73. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 31 - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

10/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 29koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez zati batean aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren berriz Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak otsailaren 24ko 21/2021 Autoaren bidez. Neurri horiek luzatu ziren Osasuneko kontseilariaren martxoaren 9ko 6/2021 Foru Aginduaren bidez, zeina judizialki baimendu baitzuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak martxoaren 11ko 32/2021 Autoaren bidez, eta, halaber, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 7/2021 Foru Aginduaren bidez, zeina judizialki baimendu baitzuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak martxoaren 25eko 37/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduak, orain zati batean aldatzen denak, 2021eko apirilaren 9ra arte du indarraldia. Nolanahi ere, onetsi zenetik, hala egoera epidemiologikoa nola presio asistentziala aldatu dira goranzko joerarekin; horrek justifikatzen du osasun arloko neurriak aldatzea, zenbait murrizketak areagotu gogo baitira, ahalik eta lasterren eusteko kutsatzeen igoerari. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenean nahiz Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitaleguneko Kudeatzailetzarenean, zehazten da joan den astean 7 egunean metatutako intzidentzia handitu dela; izan ere, 10. astean 62 kasukoa izatetik 94 kasukoa izatera pasa zen, 100.000 biztanleko, 11. astean (%52 gehiago). Martxoaren 28an, tasa hori 157,6 kasukoa izan zen 100.000 biztanleko (%67 gehiago).

64 urtetik gorakoen artean, halaber, 7 egunean metatutako intzidentzia handitu da; martxoaren 7an, 63 kasukoa zen 100.000 biztanleko; martxoaren 22an, berriz, 72koa, eta martxoaren 28an, 98koa.

Beraz, oso arrisku handian dago 7 egunean metatutako intzidentzia tasa, hala populazio osoarena nola 64 urtetik gorakoena. 14 egunean eta 7 egunean metatutako intzidentzien arteko ratioak agertzen du bietan joera goranzkoa dela argi eta garbi; horrek aldaketaren lasterra erakusten du.

Egoera horretan, oinarrizko ugaltze zenbakia ere handia da. 1,45 da egun, baina martxoaren 25ean, 1,55era ailegatu zen.

Ospitaleratzeak ere handitzen hasi ziren martxoaren 1eko astetik aurrera. Otsailaren 22ko astean, 24 ospitaleratze izatetik 62 ospitaleratze metatu izatera pasatu da aste honetan. Hori %158,33ko hazkundea da azken 4 astean. Azken bi astean, bikoiztu egin dira ospitaleratzeak.

ZIUetako adierazleek ere erakusten dute arrisku ertainaren eta handiaren arteko mugan dagoela egoera. Okupatutako oheak, egun hauetan, 19tik 21era bitarte dira, hau da, okupazio tasa 2,88tik 3,2ra bitartekoa da 100.000 biztanleko.

Ingalaterrako aldaerak ugaritzen jarraitu du (%92, azken datuaren arabera). Gero eta azterlan gehiagok baiesten dute aldaera horrek ospitaleratzeak eta hilkortasuna handitzen dituela. Haren ezaugarriak direla eta, eragina handia izan daiteke intzidentzia handituz gero. Osasun Zuzendaritza Nagusiaren txostenaren arabera, aipagarriena da joeraren aldaketaren lasterra, Nafarroan pandemiaren beste une eta fase epidemiko batzuetan jaso ez zena. Eragin tasa piko hori izugarri azkarra da.

Osasun Zuzendaritza Nagusiaren txostenak dio ezen, aste honetan, txosten teknikoek jasotzen dituzten igoera handiak objektibatu direla, Nafarroa arrisku handiko egoeran uzten dutenak, eta, batez ere, eragin tasak eta aldaketaren lasterrak eskatzen dutela neurri gehigarriak hartzea kontrolik gabeko transmisio komunitarioaren egoerara ez ailegatzeko, kontuan izanda Astea Santuan eta Pazko Astean handituko direla mugikortasuna eta harreman sozialak, noski. Aurreratze prebentiboaren estrategia bat da, ahalik eta txikienak izan daitezen osasun arloko eraginak eta giza bizitzen gainekoak, baita eragin ekonomikoak eta sozialak ere gizarte osoan.

