69. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

27E/2021 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Funesko udal mugartean Antonio Olloqui TZren eta TEALren arteko konexioa aldatzeko proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. Sustatzailea Francisco Javier Olloqui Pérez da.

2020ko irailaren 21ean, Biodibertsitatearen Zerbitzuak goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko i) epigrafean (energia instalazioak) jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jardueraren xedea da Antonio Olloqui transformazio zentroaren konexio puntua aldatzea, 13,2 kV-ko TEAL berri baten bidez. Gaur egun, “Antonio Olloqui” izeneko transformazio zentroa (zenbakia: 180458800) Funesko 2. poligonoko 1417. lurzatian dago kokatuta, NA-6630 errepidearen ondoan, Funes eta Martzilla artean, eta aireko linea partikular baten bidez konektatzen da I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU (I-DE) enpresaren banaketa sarera. Linea hori “Martzilla-Martzilla Iparraldea” izeneko TEALren (13,2 kV) 150. euskarritik dator.

Proiektu honen bidez, I-DEren sarera konektatzeko puntua aldatu nahi da, 13,2 kV-ko TEAL berri batekin. “Peralta-Funes” TEALren (13,2 kV) 24.14 euskarrira konektatuko da, TZtik 25 metrora, XS fusibleak dituen euskarri berri baten bidez (zenbakia: 01). Euskarri horretatik, “usategi” motako TZra lotuko da zuzenean. Proiektu berria gauzatutakoan, zerbitzutik kanpo gelditzen diren linea guztiak desmuntatu asmo dago.

Funesko Udalak aldeko txostena eman zuen 2020ko urriaren 27an, eta hala dago jasota espedientean. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Ingurumen Eraginaren Atalak 2021eko urtarrilaren 19ko txostenean adierazten duenez, jarduketa eremua lehorreko laborantzako zelaien gainean dago, Arga eta Aragoi ibaien eraginpeko eremuan. Hegoaldean, abandonatutako meandroetako bitik 1 eta 1,5 km-ra daude, hurrenez hurren, eta, ipar-mendebaldean, Arga ibaiaren Sotos Gil eta Ramal Hondo natura-erreserbatik 1,7 km-ra. Hori dela eta, proiektuaren ingurumen eraginaren prebentzio, zuzenketa eta zaharberritze neurriak hartuz gero emanen da aldeko txostena, alde batera utzi gabe ebazpen honetan aipatzen direnak.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Funesko udal mugartean Antonio Olloqui TZren eta TEALren arteko konexioa aldatzeko proiektuari. Sustatzailea Francisco Javier Olloqui Pérez da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Deribazioko euskarrietan deribazioko zubi lasai guztiak erabat isolatuko dira, bai eta linea nagusiko zubi lasaiak ere. Halaber, kable eroalea finkatzeko grapak isolatu beharko dira grapa estalki aurreformatuen bidez.

–Amarratze isolagailuetan, dokumentazioan zehaztutako U70YB66-AL motako isolagailua erabili beharko da, eta metro bateko isolamendua errespetatu beharko da elementu eroalearen eta pausalekuaren artean.

–Linea amaierako euskarrietan, erabat isolatuko dira lineako eroaleen, autobalbula tximistorratzen, etengailuen (halakorik bada) eta loturako botilen arteko lotune zubiak. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izan beharko da goi tentsioko lanetarako eta abifauna babesteko.

–Zaharkituta geratzen diren edo erabiltzen ez diren lineako elementu guztiak, desmuntatu beharreko lineako zutoinak barne, kendu, eta behar bezala kudeatu beharko dira, beren izaeraren arabera, indarrean den hondakinei buruzko legeriaren arabera.

–Obrek ukitutako lurrak lehengoratuko dira, eta obrak baino lehen izandako erabilera eta egoera berreskuratuko dira.

–Lanak bukatutakoan, garbiketa eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondakin eta zabor guztiak kentzeko.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri nahi diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h) artikulua aplikatuz.

–Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, beharrezkoak diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Desmuntatu behar den linea elektrikoak NA-6630 errepideari eragiten dio; beraz, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren baimena izan beharko du.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluarekin bat, ebazpen honen barruko jarduketa edo esku-hartzeak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Hortik aurrera, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretan, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, eremua lehengoratu edo kalteak gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Funesko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko otsailaren 26an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2103323