70. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

151E/2021 EBAZPENA, Ingurumeneko zuzendari nagusiak martxoaren 2an emandakoa; honen bidez formulatzen da ingurumen eraginaren adierazpena, Cárcarko hiri hondakin solidoen zabortegia handitzeko lanentzat (3. Faseko 1. Ontzia); sustatzailea Jurramendiko Mankomunitatea da.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 8 c) eta 9 a) Taldeetan sartzen da proiektua eta, beraz, haren 7.1 artikuluaren arabera, ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura dagokio.

Sustatzaileak, 2020ko azaroaren 20an, ebazpen honen hasieran aipatutako espedientea aurkeztu du, baimena emateko eskumena duen organoaren aurrean (Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua).

Ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura hasi baino lehen, kontuan hartuz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluak ezartzen duena, 2019ko irailaren 20an, ingurumen eraginaren azterketaren norainokoa zehazteko eskatu zuen sustatzaileak, eta horretarako proiektuaren hasierako dokumentua aurkeztu zuen. Izapide horretan 28 entitateri egin zitzaien kontsulta, eta haietatik 8k erantzun zuten, honako hauek, hain zuzen ere: “Lurra” Lurraren Defentsarako Nafarroako Elkartea, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala (Biodibertsitatearen Zerbitzua), Meatzeen Atala, Herri lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia; epez kanpo jaso ziren, berriz, hauen erantzunak: Herri lurren Atala (Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua), Basoen eta Ehizaren Zerbitzua (abelbideekin lotua), eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoa. Jasotako erantzunen edukia ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.

2020ko ekainaren 23an, sustatzaileak Ingurumen Baimen Integratua aldatzeko eskabidea aurkeztu du Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren aurrean, harekin batera erantsiz: a) “Jurramendiko Mankomunitateak Cárcarren duen zabortegia zabaltzeko Oinarrizko Proiektua” (2020ko apirila); eta b) “Cárcarko HHSen zabortegiak (3. fasea) Cárcarko udalerrian zabaltzeko proiektuaren Ingurumen eraginaren azterketa (2020ko maiatza)”.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatuarekin bat, proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa jendaurrean jarri zituen 30 egunez, eta iragarkia 166. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2020ko uztailaren 28an. Gainera, hainbat kontsulta egin zen proiektuak ukittzen zituen administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin.

Epealdi horretan, alegazio bat jaso zen, Sesmako udalak ezarritakoa, non kontra egiten zion zabortegi berriaren kokapenerako “4. Alternatiba” izeneko aukerari, lursail horiek ureztapen eremu batean kokatzen direlako. Proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoen aldetik eta pertsona interesdunen aldetik, kontsultatutako 13 entitateetatik honako hauek erantzun dute: Ingurumen Eraginaren Atala, Lurraldearen Antolamenduaren Atala, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa eta Cárcarko Udala. Epealdi honetan jasotako alegazioen eta txostenen laburpena ebazpen honen 2. eranskinean bildu da.

Jendaurrean jartzeko eta kontsultak egiteko epealdi honen ondorioz, Jurramendiko Zerbitzuak SA Erakundeak txosten bat aurkeztu du, “Cárcarko Hiri Hondakin Solidoen zabortegia handitzeko proiektua: 3. Fasea. Ingurumen eraginaren azterketa. Jendaurrean jartzeko eta kontsultarako epea. 2020ko azaroa” izenburua duena eta aurrerantzean “IEA eranskina, 2020ko azaroa” izenez aipatuko dena.

Dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu ondoren, abenduaren 19an, organo eskudunak ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari.

Proiektuaren xedea da ontzien eta materialen tratamendurako eta konpost egiteko dauden instalazioetan sortzen diren errefusak jasotzen dituen zabortegia handitzea. Proiektua III. eranskinean laburbilduta dago, eta Cárcarko 10. industrialdearen 370. Lursailean Jurramendiko Zerbitzuak SAk hondakinen tratamendurako dituen instalazioen ondoan kokatzen da.

Ingurumen eraginaren azterketak kokapenerako 7 alternatiba aztertu ditu, eta Oinarrizko Proiektua garatu du “6. Alternatiba” deitzen duen aukeran. Hango instalazioen ekialdeko ibar batean kokatzen da, orain nekazaritzarako erabiltzen den lur eremu batean.

