69. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

38/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 24koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez Nafarroako Zorraren jaulkipen bat egiten baita, 150.000.000,00 eurokoa, eta haren ezaugarriak ezartzen baitira, Nafarroako Gobernuak zorpetze-eragiketak egitea xedatzeko 2021eko otsailaren 17an hartutako Erabakiaren babesean.

Ministroen Kontseiluak 2021eko otsailaren 9ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zion Nafarroako Foru Komunitateari epe luzeko maileguak formalizatzeko eta zor publikoa jaulkitzeko, muga 483.083.214,00 euro izanik.

Bestetik, Nafarroako Gobernuak, 2021eko otsailaren 17an hartutako Erabakiaren bidez, zorpetze-eragiketak formalizatzea xedatu zuen, 358.083.214,00 euroko gehieneko zenbatekoarekin.

Gobernuaren erabaki horrek, 4. puntuan, ahalmena ematen dio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari, eskuordetze bidez, jaulkipenaren interes tasa eta epea finkatzeko. Halaber, 5. puntuan ezartzen duenez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak eman beharreko foru agindu baten bidez zehaztuko dira jaulkipenaren baldintzak, aipatu erabakia betearazteko behar diren neurriak eta ebazpenak hartzeko.

Beraz, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeak eskatzen dituen baimenak izanik, Nafarroako 2021erako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legearekin bat, eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da Nafarroako Zorraren 33. obligazio-jaulkipenaren baldintza guztiak zehaztea.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Zorraren jaulkipen bat egitea, ezaugarri hauek dituena:

Zenbatekoa: 150.000.000,00 euro.

Instrumentazioa: obligazio arruntak, bakoitza 1.000 euroko balio nominalekoa.

Obligazioen ordezkapena: obligazioak kontuko idatzohar bidez ordezkatzen dira, Errenta Finkoaren AIAF Merkatuko Erregistro, Konpentsazio eta Likidazio Sistemaren bidez erregistratuta; sistema hori “Sociedad de Gestión de los Sistemas de Registro, Compensación y Liquidación de Valores, Sociedad Anónima” (IBERCLEAR) izenekoak kudeatzen du.

Baloreen negoziazioa: Nafarroako Zorrak Errenta Finkoaren AIAF Merkatuan kotizatuko du.

Jaulkipen data: 2021ko martxoaren 31.

Amortizazioa: parean, 2031eko martxoaren 31n.

Jaulkipen prezioa: % 99,626.

Interes tasa: finkoa, % 0,25 urtean (Egun/egun). MFBD-non ajusted.

Kupoiaren ordainketa: urtero mugaeguna iritsi ondoren, urte bakoitzeko martxoaren 31n.

Jaulkipenaren bermea: finantza entitate adjudikaziodunak jaulkipenaren zenbateko osoa bermatuko du; horretarako, dagokion kontratua formalizatuko da.

Tratamendu fiskala: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboentzat, interes gisa jasotzen diren etekinek atxikipena izanen dute, indarreko legezko araudiari jarraituz. Sozietateen eta ez-egoiliarren gaineko zergaren subjektu pasiboek lortutako errentetan ez da beharrezkoa izanen atxikipenik egitea, ez eta konturako sarrerarik egitea ere, abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren 42. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 24an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2104889