70. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IMARKOAIN

Baratzeen emakida eta erabilera arautzen dituen ordenantzaren behin betiko onespena

Imarkoaingo Kontzejuko Batzarrak, 2020ko azaroaren 23an egindako bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Imarkoaingo Kontzejuko baratzeen emakida eta erabilera arautzen duen berariazko ordenantza. Erabakia 2021eko otsailaren 8ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (29. zk.), eta, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onetsirik gelditu da.

Imarkoainen, 2021eko martxoaren 10ean.–Kontzejuko burua, Ainhoa Arriaga León.

IMARKOAINGO KONTZEJUKO BARATZEEN EMAKIDA ETA ERABILERA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Imarkoaingo Kontzejuak herri-lurzati batzuk jarri ohi ditu udalerriko bizilagunen eskura, baratze modura erabil ditzaten.

Lurzatietan norberak kontsumitzeko produktuak landatu beharko dira, eta etxeko erabilerarako lagako dira.

Ordenantza honen bidez, ohitura hori arautu nahi da, duela hamarkada batzuetatik dauden emakidak mantenduta eta, aldi berean, eskaera berriei erantzun eta aprobetxamendu helburu hauek beteta:

–Nekazaritza tradizionalaren zenbait usadio eta ohitura berreskuratzea.

–Elikadura osasuntsua bultzatzea, produktu naturaletan oinarritua.

–Ingurumenarekiko ezagutza eta errespetua sustatzea.

–Herritarrek aisialdia bai gorputzerako bai bururako aberasgarriak diren jarduerekin bete dezaten bultzatzea.

–Adjudikaziodunen arteko giza harremanak, lankidetza eta laguntza bultzatzea.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da udal baratzeen emakida eta erabilera arautuko dituzten xedapenak ezartzea. Erabiltzaileek eta Imarkoaingo Kontzejuak bete egin beharko dituzte xedapen horiek.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Imarkoaingo Kontzejuaren jabetzakoak diren eta baratze modura erabiliko diren lursail orotan aplikatuko da ordenantza hau.

3. artikulua. Eskumenak eta zaintza.

1. Imarkoaingo Kontzejuak eginen ditu ordenantza honek ukitutako udal jabetzako lursailen erabilera zuzenaren zeregin teknikoak, zaintzakoak eta zehatzaileak.

2. Zeregin teknikoan sartzen dira baratzeak antolatzeko proiektuak egin eta/edo onestea, eta baratzeen eta haiei lotutako azpiegituren kontserbazioa, konponketak eta mantentze-lanak egitea.

3. Kontzejuko langileek edo Kontzejuak horretarako izendatutako edo ezarritako beste edozein bitarteko arduratuko da araudia betearazteaz. Haren zeregin nagusia izanen da lurzatiak eta horiei lotutako azpiegiturak ongi erabili eta aprobetxatzen diren ikuskatzea.

4. Egiten diren arau-hausteak salatu ahal izanen dituzte zaintzaz arduratzen diren langileek, eta arau-hausleak eta arau-hausteari buruzko datuak identifikatuko dituzte, baldin eta ezagunak badira.

II. KAPITULUA

Kontzejuko baratzeak adjudikatzeko eta erabiltzeko baimenen araudia

4. artikulua. Baratzeen erabileraren emakida.

Baratzeak emateko bi aukera egonen dira:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez.

1. Ordenantza honetan adierazitako kontzejuko baratzeen erabiltzaile izateko eskubidea izanen dute betebehar hauek betetzen dituzten familia-unitate guztiek:

1.1. Imarkoaingo Kontzejuan erroldaturik egotea, gutxienez ere bi urtez.

1.2. Imarkoainen bizitzea urtean bederatzi hilabetez jarraian eta egiazki, gutxienez.

1.3. Aipatu kontzejuarekiko betebehar eta arau guztiak egunean izatea, zerga betebeharrak barne.

2. Emakidaren titular bakoitzak gehienez ere baratze baten emakida eduki ahal izanen du, eta etxebizitza bati adjudikatuta egonen da. Lurzatiak sobera badaude bakarrik adjudikatzen ahalko da beste lurzati bat, sobera dauden baratzeak enkante bidez adjudikatzeko prozedurari jarraikiz (4. artikuluaren b) atala).

3. Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia-unitateko kidetzat hartuko dira.

4. Baratzeen erabilera prekarioan emanen da betiere.

Horren ondorioz, Kontzejuak edozein unetan baliogabetu dezake emandako erabilera baimena. Hori gertatuz gero, titulartasuna duenak berehala utziko dio emandako lurzorua erabiltzeari eta bertako jarduerak egiteari. Horretarako aski izanen da Administrazioak eskaera egitea, eta erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen inolako kalte-ordainik edo inongo kontzepturengatik konpentsazio ekonomikorik jasotzeko. Hori dela eta, emakidaren epea amaitzean edo emakida aurretiaz baliogabetzean, baldin eta halakorik gertatzen bada, lagatako baratzea Kontzejuari itzuli beharko dio erabiltzaileak, erabilera baldintza egokietan, erabat hustuta eta inongo oztoporik jarri gabe. Imarkoaingo Kontzejuak erabateko ahalmena izanen du laga diren baratzeetan eratutako erabilera eskubideak edo horien okupazioari buruzkoak amaitutzat jotzeko, eta, beraz, Kontzejuak administrazio bidetik berreskuratzen ahal du baratzeen jabetza. Halaber, administrazio bidezko utzarazpena berez erabaki eta gauzatzen ahal du, Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamenduaren arabera.

b) Sobera dauden baratzeak enkante bidez adjudikatzea.

1. Erroldaturik dauden herritarrei lehen adjudikazioa egin ondoren sobera dauden baratzeak enkantean jarriko dira, Kontzejuko Batzarrak ezarritako irteera preziotik abiatuta aurkeztutako eskaeren artean.

5. artikulua. Erroldatuen eskaera berriak aurkeztea eta emakidaren ebazpena ematea.

Kontzejuko buruak urtero irekiko du baratzeak adjudikatzeko eskaera berriak aurkezteko epea. Adjudikaziorako eskabideak jaso ondoren, adjudikazio-emaileen behin-behineko zerrenda eginen da. Baratzeak baino eskaera gehiago egonez gero, zozketa bidez erabakiko da emakida.

Zozketa egin ondoren, dagokion baratzea adjudikatuko zaio eskatzaile bakoitzari.

6. artikulua. Titulartasunen transferentziak.

a) Lursailen erabilera ezin dakioke inola ere beste inori laga edo besterendu. Halaber, debekaturik dago lursailak beste pertsona bati okupatzen edo erabiltzen uztea –osorik edo zati batean–, aldi baterako bada ere. Betebehar horiek ez badira betetzen, emakida automatikoki amaituko da, eta Kontzejuak lursailaren jabetza berreskuratzeko ahalmena izanen du. Horiek horrela, erabiltzaileak baratzea erabiltzen jarraitu nahi ez badu edo interesatzen ez bazaio, Kontzejuaren esku utzi beharko du.

b) Kontzejuak baratze horietakoren bat okupatu beharra badauka, baratze hori erabiltzen duenak lehentasuna izanen du baratze berri bat lortzeko orduan.

7. artikulua. Aprobetxamenduaren epea.

Lurraren aprobetxamendua eta erabilera urtebeterako emanen da, urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte. Baldintzak betetzen badira, emakida automatikoki berrituko da urtero.

Baratzearen adjudikaziodunak lagatzearekin ez jarraitzea erabakitzen badu, ezarritako epean jakinarazi beharko du, eta bere baratzea garbi eta hutsik utzi.

III. KAPITULUA

Kontzejuko baratzeen erabilera

8. artikulua. Baratzeen erabilera.

a) Eman zaion lursaila baratzetako soilik erabil dezake erabiltzaileak. Lortzen diren produktuak bakar-bakarrik etxeko kontsumorako izanen dira.

b) Erabiltzaileak landuta izan behar du lurzatia, gutxienez udaberri-udako laborantza sasoian.

