76. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

21/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 24koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean errepideko bidaiari-garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak ezartzen dituena, 2021eko martxoaren 26rako deitutako greba orokorra dela eta.

CGT-LKN sindikatuak 2 orduko greba orokorrerako deia egin du 2021eko martxoaren 26rako, lan txanda guztietan, zehazki, ordutegi hauetan: 04:00etatik 06:00ak arte (martxoaren 25eko gaueko txanda), 12:00etatik 14:00ak arte (goizeko txanda) eta 14:00etatik 16:00ak arte (arratsaldeko txanda).

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartuta dagoen greba egiteko eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Bidaiarien garraioa funtsezko zerbitzu bat da, Espainiako Konstituzioaren 19. artikuluan jasota dagoen askatasunez zirkulatzeko eskubidea bermatzen duen tresna baita. Gainera, baliabide bat da Konstituzioak babesten dituen oinarrizko beste eskubide eta ondasun batzuk erabiltzeko, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea eta osasuna babesteko eskubidea.

Garraio publikoari funtsezko izaera ematea Konstituzio Auzitegiak berretsi zuen 53/1986 eta 26/1981 epaien bidez, baita Auzitegi Gorenak ere, 2003ko apirilaren 11ko Epaiaren bidez.

Hortaz, greba orokorrerako deialdia dela eta, Nafarroako Foru Komunitatean errepideko bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzua ezin da osorik gelditu; izan ere, erabat geldituz gero, gizarteko beste sektore batzuei kalte eginen litzaieke, joan-etorriak galarazi edo eragotziko bailitzaizkieke langileei, eskoletako eta gainerako ikasleei eta garraio publikoa behar-beharrezkoa duten bestelako erabiltzaileei, eta gizartearen interes orokorrei ere kalte larriak eraginen litzaizkieke. Gainera, ez da ahantzi behar grebarako eskubidea herritarren beste oinarrizko eskubide batzuekin batera erabili behar dela, eta, kasu honetan, deitutako grebak kalte egiten ahal die gatazka horretatik kanpo dauden herritarrei.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Nafarroako Foru Komunitatean errepideko bidaiari-garraio publiko erregularraren gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan (erabiltzaile guztientzakoa zein erabilera mugatukoa), kontuan hartu da grebaren deialdia lanegun eta eskola-egun baterako egin dela, non joan-etorriak hainbat arrazoirengatik gertatzen diren, hala nola, osasun, hezkuntza, lan, administrazio edo beste arlo batzuetako zentroetara joateko, eta, hortaz, garraio faltak kalte larriak ekarriko lizkiekeela erabiltzaileei eta, bereziki, ikasleei, ibilgailu partikularrik ez duen jendeari, adinekoei, mugikortasun urriko jendeari eta landa eremuetako erabiltzaileei, batez ere horiek baitaude errepideko garraio kolektiboaren menpe.

Gainera, kasu honetan, ezin da alde batera utzi grebaren deialdia egin dela COVID-19ak eragindako osasun krisiaren barruan, 2020ko martxoaren 11n Osasunaren Mundu Erakundeak osasun publikoaren larrialdi egoera nazioarteko pandemia deklaratu ondoren.

Pandemia honek eragindako krisia kudeatzeko, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zen, 2021eko maiatzaren 9ra arte indarrean egonen dena.

Ohiz kanpoko egoera hori dela eta, 2021eko martxoaren 26ko grebarako gutxieneko zerbitzuak ezin dira izan aurreko beste greba batzuetarako finkatu zirenak bezalakoak, Administrazioak osasuna babesteko onetsi dituen neurriak benetan beteko badira.

Gainera, erabiltzaile guztientzako garraio erregularrari dagokionez, kontuan hartu da greba orokorraren egun berean hasiko dela osasun publikoaren arloko jarduketa koordinatua Aste Santurako, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren Erabakiaren bidez finkatu dena, 2021eko San Jose festa eguna eta Aste Santua direla-eta COVID-19ari aurre egiteko jarduketa koordinatuen deklarazioaren esparruan (2021eko 61. Estatuko Aldizkari Ofiziala, martxoaren 12koa).