Handitzeko proiektua “Estellerriko Erriberako Igeltsuak” izeneko Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE ES2200031) kokatzen da, eta hori da ingurumen eragozpenik handiena. Proiektuaren eremuaren ezaugarri bereziak dira muino txikiak, lehentasunezko interes komunitarioko habitatak hartzen dituztenak, eta ibar estuak, non laboreak hedatzen diren. Hain zuzen ere, ibar horietako batek jasan zuen lur-erauzketa baten ukipena lehen, eta hor diseinatuta dago orain zabortegiaren hedapena. Ingurumen eraginaren azterketak jasotzen du, aparteko kapitulu batean (ikus ebazpen honen IV. eranskina), Natura 2000 Sarearen gaineko ukipenaren ingurumen ebaluazioa; KBEaren gainean proiektuaren gauzapenak duen eragina bateragarria dela baloratu da.

Ingurumen eraginaren azterketa berrikusita (ebazpen honen IV. eranskina) eta espedientearen analisi teknikoa eginda, ondorioztatzen da kontuan izan beharreko eragin nagusiek ukitzen dituzten arloak izanen liratekeela lur gaineko nahiz lur azpiko urak, interes handiko habitatak (batez ere sasitza gipsikola iberiarrak) eta fauna (batez ere estepako abifauna). Horregatik, ingurumen eraginaren azterketak neurri prebentiboak zein zuzentzaileak jasotzen ditu, besteak beste honako hauek:

–Zabortegia ustiatzeko sistema, hondakinak fardotan bilduta gai organiko gutxirekin (ikus xehetasuna IV. eranskinean), lagungarria da lixibiatuen eragina eta plastikoak barreiatzea murrizteko inguru hartan. Gainera, gelaxka independenteetan ustiatzea ere lagungarria da lixibiatuen sorrera murrizteko.

–Habitaten gaineko zuzeneko ukipenak saihesteko, zabortegiaren gaitasuna 3. Fasean, ekarritako azken dokumentazioaren arabera (IEA eranskina, 2020ko azaroa), hasieran aurreikusitako 971.826 m³-ko bolumen netotik 898.736 m³-ko bolumenera jaitsi da.

–Faunaren atalean, zabortegiak eta beste instalazio batzuek zenbait espezie (zikoina, mirua, saia...) erakartzen dituztela detektatzen da. Horren aurreko neurri zuzentzailetzat jasotzen da gai organikoen tratamendurako nabeak sarez ixtea, eta instalazioan dauden hegaztiak kontrolatzea eta zaintzea. Beste alde batetik, balio handieneko estepako abifaunako espezieak, Nafarroako Katalogoaren arabera betiko galtzeko arriskuan direnak, urrun samar daude handik, eremu zabaletan, instalazioen hegoaldean.

–Oinarrizko proiektuan eta eraginaren azterketan suteak kontrolatzeko neurriak jasotzen dira, baina, hondakinen ezaugarriak ikusita, oraindik ere bada arriskurik, eta suteek zuzeneko ukipenak eragin ditzakete habitat, espezie eta uren kalitatean.

Ingurumen eraginaren azterketak ondorioztatzen duenaren arabera, lanek ez dute eragin larririk izanen ingurumenean.

Ingurumen Eraginaren Atalak, proiektuaren ingurumen eraginaren analisi teknikoa eginda, ondorioztatu du ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura behar bezala burutu dela, eta ados agertu da aztertutako zazpi alternatiben artean hautatu den aukerarekin. Proiektua ingurumenaren aldetik onargarritzat jotzen da; beraz, proposamena da ingurumen eraginaren adierazpena ematea, beti ere ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak bete beharrekoak direla gogoraraziz.

Adierazitakoarekin bat, eta eskudantziak ematen dizkidatenez bai Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, eta bai Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen eraginaren adierazpena ematea Cárcarko hiri hondakin solidoen zabortegia handitzeko (3. Faseko 1. Ontzia) proiektuaren alde; sustatzailea Jurramendiko Mankomunitatea da.

2. Jarduera espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin dadila ezartzea, hala nola ondoren aipatzen diren baldintza hauek bete beharra ere:

–Onartzen diren oinplanoaren eta altxaeraren planoak “Cárcarko Hiri Hondakin Solidoen zabortegia handitzeko proiektua: 3. Fasea. Ingurumen eraginaren azterketa. Jendaurrean jartzeko eta kontsultarako epea. 2020ko azaroa” izenburuko eranskinean jasotzen direnak dira. Horien arabera, indusketako instalazioak jasotzen du horma bat eraikitzea intereseko habitatetatik 3 metrora (salbu eta orain urte batzuk induskatutako 2. eta 3. gelaxken perimetroaren zatian). Eremu hori balizatuko da habitaten gaineko edozein ukipen saihesteko.

