68. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 25a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

7/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 23koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baita Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren berriz Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak otsailaren 24ko 21/2021 Autoaren bidez. Neurri horiek Osasuneko kontseilariaren martxoaren 9ko 6/2021 Foru Aginduaren bidez luzatu ziren, zeina Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak judizialki baimendu baitzuen martxoaren 11ko 32/2021 Autoaren bidez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egindako txostenaren arabera, martxoaren 15etik 21era bitarteko astean 618 kasu baieztatu ziren (94 kasu 100.000 biztanleko), PCR bidez edo antigeno testen bidez; hau da, aurreko astean baino % 52 gehiago. Kasu berri horien % 74 sintomatikoak ziren, eta % 72 baieztatutako beste kasu batzuen kontaktuak izan ziren.

Etxeak segitzen du izaten transmisio-leku ohikoena (% 46); ondoren datoz infekzioa nondik etorri den ez dakitenen kasua (% 28), eta gero gizarte eremuko harremanak, bizikideak ez diren familiarren bilerak barne (% 16). Lan esparruko transmisioa % 5,3 da, eta eskolakoa % 5,2. COVID-19ko diagnostikoak ugaritu dira, batez ere, 75 urte baino gehiago dutenen artean (% 172), 15 urte baino gutxiago dutenen artean (% 74) eta 35 urtetik 74 urtera dutenen artean (% 64).

Tasarik handienak 5 urtetik 14 urtera arteko adin tartean dago (150 kasu 100.000 biztanleko); gainerako adin tarteek ezberdintasun txikiak dauzkate (77-97 kasu 100.000 biztanleko). Osasun Ministerioaren informazioaren arabera, positibotasun-tasa, martxoaren 12tik 18ra, % 4,4 igo da. Martxoaren 19an % 8,30era igo zen.

Gaixotasunaren transmisioaren adierazle epidemiologikoak, 7 egunean 64 urtetik gorakoen artean metatutako intzidentzian islatzen direnak, arrisku-maila altuetara igo dira. Alegia, transmisioa igo egin da. Halaber, oinarrizko ugaltze zenbakiak ere goranzko joera dauka, azken egunotan 1,33 izateraino hazi delako. Azkenik, Erresuma Batuko aldaera daukatenen kasuen ehunekoa gorantz doa. Gaur egun, Nafarroan, aztertu diren laginen % 77,78k aldaera hori daukate. Aldaera honen ezaugarriak dira errazago transmititzen dela, apur bat hilgarriagoa dela, eragin txikia duela immunitatearen gainean eta txertoaren eraginkortasuna apur bat apaltzen duela.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailetzaren txostenak dio azken aste honetan (otsailaren 26an neurriak malgutu eta hiru aste geroago) baieztatzen dela joera aldatu dela, eta infektatu diren pertsonen kopuruak gorantz egin duela, baita egin diren proba diagnostikoetan atera den positibotasun ehunekoa ere; azkenik, igo dira halaber ospitaleko larrialdietako arreta eta asteko ospitaleratze arruntak, SARS-CoV-2 infekzioarekin lotutakoak. Ospitalizazio arruntean ospitaleratuta dauden pertsonen kopurua egonkortu egin da, bai eta zainketa intentsiboetako unitateena ere, baina areagotu egin da COVID-19aren ondoriozko ospitaleratze-hilkortasuna, eta ZIUko ospitaleratzeek altak gainditu dituzte azken astean. Adierazle horiek guztiek argi uzten dute COVID-19arengatiko infekzioa berpiztu egin dela, eta ospitaletan daukan eragina handiagoa dela.

Hori dela eta, beharrezkoa da, txostenak dioenez, prebentzio komunitarioko neurriei eustea, joan diren hilabeteetan ikasitakoa oinarri hartuta, arriskua kontrolpean edukitzeko, eta, halaber, hartutako neurrien eragina behatzen jarraitzea, ahal dela laugarren olatua saihets dezagun eta prest egon gaitezen neurri zorrotzagoak hartzeko eta baliabide asistentzialak berpizteko, behar izanez gero.

Horiek horrela, eta kontuan hartuta txosten teknikoek adierazten dutela joera aldatu eta kasuen kopurua emendatzen ari dela, eta andui britainiarraren presentzia gero eta handiagoa dela, bidezkoa da osasun kontseilariak otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduan hartu zituen neurriak luzatzea, foru agindu hartan ezartzen ziren baldintzetan.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak aukera ematen die, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariei, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzeko, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Luzatzea Osasuneko kontseilariak otsailaren 23an emandako 5/2021 Foru Aginduan hartutako neurriak, baldintza berdinetan (foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen dira berriz Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz).

Bigarrena.–Neurri hauek mugatu egiten dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakian aurreikusitakoak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Hala ere, neurri horiek osotara aplikatzekoak dira bertan arautzen diren gainerakoei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoak ez badira, eta galarazi gabe izaera orokorrarekin beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Hirugarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2021eko martxoaren 26tik apirilaren 8ra arte, bi egunak barne, eta, egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, baimen judiziala eman dezan, aurretiaz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek 2021eko martxoaren 26an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 23an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2104803