69. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UKAR

Ordenantza fiskala, Udalaren hilerria erabiltzeko eta zerbitzuak emateko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Ukarko Udalak, 2020ko abenduaren 17an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udalaren hilerria erabiltzeko eta zerbitzuak emateko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Onespenaren erabakia 2020ko 302. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 30ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Ukarren, 2021eko otsailaren 24an.–Alkate udalburua, Carlos Lecumberri Erro.

ORDENANTZA FISKALA, UKARKO UDALAREN HILERRIA ARAUTZEN DUENA

Zerbitzuak ematea eta erabiltzeko tasak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Ukarko Udalari dagokio udal hilerria administratzea, zuzentzea eta zaintzea, jarraian ematen direnekin bat: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 4., 25. eta 26. artikuluak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 4. eta 29. artikuluak, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 12. eta 100. artikuluak. Eta hori guztia, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak.

2. artikulua.

Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak honako ahalmen hauek dakartzate berekin:

a) Hilerriko higienearekin eta osasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua.

Udalaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua. Ordenantza honetan arautzen diren hilerriko zerbitzuak erabili nahi dituztenek Ukarko Udalari egin behar diote eskaera.

4. artikulua.

Behar bezalako gizalegea eta errespetua agertzen ez dituzten edo edozein modutan lekuaren berezko baitaratzea hausten duten pertsonei han egotea galaraziko zaie. Debeku da edozein motatako animaliak sartzea, itsu-txakurrak izan ezik.

5. artikulua.

Hilerrian, lur ematen ahalko zaio ehorzteko ekartzen den edozein hilotzi, kasu hauetakoren bat bada:

a) Heriotza egunean Ukarren erroldatutako herritarren hilotzak.

b) Goiko baldintza ez bete arren, aurrekoak, ondorengoak, ezkontidea edo izatezko bikotekidea Ukarko hilerrian lurperatuta dituztenen hilotzak.

c) Etxebizitzarik ez duten eta Udal mugartean hiltzen diren pertsonak.

d) Epaile batek agindutako ehorzteak.

Ehorzketa eginen da hildakoaren ahaidea dagoen lekuan. Halaber, legezko tramiteak bete behar dira eta, ehorzteko eskubideak lortzeko, ordenantza honetan ezarritako kostuak eta/edo tasak ordaindu behar dira.

6. artikulua.

Ezin izanen da zementuzko itxiturarik edo lauzarik jarri. Hilarriak hobiaren buruan jarriko dira, lurzoruan edo tripode batez, horiek mugitu ahal izateko makinekin pasatu behar denean.

Ordenantza honen onespenak ez dakar berarekin hilobien gainean jada jarrita daudenak kendu beharra, beharrezko kasuetan izan ezik.

7. artikulua.

Udalak ez du inolako erantzukizunik bere gain hartuko hilerriaren esparruan gertatzen ahal diren lapurretengatik edo kalteengatik.

8. artikulua.

Titularren ardura da hilobiak segurtasun, higiene eta apaindura baldintza egokietan mantentzea. Kontserbazio egoera egokia ez denean, Udalak interesdunei eskatuko die 30 egun naturaleko epean beharrezko lanak egin ditzaten hori konpontzeko.

Epe hori iraganik, Udalak eginen ditu lan horiek modu subsidiarioan, eta sortzen den kargua titularrei pasatuko die.

II. KAPITULUA

Ehorzteak, desobiratzeak, lekualdatzeak eta autopsiak

9. artikulua.

1. Hilotzak edo gorpuzkiak ehortzi, hobitik atera eta lekuz aldatzeko, Hileta-Osasunari buruzko Erregelamenduaren arauei eta kapitulu honetan xedatutakoari jarraituko zaie.

2. Lekua aurreztu beharrez, familia batek baldin badauka ehorzketa bat gutxienez 10 urte lehenago egindakoa, beharturik dago ehorzketa berria leku horretan egitera, eta ezin du beste leku batean egin.