–Zabortegiaren gaitasuna 3. Fasean 898.736 m³-koa edo 906.600 m³-koa izanen da, zigilatzeko materialaren arabera, baina nolanahi ere, gainaldean igeltsu geruza bat izanen du (ikus aurrerago lehengoratzeko proiektuaren aipamena).

–Ingurumen eraginaren azterketan zehazten denez, ez da beharrezkoa izanen kanpoko lurra ekartzea zabortegiaren ustiapenerako.

–Nafarroako Hondakinen Plana 2017-2027 beteko da, isuriak % 25 murriztuz 2027rako, etxeko eta merkataritzako hondakinen arloan, eta industria hondakinetan, berriz, gehienez ere 3.000 t/urteko eramanen dira zabortegira. Beraz, zabortegiaren bizitza baliagarria ahalik eta gehien luzatuko da. Jurramendiko Mankomunitateak beharrezkoak diren politikak eta informazio kanpainak eratuko ditu Hondakinen Plana bide horretatik bete dadin. Organo eskudunaren aurrean aurkeztu beharreko jarraipen-adierazlea urtean isuritako tonak izanen dira.

–Ez da baimenduko zabortegiaren handitze berririk inguruan intereseko habitatak dituen Kontserbazio Bereziko Eremuaren barruan (muino eta ibar txikiez osatutako paisaiaren eremua). Horregatik, komenigarria ikusten da sustatzailearen aldetik ingurumen eragin txikia erakusten duten alternatibak begiratzen eta izapidetzen hastea, etorkizunerako bermatu nahi bada instalazioari lotutako isuri-eremuak gaitasun aski izatea.

–Zabortegia handitzeko 3. Fasearen 2. eta 3. Ontziak egiten hasi aurretik, sustatzaileak 1. Ontziaren ingurumen jarraipenaren azken txostena aurkeztuko dio organo eskudunari. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak jakinaraziko du ingurugiroaren egoeran, edo emandako IEAn aztertu eta Kontserbazio Bereziko Eremuak babesten dituen osagai garrantzitsuenen egoeran, aldaketa nabarmenik izanez gero, eta neurri zuzentzaile edo ingurumen jarduketa berririk behar izanez gero, 2. eta 3. Ontzietarako.

–Ingurumen eraginaren azterketan (2020ko maiatza) eta haren eranskinean (2020ko azaroa) jasotzen diren neurri zuzentzaileak edo/eta berdintzaileak hartuko dira, besteak beste: fauna, eta batez ere abifauna, ahal den gutxien erakartzeko neurriak instalazioetan (tratamendu organikoaren nabeak ixtea eta abifauna kontrolatzea eta zaintzea), lixibiatuen lotura egitea hoditeria tinkatuen bidez (intereseko habitaten gaineko ukipena saihesteko), eta lehengoratzeko proiektuak.

Ez da hondakinik bilduko 3. Fasean, harik eta 1. Fasea zigilatu eta ixteko lanak burutu arte. Faseak lehengoratzeko proiektuak kontuan izanen ditu ingurumen eraginaren azterketan (2020ko maiatza) eta haren eranskinean (2020ko azaroa, 2.2.2 atalean) jasotzen diren espezieak eta jarraibideak, eta lurrazalaren gainean gutxienez 25 cm-ko igeltsu geruza jarriko da, espezie gipsofiloak egoki ezarri ahal izateko.

–Mantentze lanak zorrotz eginen dira, eta aldian behin garbituko dira instalazioetatik haizatzen diren eta interes komunitarioko habitatak kaltetzen ahal dituzten hondakinak.

