69. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

149E/2021 EBAZPENA, martxoaren 1ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita Iruñeko udal-mugartean produktu kimikoak fabrikatzen dituen instalazio baten aldaketa funtsezkoa egiteko. Instalazioaren titularra Huntsman Advanced Materials (SPAIN) SL da.

Instalazio hori funtzionamenduan dago gaur egun, eta badu Ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 10eko 941/2011 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 14ko 128E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

Instalazio hori hemen dago sartuta: Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen gainean abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onesten duen testu bateginaren 1. eranskineko 4.1.b) epigrafean (“Produktu kimiko organikoak fabrikatzeko instalazio kimikoak, bereziki honako hauek fabrikatzen dituztenak: hidrokarburo oxigenatuak, esaterako, alkoholak, aldehidoak, zetonak, azido organikoak, esterrak eta azetato esterren, eterren, peroxidoen eta epoxi erretxinen nahasketak”), eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren –industriaren emisioei buruzkoa (kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratua)– 1. eranskineko 4.1.b) epigrafean (“Produktu kimiko organikoak fabrikatzea, bereziki honako hauek fabrikatzen dituztenak: hidrokarburo oxigenatuak, esaterako, alkoholak, aldehidoak, zetonak, azido organikoak, esterrak eta azetato esterren, eterren, peroxidoen eta epoxi erretxinen nahasketak”) (bertsio bategina).

2019ko azaroaren 14an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, bi produktu berri fabrikatzeko: amina aromatiko bat eta amina solido bat. 2019ko abenduaren 12an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldaketa funtsezkotzat jo zuen, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Horrenbestez, eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bateginaren 10.3 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), aldaketa funtsezkoa ezin da egin ingurumen baimen integratua aldatu arte.

Instalazioa, era berean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 5. taldeko a) apartatuan sartuta dago (“Eraldaketa kimiko edo biologikoaren bidez, honako produktu edo produktu multzo hauek eskala industrialean ekoizteko instalazioak: 1. Produktu kimiko organikoak: ii) Hidrokarburo oxigenatuak, esaterako, alkoholak, aldehidoak, zetonak, azido organikoak, esterrak eta azetato esterren, eterren, peroxidoen eta epoxi erretxinen nahasketak.

2019ko abenduaren 12an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak erabaki zuen proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta pasatu behar zuela, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluak ezartzen duena aplikatuz, aipatu legearen I. eranskinean sartuta dagoelako.

Instalazioa ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako. Ebazpen honen II. eranskinean Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak egindako txostenaren kopia dago.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloraturik, erabaki da ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoela, eta ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenaren egoerari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Titularrak eskatu zuen ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedurari hasiera ematea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.

Espedientea tramitatu da, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritako prozedura erraztuaren bidez (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori). Prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusten diren ingurumen ebaluazioko jarduketak.

Espedientea jendaurrean jarri zen, eta, aldi berean, kontsultak egin ziren ukitutako administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin, hogeita hamar eguneko epean, inork alegaziorik aurkeztu gabe. Ebazpen honen IV. eranskinean zerrenda bat jasotzen da, egindako kontsultek eta jasotako txostenek osatua.

Egiaztatu da aurkeztutako dokumentazioak justifikatzen duela Batzordearen 2016ko maiatzaren 30eko 2016/902 (EB) Betearazpen Erabakian xedatutakoa betetzea. Erabaki horretan ezartzen dira sektore kimikoan hondakin ur eta gasen tratamendu eta kudeaketa sistema komunetarako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.–Baimena ematea Huntsman Advanced Materials (SPAIN) SL titularra den produktu kimikoak fabrikatzeko instalazioaren aldaketa funtsezkoa egiteko, Iruñeko udal-mugartean, bi produktu berri –amina aromatiko bat eta amina solido bat– fabrikatzeko proiektua gauzatzeari begira. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak.

Bigarrena.–Instalazio hori aldatzeko proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren adierazpena egitea, aldekoa, hain zuzen, ebazpen honetan ezarritako baldintzetan. Adierazpen honek babesten duen proiektua gauzatzeko lanak gehienez lau urteko epean hasi beharko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, ingurumen inpaktuaren adierazpenak automatikoki galduko ditu ondorioak, eta eraginkortasunik gabe geldituko da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Ingurumen Baimen Integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen gainean abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako testu bateginaren 26. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat.

Laugarrena.–Halaber, Zuzendaritza Nagusi honek Ingurumen Baimen Integratuaren baldintzak berrikusten ahalko ditu eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, betiere, jarduera nagusiaren inguruko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen gainean abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako testu bateginaren 26. artikuluarekin bat.

Bosgarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, aldaketa funtsezkotzat jotzen duen arrazoiz adieraziz, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatu beharko da; hau da, instalazioaren aldaketari ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako prozedura arrunta edo sinplifikatua ezartzen ahalko zaio, kasuaren arabera.

Seigarrena.–Ekoizpen prozesu berriak funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 12. artikuluan ezartzen denarekin bat (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Zazpigarrena.–Titularrak handitzeko proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamargarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau igortzea Huntsman Advanced Materials (SPAIN) SLri, Iruñeko Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, NILSAri, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 1ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2103479