Azken ehorzketatik ez badira iragan 10 urte, ehorzketa beste leku batean egiten utziko da. Kasu horietan, 10 urte iragan ondoren, nahitaezkoa izanen da gorpuzkiak familia hilobira eramatea.

3. Gorpu-hondakinak dituzten hilobietan ehorzteko, aldez aurretik horiek kendu beharko dira, eskubidearen titularrari edo hark eskuordetutako pertsonari abisua emanda; beste gorpu bat utzi behar denean, gorpu-hondakin horiek berriz ere ehorzten ahalko dira.

4. Osasun baimena beharrezkoa izanen da hilotzak edo gorpu-hondakinak atera edo ehorzteko, hilerri honetara edo beste hilerri batera eraman nahi direnean, Hileta-Osasunari buruzko Erregelamenduan ezarritako kasuetan (urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretua). Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz eginen dira jarduketa horiek guztiak, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

10. artikulua.

Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere, eta bi kasuetan hilobiaren gaineko eskubidearen titularraren eskabidea beharko da. Hilotzak hobitik ateratzen badira hilerriaren barreneko beste hilobi batera eramateko, zein hilobitan berrehortzi nahi den, haren gaineko eskubidea duen titularraren baimena beharko da.

11. artikulua.

Hilobitik ateratzea, ehorzketa berriak egiteko. Okupatu gabeko guneak agortu ondoren, lehenbiziko desobiratzeak ehorzketa zaharrenetako eremuan eginen dira, eta ordena hori ezin izanen da aldatu. Desobiratzen hasi baino lehen, saiatu beharko da familiakoei behar besteko aurrerapenez jakinarazten.

12. artikulua.

Beste hilerri batetik ekarritako hilotzak ehorzteko ezin izanen da lur berria okupatu; hildako ahaide baten hilobian jarri beharko dira.

III. KAPITULUA

I. ATALA

Ehorzketa-eskubideak oro har

13. artikulua.

Ukarko hilerrian bi hilobi mota baino ez dira egonen:

a) Ehorzketa lurrean (ez panteoiak).

b) Kolunbarioak.

14. artikulua.

Lurreko hilobien erabileraren gaineko ehorzte-eskubidea kontzesio egintzaren bidez sortuko da, eta horrek dakar ordenantza honetan ezarritako tasa ordaindu beharra.

Udalak eman eta aitortuko ditu ehorzketa-eskubideak, ordenantza honen printzipioei jarraikiz.

15. artikulua.

Eskaera egiten duen pertsona izanen da lurreko hilobia erabiltzeko kontzesioaren titularra.

II. ATALA

Ehorzketa-eskubidea iraungitzea

a) Hilobia abandonatzeagatik. Horrelakotzat joko da eskubidearen titularrak egin beharreko garbiketetan eta mantentze-lanetan modu agerian arreta ez jartzea, horretarako aitzinetik egindako errekerimenduari ez aditu eginik.

b) Eskubidearen kontzesio epea iragateagatik luzapena eskatu gabe, edo luzapenaren epea iragateagatik.

c) Kontzesioa amaitu baino lehen, kolunbarioak edo lurreko hilobiak nahita desobiratzeagatik edo husteagatik.

d) Ordenantza fiskalean ezarritako tasak ez ordaintzeagatik.

e) Titularrak uko egiteagatik.

Aldi baterako kontzesio epea amaitu eta gero, gorpuzkiak hobitik atera eta hezurtegi orokorrera eramaten ahalko dira, salbu eta ahaideek beren kargura dagoen gorpuzkietarako beste hilobi edo kolunbario batera lekualdatzea erabaki badute.

III. ATALA

Erregistroa

16. artikulua.

Ehorzketa-eskubide guztiak dagokien erregistro liburuan inskribatuko dira. Erregistroa Ukarko Udalaren Idazkaritzan eginen da.