Aurrekoa ikusita, beharrezkoa da berriz neurriak hartzea SARS-CoV-2ren transmisioa murrizteko, hala nola ostatuen, jatetxeen eta antzekoen barrenaldea ixtea, bat etorriz COVID-19aren hedapena kontrolatu dadin erantzun koordinatua emateko jarduketa agiriaren eguneraketaren gomendioekin (Osasun Publikoaren Batzordean martxoaren 26an onetsi zen), ahalik eta agudoen murrizteko kasuen gorakada berri hori.

Foru agindu honetan ostatuen eta jatetxeen barrenaldea ixteko aurreikusten diren neurriei dagokienez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, zenbait azterlanek erakusten dute ezen, farmakologiaz kanpoko esku-hartzeen artean, harreman sozialak establezimenduen barnean murrizteko neurriek hedapen abiadura murritz ditzaketela. Emaitzek frogatzen dute ostalaritzako lokalak ixteak eragina duela intzidentziaren jaitsieran. Horrek berresten du neurri hori eraginkorrenetakoa dela farmakologiaz kanpoko esku-hartzeen artean. Orobat, kontaktuen jarraipenaren azterketek erakusten dute ostatuen eta jatetxeen establezimenduek superkutsaketak sor ditzaketela, eta, aldi berean, azpimarratzen dute garrantzitsua dela aire korronteak kontrolatzea eta establezimenduen barrenaldea behar bezala aireztatzea.

“Epidemiologic evidence on the role of hospitality venues in the transmission of COVID-19: a rapid review of the literature” izeneko argitalpen berriak eskura dagoen literatura zientifikoa berrikusi du ostalaritzako lokalak (tabernak eta jatetxeak nagusiki) ixteko neurrien eraginari dagokionez, SARS-CoV-2a herritarren artean hedatzeko dinamiketan. Egileek ondorioztatu dute literatura zientifikoko zati handi batek adierazten duela ostatuak eta jatetxeak ixtea neurri eraginkorrenetakoa dela COVID-19aren intzidentzia eta hilkortasuna murrizteko.

Halaber, COVID-19aren hedapena kontrolatu dadin, erantzun koordinatua emateko jarduketa agiriak gomendatzen du bingoak, joko aretoak eta antzekoak ixtea arrisku handiko eta oso handiko egoeretan, eta halakoxea da Nafarroakoa metatutako intzidentzian. Horregatik, halako jarduerak ere eteten dira foru agindu honetan. Gauza bera gertatzen da funtzio anitzeko aretoak dituzten zentroetan ostatuen eta jatetxeen erara egiten diren jarduerekin, horko ospakizunetan jan eta edaten baita osasun arloko prebentzio neurriak erlaxatuz, denbora guztian ez baita maskara erabiltzen; hura ere arrisku handiko jardueratzat jotzen da, eten beharrekoa, ostatuen eta jatetxeen jarduera bezala.

Bukatzeko, azalera handiko eremu komunetako edukierak ere murrizten dira, kutsatzeko arriskua handitzen duten pilaketa handiak saihesteko.

Foru agindu honetan adierazitako neurriek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehenengoa.–Lehenengo puntuko 3. apartatua aldatzen da Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduan; honela idatzita geldituko da:

3.1. Establezimenduen barnealdeak:

3.1.1. Jarduera oro debekatzen da taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxe gisako lizentzia duten Nafarroako Foru Komunitateko establezimenduen barnealdean, salbu eta edaria eskatzeko, tabakoa eskuratzeko eta komunak erabiltzeko.

3.1.2. Barnealdea ixteko betebehar horretatik kanpo daude hoteletako eta antzeko bestelako ostatuetako jantokiak, baina otorduetako zerbitzua ematen ahalko diete horietan ostatu hartu dutenei bakarrik. Horretarako, zorrotz bete beharko dira osasun arloko prebentzio neurri orokorrak, eta gehienez lau pertsona egonen dira mahai bakoitzean. Jatetxeetan ez da 21:00etako ordutegi orokorra aplikatuko, ezpada establezimenduak bezeroekin daukan ordutegi arrunta.

3.1.3. Ogia edo eramateko kafea saltzeko zerbitzua duten establezimenduetan, zerbitzu hori baimenduko da (baina ezin da establezimenduan kontsumitu). Nolanahi ere, 21:00etarako itxi beharko dute.

3.1.4. Ostatu eta jatetxeetako barnealdea ixteko debekutik kanpo daude honako hauek ere: zentro eta zerbitzu sanitarioen eta soziosanitarioen barneko ostalaritza zerbitzuak, eskola-jantokiak, unibertsitatekoak, enpresakoak eta jantoki sozialeko zerbitzuak.