Baratze bat abandonatutzat hartuko da ezarritako laboreak ez direla zaintzen garbi ikusten bada edo azaleraren % 50 basabelarrek hartzen badute, bai eta izurrite edo bizkarroiek, hainbeste izanik, ondoko lurzatietako laboreen osasuna arriskuan jartzen badute. Baratze bat abandonatua dagoenean, erabiltzaileak abisua jaso eta 15 egun natural izanen ditu behar bezala lantzeko. Epe horretan abandonatze egoera konpontzen ez bada, lagatzea deuseztatuko da.

c) Ezin da ez zuhaitzik ez zuhaixkarik landatu.

d) Debekaturik dago animaliak egotea edo edukitzea baratzeetan.

e) Debekaturik dago txabolarik edo bestelako eraikuntzarik paratzea baratzeetan. Debeku horretatik salbuetsita dago tresnak gordetzeko kutxa bat. Kutxak Kontzejuaren oniritzia jaso beharko dute.

9. artikulua. Mugen eta sarbideen mantentze-lanak.

a) Une oro errespetatuko dira Kontzejuak baratzeari ezarritako mugak. Ezin izanen da adjudikatutakoa ez den lursail edo lurzatirik landu edo okupatu.

Lurzatiaren adjudikaziodunak ezin izanen du lurzatiaren egitura aldatu, ezta haren mugak ere (hormekin, egurrekin, plastikoekin eta abarrekin). Baratzeetarako lurzatiak irekirik egonen dira, eta ezin izanen dira itxi Kontzejuak aldez aurretik baimena eman gabe.

b) Galarazita dago lurzatian elementu arrotzik paratzea, hala nola etxolak, eserlekuak, barbakoak, zoladurak, tresnak eta paletak gordetzeko kutxak eta abar. Galarazita dago, orobat, tokiko estetika aldatzen duen edozein material pilatzea edo uztea.

c) Galarazita dago landare igokariak edo ondoko lurzatietan sartu edo bertan itzala egin dezaketen elementuak paratzea.

10. artikulua. Ureztatzeko uraren erabilera.

a) Ura ondasun urria denez, baratzeen erabiltzaileek ura behar bezala erabiltzeko konpromisoa hartu behar dute.

b) Adjudikaziodunek konpromisoa hartzen dute ura erabiltzearen inguruan arduradunek ezartzen dituzten arauak betetzeko.

c) Ureztatzeko bidoiak edo deposituak jarri ahal izanen dira, eta egiturazko elementu mugikorren bidez altxa ahal izanen dira, baldin eta aldameneko lurzatian itzalik ez badago.

11. artikulua. Ikuskapenak.

a) Kontzejuak izendaturiko langileek aldian-aldian ikuskatuko dituzte lurzatiak, eta ez diote zertan aldez aurretik ohartarazi erabiltzaileari.

b) Ikusten badute aurreko arauak edo horietatik eratorritakoak ez direla bete, araua bete behar dela adieraziko diote erabiltzaileari. Adierazpen horiek bi aldiz eginen dira gehienez. Horiek iraganik, arau-hausteak jarraitzen badu, Kontzejuak amaitutzat joko du baratzearen adjudikazioa.

IV. KAPITULUA

Erantzukizunak

12. artikulua. Kanona.

Kontzejuak urteko kanon bat ordaintzeko eskatuko die adjudikaziodunei. Dena den, norbait egoera ekonomiko larrian badago eta gizarte zerbitzuek egoera halakoa dela berresten badute txosten baten bidez, kanon apalago bat kobratzeko aukera ere aztertuko da, eta are kanonik ez kobratzea ere.

13. artikulua. Fidantza.

Kontzejuko Batzarrak fidantza bat ezarri ahal izanen du ondasunak behar bezala erabiltzen direla eta ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla ziurtatzeko.

14. artikulua. Autoak erabiltzeko debekua.

Debekaturik dago baratzeetan ibilgailu motordunak edo atoiak aparkatzea.

V. KAPITULUA

Zehapenak

15. artikulua. Arau-hausteak.

Egitate hauek ohartarazpena egitea eta/edo emakida baliogabetzea ekarriko dute:

1. Ohartarazpena egiteko arrazoiak:

a) Baratzean mantentze-lanik ez egitea.

b) Baratzea ixtea.

c) Debekaturik dauden elementuak paratzea (adibidez, txabolak).

d) Baimendu gabeko tokietan ibilgailuak aparkatzea.

e) Ura behar bezala ez erabiltzea.