IV. KAPITULUA

Hilobiak eraikitzea, mantentzea eta zaintzea

17. artikulua.

Eskubideen titularren kargura izanen dira norberak eraikitako hilobiak konpontzeko eta zaintzeko obrak eta Udalak eraikitako hilobietan hilarriak eta osagarriak edo apaingarriak jartzea.

18. artikulua.

Lurreko hilobietan, baimena emanen da gurutze edo antzeko bakar bat jartzeko hilobiko. Honako baldintza eta gehieneko neurri hauei jarraitu behar zaie:

–Gurutzeak: Altuera, 1,20 m.

–Hilarriak: 1,05 × 0,60 × 0,30 m, posizio bertikalean jarriak.

Ezin da ezer eraiki, ezta inongo egiturarik jarri ere, hilobiaren gainean. Ezin da jarri hesirik edo itxiturarik ere.

Gomendatzen da zuhaitz, landare, heskai eta bestelako landare-elementurik ez landatzea. Landatzen badira, ez dira 100 cm-tik gorakoak izanen.

V. KAPITULUA

Udalaren kolunbarioa

19. artikulua. Kontzeptua.

Kolunbarioak dira gorpuak edo gorpuzkiak erraustutzetik heldu diren errautsak gordetzeko tokiak.

20. artikulua. Kokapena.

Kolunbarioak Udalaren hilerrian daude eta honako hauetatik heldu diren errautsak biltzen ahalko dituzte:

–Gorpu bakar baten edo horren gorpuzkien errausketa.

–Nitxo beretik atera diren gorpuzkiak.

Gehienez, hiru errauts-urna edo kutxatila gordetzen ahalko dira Ukarko kolunbarioetan, betiere tokietako neurrien arabera. Salbuespenez, behar bezala arrazoituta, Udalak beste kasu batzuk ebazten ahalko ditu.

21. artikulua. Xedea.

Udalerrian erroldatutako, bertan jaiotako edo udalerriarekin lotutako pertsonen errautsak gordetzen ahalko dira, aldez aurretik eskatuta eta Udalak horren aldeko esanbidezko ebazpena emanda.

Lehen graduko ahaideren bat (gurasoak, seme-alabak) ehortzita badute udalerri honetako hilerrian, hilobitik ateratzeko unean, interesdunek errautsak bertan gordetzen ahalko dute, aldez aurretik hala eskatuta eta gorpu-hondakinak erraustuta.

22. artikulua. Eskabideak.

Kolunbarioa erabili nahi dutenek eskabidea aurkeztu behar dute Udalaren Erregistro Orokorrean, Udalak emandako inprimakian, honako agiri hauekin batera:

–Eskatzailearen NANaren edo IFZren fotokopia.

–Errausketa erraustegi batean egin izanaren ziurtagiria.

–Heriotza Erregistro Zibilean inskribatu izanaren ziurtagiria.

Ebazpena jakinarazi ondoren, baiezkoa bada, errautsak gehienez hamabost eguneko epean utzi behar dira, ebazpena jakinarazten den egunetik hasita. Horrela egin ezean, Udalak besterik gabe ulertuko du kontzesioari uko egiten zaiola. Kontzesioaren aldeko ebazpenak datu hauek izanen ditu, gutxienez: kontzesiodunaren izen-abizenak, kolunbarioaren zenbakia, kontzesioaren data eta epea.

23. artikulua. Kontzesio epea.

Kolunbarioaren erabilera-epea (aldi baterako kontzesioa) 20 urtekoa da, erabilera ematen den egunetik hasita.

Interesdunari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla eta, kontzesioa ezeztatzen bada epea bukatu baino lehen, interesdunak ez du ordaindutakoa (osorik zein partez) itzultzeko eskubiderik izanen.

Kontzesio epea amaitu eta hilabete iraganda, inork ez badu eskatzen errautsak emateko, Udalak hezurtegi orokorrera eramanen ditu.

