69. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

28E/2021 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, “Mendabian Orangeren zuntz optikoa hedatzeko proiektuari” ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. Mendabiako udalerrian gauzatuko da proiektua, lurzoru urbanizaezinaren gaineko eraginari dagokion obra zatian. Sustatzailea Orange España Comunicaciones Fijas SL da.

2020ko irailaren 1ean, Biodibertsitatearen Zerbitzuak goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen. Proiektu honen barruan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduketei dagokienez, espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Orange España Comunicaciones Fijas SL sozietateak proposatzen du zuntz optikoko hodien sare bat zabaltzea Mendabiarako. Sare osoa Mendabiako hiri lurzorutik igaroko litzateke, 260 metro inguruko eroanbide zati bat kenduta. Zati hori herrira sartzen den NA-8411 errepidearen iparraldeko bazterraren ondoan kokatzen da, Emerito SLren instalazioen mendebaldean.

Lurzoru urbanizaezinari eragiten dion zatiko jarduketa komunikazio sarearen 180 m inguru instalatzean datza, egungo kanalizaziotik Emerito SLren instalazioen sarreraraino, eta, lurpeko kanalizazio berritik, 80 m inguru sarrera horretatik Emerito SLren itxituraren ekialdeko izkinan dagoen armairu bateraino (Mendabiako 3. poligonoko 1405. hiri lurzoruaren parean).

Egungo kanalizazioak errepide bazterreko lurrak zeharkatzen ditu, Mendabiako 3. poligonoko 100., 466., 1467. lurzatien hegoaldean. Kanalizazio berriko tartea Emerito SLren instalazioen itxituratik kanpoko lorategi zatian kokatuko da, Mendabiako 3. poligonoko 100. lurzatian bertan.

Errepidea eta haren ertzak “Ebroko iraganbide nagusia” errege altxonbidean daude (Mendabiako 3. poligonoko 1197. lurzati gisa katastratuta dago).

Mendabiako 3. poligonoko 100. lurzatian egin nahi den kanalizazio berriaren zatia makina txikiekin eginen da (2 metro baino gutxiagoko zabalerakoekin), itxituraren ondoan, errege altxonbidearen zortasunetik kanpo.

Mendabiako Udalak aldeko txostena eman du 2020ko apirilaren 27an, eta hala dago jasota espedientean. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin zuen 2021eko urtarrilaren 14an, zenbait baldintzarekin, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du proposamenak ez duela ingurumen ukipen esanguratsurik izanen, baldin eta lanen ingurumen kontroleko neurri egokiei jarraitzen bazaie.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Mendabian Orangeren zuntz optikoa hedatzeko proiektuari”. Mendabiako udalerrian gauzatuko da proiektua, lurzoru urbanizaezinari eragiten dion obra zatian. Sustatzailea Orange España Comunicaciones Fijas SL da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

• Ez zaie inola ere eraginen NA-8411 errepideko lur erauzketei, ez eta errepide horretan hazten diren zuhaixkei eta zuhaitzei ere.

• Proposamenean adierazten den bezala, “Ebroko iraganbide nagusia” errege altxonbidearen zortasunetik kanpo egin beharko da kanalizazio berria.

• Obretan sortutako hondakinak bere izaeraren arabera kudeatuko ditu kudeatzaile baimenduak, arlo honetan indarra duen araudia betez.

–Lurralde arlokoak:

• Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), kanpora ateratzen diren azpiegituren elementuek, urbanizaezin gisa sailkatutako lurzorutik igarotzen den zatian, 3 metroko zortasun-eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

• Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari. Zehazki, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren 2020ko azaroaren 2ko txostena hartu beharko da kontuan.

• Eginen den jarduketak ukitzen ahal dituen edo jardueraren trabagarri izaten ahal diren azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

• Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, eremua lehengoratu edo kalteak gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Mendabiako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (“Lizarra Hegoaldea” 9. Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 26an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2103324