolikidazioetan sartu beharreko mota guztietako eragiketa, errenta, gastu, sarrera, murriztapen eta kenkarien agiri eta frogagiriak gordetzera, zergaren preskripzio epeak dirauen bitartean.

2. Artikulu honetan ezarritakoa galarazi gabe, kuotako kenkariak eta gastuak justifikatzerakoan jarraibide izanen dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsia; ekainaren 12ko 228/2007 Foru Agindua, zeinaren bidez zenbait xedapen garatzen baitira fakturazio telematikoari eta fakturak baliabide elektronikoetan gordetzeari buruz; eta otsailaren 5eko 17/2021 Foru Agindua, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baita nola eraman pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregistro liburuak.

3. Oro har, subjektu pasiboak ez daude behartuta 1. apartatuan aipatutako agiri eta frogagiriak uztera Nafarroako Foru Ogasunaren esku, salbu erakunde horrek berariaz eskatzen duenean; hori hala izanen da, betiere betez berrikusteko, likidatzeko eta ikuskatzeko edo diru-bilketa egiteko indarreko arauak, eta jarraikiz Nafarroako Foru Ogasunak instruitzeko edo ebazteko eskumena duen edozein administrazio prozedurari.

Partikularki, subjektu pasiboak aurkeztu beharko ditu ibilgailu elektriko edo hibrido entxufagarrietan egindako frogagiriak.

Gainera, eta autolikidazioak arinago berrikusi ahal izateko, aitortutako datuak bat ez datozenean autolikidazioa egiteko programak aitorpenean sartutako datuekin, subjektu pasiboek bidezkotzat jotzen duten dokumentazioa aurkezten ahalko dute diferentzia justifikatzeko. Horrek ez du galaraziko Nafarroako Foru Ogasunak dokumentazioa eskatu ahal izatea, 3. apartatuan ezarritakoarekin bat.

Interneten (http://hacienda.navarra.es) eskuragarri dagoen “Dokumentazioa erantsi” aplikazioaren bitartez aurkeztuko da 3. apartatuan aipatzen den dokumentazioa, lehentasunez.

9. artikulua. Ondarearen gaineko zergaren autolikidazioari dagozkion agiriak.

Autolikidazioetan, subjektu pasiboek beraiei dagozkien datu guztiak jarri beharko dituzte, eta autolikidazioan azaltzen diren datu horiei buruzko agiriak eta frogagiriak gorde beharko dituzte zergaren preskripzio epean.

10. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak, berekin dakartenak zenbateko bat itzuli beharra.

Aurkeztutako autolikidazioak berekin dakarrenean zenbateko bat itzuli beharra, itzulketa eginen da autolikidazioan bertan horretarako adierazitako kontuan.

Baldin itzuli beharreko zenbatekoa txikiagoa bada aurretik aurkeztutako autolikidazio batengatik jasotako itzulketa baino, subjektu pasiboak 710 ereduko ordainketa-gutunaren bidez ordaindu beharko du aldea, 2021eko uztailaren 2ra arteko epean, egun hori barne. Kasu horretan ezin da ordainketaren itzulketa helbideratu.

11. artikulua. Nola ordaindu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren zorrak. Zerga-zorra zatitzea eta ordainketa helbideratzea.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazio positiboetatik ateratzen den zenbatekoa ordaintzen ahalko da 710 eta 711 ereduko ordainketa-gutunak erabiliz, hurrenez hurren, Nafarroako Zerga Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan, edo, 3. apartatuan zehazten diren inguruabarrak gertatzen direnean, bankuan helbideratuz. Ezin izanen da ordaindu banku transferentzia bidez.

2. Ordainketa hori bi zatitan egin daiteke, interes eta errekargurik gabe: lehenbizikoa, zorraren %50, 2021eko uztailaren 2a arte, eta bigarren zatia, gainerakoa, 2021eko azaroaren 22a arte, biak barne.

Zatika ordaintzeko aukera horretaz baliatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da subjektu pasiboek autolikidazioa aurkeztea 5. artikuluan ezarritako epearen barrenean, eta lehenbiziko zatiari dagokion diru-sarrera ordaintzea aurreko paragrafoan aipatu epearen barrenean.

Nolanahi ere, Sozietateen gaineko Zergaren abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, indarrean den araudiaren arabera ekintzaile izaera duten enpresaburu eta profesionalek aukera izanen dute, aldez aurretik eskatuta, 2022ko ekainaren 23ra arte geroratzeko (egun hori barne) pertsona fisikoen errentaren gaineko 2020. urteko zergatik ordaindu beharreko kuotaren zatiaren diru-sarrera, jarduera ekintzailearen etekin garbiei proportzioan dagokiena, bermerik jarri behar izan gabe eta berandutze-interesen sortzapenik gabe. Kasu horretan, geroratzen den kuota zatiak gutxitu eginen du ordaindu beharreko kuota, atal honen lehen paragrafoak aipatzen duena.

3. Baldin pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo ondarearen gaineko zergaren autolikidazioa aurkezten bada borondatezko epean (2021eko apirilaren 12tik ekainaren 23ra arte, biak barne), erabiliz Ekonomia eta Ogasun Departamentuak subjektu pasiboen eskura jarritako prozedura automatikoak eta elektronikoak, zerga-zorra ordaintzen ahalko da, osorik edo zatika, Nafarroako Zerga Ogasunaren diru-bilketan laguntzen duten finantza entitateetako edozeinetan irekitako kontu batean helbideratuz.