Kontzesio epea luzatzen ahalko da, behin bakarrik eta hogeita bost urtez, hala eskatzen bada kontzesio epea iragan baino hilabete bat lehenago gutxienez, eta indarrean dagoen tasa ordaintzen bada. Udalak eskaera ebatziko du gehienez 15 eguneko epean. Luzapena ukatzen ahal du, uste baldin badu hurrengo urteetan sor daitezkeen beharrei erantzuteko toki nahikoa ez dagoela.

24. artikulua. Errautsak gordetzeko modua.

Errautsak modu ordenatuan gordeko dira kolunbarioetan, goitik behera eta ezkerretik eskuinera. Lerro bat ez bada osorik bete, ezin izanen dira erabili hurrengo lerroko kolunbarioak. Ordena bat jartzearren, aintzat hartuko da erabileraren kontzesioaren data.

25. artikulua. Kolunbarioen erregistroa.

Udalak kolunbarioen erregistroa kudeatuko du. Gutxienez honako hauek jasoko dira horretan: eskatzailearen izen-abizenak, kolunbarioaren zenbakia, kontzesioaren data eta epea, eta bertan utzitako erraustuen izen-abizenak.

26. artikulua. Kolunbarioen ezaugarriak eta apainketa.

Kolunbario guztien identifikazioa berdina izanen da, Udalak horretarako normalizatutako ereduari jarraikiz.

Identifikazio plakak altzairu herdoilgaitzez izan behar du, eta gehienez DIN A4 tamainakoa, neurri hauekin: 210 × 297 mm (zabal × luze), horizontalean. - Lodiera: 1,5 edo 2 mm.

Itsatsiz lotuko da eta, testu-metodoa, grabatua izanen da.

Eskatzaileak ordainduko du elementuaren kostua, eta hornitzaileekin egin beharreko kudeaketak ere egin beharko ditu.

Gutxienez, honako hauek ageriko dira plakan: hildakoaren izen-abizenak eta hil zen eguna edo jaiotzaren eta heriotzaren urteak, eskatzaileak aukeratzeko.

27. artikulua. Kalteak.

Ukarko Udalak ez du erantzukizunik izanen hirugarrenek kolunbarioetan lapurretak edo kalteak egiten badituzte. Ez du erantzukizunik izanen arrazoi naturalek (uholdeak...) sortutako kalteen kasuetan ere.

VI. KAPITULUA

Tasak, hilerrian zerbitzu egiteagatik

28. artikulua. Tasak, lurrean ehorzteagatik:

Partzelaren kontzesioa (*)

350,00 euro

Ehorzketak eta berrehorzketak

250,00 euro

Desobiratzeak eta lekualdaketak

100,00 euro

(*) 2002. urtean 150,00 euro ordaindu zuten familiei konpentsatuko zaie, zenbateko horretan, geroko kontzesioetan. Zenbateko hori ordaindu ez duten familiek partzela bat eskatzen badute, ordenantzak jarritako kuota ordaindu behar dute.

29. artikulua. Kolunbarioa erabiltzeko tasak.

Kolunbarioa erabiltzeko eskubideek 200,00 euro balio dute unitateko, 20 urterako. Eskabidea sinatu duen ahaideak ordaindu behar du, kontzesioaren ebazpenean adierazi moduan eta epean.

Kontzesioa 10 urtez luzatzeak 100,00 euroko tasa izanen du.

Kolunbarioa ireki eta ixten den bakoitzean, urna uzteko edo ateratzeko: 50,00 euro.

Udalak gainbegiratuko ditu irekierak eta itxierak.

Hutsik gelditzen diren kolunbarioak, arrazoia edozein dela, Udalarentzat izanen dira.

Bost urtean behin berrikusiko dira prezioak, KPIaren igoera urtero aplikatuz, epealdien artean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Hileta-Osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuan eta indarrean diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2103242