Egun horretan autonomia erkidegoen arteko mugikortasuna mugatua egonen bada ere, salbu eta goian aipatutako 926/2020 Errege Dekretuaren 6. artikuluan araututako salbuespen kasuetan, esperokoa da mugikortasuna handitzea, besteak beste, ikasleak beren ohiko bizitokira edo familiaren etxera itzultzeagatik.

Horrela, aipatu diren garraio mota bakoitzeko gutxieneko zerbitzuak finkatzean, honako hauek hartu dira kontuan:

–Errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio publiko erregularrari dagokionez, Nafarroako Gobernuaren 2020ko ekainaren 19ko Erabakiak, zeinaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela deklaratzeaz batera, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak hartu baitziren normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren, hauxe ezarri zuen bere eranskinaren 7.9 atalean (2020ko 136. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 20koa): “Errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraio publiko erregularreko zerbitzuetan, Nafarroako Foru Komunitateko eskumenekoetan, operadoreek eskaintzak egokitu beharko dituzte eskariaren bilakaeraren arabera, zerbitzua behar bezala ematen dela bermatzeko, eta herritarrak lanpostuetara eta oinarrizko zerbitzuetara joatea erraztuko da, betiere COVID-19aren kutsapen arriskua saihesteko hartzen diren osasun neurriak betez.”

Erabaki horren eranskinaren 7.9 atalean ezarritakoa betetzeko asmoz, 2020ko ekainaren 21etik aurrera, egun horretan hasi baitzen normaltasun berria, operadoreak errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularreko zerbitzuak doituz joan dira, eskariaren bilakaeraren arabera, eta zerbitzuak herritarren beharretara egokitu dituzte lanera, ikastetxeetara, osasun zentroetara, oinarrizko zerbitzuetara eta abarretara joan ahal izan daitezen.

Horrela, gaur den egunean, Covid-19aren ondorioz, hiriarteko garraio zerbitzuen eskaintza oso-osorik berrezarri gabe dago. Gaur egun ematen ari diren hiriarteko garraio zerbitzuak goizeko lehenengo orduetan eta arratsaldeko lehenengo orduetan pilatzen dira. Goizeko lehenengo orduetan, zerbitzu gehienek Nafarroako herrietan dute abiapuntua, eta Iruña helmuga. Goizeko azken orduetan eta arratsaldeko azken orduetan, berriz, ibilbide horiei dagozkien itzultzeko zerbitzuak pilatzen dira, nahiz eta linea batzuetan itzultzeko zerbitzua, bakarrik, 12:00etatik 16:00ak bitarte dagoen.

Horrela, gaur egun ematen diren zerbitzuen %50 inguru greba eginen den ordutegian pilatzen dira, hots, 12:00etatik 16:00ak arte, eta ordu tarte horretan egiten dira jatorrizko herrietara itzultzeko bidaiak. Horregatik, ezinbestekoa da horiek mantentzea, erabiltzaileen itzulera bermatu ahal izateko.

Adierazi den bezala, joan-etorri horien arrazoiak askotarikoak dira, baina, batez ere, interes orokorreko zerbitzuetara joateko izaten dira (osasun zentroetara, ikastetxeetara, lantokietara, administrazio zentroetara eta abarretara); hortaz, hiriarteko garraio publiko erregularrik ez izateak kalte handiak eraginen lizkieke erabiltzaileei.

Nafarroako Foru Komunitatean, joan-etorri horietako gehienak errepidez egiten dira, eta hori kontuan hartu behar da erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularraren gutxieneko zerbitzuak finkatzeko orduan, garraio publikoko bestelako aukerak eskasak direlako egin beharreko joan-etorri horiei behar bezala erantzuteko.

Era berean, goian azaldu bezala, deialdi honetarako gutxieneko zerbitzuak proposatzeko orduan, kontuan hartu da, orobat, grebarako deia ostiral baterako egin dela, hau da, lanegun eta eskola-egun baterako, Aste Santuko oporren bezperetan, eta egun horrek bat egiten duela, Aste Santua dela-eta, martxoaren 26tik apirilaren 9ra bitarteko egunetarako ezarri diren osasun publikoaren arloko jarduketa koordinatuen hasierarekin.

