7. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

2021eko lan-egutegia

Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburuak 631/2020 Ebazpena eman zuen 2020ko abenduaren 15ean. Hona hemen testu osoa:

Ikusirik ezen, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 18ko 217/2020 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2021eko jaiegunen egutegi ofiziala ezarri zela.

Ikusirik 819/2020 Ebazpena, azaroaren 4koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez zehazten baitira ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2021eko jaiegunak, Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

Ikusirik funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen lan baldintzak ezartzeko akordio kolektiboa eta udal honetako lan-kontratudunen lan hitzarmen kolektiboa.

Udaleko langileen ordezkari sindikalekin egin beharreko hitzarmena bukatuta.

Horrenbestez, kontuan hartuta espedienteko dokumentazioa, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1.985 Legearen 21.1.h) artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Oltza Zendeako Udalaren zerbitzuko langileen 2021eko aste barreneko jaiegunen egutegia onestea. Hona hemen:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Urtarrilaren 7a: Ororbiako herriko jaia.

–Urtarrilaren 8a: herriko jaiaren zubia.

–Martxoaren 19a: San Jose.

–Apirilaren 1a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 2a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 5a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Abuztuaren 20a eta 23a: Ororbiako bestak.

–Urriaren 11: Espainiako jai nazionalaren zubia.

–Urriaren 12a: Espainiako Jai Nazionala.

–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 7a: Andre Maria Sortzez Garbiaren zubia.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Bigarrena.–Oltza Zendeako Udalaren administrazioan eginen den lanaldiaren urteko kopurua, abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuaren arabera, 1.592 ordukoa izanen da, eta honela banatuko da:

Astelehenetik ostiralera, eguneroko lanaldia izanen da, oro har, 7 ordu eta 20 minutukoa. Nahitaez lan egin beharko da 9:30etatik 14:30ak arte; gainerako bi ordu eta hogei minutuak egiteko langileek malgutasuna izanen dute, 7:00etik 16:30 arte. Orobat, kirol eta kultur koordinatzaileak asteazken arratsaldeetan ordu bat eta berrogei minutuz lan egin beharko du nahitaez. Hortaz, lanpostu horren ordutegi malgua, astelehenetik ostiralerako goizaldeetan, bi ordutara mugatuko da.

Zerbitzuaren beharren mendekoa ez den lanaldi murriztua duten langileen kasuan, nahitaez bertan egoteko denbora egokitu eginen da, ahal den neurrian, murrizketaren ebazpenean baimendutako ordutegira, edo, bestela, langilearekin adostuko da zerbitzuaren beharren arabera.

Hirugarrena.–Oltza Zendeako Udalaren zerbitzuko langileen lanaldiaren malgutasuna handitu da, langileek laneko eta familiako eginkizunak batera eramatea errazago izan dadin. Hona hemen jarraibideak:

1. Enplegatu bakoitzak gehienez 10 orduko saldo positibo edo negatiboa izaten ahalko du 7 ordu eta 20 minutuko lanaldiarekiko. Saldo hori egunero gaurkotuko da lanera agertzeko kontrol sistemaren bidez eta konpentsatuko da hilabete natural bakoitzaren barrenean, egiatan lan egindako ordu guztiak eta hilabete natural bakoitzean egin beharreko lanorduak berdinak izan daitezen.

2. Nahitaezko lanaldia izanen da 9:30etik 14:00ak arte eta langile bakoitza kanpoan egon daiteke gehienez 25 orduz urtean; nolanahi ere, lantokian egon gabeko ordu horiek konpentsatu beharko ditu urtean zehar lan eginda.

Laugarrena.–Lanera agertzea kontrolatzeko, bertaratu direnen kontrolerako sistema automatikoa erabiliko da, eta enplegatu guztiek lanpostura sartzean eta bertatik ateratzean fitxatu beharko dute nahitaez. Hala egin beharko dute lanaldiaren hasieran eta amaieran, baita lanaldiaren barnean irteten eta itzultzen diren bakoitzean ere.

