70. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARROITZ

Pasabideak arautzen dituen udal ordenantzaren behin betiko onespena

2020ko azaroaren 26an egindako osoko bilkuran, Arroizko Udalak erabaki zuen hasiera batean onestea udalerrian pasabideak instalatzea arautzen duen udal ordenantza. Erabakia 2021eko urtarrilaren 7an eman zen argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean (3. zenbakia).

Jendaurreko epea iragan denez inork alegaziorik edo erreklamaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsirik gelditzen da, eta haren testu osoa ematen da jarraian, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin.

Arroitzen, 2021eko martxoaren 5ean.–Alkatea, Antonio Ángel Moleón Segura.

PASABIDEAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
(GARABI ZERBITZURIK GABE)

1. artikulua. Oinarria.

Ordenantza honetako tasa martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen 100.4 artikuluari jarraituz ezarri da. Foru Lege horrek Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatu zuen, tasei eta prezio publikoei dagokienez.

2. artikulua. Definizioa.

Pasabidea honetara definitzen da: bide publikoko tarte bat erreserbatzea, espaloiaren egitura eta haren zintarria aldatuz edo aldatu gabe, ibilgailuak pareko eraikinera sartu edo handik atera ahal daitezen.

Erreserbak ordenantza honetan ezartzen diren seinaleak izan beharko ditu; horien xedea izanen da ibilgailuak aparkatzea galaraztea horretarako seinalatutako aldean.

3. artikulua. Zerga-egitatea.

Zerga-egitatea da eremu publikoan edo erabilera publikoko lurretan honako aprobetxamendu hauek egitea:

a) Espazio publikoa erreserbatzea, erabilera pribatuko eraikin eta orubeetan 2 gurpil edo gehiagoko ibilgailuek sarbidea edo pasabidea izan dezaten, sestra aldatuz nahiz aldatu gabe.

4. artikulua. Subjektu pasiboak.

Honako hauek behartuta daude ordaintzera:

a) Udal lizentzien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak.

b) Ibilgailuen sarbideak eta pasabideak zer eraikinetan ezarri diren, haien jabeak.

Aurrekoa alde batera utzita, minusbaliotasun fisikoak dituzten pertsonentzat espazio publikoa erreserbatzeko egiten diren aprobetxamenduengatik ere ez da dagokion tasa ordaintzeko eskatuko, baldin eta desgaitasunen bat duten pertsonek aparkatzeko txartelak badituzte; halakoetan, desgaitasunen bat duten pertsonendako aparkatze txartelak arautzen dituen udal ordenantzari jarraituko zaio.

5. artikulua. Karga oinarriak.

Karga oinarriak izanen dira ibilgailuen sarbide edo pasabideen luzera, metro linealetan neurtua, eta higiezinaren edukiera; biak 1. eranskineko tarteetan zehazturik daude.

6. artikulua. Tasak.

Arroizko Udalaren osoko bilkurak tasak onetsiko ditu urtero, ordenantza honetako 1. eranskinean ageri den baremoa oinarritzat hartuta.

7. artikulua. Tributu kuota.

Tributu kuota zehazteko, karga oinarriari dagozkion tasak aplikatuko zaizkio.

8. artikulua. Ordainketa.

Tasa ordaindu beharra aprobetxamendua ematen denean sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasten bada.

Hala ere, toki entitateak aprobetxamenduari dagokion zenbateko osoa edo horren zati bat eskatzen ahalko du aurretik.

9. artikulua. Likidazioa.

Tasaren likidazioa urtero eginen da, dagokion ekitaldi ekonomikoko urtarrilaren 1etik 31ra arte, deusetan ukatu gabe prezioa hiru hilean behin hainbanatzea, egon diren altetarako.

Bajarik izanez gero, ordea, ez da hiruhilekoko hainbanaketa inolaz ere itzuliko.

10. artikulua. Ikuskapena.

Halako lokal edo gune batean lizentziarik gabe aprobetxamendu hori egiten badute, Udaleko Ikuskaritza Zerbitzuak horren berri emanen dio Udalari.

11. artikulua. Iruzurra.

Iruzurtzat hartuko da behar den baimenik eskatu gabe aprobetxamendua egitea.

Gainerako arau-hausteetan eta zehapenei dagokienez, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio, edo, bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta harekin bat datozen arauetan agindutakoari.

12. artikulua. Eraikuntzaren ezaugarriak eta bereizgarriak.

1. Forma. Pasabidea egitean, ez da aldatuko sestra ofiziala fatxadaren eta espaloiaren arteko elkarguneak eratzen duen lerroan.