Kasu honetan, azaldu diren joan-etorriez gainera, ikasleak oporretan beren ohiko bizilekura eta familiaren etxera itzultzeko bidaiak gertatzen dira. Horren ondorioz, pandemia dela-eta jadanik ohi baino murritzagoa den eskaintza oraindik gehiago murriztuz gero, kalte handia eraginen litzaieke erabiltzaileei. Hiriarteko garraioan, batez ere, kalte larria eginen litzaieke ibilgailu partikularrik ez dutenei, ikasleei, adinekoei, mugikortasun urriko pertsonei eta landa eremuetan bizi diren erabiltzaileei, funtsean horiek baitira errepidez egiten den hiriarteko garraioaren menpe izaten direnak.

Horregatik, Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak, errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio erregularrari dagokionez, bidezkotzat jotzen du, martxoaren 26ko 12:00etatik 16:00ak bitarterako, egun horretan ordu tarte horretarako finkatuta dauden zerbitzuen %100 ezartzea gutxieneko zerbitzu gisa. 04:00etatik 06:00ak bitarterako (martxoaren 25eko gaueko txandari dagokiona), ez da gutxieneko zerbitzurik ezartzen, ordutegi horretan ez baita zerbitzurik ematen.

–Iruñerriko hiri garraioari dagokionez, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariaren martxoaren 23ko 119/2021 Ebazpenaren bidez, Lurralde Kohesiorako Departamentuari proposatu zaio gutxieneko zerbitzuak ezar daitezela kontuan hartuz, batetik, greba zein egunetarako deitu den, eta bestetik, garraio zerbitzu horren ezaugarriak, Garraio Arloko zuzendariak berariaz prestatutako txostenean zehaztu direnak. Txosten hori erreferentziazko espedienteari erantsi zaio.

Osasuneko kontseilariak urriaren 21ean emandako 57/2020 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz (2020ko 246. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 21ekoa). Foru agindu horren 3. atalak honako hau dio:

“3.1. Iruñerriko bidaiarien hiri garraio erregularreko ibilgailuen okupazioa murriztu eginen da baimendutako gehieneko edukieraren %50era, ordu tarte guztietan, betiere flotaren gehieneko edukierak horretarako aukera ematen badu.

3.2. Iruñerriko bidaiarien hiri garraio erregularreko ibilgailuetan, honako baldintza hauek bete beharko dira:

Ireki daitezkeen leihatilak izanez gero, horien erdiek irekita egon beharko dute airearen zirkulaziorako.

Sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoaren banagailuak paratuko dira, eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie komeni dela eskuak garbitzea autobusera sartzean eta horretatik ateratzean.”

Foru agindu hori luzatu eta aldatu egin da geroko beste zenbait foru aginduren bidez. Osasuneko kontseilariak urtarrilaren 13an emandako 1/2021 Foru Aginduaren bidez, luzatu eta partez aldatu ziren Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduaren bidez hartutako prebentzio neurri apartekoak Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz, honako hau dioen 2.4 puntua erantsi baitzitzaion:

“2.4. Gomendatzen da enpresek eta administrazio publikoek langileen sarrera-irteerak malgutu ditzatela, edo erraztasunak eman, bidaiari gutxiago elkar daitezen Iruñerriko hiri garraio erregularreko linea nagusietan jende gehien ibiltzen den orduetan”.

Gaur egun, martxoaren 9ko 6/2021 Foru Agindua dago indarrean. Bertan garraioari buruz ezartzen diren zehaztapenak goiko paragrafoetan ezartzen direnak bezalatsukoak dira.

Hortaz, kontuan harturik gaur egun indarrean dagoen osasun araudia, eskualdeko hiri garraioan autobusen edukiera nominala %50 murriztu da. Horrenbestez, beharrezkoa izaten da puntako orduetan autobus gehiago jartzea eskariari erantzun ahal izateko eta, aldi berean, osasun agintariek ezarritako betebeharrak betetzeko.

Beste alde batetik, foru agindu horien arabera, gehieneko edukiera hori gainditu daiteke, bakarrik, enpresak erabilgarri dituen autobus guztiak lanean ari direnean. Horretarako, eskualdeko hiri garraiorako dagoen guztirako autobus kopurua handitu ere egin da; izan ere, 2020. urtean ez zitzaien baja eman ibilgailu zaharrenei, autobus flotaren urteko berrikuntza egin zenean. Gehieneko edukiera une puntual batzuetan gainditzen da, eskualdeko hiri garraioaren goizeko eta arratsaldeko puntako orduetan. Une horietan, zerbitzuak dituen 118 autobus finkoei, egunero, 18 autobus indargarri gehitzen zaizkie; flotako gainerako autobusak berrikuspen edo konponketa prozesuan daude.