12. artikulua. Baldintzak eta prozedura, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak elektronikoki aurkezteko.

1. Honako baldintza hauek izanen dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak elektronikoki aurkezteko:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ). Ezkontideek edo bikote egonkorreko kideek zergak batera ordaintzen badituzte, bakoitzak bere identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eduki beharko du. Aurreko edo ondorengo ahaideen, desgaitasuna dutenen edo pertsona lagunduen kasuetan, murrizketarako eskubidea baldin badute, zerga sortzean 14 urte baino gehiago dituztenek IFZ eduki eta adierazi behar dute, baita, adin horretatik beherakoak izanik, zergari lotuta dauden eta autolikidazioan sartu beharrekoak diren errentak dituztenek ere.

b) Aplikazio informatikoan beharrezkoa bada Nafarroako Foru Ogasunaren esku dauden datu fiskalak ekartzea, bai aitortzaileak bai, behar denean, ezkontideak edo bikote egonkorreko kideak, beren nortasuna frogatu beharko dute, horretarako erabiliz identifikazio-zenbaki pertsonala (PINa), edo ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve edo Nafarroako Foru Ogasunak onartzen duen beste edozein autentifikazio digitaleko prozedura.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko https://hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Autolikidazioak elektronikoki aurkezteko bai laguntza programaren bitartez bai “Nafarroako Errenta online” izeneko informatika aplikazioaren bidez, aitortzaileak nor den froga dezake baliatuz ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve edo Nafarroako Foru Ogasunak onartzen duen beste edozein autentifikazio digitaleko prozedura, edo identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eta dagokion identifikazio pertsonaleko zenbakia (PIN), zeina Nafarroako Zerga Ogasunak ematen baitu.

Baterako tributazioaren kasuan, bi ezkontideek edo bikote egonkorreko bi kideek beren nortasuna frogatu beharko dute, baliatuz ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve edo Nafarroako Foru Ogasunak onartzen duen beste edozein autentifikazio digitaleko prozedura, edo identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eta dagokion identifikazio pertsonaleko zenbakia (PIN), zeina Nafarroako Zerga Ogasunak ematen baitu.

Halaber, aitortzaileek kontuan hartu beharko dute aurkezpen hori egiteko behar diren arau teknikoak. Arau horiek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude ikusgai, Interneteko https://hacienda.navarra.es helbidean.

2. Akats formalak dituzten autolikidazioak aurkeztea.

Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren autolikidazioetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak elektronikoki aurkezteko prozedura.

–Aplikazioa ireki ondoren, programak datu fiskalak ematea nahi baldin bada, aitortzaileak eta, behar denean, ezkontideak edo bikote egonkorreko kideak 1. apartatuan adierazitako moduan frogatuko dute nor diren. Hori agertzea nahi ez bada, ez da beharrezkoa izanen, une horretan, aipatutako autentifikazioa.

–Nortasuna frogatuta, eskatutako autolikidazioari dagokion informazioa erakutsiko da. Erabiltzaileak nahi izanez gero, aldatzen ahalko du.

–Autolikidazioa bukatutakoan, bidaltzeari ekinen zaio, programak horretarako eskatzen dituen datuak bete eta gero. Une horretan, aitortzaileak eta, zein den kasua, bikotekidea edo bikote egonkorreko kideak nor diren frogatu beharko dute 1. apartatuan adierazitako moduan.

–Autolikidazioa onartuz gero, aukera izanen da elektronikoki balioztatutako F-93 autolikidazioaren kopia bat gordetzeko eta inprimatzeko. Bertan agertuko du aurkezpen data.

–Aurkezpena onartzen ez bada, pantailan agertuko dira aurkitutako akatsak. Kasu horretan akatsak zuzendu beharko dira eta berriz aurkeztu beharko da.

4. Autolikidazioak elektronikoki ordezkari baten bitartez aurkezteko prozedura.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak elektronikoki aurkezten ahal dira behar bezala baimendutako ordezkari baten bidez, baldin eta ordezkari horrek banakako atxikipen agiria sinatu badu, hain zuzen ere adierazten dena Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ekainaren 29an emandako 130/2009 Foru Aginduan. Kasu horretan, beharrezkoa izanen da ordezkaria identifikatzea, honako hauek baliatuz: ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve edo Nafarroako Foru Ogasunak onartzen duen beste edozein autentifikazio digitaleko prozedura. Ordezkatuena ez da beharrezkoa izanen.

Nolanahi ere, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak aurkezten badira “Nafarroako Errenta online” izeneko informatika aplikazioaren bidez, ez da posible ordezkari batek elektronikoki aurkeztea autolikidazioa; halakoetan, norberak aurkeztu beharko du beti, eta aitortzaileek beren nortasuna frogatu beharko dute, horretarako erabiliz ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve edo Nafarroako Foru Ogasunak onartzen duen beste edozein autentifikazio digitaleko prozedura, edo identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eta dagokion identifikazio pertsonaleko zenbakia (PIN), zeina Nafarroako Zerga Ogasunak ematen baitu.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuari atxikitako langileen izaera, 2021eko apirilaren 6tik ekainaren 30era.

2021eko apirilaren 6tik ekainaren 30era, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzuari atxikitako langileei aplikatuko zaie Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 30eko 6/2020 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez onetsi ziren 2019ko zergaldiari dagozkion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazio ereduak, arauak eman ziren horiek aurkezteko eta diru-sarrera egiteko, eta prozedurak eta baldintzak ezarri ziren bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iruñean, 2021eko martxoaren 26an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2105146