2. Obrak. Titularrak izendaturiko pertsona eskudunek eginen dituzte pasabideak egiteko, aldatzeko edo kentzeko obrak, baina betiere udal zerbitzuek ikuskaturik.

3. Materialak. Materialak eta eraikuntzaren ezaugarriak Arroizko Udalak zehaztuko ditu, obra lizentzia ematean.

4. Pasabideen edo ibilgailuen sarbideen luzera. Pasabide eta ibilgailuen sarbide bakoitzaren luzera, zintarriaren gainean neurtua, lokalaren sarbidea gehi % 25 izanen da, gehienez ere, eta betiere Udalak baimentzen duena.

5. Gau eta eguneko pasabideen ezaugarriak plaka bereizgarri batean agertuko dira; haren eredua Udal txit gorenak zehaztuko du, bera izanen baita haren jabea. Sarbideko atarian paratu beharko da.

6. Pasabideko zintarriak horiz pintatu beharko dira, eta udal zerbitzu eskudunek finkatzen dituzten arauei jarraikiz, jabearen kontu betiere.

13. artikulua. Administrazio emakida.

1. Pasabideak gau eta egunekoak baizik ez dira izanen. Ibilgailuak eguneko 24 orduetan iragaten ahalko dira; hortaz, debeku izanen da haren aitzinean aparkatzea, baita pasabidearen titularrarenak diren ibilgailuentzat ere. Hala ere, ibilgailuek pasabidearen aitzinean aparkatzen ahalko dute, betiere gidaria ibilgailuan badago, pasabidea erabili behar denean ibilgailua lekuz aldatu ahal izateko.

2. Finken eta negozio lokalen jabe edo errentariek pasabide lizentzia eskatzen ahalko dute, eta haien titularrak izaten ahalko dira. Emakidaren titularra da beti pasabide lizentziak sortutako betebehar guztien erantzule.

3. Eskaera idatziz eginen zaio Arroizko Udal txit gorenari, eta pasabidea egiteko obra-lizentzia eskatu, eta dagokion tasa eta/edo zerga ordaindu beharko da. Pasabidea egiteko lizentzia eman ahal izateko, pasabide horrek baimena izan beharko du, eta tasa eta/edo dagokion zerga ordaindu.

4. Azkenik, kontuan izanen da Arroizko Udalak ez duela garabi zerbitzurik, eta, beraz, pasabidearen bidez baimendutako administrazio emakidari dagokionez, bertan gaizki aparkatuz gero, ezin izanen da bermatu berehala erabili ahal izatea ezta emakidaren funtzioa betetzea ere, hargatik eragotzi gabe arau hausleari egitate horregatik dagokion zehapena, ordenantza honen 17. artikuluan araututakoaren arabera.

14. artikulua. Lizentziak.

1. Ordenantza honetan arautzen diren pasabide lizentziak ematea aukerakoa izanen da beti, prekarioan eta hirugarrenei kalte egin gabe. Hortaz, ez du titularrarendako eskubide subjetiborik sortzen, eta horrek kendu eta espaloia eta zintarria lehengoratu beharko ditu, bere kontura, Udalak horren errekerimendua egiten badio, edo, betiere, edozein arrazoirengatik baja ematen badiote.

2. Pasabide lizentzia edo ibilgailuen sarbiderako lizentzia eskuratzeko, eskatzaileek honako hau egiaztatu behar dute:

a) Etxebizitzak badira:

Legez garajea edo aparkalekua izatera behartutako eraikina izatea.

Borondatez edukitzea, ibilgailu bat edo gehiago sartzeko edukiera duela.

b) Merkataritza, industria eta negozioko establezimenduak badira:

Haien ezaugarriengatik ibilgailuak sartu eta ateratzen ibili behar izatea.

3. Pasabidearen edo ibilgailuen sarbidearen eskariarekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzaileak lokala bestelako jardueratarako erabiliko ez duela adierazten duen aitorpena.

b) Lokalak zenbat ibilgailu eduki ditzakeen adierazten duen aitorpena.

c) Ibilgailuendako gordeko den azalera adierazten duen aitorpena.

d) Sarbidearen zabalera librea.

4. Orokorrean, ez da pasabiderako lizentziarik emanen 12.4 artikuluan zehaztu baino leku gehiago erreserbatzera behartzeko. Salbuespena eginen da minusbaliotasuna dutenen kasuan, Arroizko Udaleko Gizarte Zerbitzuek aitzinetik txostena eginda.