–Aintzat hartuko da Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren 2020ko azaroaren 12ko txostena. Besteak beste, zuhurtasunik handiena erabiliko da, batez ere lanek irauten duten bitartean, proiektuko jarduketaren perimetroaren zati bat zeharkatzen duen ibar izengabearen inguruan. Era berean, zabortegia behin betiko itxi ondoren, entitate ustiatzailearen ardura izanen dira mantentzeko eta zaintzeko lanak, zabortegiko lixibiatuak analizatzea eta kontrolatzea, eta orobat, halakorik balitz, hor sortzen diren gasak, eta inguruko lurrazpiko urak, guztiak ere hondakinak zabortegian bilduta ezabatzea arautzen dituen azaroaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren III. eranskinean xedatutakoaren arabera.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Lurralde Antolamenduaren Atalari, Cárcar eta Sesmako udalei, Ingurumenzaingoari (9. barrutia-Lizarra 2) eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 2an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Aldez aurreko kontsulten laburpena (erantzun duten entitateak)

“Lurra” Lurraren Defentsarako Nafarroako Elkartea: proiektua ontzat jotzen du.

Herri-lurren Atala (Nekazaritza Azpiegituren Zerbitzua): zabortegia handitzeko sustatzaileak aukeratu duen alternatiba (“A7-Mugakide zabaldua 2”) 10. industrialdeko herri-lurren 370. lurzatiaren zati batean kokatzen dela adierazi du. Beraz, lanetarako baimena eman aurretik, Cárcarko Udalak Nafarroako Gobernuaren onespena beharko luke proiektuak ukiten dituen herri-lurren desafektazioa eta ondorengo erabileraren lagapena egiteko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140-2 artikuluaren arabera.

Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala (Biodibertsitatearen Zerbitzua): haren esanetan, aipatutako KBEa nabarmen ukitzen duten proiektu guztiek, lekuaren kudeaketarekin zuzen lotuta ez badaude edo horretarako beharrezkoak ez badira, horixe baita oraingo proiektu honen kasua, leku horren gainean eragiten dituzten ondorioen ebaluazio egokia jasan beharko dute, kontserbazioaren helburuak aintzat hartuta, espazio horren egoera ona kaltetuko ez dela bermatzeko. Era horretan argituko da ukipen nabarmen edo adierazgarria eragiten den, eta lekuaren egoera ona kaltetzen den, aurkeztu nahi diren alternatiba guztiak aztertuta. Aurkeztutako Memorian dagoeneko adierazten da litekeena dela ukipena eragitea 1520* lehentasunezko habitatean. Nolanahi ere, proiektuak Osagai Gako guztien gainean duen eragina aztertuko da, ea bateragarriak ote diren “Estelleriko Erriberako Igeltsuak” KBEaren Kudeaketa Planean jasotzen diren Azken Helburuekin, Helburu Eragileekin, Araudiarekin, Jarraibideekin eta Neurriekin (abuztuaren 30eko 76/2017 Foru Dekretua), eta batez ere, 1.1.1, 3.1.1, 4.1.3 eta 5.1.3 Helburu Eragileekin eta 3.25 eta 3.26 Berariazko arau eta Neurriekin.

Ingurumen Eraginaren Atala: adierazi du ingurumen eraginaren azterketaren edukia egokituko dela Ingurumen ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen IV. eranskinean aurreikusten denaren arabera, eta era berezian aztertuko direla: estepako abifauna eta iberiar sasitza gipsikolen gaineko ingurumen ukipenak (92/43/EEB Habitaten Zuzentarauaren 1520 kodedun lehentasunezko habitat gisa katalogatuak); lehengaien kontsumoak (lur mailegatzerik bada); isurien bolumena, koherentea izan dadin Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean murrizketaren eta birziklatzearen inguruan ezarritako helburuekin, eta neurri zuzentzaile eta konpentsatzaileen zerrenda bat proposatzen du.

Basoen eta Ehizaren Zerbitzua: abelbideei dagokienez, baimena eman daitekeela uste du, abelbide zati bat instalazioen sarbide gisa erabiltzeko 0, 1 (aurreproiektua), 4, 5, 6 eta 7 alternatibetan.

Meatzeen Atala: haren ustez ez da beharrezkoa txostenik ematea, proiektuan ez baita aipatzen mea baliabideak ustiatzeko jarduerarik, eta beraz, ez da sartzen atal honen eskumenen esparruan.