Bosgarrena.–Langileek lanaldiaren barnean gehienez hogeita hamar minutu iraunen duen atsedenaldia izanen dute. Atsedenaldi horri dagokionez, bulegoetako langileek nahitaez fitxatu beharko dute sartu-ateratzeetan.

Seigarrena.–Baliogabeak izanen dira, 2021. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak eta ebazpen honen lehenbiziko xedapenean adierazitako jaiegunak, salbu eta urtarrilaren 8a, abuztuaren 20a, abuztuaren 23a, urriaren 11 eta abenduaren75a, horiek jaiegunak izanen baitira.

Zazpigarrena.–Udal administrazioaren zerbitzuetako premiak direla-eta, eta behar bezala jardun ahal izateko, kontabilitate, herritarrendako laguntza eta idazkaritza zerbitzuetan eta zerbitzu anitzetan-albiente lanetan, bertako langileek ezin izanen dituzte oporrak batera hartu.

Orobat, garbiketako langileen kasuan, medikuaren kontsultategiaren garbiketa 14:00etatik 16:00etara egiten saiatuko dira, osasun langileei trabarik ez egiteko.

Zortzigarrena.–Prestakuntza ikastaroetan parte hartzea.

Prestakuntza ikastaroetara joateko erabilitako denbora lan denboratzat hartuko da baldin eta ikastaroek lanpostuko eginkizunekin zerikusirik badute, lanaldian egiten badira eta zerbitzuaren beharrek uzten badute, betiere dagokion organoak aldez aurretik baimena emanda.

Oltza Zendeatik kanpo egiten diren ikastaroen kasuan, ikastaroaren benetako iraupenari kasuan kasuko herrira egin beharreko joan-etorriaren denbora gehituko zaio. Iruñerriko herrietan, joan-etorria egiteko kalkulatutako denbora 60 minutukoa izanen da (joan-etorria guztira).

Ikastaroaren iraupena 5 ordukoa edo hortik gorakoa bada eta bertaratuta egin beharrekoa, lanaldi osoa bezala kontatuko da.

Oro har, lanordutik kanpo egiten diren prestakuntza ikastaroengatik ez da inolako ordu edo diru konpentsaziorik izanen. Urteko lanorduen kontaketaren ondorioetarako, prestakuntzan emandako denbora kasu honetan baizik ez da lan denboratzat hartuko: Administrazioak erabakitzen duenean, lanpostuak bere dituen eginkizunak ongi betetzeko, nahitaezkoa dela prestakuntza ikastaroetara joatea. Halakoetan, langileek eskubidea izanen dute zerbitzuaren arrazoiak direla-eta izandako gastuengatik ezarrita dauden kalte-ordainak eta/edo ordu konpentsazioa jasotzeko.

Euskara ikastaroak egiteko ordu eta diru konpentsazioak, behar bezala baimenduak, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 17ko 1311/2010 Ebazpenean arautzen dira, haren bitartez parekatzen baitira ekainaren 21eko 195/1993 Foru Dekretuan ezarritako euskara ikastaroak egiteko ordu konpentsazioak gaur egungo prestakuntza jardueretara.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan jasotako neurriak eta, bereziki, lan-ordutegia malgutzeari buruzkoa, egunero laneratu beharrari buruzkoa edo beste batzuk, aldatzen ahalko dira COVID-19aren ondoriozko osasun krisiak sortutako egoeraren arabera, horrek izanen baitu lehentasuna.

Hamargarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita, ediktuen bidez, Oltza Zendeako Udalaren iragarki oholean ere.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honen berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo osoko bilkura arruntean.

Aditzera ematen dut, jakin dadin eta ondorioak izan ditzan. Halaber, ohartarazten dut erabaki horren aurka errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela:

1. Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

2. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik aurrera.

3. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Oltza Zendean, 2020ko abenduaren 15ean.–Alkate udalburua, Moisés Garjón Villanueva.

Iragarkiaren kodea: L2015526