5. Pasabidearen lizentziaren titularrek baimena eskatu beharko diote Arroizko Udalari, bertan edozein aldaketa egiteko. Handitzeko eta lekuz aldatzeko, lizentzia berria eman beharko da, eta, hortaz, ordenantza honetan xedaturiko izapide eta baldintzak bete beharko dira. Lekuz aldatzen denean, utzitako pasabidea kentzeagatik sortutako gastuak ere ordainduko ditu titularrak.

6. Pasabide lizentziak edo ibilgailuen sarbiderako lizentziak baliorik gabe geratuko dira, ordenantza honetan ezarritako edozein betebehar bete gabe utziz gero.

15. artikulua. Titularraren betebeharrak.

Honako betebehar hauek izanen ditu titularrak:

1. Pasabidea egokitzeko obra guztiak bere kontura egitea.

2. Zintarria eta gainerako seinale edo adierazgarriak margotzea udal administrazioak eskatzen duen aldiro.

3. Pasabidea eta plaka bereizgarria ongi zaintzea. Udalak emanen dio plaka, behar den zenbatekoa ordaindutakoan.

4. Zoladura berritzea Udalak agintzen duenean, ibilgailuen joan-etorriak direla eta haren egoera ona ez bada.

5. Adjudikatutako pasabidea udalaren esku jartzea, inolako kalte-ordainik gabe, salbuespenezko egoeretan udal zerbitzuek erabili behar dutenean: jaietan, obretan eta antzeko egoeretan.

6. Lizentziaren titularrak aprobetxamendua bukatu eta gero baja ematera beharturik daude, eta, behar izanez gero, Udalak utzitako diskoak itzultzera eta espaloia eta zintarria lehengoratzera. Horrela egiten ez bada, aprobetxamenduak jarraitzen duela ulertuko da, harik eta espaloiak eta zintarria zeuden bezala utzi eta diskoak itzuli arte.

7. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin badakar toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasa eta/edo zergaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraikitzeko edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutzera ere.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan entitateari.

16. artikulua. Pasabide lizentziak baliogabetzea.

Pasabide lizentziak baliorik gabe geratuko dira ordenantza honetan ezarritako edozein betebehar bete gabe utziz gero, eta, espresuki, honako hauengatik:

1. Ordainketak egunean ez izateagatik.

2. Kontzesioa emateko inguruabarrak aldatzeagatik.

3. Plakak aldatu edo moldatzeagatik.

17. artikulua. Arau-hausteak.

Tributuen arloko araudian, bide segurtasunarenean edo gainerako araudi administratiboan ezartzen diren arau-hausteak eta arlo zibilean edo penalean gerta litezkeen erantzukizunak deusetan galarazi gabe, honela tipifikatzen dira ordenantza honen aurkako arau-hausteak:

1. Arau-hauste arinak.

1.1. Pasabidea identifikatzeko plaka egoera onean ez kontserbatzea.

1.2. Sartzeko ateko toki ikusgarri batean ez jartzea pasabidea identifikatzeko plaka.

1.3. Ordenantza hau ez betetzea dakarren eta arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez den beste edozein ekintza edo omisio.

2. Arau-hauste astunak.

2.1. Pasabidearen edo erreserbagunearen parean traba edo oztoporen bat jartzea, pasabideak zaintzen duen tokira sartzea galarazi edo eragozten duena.

2.2. Zoladura ez berritzea Udalak hala agintzen duenean.

3. Arau-hauste oso astunak.

3.1. Plaka ofiziala ez den beste bat erabiltzea pasabidea seinaleztatzeko. Dagokion zehapena jartzeaz gain, egintza jurisdikzio penalera helarazten ahalko da faltsutze delituagatik.

3.2. Baimendutako ordutegia ez den beste bat jartzea plakan. Dagokion zehapena jartzeaz gain, egintza jurisdikzio penalera helarazten ahalko da faltsutze delituagatik.

3.3. Udalari ez jakinaraztea lizentzia emateko oinarri izan ziren inguruabarren aldaketa, lokalaren titulartasunaren aldaketa, handitzeak edo lekualdatzeak.

3.4. Beste titular baten lizentzia (pasabidearena edo erreserbarena) erabiltzea eskualdaketarako baimena eman gabe.

3.5. Udalak agintzen dituen segurtasun neurriak ez betetzea.

3.6. Lokalean ibilgailurik ez gordetzea.

3.7. Pasabidearen aprobetxamendu berezia egitea behar den baimena izan gabe.

18. artikulua. Zehapenak.

