68. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 25a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 10/2021 FORU DEKRETUA, martxoaren 23koa, zeinaren bidez neurriak ezartzen baitira SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Alarma-egoera 2021eko maiatzaren 9ko 00:00etara arte luzatu da. Luzapena xedapen hauetan bildutako baldintzen menpe dago: urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratu zuena SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko, eta, kasua bada, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretu horren azken xedapenetako lehenbizikoak emandako gaikuntza erabiliz ematen diren dekretuak.

Orduz geroztik lehendakariaren foru dekretu batzuk eman dira, kutsatzearen prebentziorako neurriak ezartzen dituztenak.

Gaur egun indarrean diren neurriak Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren otsailaren 23ko 7/2021 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoak dira, haren bidez neurriak ezartzen baitira SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Neurri horiek martxoaren 25era arte luzatu ziren, egun hori barne.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egindako txostenaren arabera, martxoaren 15etik 21era bitarteko astean 618 kasu baieztatu ziren (94 kasu 100.000 biztanleko), PCR bidez edo antigeno testen bidez; hau da, aurreko astean baino % 52 gehiago. Kasu berri horien % 74 sintomatikoak ziren, eta % 72 baieztatutako beste kasu batzuen kontaktuak izan ziren.

Etxeak segitzen du izaten transmisio-leku ohikoena (% 46); ondoren datoz infekzioa nondik etorri den ez dakitenen kasua (% 28), eta gero gizarte eremuko harremanak, bizikideak ez diren familiarren bilerak barne (% 16). Lan esparruko transmisioa % 5,3 da, eta eskolakoa % 5,2. COVID-19ko diagnostikoak ugaritu dira batez ere 75 urte baino gehiago dutenen artean (% 172), 15 urte baino gutxiago dutenen artean (% 74) eta 35etik 74ra urte dituztenen artean (% 64).

Tasarik handienak 5 urtetik 14 urtera dituztenen artean dago (150 kasu 100.000 biztanleko); gainerako adin-tarteek ezberdintasun txikiak dauzkate (77-97 kasu 100.000 biztanleko). Osasun Ministerioaren informazioaren arabera, positibotasun-tasa, martxoaren 12tik 18ra, % 4,4 igo da. Martxoaren 19an % 8,30era igo zen.

Arrisku-maila altuetara igo dira 7 egunean 64 urtetik gorakoen artean metatutako intzidentzian islatutako gaixotasunaren transmisioaren adierazle epidemiologikoak. Alegia, transmisioa igo egin da. Halaber, oinarrizko ugaltze zenbakiak ere goranzko joera dauka, azken egunotan 1,33 izateraino hazi delako. Azkenik, Erresuma Batuko aldaera daukatenen kasuen ehunekoa gorantz doa. Gaur egun, Nafarroan, aztertu diren laginen % 77,78k aldaera hori daukate. Aldaera honen ezaugarriak dira errazago transmititzen dela, apur bat hilgarriagoa dela, eragin txikia duela immunitatearen gainean eta txertoaren eraginkortasuna apur bat apaltzen duela.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailetzaren txostenak dio azken aste honetan (otsailaren 26an neurriak malgutu eta hiru aste geroago) baieztatzen dela joera aldatu dela, eta infektatu diren pertsonen kopurua gorantz egin duela, baita egin diren proba diagnostikoetan atera den positibotasun ehunekoa ere. Txostenak dio, halaber, igo direla ospitaleko larrialdietako arreta eta asteko ospitaleratze arruntak, SARS-CoV-2 infekzioarekin lotutakoak. Ospitalizazio arruntean ospitaleratuta dauden pertsonen kopurua egonkortu egin da, bai eta zainketa intentsiboetako unitateena ere, baina areagotu egin da COVID-19aren ondoriozko ospitaleratze-hilkortasuna, eta ZIUko ospitaleratzeek altak gainditu dituzte azken astean. Adierazle horiek guztiek argi uzten dute COVID-19arengatiko infekzioa berpiztu egin dela, eta ospitaleetan daukan eragina handiagoa dela.

Hori dela eta, beharrezkoa da, txostenak dioenez, prebentzio komunitarioko neurriei eustea, joan diren hilabeteetan ikasitakoa oinarri hartuta, arriskua kontrolpean edukitzeko, eta, halaber, hartutako neurrien eragina behatzen jarraitzea, ahal dela laugarren olatua saihets dezagun eta prest egon gaitezen neurri zorrotzagoak hartzeko eta baliabide asistentzialak berpizteko, behar izanez gero.

Horrenbestez, txosten teknikoetan jasotzen den ondorioa da joera aldatu egin dela, eta kasuen kopurua gorantz doala, andui britaniarraren presentzia gero eta handiagoarekin batera, eta, horregatik, bidezkoa dela egun indarra duten neurriei eustea.

Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak martxoaren 10ean egindako osoko bilkuran erabaki bat onetsi zuen Osasun Publikoaren arloko Jarduketa Koordinatuen Adierazpenari buruz, 2021eko San Jose festa-eguna eta Aste Santua direla eta.

Erabaki horretan zenbait neurri berezi jaso ziren, aplikatuko direnak 2021eko martxoaren 17tik 21era arte martxoaren 19a jaieguna den lurraldeetan, eta 2021eko martxoaren 26tik apirilaren 9ra arte lurralde osoan.