Gainera, gutxieneko zerbitzuei dagokienez, kontuan hartu da, goian esan bezala, grebarako iragarri den egunean hasiko direla, Aste Santua dela eta, osasun publikoaren arlorako finkatu diren jarduketa koordinatuak.

Iruñerrian ez dago hiri garraio kolektiborako bestelako alternatibarik (metroa, aldirietako trena, tranbia eta abar) eskualdeko hiri garraioan egunero egiten diren joan-etorriak bestela egiteko, eta hori oso kontuan hartu beharrekoa da greba honetako funtsezko zerbitzuak ezartzeko orduan.

Deitutako grebak, batez ere, bestelako garraiobiderik (norberaren autoa edo bidaide gisa joateko aukera) ez duten erabiltzaileek egunero garraio publikoan egiten dituzten 55.000 bidaiei eraginen die (guztirako bidaien %55), eta, ondorioz, pertsona horiek zuzenago jasanen dituzte grebaren ondorioak.

Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariaren ebazpenean eta Garraio Arloko zuzendariaren txostenean (biak espedientean bildu dira) azaltzen dira eskualdeko hiri garraioak lanegun arrunt batean eskaintzen duen zerbitzuaren ezaugarri nagusiak. Hala, eguneko sareak 23 linea ditu: 19 linea erradial (edo erradio bikoitzekoak), 2 linea perimetral eta 2 linea zirkular. 116 autobus finko ibiltzen dira, gehi 18 autobus indargarri, eta erreserbako 2 autobus izaten dira.

Pandemiaren egungo testuinguruan lanegun eta eskola-egun batean izaten den eskariaren ezaugarriei dagokienez, batez beste 100.000 bidaiari izaten dira, eta eskaria bi ordu-tartetan pilatzen da, puntako orduetan: goizeko 06:30etik 09:30era, non orduko 9.150 bidaiari ere izaten baitira (eguneko eskariaren %21 inguru), eta eguerdiko 13:00etatik 16:00etara, non orduko 11.400 bidaiari ere izaten baitira (eguneko eskariaren %26).

Erabilera gutxieneko orduei dagokienez (haraneko orduak), goizeko haraneko tarteak (9:30etik 13:00etara) erabilera txikiagoa du arratsaldekoak baino (16:00etatik 23:00etara).

Bidaien %60 inguru lantokira edo ikastetxera joateko izaten dira, eta horiek, batez ere, goizeko eta eguerdiko puntako orduetan pilatzen dira. Horiez gain, arrazoi medikoek eragindako bidaiak ere nabarmendu behar dira, egun osoan zehar banatzen direnak. Hiru bidaia mota horiek garraio publikoan egiten diren joan-etorri guztien bi heren osatzen dute. Lanegunetako bidaiarien %55ek ez du bestelako garraiobiderik.

Greba eginen den hiru ordu-tarteak kontuan harturik, eskualdeko hiri garraioak ez du zerbitzurik ematen lehenengo ordu-tartean (04:00etatik 06:00etara). Gutxieneko zerbitzuak greba deialdiaren hurrengo bi ordu-tarteetan ezarri behar dira, baina tarte horiek elkarren segidan daudenez, ordu-tarte bakartzat har daiteke, hots, 12:00etatik 16:00etara.

Tarte horrek, gutxi gorabeherak, bat egiten du eguerdiko puntako orduarekin. Tarte horretan bereziki aplikatu behar dira osasun agintarien foru aginduek eskualdeko hiri garraioari dagokionez ezarritako murrizketak, non ezartzen baita Iruñerriko bidaiarien hiri garraio erregularreko ibilgailuen okupazioa murriztu eginen dela baimendutako gehieneko edukieraren %50era ordu-tarte guztietan, betiere flotaren gehieneko edukierak horretarako aukera ematen badu.

Tarte horretan, eskualdeko hiri garraiorako erabilgarri dagoen flota guztia dago lanean, eta, hala ere, egoera puntual batzuetan edukiera muga horiek gainditzen dira.