1. Honako zehapen hauek ezarriko dira aurreko artikuluan tipifikatutako arau-hausteengatik:

–Arau-hauste arinak: 100 euro arteko isuna.

–Arau-hauste astunak: 200 euro arteko isuna.

–Arau-hauste oso astunak: 500 euro arteko isuna.

Arau-hauste larrien eta oso larrien kasuan, isun ekonomikoaz gain, lizentzia indargabetzen ahalko da.

2. Zehapenak mailakatzeko, egintzaren garrantzia, interes publikoari eragindako kaltea eta arau-hauslearen berrerortze-maila hartuko dira kontuan.

3. Isunak jartzea alkatearen eskumena da, horretarako espedientea izapidetu ondoren, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta legeak garatzeko erregelamenduetan ezarritakoari jarraikiz.

4. Zehapen-espedientea ebatzi baino lehen ordaintzen ahal dira isunak; ondorioz,

Ordenantza honetan araututako arloan jarraitu beharreko zehapen prozedura urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian ezarrita dagoena izanen da; berariaz ezartzen da ezen isuna borondatez ordaintzen baldin bada (salaketa helarazteko egintzan edo jakinarazi eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean) zehapen prozedura amaituko dela, honako ondorio hauekin:

–Zehapenaren % 50 murriztea.

–Alegazioak egiteari uko egitea. Halakoak eginez gero, ez aurkeztutzat joko dira.

–Prozedurari bukaera ematea, berariazko ebazpenik eman behar izan gabe, ordainketa egiten den egunean.

–Administrazio bidea amaitzea; administrazioarekiko auzien organo jurisdikzionalean soilik aurkezten ahalko da errekurtsoa.

–Administraziorekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea ordainketa egiten den unean hasiko da, eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

–Zehapena administrazio bidean irmo bihurtuko da ordainketa egiten den unean, eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorio guztiak.

5. Zehapena jarri arren, araua hautsi duen pertsonari eska dakioke aldatutako egoera lehengoratzeko, baita zehatutako egintzek eragindako kalte-galerak ordaintzeko ere.

Kalte-galerak Udalaren titulartasuneko ondasunetan sortzen direnean, Udalak, zerbitzu tekniko eskudunek tasazioa egin ondoren, konponketaren zenbatekoa zehaztuko du, eta horren berri emanen dio arau-hausleari edo arau-haustearen erantzuleari, ezartzen den epean ordainketa egin dezan.

19. artikulua. Zehapen prozedura.

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko zehapen prozeduraren Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuan (otsailaren 4ko 137/2000 Errege Dekretuak aldatua) ezarritako prozedurari jarraituko zaio ordenantza honek arautzen dituen gaietan; aldiz, hartan aurreikusirik ez daudenetan, Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua aplikatuko da (abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsia).

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa. Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Bigarrena. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoaren arabera, ordenantza hau, lege horren 325. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz behin betiko onetsirik, indarrean sartuko da, eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua osorik argitara ematen den egunetik hasita.

1. ERANSKINA

Tarifak

1. tarifa: 5 plaza arteko higiezinak.

2. tarifa: 6 eta 10 plaza arteko higiezinak.

3. tarifa: 11 eta 20 plaza arteko higiezinak.

4. tarifa: 21 eta 30 plaza arteko higiezinak.

5. tarifa: 31 eta 40 plaza arteko higiezinak.

6. tarifa: 41 eta 50 plaza arteko higiezinak.

7. tarifa: 51 eta 60 plaza arteko higiezinak.

8. tarifa: 61 eta 70 plaza arteko higiezinak.

Gainerako kasuetan, alegia, hiruretan hogeita hamar plaza baino gehiago dituzten etxeetan, metro lineala 8 euro garestiago izanen da hamar ibilgailuko tarte bakoitzeko.

–Pasabideak (metro lineal bakoitzeko prezioa, urtean).

• 5 plaza artekoak: 50 euro.

• 6 eta 10 plaza artekoak: 58 euro.

• 11 eta 20 plaza artekoak: 66 euro.

• 21 eta 30 plaza artekoak: 76 euro.

• 31 eta 40 plaza artekoak: 85 euro.

• 41 eta 50 plaza artekoak: 84 euro.

• 51 eta 60 plaza artekoak: 107 euro.

• 61 eta 70 plaza artekoak: 111 euro.

–Pasabidearen plaka: erosketa kostua.

Iragarkiaren kodea: L2103844