3.1.5. Salbuespenez, establezimenduei barnealdean zerbitzua emateko baimena ematen ahal zaie baldintza hauek betetzen dituztenean:

a) Establezimenduen bezeroak bidaiarien nahiz salgaien garraio arloko langileak izatea, hori frogatzen badute C edo D gidabaimenarekin edo kasuan kasuko gaitasun profesionalaren agiriarekin.

b) Establezimenduak erregai-zerbitzuguneetan kokatuta egotea, hirigunetik kanpo eta Nafarroako errepide nagusietan, aparkalekua badute bost trailer kamioirentzat baino gehiagorentzat eta bazkarien eta afarien zerbitzua ematen badute.

Orobat, jatetxe zerbitzua baimenduko da, baldintza hauek betez gero:

a) Foru agindu honen 3.1.5 a) puntuan zehaztutako langileei baino ezin zaie zerbitzua eman.

b) Baimendutako establezimenduen barnealdeak itxita egonen dira jendearentzat.

c) Kasu guztietan, osasun-agintaritzek oro har ezarritako higiene eta segurtasun neurriak bete behar dira, eta zehazki, jatetxeetarako ezarritakoak.

d) Establezimenduen jabeek begiratu eta bermatu behar dute une oro betetzen direla osasun segurtasunaren arloko neurriak.

Baldintza horiek betetzen dituzten eta Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez aldez aurretik baimena duten establezimenduen baimenek indarrean jarraituko dute, baldin eta eskatutako baldintzak betetzen jarraitzen badute.

3.2. Kanpoaldeetan:

3.2.1. Baimentzen da Nafarroako Foru Komunitatean taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxe gisako lizentzia duten establezimenduek eremu publikoan dituzten aire zabaleko terrazak irekitzea.

Foru agindu honen ondorioetarako, aire zabalean dauden terrazak honakoak dira: eremu estalia edo estali gabea, aldeetan gehienez ere bi hormak, paretak edo paramentuk inguratua, baldin itxitako azalera bada aldeko perimetroaren %50 edo hori baino txikiagoa (perimetro horren barnean da eraikinaren fatxada, terraza atxikirik duena).

Ez dira paramentutzat hartzen espazio fisikoak mugatzeko erabiltzen diren eta airearen zirkulazio librea ahalbidetzen duten elementuak, finkoak nahiz mugikorrak, altuera edo bolumen gutxikoak (gehienez ere metro batekoak).

Lehendik dauden eta baimenduta dauden terrazetan ez dira paramentutzat hartuko garaiera handiagoko elementuak, finkoak edo mugikorrak, baldin eta ez badira 1,60 metrotik gorakoak.

3.2.2. Terrazak baldintza hauek betez irekiko dira:

a) Mahaien arteko tartea 2 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

b) Establezimenduetako titularrek seinaleak egin beharko dituzte lurrean, mahaiak kokatu behar diren tokietan, segurtasun-tartea errespetatze aldera.

c) Mahai bakoitzaren bueltan, gehienez ere, lau pertsona egonen dira. Salbuespen gisa, gehienez ere sei lagun elkartzen ahalko dira, baldin eta mahaiaren edo mahai multzoen neurriek 1,5 metroko segurtasun-tartea bermatzen badute pertsonen artean. 70 cm baino gutxiagoko aldea edo diametroa duten mahaien edo upelen bueltan gehienez ere bi pertsona egonen dira eta, kasu guztietan, eserita.

d) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa.

e) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

f) Terrazetan debekatuta egonen da erretzea 2 metroko segurtasun-tartea gordetzea bermatzerik ez badago.

3.2.3. Toki-erakundeei gomendatzen zaie aukerak azter ditzatela aire zabaleko terrazarako eremuak handitzeko, baina beti bermatu beharko da mahaien arteko eta pertsonen arteko segurtasun-tartea.

3.2. Puntu honetan aipatutako ostalaritzako establezimenduetako eta jatetxeetako terrazak 21:00etan itxiko dira, lokalak jendez hustu ondoren.

3.3. Halaber, janariak prestatu eta zerbitzatzen ahalko dira, etxera eramateko edo aurretiko hitzordua izanda establezimenduan hartzeko, 22:30ak arte.”