2. Egitate hauek emakida baliogabetzea ekarriko dute, eta, hala badagokio, egindako kaltea zuzentzea:

a) Baratzekoak ez diren landaketak egitea.

b) Baratze bakoitzari jarritako mugak aldatzea.

c) Animaliak eduki, ustiatu edo haztea.

d) Baratzearen erabilera eskualdatu edo lagatzea, Kontzejuaren baimenik gabe.

e) Baratzearen eta bere instalazioen ikuskapena egiten ez uztea Kontzejuko langileei.

f) Emakidak irauten duen bitartean kontrako bi ikuskapen txosten izatea.

g) Baratzean lortutako produktuak merkaturatzea.

h) Laga zaion lurzatia epearen barrenean ez itzultzea edo ez hustea, baldin eta Kontzejuak emakida baliogabetzea erabaki badu.

i) Ondoko baratzeei kalte egiten dieten landare inbaditzaileak, landare psikotropikoak, kalamua eta antzeko landareak landatzea.

j) Emakidak irauten duen bitartean bi ikuskapen txosten negatibo izatea.

k) Ohartarazpena egiteko arrazoi den egitateren bat berriz egitea.

l) 1. apartatuan bildutako edozein errekerimendu adierazitako epean betetzeari uko egitea.

16. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a) 1. puntuan bildutako zehapenei ohartarazpena egin eta diru zehapen bat ezarriko zaie; egindako kaltearen balioaren halako hiru eta halako bost artean ordainduko beharko da, hain zuzen. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.000 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

b) 2. puntuan bildutako arau-hausteek emakida baliogabetzea ekarriko dute; fidantza ere galduko da, eta, hala badagokio, eragindako kaltea konpondu beharko da.

c) Emakida baliogabetu zaien familia unitateek ezin izanen dute berriz ere eskabidea egin, baliogabetu zenetik 5 urte iragan arte.

17. artikulua. Administrazio prozedura.

a) Kontzejuko organo eskudunei dagokie halako kontzesio bat baliogabetu daitekeela edo, hala badagokio, emakida behin betiko baliogabetuko dela ohartarazteko prozedurak hastea, izapidetzea eta ebaztea.

b) Horretarako izendaturiko ikuskatzaileek egiaztatutako egitateek, salaketa dokumentuetan edo beste dokumentu publiko batean formalizatzen badira, froga balioa izanen dute, administratzaileek beren eskubideak edo interesak defendatzeko adieraz edo aurkez ditzaketen frogei kalterik egin gabe.

VI. KAPITULUA

Emakida azkentzea

18. artikulua. Emakida indargabetzeko arrazoiak.

Aitzineko artikuluetan adierazitako kasuak alde batera utzita, emakida indargabetzeko arrazoi garbiak izanen dira honako hauek:

a) Emakidaren beraren edo berritzearen epea bukatzea.

b) Erabiltzaileak berak borondatezko baja eskatzea.

c) Titularraren heriotza edo baliaezintasuna. Kasu honetan, ondorengo ahaideei edo bizikideei emanen zaie (baldin eta baldintzak betetzen badituzte).

d) Imarkoaingo udalerriko biztanleen erroldan baja ematea.

e) Kontzejuko jardueretarako edo jendearen intereseko arrazoietarako Kontzejuak lurra behar izatea.

f) Honako ordenantza honetan ezarritako baldintzak eta/edo betebeharrak ez betetzea, zehapenen kapituluak adierazten duen bezala.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Ordenantza hau onetsi aurretik Kontzejuak egindako baratze emakidetan ere aplikatuko da ordenantza, honako baldintza hauen arabera:

1. Indarrean jarri eta 3 hilabeteko epean, baratze horien erabilera ordenantzan araututakora egokitu beharko da.

Epea bukaturik, egokitu ez badira, emakida indargabetuko da.

2. Baratze horien erabileren emakida epea –ordenantzaren 7. artikuluan ezarria– indarrean jartzean hasiko da.

3. Enkantean jarritako baratzeetan, itundutako baldintzak mantenduko dira, baldin eta emakida epea amaitu ez bada. Epe hori amaitu ondoren, araudi hau aplikatuko zaie.

Iragarkiaren kodea: L2103910