Osasuneko Estatuko Idazkaritzaren 2021eko martxoaren 11ko Ebazpenaren bidez, xedatu da Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren erabaki hori argitaratzea, eta, hala, martxoaren 12ko 61. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu da.

Funtsean, aldi horietarako harturiko neurri bereziek ez dute alde handirik Lehendakariaren otsailaren 23ko 7/2021 Foru Dekretuaren bidez onetsi zirenekin, dekretu horren bidez zenbait neurri ezarri baitziren SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Izan ere, desberdintasun bakarra da espazio publikoetan edo pribatuetan elkartzen ahal diren pertsona taldeei buruzko araua. Horri dagokionez, erabaki da espazio publiko itxietan lau pertsona biltzen ahal direla gehienez, eta espazio publiko irekietan, sei pertsona, salbu eta bizikideak baldin badira, kasu batean zein bestean. Gune pribatuetan, bizikideak baizik ezin dira elkartu.

Kontseiluaren osoko bilkura hori egin baino lehen Nafarroako Foru Komunitateak esana zuen aplikatuko zituela bere lurraldean bilkura hartan onetsitako neurriak, adostasun handia egonez gero.

Hortaz, bidezkoa da SARS-CoV-2aren hedapena geldiarazteko neurri berriak onestea martxoaren 26tik apirilaren 9ra bitarteko aldirako, bi egun horiek barne.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Gauez zirkulatzeko askatasuna mugatzea Nafarroako Foru Komunitatean.

23:00etatik 06:00etara bitarte, jarduera hauek egiteko bakarrik ibili ahal izanen da Nafarroako Foru Komunitateko erabilera publikoko bide edo espazioetatik:

a) Sendagaiak, osasun produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea.

b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

c) Larrialdiko arrazoiengatik albaitaritzako zentroetara joatea.

d) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

e) Ohiko bizilekura itzultzea, apartatu honetan aurreikusitako jardueretako batzuk egin ondoren.

f) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

g) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

h) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

i) Gasolindegietan edo gasolina-zerbitzuguneetan depositua betetzea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean.

2. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatean sartzeko eta bertatik irteteko mugak.

1. Mugatuta egonen da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean sartzea eta bertatik irtetea, salbu eta behar bezala justifikatutako joan-etorriak, arrazoi hauetako batengatik egiten direnak:

a) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

c) Unibertsitateetara, ikastetxeetara eta heziketa zentroetara joatea, barne direla haur-hezkuntzako eskolak eta irakaskuntza ez-arautua ematen duten akademiak, autoeskolak barne.

d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

f) Mugakide diren lurraldeetako finantza eta aseguru entitateetara edo gasolina-zerbitzuguneetara joatea.

g) Organo publikoen, judizialen edo notarioen aurrean eskatutako jarduketak edo presako jarduketak egitea.

h) Baimenak eta agiri ofizialak berritzea, bai eta atzeratu ezin diren beste administrazio-izapide batzuk ere.

i) Atzeratu ezin diren azterketa edo proba ofizialak egitea.

j) Honakoetan parte hartzen duten kirol taldeak, kirolariak, teknikariak eta arbitroak:

–Estatuko txapelketa ofizial ez-profesionalak eta Espainiako kirol federazioen menpeko nazioarteko txapelketak. Haiei aplikatuko zaie Kirol Kontseilu Gorenak Estatuko 2020-2021eko denboraldiko txapelketa ofizial ez-profesionaletara itzultzeko prestatu duen jarduteko protokoloa.

–Autonomia erkidegoetako eta erkidegoen arteko txapelketa ofizialak.

–Maila eta errendimendu handiko kirolariak, letra honetan jasotzen diren txapelketa ofizialak prestatzeko kontzentrazioetan parte hartzen dutenak.

k) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

l) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

2. Nafarroaren lurraldea gurutzatzen duten errepideetan eta bideetan zirkulatzea baimenduta dago, baldin eta bidaiaren jatorria eta destinoa horretatik kanpo badaude.

3. artikulua. Bilerak mugatzea eremu publikoan eta pribatuan.

1. Espazio publiko itxietan lau pertsona bilduko dira gehienez, salbu eta bizikidetza-unitate bereko pertsonak badira.

2. Espazio publiko irekietan sei pertsona bilduko dira gehienez, salbu eta bizikidetza-unitate bereko pertsonak badira.

3. Espazio pribatuetan, bizikidetza-unitate bereko pertsonak baizik ez dira elkartuko.

4. Mugatu, baldintzatu edo debekatu ahal izanen dira igarobide publikoetan egiten diren bilerak eta manifestazioak, hots, Konstituzioaren 21. artikuluan araututako oinarrizko eskubidea erabiliz egindakoak, baldin eta ez bada bermatzen kutsatzeak eragozteko behar den segurtasun-tartea sustatzaileek aurkeztutako aldez aurreko jakinarazpenean.

5. Artikulu honetan ezarritako muga ez zaie aplikatuko laneko edo erakundeetako jarduerei, garraiokoei edo Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetakoei, unibertsitateko irakaskuntza ematen dutenak barne, ez eta aplikatzekoak diren arauetan berariazko neurriak ezarriz arautzen direnei ere.

4. artikulua. Neurrien indarra.

Foru dekretu honetan ezarritako neurriek indarra izanen dute 2021eko martxoaren 26tik apirilaren 9ra bitarte, bi egun horiek barne.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2021eko martxoaren 26an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 23an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2104830