Herri lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia: beharrezkoa izanez gero N-134 errepidetik etorkizuneko instalazioetarako oraingo sarbidea egokitzea, Zuzendaritza Nagusi honen aurrean aurkeztuko da horiek baimentzeko dokumentazio teknikoa, bidezkoa balitz.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa: eraginaren azterketan argitu beharreko alderdietatik ondoko hauek azpimarratzen ditu: alternatiben planteamendua eta aukeratutako alternatibaren justifikazioa, irizpide anitzeko analisia aurkeztuta, batez ere hidrologiari dagokionez; proiektatutako jarduketen deskribapen zehatza; proiektatutako jarduerak lur eremua okupatu eta haren morfologia aldatu ondoren ur ingurunean eraginen duen ukipenaren analisia; eraginak baloratzeko metodo kuantitatiboak erabiltzea (hain zuzen ere, isuriek ur-gorputz hartzaileetan eragin ditzaketen ukipenen kasuan, adierazle gisa erabiliz urari buruzko indarreko arautegietan oinarritutako kalitate estandarrak); irazgaiztasuna, lixibiatuak biltzeko sistema eta drainatzeko arekak; lur gaineko nahiz azpiko uren kalitatearekin lotutako neurri prebentiboak eta zuzentzaileak, uneoro bermatuz inguruko ubideen eta isurketen ibilera eta hustuketa egokiak. Ingurumena Begiratzeko Planak ere uren kalitatea aztertzeko aldian aldiko kontrolak aurreikusi beharko ditu.

II. ERANSKINA

Informazio publikoa eta kontsulta egitea proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei eta interesa duten pertsonei

Alegazioa.

Sesmako Udala. Zabortegi berriaren kokapenerako “4. Alternatiba”ren aurka dagoela adierazi du, betiko ureztapen eremuari dagokion lur eremuan kokatzen delako. Aldeko iritzia du, berriz, Jurramendiko Mankomunitateak proposatzen duen kokapenari buruz, aukeratzen baititu dagoeneko Cárcarko Udalari erositako lursailak, alegia, Mankomunitatearen eskura dauden lursailak, eta horren abantaila da lurrak erosteko izapide berririk egin beharrik ez izatea. Gainera, ikus eragina txikiagoa da Jurramendiko Mankomunitatearen proposamenean.

Erantzuna: alegazio hori aintzat hartu du sustatzaileak.

Txostenak.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia: Nafarroako Inbentario Arkeologikoan dagoen informazioa aztertuta, jakinarazten da proiektuak ez duela ukitzen inongo aztarnategi arkeologiko katalogaturik. Hala ere, lanak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat agertuko balitz, legez ezarrita dago aurkikuntza berehala jakinarazi behar zaiola Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.

Lurralde Antolamenduaren Atala. Lurraldearen Antolamendurako Planak lehenengoz eguneratu zirenean, inguruko erabilera eta jarduerei buruzko atal bat erantsi zitzaien, adieraziz lehendik egiten ziren legezko erabilerak eta jarduerak eraberritzeko edo/eta zabaltzeko baimena eskatu eta eman daitekeela, erabileran aldaketarik ez badago; betiere ukatu gabe Babes Bereziko Eremuen arautegiak ezartzen duena, hor jasotzen diren irizpideak betetzen direla justifikatu beharko baitu proiektuak, kasua iritsita. Cárcarko Udal Plangintza Orokorrak ezartzen duen araubideari dagokionez, aurreikusten den zabalkuntza lurzoru urbanizaezinaren sailkapena du, “Babesa, Ingurumen Balioaren azpikategoria: Naturagune Babestuak” kategoriarekin. Delako naturagune hori babesteko eta kudeatzeko arautegiarekiko bateragarritasuna baloratuko da espedientearen ingurumen izapidean, eta lurzoru urbanizaezinaren gaineko jardueraren baimena hor ezarriko liratekeen zehaztapenen arabera emanen litzateke. Azkenik, lurzoru urbanizaezinaren gaineko jarduerak eta erabilerak baimentzeko behar diren tramitazioa eta dokumentazioa zehazten ditu.

Cárcarko Udala. Udalak dio, bere eskumenari dagokionez, proposatutako zabalkuntzak ez duela urratzen indarreko hirigintza araubidearen zehaztapenik.

