67. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALTSASU

Behin betiko onartzea etxerik gabeko pertsonentzako aterpearen araubide juridikoa ezartzen duen erregelamenduaren aldaketa

Altsasuko Udalaren Osoko Bilkurak, 2020ko urriaren 28an egindako bilkuran, hasierako onarpena eman zion pasadizokoen aterpearen araubide juridikoa ezartzen duen erregelamenduaren aldaketari. Aldaketa horren iragarkia 2020ko azaroaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 264. zenbakian.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin bat (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua) eta aurkeztutako alegazioak ebatzita, Ordenantza horren aldaketa behin betiko onesten da, eta haren testu osoa argitaratzen da, dagozkion ondorioetarako.

Altsasun, 2021eko otsailaren 25ean.–Alkatea, Javier Ollo Martinez.

ERANSKINA. BERTSIO BATERATUA

ALTSASUKO MARINO AYERRA ETXEGABEEN
ATERPETXEAREN ARAUBIDE JURIDIKOA

(NAO 27 zk., 2015eko otsailaren 10ekoa
eta NAO 101 zk., 2017ko maiatzaren 26koa)

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Izaera eta xedea

1. artikulua. Etxegabeen udal aterpetxea etxegabeei laguntza emateko zentroa da, xedea duena gauaz ostatu ematea eta harrera egitea etxerik ez dutenei edo hura eskura ez dutenei eta oinarrizko behar horiek berdintzeko baliabiderik ez dutenei.

2. artikulua. Altsasuko Marino Ayerra etxegabeen aterpetxearen egoitza Iruñea etorbideko 5-16 d blokean dago, Nafarroako Gobernuko Ondare Zerbitzuak Altsasuko Udalari lagatako lokalean.

3. artikulua. Etxegabeen aterpetxea soil-soilik Udalarena den zerbitzu publikoa da, haren antolaketari, funtzionamenduari eta diru hornidurari dagokionez, beste erakunde edo entitate batzuek diru-laguntzak ematen ahal badituzte ere. Hortaz, Altsasuko Udalak ahalmena du haren kudeaketa modua, aldaketa edo azkentzea erabakitzeko.

BIGARREN KAPITULUA

Erabiltzaileak

4. artikulua. Erregelamendu honetaz den bezainbatean, etxegabetzat hartzen dira deserrotze egoeran egonik, ataka horri aurre egiteko baliabide pertsonal eta ekonomikorik ez duten guztiak, erroldaturik egon edo ez, eta bizilekua Altsasun izan edo ez.

5. artikulua. Etxegabeen aterpetxean onartua izateko betekizunak izanen dira aurreko artikuluan ezarritako baldintzak betetzea, adinez nagusia izatea, laguntzarik behar ez izatea beren kabuz moldatzeko, eta profesionalen aldizkako laguntza behar duen eritasun psikikorik ez izatea.

6. artikulua. Etxegabeen aterpetxearen kudeaketaz arduratzen denak esanen du sar daitekeen.

7. artikulua. 1. Etxegabeen aterpetxean egoteko denbora izanen da gau bat hiru hilabetean behin; salbuespenak izan daitezke, baina Udalak baimendu beharko ditu, zerbitzuaren arduradunak proposatuta.

2. Kanpoko tenperatura bost gradu zentigradu azpitik egotenez gero, aurreko puntuan ezarritako denbora muga ez da kontuan hartuko eta aterpetxeko egonaldia errepikatzea posible izango da betiere Araudian ezarritako edukiera muga errespetatuz.

HIRUGARREN KAPITULUA

Zerbitzuak

8. artikulua. Etxegabeen aterpetxean zerbitzu hauek emanen dira:

–Informazio eta abegi zerbitzua.

–Ostatatze eta mantenu zerbitzua.

–Higiene zerbitzua.

9. artikulua. Informazio eta abegi zerbitzuak xedea du etxegabeen identifikazioa, aterpetxeak eskaintzen dituen zerbitzuen gaineko informazio orokorra, baita etxegabeen onarpena ere.

10. artikulua. Ostatatze zerbitzuak xedea du gaua pasatzeko tokia ematea erregelamendu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten guztiei; haren gehieneko edukiera 8 ohekoa da.

Ostatatze zerbitzuak, orobat, xedea du aterpetxean ostataturik dauden lagunen elikatze premiak (afaria eta gosaria) berdintzea.

11. artikulua. Higiene zerbitzuak (dutxatzea eta garbitzea) xedea du posible egitea norberaren higiene baldintza gutxienekoak udal aterpetxeko zerbitzuen erabiltzaileen aldetik; zerbitzu hau erabiltzea nahitaezko baldintza izanen da aterpetxeko gainerako zerbitzuak erabili ahal izateko. Hartara, etxegabeen harrera egin ondoren, dutxatu eta garbitu eginen dira, eta geletan kokatuko dira.

12. artikulua. Gizarte Ongizate Batzordeak aldez aurretik txostena eginda, Udalak aterpetxeko prestazioak aldatzen ahalko ditu, egiazko premietara eta berak erabakitzen dituen kalitate mailetara egokitu beharrez. Halaber, aterpetxeko plaza kopuru osoa aldatzen ahal da, agertzen diren premien arabera, eraikinaren edukierak eta hura erabiltzeko arauak betetzeak horretarako aukera ematen badute; hala egiteak baldintza-orri honen 4.2 artikuluan aurreikusitako ondorioak ekarriko ditu.

LAUGARREN KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

13. artikulua. Hona hemen aterpetxearen erabiltzaileen eskubideak:

a) Aterpetxearen barne funtzionamenduaren arauen berri izatea.

b) Beren sineste zibiko, politiko, moral eta erlijiosoak errespetatzea.

c) Aterpetxearen espazioak eta zerbitzuak erabiltzea, ezartzen diren ordu eta baldintzen barnean.

14. artikulua. Hona hemen aterpetxearen erabiltzaileen betebeharrak:

a) Aterpetxean ostatatzen diren edo zerbitzu egiten duten guztien sineste zibiko, politiko, moral eta erlijiosoak errespetatzea.

b) Aterpetxearen barne funtzionamenduaren arauak jakitea eta horiek betetzea.

c) Bizikidetza, higiene eta garbitasun arauak begiratzea, bai norberari bai aterpetxeko espazioei dagokienez.

d) Aterpetxean zerbitzu egiten dutenei behar bezalako begirunea gordetzea.

15. artikulua. Aurreko artikuluetan aipaturiko betebeharrak ez betetzeak berekin ekarriko du instalazioak erabiltzeko eskubidea galtzea eta, beraz, aterpetxean egiten diren zerbitzuak erabili ezina.

BOSGARREN KAPITULUA

Funtzionamendua

16. artikulua. Aterpetxea irekirik egonen da astelehenetik ostiralera, 20:30etik biharamuneko 8:00ak arte, onartzeko ordutegia izanik 20:30etik 23:00ak arte.

Aterpetxea itxirik egonen da, oporrak direla-eta, uztailean, Altsasuko festetako bost egunetan, eta abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an.

17. artikulua. Erreklamazio liburua egonen da, erabiltzaileen eskura.

18. artikulua. Aterpetxearen erabiltzaileen puskak zaindegi zerbitzuan utzi beharko dira, bertan dauden bitartean.

Aterpetxea hustuta, zaindegian utzitako gauzak eramaten ez badira, uko egiten zaiela ulertuko da.

Udalak ez du inolako erantzukizunik izanen zaindegian uzten ez diren gauzen eta arropen gain.

Iragarkiaren kodea: L2103492