Bigarrena.–Lehenengo puntuko 8.2 eta 8.3 apartatuak aldatzen dira Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduan; honela idatzita geldituko dira:

“8. Ezkontzak, bataioak, jaunartzeak eta bestelako ospakizun familiar, erlijioso edo zibil batzuk.

8.2. Ezkontza, bataio, jaunartze eta bestelako ospakizun sozial, familiar, erlijioso edo zibil batzuetan, zeremoniaren ondotik ospakizunak egiten badira ostalaritzako establezimenduetako edo jatetxeetako kanpoaldean edo terrazetan, errespetatu beharko dira 1,5 metroko segurtasun-tarteak pertsonen artean, eta ez da behin ere gaindituko 20 pertsonaren kopurua. Ulertzen da muga hori ospakizunetan ari den talde bakoitzari dagokiola, ongi bereizitako eremuetan baldin badaude.

Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea.

8.3. Horrez gain, aurreko puntuan aipatutako kasuan, foru agindu honen 3. puntuan ostalaritzari eta jatetxeei buruz ezarritakoa ere bete beharko da.”

Hirugarrena.–10.1,10.7 eta 10.8 apartatuak aldatzen dira Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduan; honela idatzita geldituko dira:

“10. Hipermerkatuak, azalera ertain eta handiko establezimenduak eta merkataritza-gune edo -parkeak, edo horien zati direnak.

10.1. Hipermerkatuetan, azalera ertain eta handiko establezimenduetan eta merkataritza-gune edo -parkeetan, edo horien zati direnetan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30 bertako merkataritzako lokal bakoitzean.

10.7. Puntu honetan aipatutako establezimenduetan dauden zinemei, foru agindu honetan jarduera bakoitzerako ezarritako arau eta ordutegi berariazkoak aplikatuko zaizkie.

10.8. Puntu honetan aipatzen diren establezimenduetako arduradunak behartuak egonen dira une oro sartzeko ateetako kontaketa begiratzera eta bermatzera ez dela gainditzen bertan onartzen ahal den gehieneko jende kopuruaren %30. Horretaz gain, begiratu eta bermatu beharko dute bezeroak ez daudela eremu komunetan, pasatzeko ez bada.”

Laugarrena.–Lehenengo puntuko 23. apartatua aldatzen da Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduan; honela idatzita geldituko da:

“23. Bingoak eta joko-, apustu- eta jolas-aretoak.

Bertan behera uzten da jarduera oro bingoen eta joko- eta jolas-aretoen establezimenduetako barrenaldeetan.”

Bosgarrena.–24. apartatua aldatzen da Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduan; honela idatzita geldituko da:

“24. Ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dauzkaten establezimenduak.

24.1. Baimenduta egonen da establezimendu hauen jarduera, salbu ospakizun familiarrak, sozialak, lagunen artekoak edo aisialdikoak egiten badira barrenaldean, jatekoak eta/edo edatekoak tarteko, horiek debekatuta egonen baitira.

24.2. Establezimenduen kanpoaldean egin daitezkeen ospakizunetan, ez da behin ere gaindituko 20 pertsonaren kopurua. Ulertzen da muga hori ospakizunetan ari den talde bakoitzari dagokiola, ongi bereizitako eremuetan baldin badaude. Mahaian eserita baino ezin da kontsumitu, foru agindu honen 3. puntuan ostalaritzarako eta jatetxeetarako zehaztutako neurri guztiak beteta.

24.3. Edonola ere, ahalik eta gehien erabiliko da maskara, eta pertsonen arteko tartea gordeko.

24.4. Ez da baimenduko dantzatzeko eremurik erabiltzea.

24.5. Ekitaldietarako funtzio anitzeko espazio horiek 21:00etan itxiko dira.”

Seigarrena.–Gomendatzen da kultu jarduerak 21:00ak arte egitea, une oro errespetatuz edukieraren mugak eta Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduan aurreikusitako osasun arloko neurri orokor guztiak.

Zazpigarrena.–Neurri hauek apirilaren 1etik apirilaren 9ra arte egonen dira indarrean, bi egun horiek barne, hots, foru agindu honekin aldatzen den Osasuneko kontseilariaren otsailaren 2ko 5/2021 Foru Aginduaren indarraldiko azken egunera arte.

Zortzigarrena.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, baimen judiziala eman dezan, aurretiaz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bederatzigarrena.–Foru agindu honek 2021eko apirilaren 1ean hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 29an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2105141