Ingurumen Eraginaren Atala. Jakinarazi du aurkeztutako dokumentazioa, oro har, aski dela. Hala ere, osatu beharko litzateke, besteak beste, honako hauek gehituta: fauna basatiaren (ugaztunak eta abifauna, batik bat) erakarpena minimizatzeko neurriak, hala nola estepako hegaztiei fauna oportunistak egiten ahal dizkien erasoak murriztekoak; lehengoratzeko proiektuak, Kontserbazio Bereziko Eremuak berezkoak dituen espezieekin, bai itxitako nahiz ustiapenean den zabortegian (1. eta 2. Faseak) bai zabortegi berrian (3. Fasean), eta bertan jasotzea egutegi bat, 1. Fasea guztiz lehengoratuta egon dadin zabortegiaren 3. Fasearen ustiapena hasten denerako; planteatzen den isuriaren bolumen handiaren beharra justifikatzea, eta zabortegiaren bizitza baliagarria argitzea; gutxienez 3 metroko babes eremu bat aurreikustea habitaten inguruan, eta bertan ez eragitea aldaketarik lur eremuaren mailan. Azkenik, lixibiatuentzako hoditeria tinkatuaren inguruko argibideak ematea eskatzen da.

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala. Aukeratutako alternatibak, haien ezaugarriak eta balorazioa. Haren irudiko, aukeratutako alternatiba ez da egokiena hondakinen zabortegi bat ezartzeko, badirelako bestelakoak, aipatutako arazoak ekarriko ez lituzketenak, esaterako 2., 3., eta 4. alternatibak, haien kokapenak errazten duelako irazgaiztasuna bermatzeko neurriak ezartzea eta aurrera begira mantentzeko lana egitea. Hala ere, hautatutako kokapenean ere, haren ustez, zabortegiak ezartzeko indarreko legediak ezartzen dituen baldintzak ezar litezke, baina zailtasun tekniko eta kostu ekonomiko handiagoak ekarriko lituzke. Ingurumen Baimen Integratuaren proiektuak zabortegiei buruzko errege dekretuan ezarritako baldintzak baloratu beharko ditu, batez ere murrizketa eta mugapenei dagozkienak, egokiak izan daitezkeen neurri zuzentzaileak ezartzeko.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (12/11/2020): egiaztatu du ingurumen eraginaren azterketan jaso direla ur-ingurunearekin lotutako ingurumen alderdiak. Oro har, egoki jotzen da Ingurumen Azterketa hau, betiere bertan jasotzen diren neurri zuzentzaileak betetzen badira, eta burura eramaten badira proiektatutako jarduketak ur-ingurunean eragiten ahal dituen ukipenen ondorioak ahalik eta gehien murrizteko helburua duten neurri guztiak, inguru horren dinamika hidrologikoa ez dela eraldatuko eta lur gaineko nahiz azpiko uren kalitatea bermatuz. Era berean, ardurarik handienaz jokatuko da, batez ere lanek irauten duten bitartean, proiektatutako jarduketaren perimetroa zeharkatzen duen ibar izengabearen hurbileko eremuan.

III. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Jurramendiko Mankomunitatearen Etxeko hondakinen tratamendurako instalazioa eta Hondakin ez-arriskugarrien zabortegia 10. Industrialdeko 370 landa-lurzatian kokatzen dira, “Valles de Aquí” izeneko lekuan, Cárcarko udalerriaren ipar-mendebaldean, herri-lurren lurzati baten zati batean. Sarbidea NA-134 errepidetik du, bide batetik 2,6 km inguru egin ondoren.

Instalazio hori 1990an jarri zen, eta ingurumen baimen integratua du. Tratamendua ematen die, birziklatze eta konpostatze prozesuen bitartez, Lizarrerriko hiri hondakin gehienei, hala nola industrian, batez ere elikagaien arloan, sortzen diren hondakin batzuei ere.

Une honetan instalazioa osatzen dute prozesatzeko makineria gordetzen duten eraikin multzo batek, konpostatzeko zabaldi zolatuak eta ibilgailuen maniobretarako eremuek.

Oraingo zabortegia, 1. eta 2. Faseak, tratamendurako instalazioen mendebaldean dago; 1. Fasearen azalera 42.000ren bat m²-koa da, eta 2. Fasea 35.000 m²-koa.

Zabalkuntzaren izena 3. Fasea izanen da, eta instalazioen ekialdean kokatzen da. 3. Faseak guztira 69.000 m² hartuko ditu, 3 azpigelaxkatan zatituak, hidraulikoki independenteak, lixibiatuen sorrera murrizteko. Indusketaren bolumena 437.660 m³-koa izanen da (2020ko azaroko IEAren eranskineko datua). Goiko zigilatze sisteman 25 cm legar jartzen bada, hondakinen bolumena guztira 898.736 m³-koa da. Baina goiko zigilatze sisteman geodrainatzea jartzen bada, hondakinen bolumena guztira 898.736 m³-koa izanen da.