Hortaz, 12:00etatik 16:00etara ezin da autobus bakar bat ere kendu, nahitaez bete behar baita goian aipatutako 57/2020 Foru Aginduaren 3.1 puntuan eta geroago emandako beste arau batzuetan ezarritakoa, hots, ez gainditzea ibilgailu bakoitzaren edukiera nominalaren %50.

Nahitaezko betebehar hori betetzeko, eskualdeko hiri garraioak erabilgarri dituen baliabide guztien %100 izaten ditu lanean eguerdiko puntako orduetan, gutxi gorabehera 13:15etik 15:30era. 118 autobus finkoez gainera, 18 autobus indargarri izaten dira (linea guztietan banatuak) aurre egiteko autobus finkoek –edukieraren %50eko murrizketa hori dela kausa– eskari altueneko uneetan erantzun ezin duten eskariari.

Betebehar hori greba eginen den 12:00etatik 16:00etara arteko gainerako uneetan ere bete behar da, non ez dagoen autobus indargarririk, hots, 12:00etatik 13:15era eta 15:30etik 16:00etara, kasu horretan 118 autobus finkoen %100i dagokionez, osasun agintariek ezarritako edukiera betetzen dela bermatzearren.

Horregatik, proposatzen du martxoaren 26ko 12:00etatik 16:00etara gutxieneko zerbitzuak izan daitezela lanegun arrunt batean dagoen zerbitzuaren %100 adinakoak, hau da, 118 autobus finkoak gehi 13:15etik 15:30era arte gutxi gorabehera izaten diren 18 autobus indargarriak, Iruñerriko Mankomunitateak egindako proposamenean zehaztutako zerbitzuaren arabera. Proposamen hori foru agindu honi gehitu zaio, eranskin gisa.

–Eskola-umeentzako erabilera mugatuko garraio erregularrari dagokionez, garraio mota hori hezkuntzaren zerbitzu osagarri bat da, ezinbestekoa dena, kontuan hartuz errealitate sozioekonomikoa, biztanleen sakabanatze geografikoa eta hezkuntza zerbitzuen kontzentrazioa. Hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, Konstituzioaren 27. artikuluan jasota baitago, irakaskuntzako nahitaezko etapetako ikasleei (Haur Hezkuntzako bigarren ziklokoei, Lehen Hezkuntzakoei eta Bigarren Hezkuntzakoei) onartzen zaie eskolara joateko garraiorako eskubidea, ikastetxea ikaslea bizi ez den beste herri batean dagoenean.

Eskola-garraioa babes berezia behar duen biztanle sektore batez arduratzen da. Izan ere, sektore hori babesik gabe aurkitzen da adina dela-eta autonomia pertsonalik ez dutelako eta, orobat, ikasleen eta adingabeen garraioaren segurtasun baldintzei buruzko apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuan eskatzen diren segurtasun baldintzak betetzen dituzten garraiobide alternatiboak gutxi direlako.

Errege dekretu horrek eskola-garraiorako segurtasun baldintzak ezartzen ditu eta, besteak beste, honako hauek erregulatzen ditu: zerbitzuaren antolaketa (bidaiak ezin dira ordubete baino luzeagoak izan), antzinatasuna, ibilgailuen ezaugarri teknikoak, bereizgarriak eta laguntzailea. Horregatik, erabiltzaile guztientzako garraio publiko erregularreko zerbitzuak, bai hiriartekoak bai hiri barrenekoak, ezin dira eskola-garraioaren alternatibatzat edo haren ordezkotzat jo, ez baitituzte bete behar lehen aipatu baldintzak.

Orobat, eskola-garraioan ezin da bidaiarik murriztu; izan ere, ikastetxera joateko bidaia bakar bat egiten da, eta beste bat erabiltzaileak etxera itzultzeko.

Horregatik, aurreko beste greba orokorreko deialdi batzuetan, ohikoa izan da gutxieneko zerbitzu gisa ezartzea etxetik ikastetxera eta ikastetxetik etxera doazen zerbitzuak.

Deialdi honetan kontuan hartu behar da, gainera, Covid-19a dela kausa, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 31ko 76/2020 Foru Aginduaren bidez, eskola-garraiorako berariazko neurriak ezarri direla. Izan ere, foru agindu horren bidez, Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan hezkuntza jarduera aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa onetsi da 2020-2021 ikasturterako (2020ko 200. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 4koa).