IV. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterketaren laburpena

Tramitazioak jaso du ingurumen eraginaren azterketa bat, ingurumen baimen integratuaren eskabidean aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea, bertan jasotzen duena aurreko kontsulten izapidean emandako informazioa, eta ondorioztatzen duena alternatibarik egokiena, ingurumenaren ikuspegitik, orain dauden instalazioak zabaltzea dela.

Hautatutako alternatibak, haien ezaugarriak, eta haien gaineko balorazioak honako hauek dira:

ALTERNATIBA

IZENA

ERDIKO PUNTUA (UTM ETRS89)

A0

Ez-aktiboa

A1

2017ko aurreproiektua

581.491/4.697.344

A2

Hego-mendebaldea

581.260/4.696.727

A3

Hego-ekialdea

581.973/4.696.502

A4

Iparraldea

581.181/4.698.379

A5

Mugakidea

581.420/4.697.196

A6

Mugakide zabaldua

581.420/4.697.196

A7

Mugakide zabaldua 2

581.420/4.697.196

Aztertutako alternatibetatik, proiektuaren bideragarritasunik handiena erakusten duena 6. Alternatiba da, eta haren gainean garatzen da Oinarrizko Proiektua. Alternatiba horretan okupatzen da oraingo instalazioen ondoko lur eremu bat, orain neurri handi batean jarduerak ukitzen duena, eta ez zerbitzu, ez instalazio berririk, eskatzen ez duena. Ez ditu zuzen ukitzen Kontserbazio Bereziko Eremuaren intereseko baloreak, ez baitu ekartzen lehentasunezko interesa duten habitaten ezabaketa.

Aurkeztutako azterketak alderdirik garrantzitsuenak biltzen ditu, eta proiektuak ezarpenean eta funtzionamenduan izan litzakeen eraginak identifikatu eta deskribatzen ditu. Azterketatik ondorioztatzen dena:

–Proiektuak ES2200031 Kontserbazio Bereziko Eremuaren % 0,036 okupatzen du (68.737 m²).

–Proiektua ia osorik ukitzen dute oraingo instalazioen okupazioak eta jardueren garapenak (proiektuaren azaleraren % 68,53 orain erabilera antzukoa da).

–Proiektuak dakar 21.633 m² nekazaritza-lur luberritzea (KBEaren azaleraren % 0,0113 murrizten da intereseko espezieentzako tokia).

–Haren azalera oraingo instalazioen mugakidea da. Proiektuak ez du behar ez instalazio, ez zerbitzu berririk ere. Zerbitzu horien sarbidea eta lotura oraingo instalazioetatik egiteko ez da zatiketarik eragiten natur habitat edo igarobideen gainean.

–Ez da zuzeneko ukipenik eragiten KBEaren izendapenerako gakoak izan ziren habitat edo espezieentzat.

–Okupatzen den eremuaren ondoko ingurunean sasitza gipsikolaren lehentasunezko intereseko habitata (HP1520) garatzen da.

–Proiektuaren garapenak KBEaren lurzoru antzua handitzea dakar, haren beste erabilera naturalen aldean, baina azkenean eragin positibo batekin konpontzen dira, ukitutako eremu osoa eta ondoko beste eremu batzuk lehengoratzea planteatzen baita, zuhaitzik gabeko oihan erabilera bat ezarriz.

–Ez da lixibiaturik isurtzen ubide publikoan.

–Uren erregimena ustiapenak irauten duen bitartean eta amaieran oraingoaren antzekoa da, berezko fluxuen arabera.

–Ez da ikusi intereseko edo mehatxupeko espezierik proiektuaren eremuan edo inguruan, proiektuaren garapenak ukituko lukeenik.

–Jarduera finkatua dago leku horretan, KBEaren izendapena eman aurretik ere. Lanerako metodologia oraingoaren antzekoa.

–Proiektuaren eremua lehengoratzea sasitza eta zuhaixken erabilera ezarrita, proiektuaren eremuaren % 11,53 inguruarekin bateragarria.

Zabortegia ustiatzeko sistema lagungarria da inguru hartan murrizteko lixibiatuen kalteak eta plastikoak barreiatzea:

–2007tik hona, hondakinak fardo edo bala moduan bildu dira (1,5 × 1 metro, alde-aldera, eta 750 kg/m³-ko dentsitatea), eta horrek bermatzen duen trinkotze maila ez da lortzen usadiozko metodoak erabilita. Aurretik prentsan trinkotuta, material arinen barreiadura kontrolatzea lortzen da.

–Balak eginda ustiatzeko sistema horrek, zabortegian sartzen den materia organikoaren eskasiagatik, eta inguru hartako euri eskasengatik, lixibiatuen sorrera galarazten du ia zortzi urtez, zabortegia ustiatzen denetik hasita. Gainera, zabortegiaren zabalkuntzan lixibiatuen sorrera murrizteko proposatzen den sistema azpigelaxka hidraulikoki independentez osatzen da; horrela, ustiatzen ari den azpigelaxkan erortzen den euri ura lixibiatu gisa kudeatzen da, eta ustiapeneko lehenengo gelaxkatik kanpo erortzen den euri ura garbia da, tratatu beharrik ez duena, eta zuzen hustu daitekeena, inguruko areka eta ubideen bitartez.

Eraginaren azterketak, aparteko kapitulu batean (54. orrialdea), Natura 2000 Sarearen gaineko eraginaren ingurumen ebaluazioa jasotzen du. Horretarako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak argitaratutako “Natura 2000 Sarearen gaineko ingurumen eraginaren ebaluaziorako gida metodologikoa (2019ko urtarrileko bertsioa)” erabili du; helburua da proiektuak interes komunitarioko habitatei eragiten ahal dizkien ukipenen ondorioz Natura 2000 Sareko gunearen egoera onak jasan dezakeen kaltea ebaluatzea eta zehaztea. Lehen esan denez, proiektuaren eremuak laboreak eta lur antzuak hartzen ditu, eta horiek ez dira naturagune horren kontserbazioko habitat edo helburuetakoak. Horregatik, proiektuaren gauzapenak KBEaren gainean (ES2200031) duen eragina bateragarria dela baloratu da haren gune puntual bati dagokionez, eta eraginik handiena eta nabarmenena da eremu antzuaren azalera handitzen dela, espazioaren baloreak babesteko egokiak diren natura eremuen aldean.

Proiektuaren ingurumen integrazioa bermatzeko behar diren neurriak ezartzen dira, lanen faserako eta ustiapenerako. Ustiapenaren fasean honako hauek izanen dira:

–Azalera eta jarduketak zehaztea lanei ekin aurretik. Eremua ixtea inguruko hesia jarrita.

–Eraikuntza lanak proiektuaren arabera egitea: zigilatzea, drainatzea, kontrol puntuak, etab., jarduerak berezkoak dituen ondorioak kontrolatzeko eta babesteko inguru hartako baloreak.

–Lurra kentzea eta ondoren biltzea zoru geruzen arabera, proiektuaren ustiapen-lehengoratze lanetan eta zabortegiaren aurreko faseetan erabiltzeko.

–Lanerako metodo antolatua. Ukipenak edo/eta arriskuak ahalik eta txikienak izateko optimizatzea materialak tratatzeko instalazioa, hondakinak balatan biltzea aurretik zabortegian ezabaketa eginda, eta hondakinen azalera hondakin geldoen bitartez estaltzea.

–Hautsa eta zarata murriztea makineriaren mantentze lan egokia eginez, lana ongi antolatuz eta jardunbide egokiak erabiliz.

–Lehengoratze lanak egiteko ingurunearen araberako baldintza topografikoak eta edafologikoak berreskuratzea.

–Landaredia berreskuratzea ereintza/hidroereintza eginez inguruko belar eta zuhaixka espezieak eta jatorrizko ziurtagiria dutenak erabiliz. Besteak beste, espezie hauek erabiliko dira: Brachypodium retusum, Thymus vulgaris, Rosmarinus officinalis, Ononis tridentata, Heliantehemum syriacum. Lehengoratzeko eta konpentsatzeko lanak egitea proiektuaren ondoko antzeko eremuetan.

Eraginaren azterketak erantsia du ingurumena zaintzeko plan bat ere, eta bertan jaso dira proiektuaren eragin nagusien jarraipena eta kontrola egiteko betebeharrak, nagusiki jardueraren funtzionamendu faseari eragiten dietenak.

Iragarkiaren kodea: F2103929