Neurri horien artean, aipagarriak dira garraioa partekatzen duten ikastetxeen ordutegiak koordinatu beharra, Haur eta Lehen Hezkuntzan ikasle txikienek eta helduagoek elkarren ondoko eserlekuak partekatzea, eserleku bera okupatzea bidaia guztietan, eta abar.

Horregatik, iragarritako grebak hartuko duen ordu-tartea kontuan harturik, ikasleak etxera itzuli ahal izatea bermatzeko, ikastetxetik etxera eta etxetik ikastetxera doazen eskola-garraioko zerbitzu guztiak ezartzen dira gutxieneko zerbitzu gisa.

Horrenbestez, kontuan harturik Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluko 2. paragrafoan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoa, Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egindako proposamenarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. CGT-LKN sindikatuak 2021eko martxoaren 26rako deitu duen greba orokorra egitean, gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko dira:

–Errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio publikoa:

Martxoaren 26ko 12:00etatik 16:00etara, egun horretan ordu-tarte horretarako ezarritako zerbitzuen %100. 04:00etatik 06:00etara, ez da gutxieneko zerbitzurik ezartzen, ordutegi horretan ez baita zerbitzurik ematen.

Autobus geltokietan, gutxieneko zerbitzu horiek emateko ezinbestekoak diren jarduerak mantenduko dira.

–Eskualdeko hiri garraioa:

Martxoaren 26ko 12:00etatik 16:00etara, lanegun arrunt batean dagoen zerbitzuaren %100, hau da, 118 autobus finkoak gehi 13:15etik 15:30era arte gutxi gorabehera izaten diren 18 autobus indargarriak, hori guztia foru agindu honen eranskinean zehazten denaren arabera.

–Erabilera mugatuko eskola-garraio erregularra:

Etxetik ikastetxera eta ikastetxetik etxera doazen zerbitzu guztiak.

2. Aipatutako zerbitzuak eginen direla bermatzeko behar beste langilek egon beharko dute jardunean; legez kanpokotzat hartuko da zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

3. Aurreko puntuetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak greba egoeran dauden langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Lurralde Kohesiorako Departamentuak foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzeari buruzko informazioa igortzeko eskatzen ahal die agindu honek ukitzen dituen zerbitzuen arduradunei.

5. Foru agindu hau CGT-LKN sindikatuari, Iruñerriko Mankomunitateari, Asociación Navarra de Empresarios de Transporte por Carretera y Logística (ANET) elkarteari, Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuari eta Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2021eko martxoaren 24an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

ERANSKINA

Eskualdeko Hiri Garraioa: gutxieneko zerbitzuak 2021eko martxoaren 26ko greba dela-eta, 04:00etatik 06:00etara, 12:00etatik 14:00etara
eta 14:00etatik 16:00etara

LINEA

GUTXIENEKO ZERBITZUAK, INDARGARRIRIK GABE

GUTXIENEKO ZERBITZUAK, INDARGARRIEKIN

12:00-13:15 eta 15:30-16:00

13:15-15:30

Ibilgailu kop.

Tarteak autobus batetik bestera (min)

Bidaia denbora (min)

Ibilgailu kop.

Tarteak autobus batetik bestera (min)

Bidaia denbora (min)

L-1

2

30

60

2

30

60

L-2

4

15

60

4

15

60

L-3

4

10

40

4

10

40

L-4

18

6

108

18

6

108

L-5

4

15

60

4

15

60

L-6

4

15

60

4

15

60

L-7

11

10

110

11

10

110

L-8

4

12

48

4

12

48

L-9

6

12

72

6

12

72

L-10

3

30

90

3

30

90

L-11

5

15

75

5

15

75

L-12

7

10

70

7

10

70

L-14

1

30

30

1

30

30

L-15

3

20

60

3

20

60

L-16

9

12

108

9

12

108

L-17

5

15

75

5

15

75

L-18

8

12

96

8

12

96

L-19

6

15

90

6

15

90

L-20

3

20

60

3

20

60

L-21

4

10

40

4

10

40

L-22

1

30

30

1

30

30

L-23

2

60

120

2

60

120

L-25

2

20

40

2

20

40

Erreserbak

2

2

Indargarriak

18

GUZTIRA

118

136

%100,00

%100,00

Iragarkiaren kodea: F2104893