67. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

129/2021 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onartzen baitira Nafarroako lehiaketa ofizialak hastea, kontaktu edo aurkakotasuneko kiroletan, haur eta kimuen kategorietan, eta aldatzen baitu Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpena. Ebazpen horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz.

Otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak epidemia zaintzeko egin dituen asteroko azken txostenen arabera, birusaren zirkulazioak intentsitate eta larritasun maila baxura egin du, eta joera egonkorra du. SARS-CoV-2 kutsatzearen jaitsiera moteldu da, eta COVID-19ak eragindako ospitaleratze eta heriotzen kopuruak gutxitzen segitzen du.

Datu horiek kirol arloan hartutako neurrien malgutze progresibora egitea ahalbidetzen dute, era mailakatuan eta zuhurrean, eta bide ematen dute abiatzeko orain arte baimenduta izan ez diren kontaktu edo aurkakotasuneko kirolen autonomia erkidegoko lehiaketa ofizialak, hala nola haur edo kimu mailetakoak. Ildo horretan, Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpenak xedatzen zuen Nafarroako Kirolaren Institutuak baimenduko zuela ebazpen horretan jasota ez zeuden kontaktu edo aurkakotasuneko kiroletako Nafarroako gainerako lehiaketa ofizialak hastea, egoera epidemiologikoaren eta osasun agintaritzaren irizpidearen arabera.

Gainera, bidezkoa da aldatzea Kirol Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpena, bi arlotan:

Batetik, handitzea kirol instalazio berean entrenamendu osoak egiten ahal dituzten kirol kolektiboetako taldeetan aldi berean dagoen kirolarien talde kopurua, hala aire zabalean nola gune itxietan.

Bestetik, baimentzea kontaktu edo aurkakotasunik gabeko kiroletan Nafarroako lehiaketa ez-ofizialak, parte-hartzaileen gehieneko kopurua mugatuta.

Azkenik, ebazpen honek Nafarroako Kirol Jokoak programan ikusleen bertaratzea arautzea du xede. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 25eko 692/2020 Ebazpenaren bidez onetsi ziren Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoetarako dei egin eta lehiaketa arautzen duten oinarriak. Ebazpen horren VI. eranskinak onetsi zuen lehiaketaren osasun prebentziorako protokoloa, eta 4. apartatuan arautu zuen lehiaketa egiten den instalazioen erabilera. Apartatu horrek berariaz xedatzen zuen ez zela baimenduko ikusleak kirol instalazioetara bertaratzea, eta salbuespenak egin ahal izatea aurreikusten zuen, baldin eta indarreko arauek baimentzen bazuten. Eta kasu guztietan, federazio antolatzaileak, klub antolatzaileak eta instalazioaren titularrak beren gain hartuko dute bertaratutakoek osasun arloko oinarrizko arauak betetzeko erantzukizuna (maskara, tarteak, etab.), baita instalazioaren berariazkoak ere (sarbideak, joan-etorriak, etab.). Bestalde, Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Agindua berariazko prebentzio neurri apartekoak onetsi zituen Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Kirol arloan, aginduaren 14.4 apartatuak jasotzen du izaera ez-profesionaleko lehiaketak eta kirol jardunaldiak ikusleekin egiteko aukera, baldin eta baimendutako gehieneko edukieraren % 50 gainditzen ez bada eta bertaratutakoen gehieneko kopuru mugarekin (bai aire zabaleko instalazioetan, bai itxitako instalazioetan).

Osasuneko kontseilariak ezarritako gehieneko edukiera errespetatuz, beharrezkoa da Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duen kirolari bakoitzeko pertsona bat ikusle gisa baimentzea. Horrela, pertsona hori ikusle gisa bertaratzen ahalko da, baina, batez ere, kirolariaren laguntzaile lanak egiten ahalko ditu. Dena den, hori guztia baldin eta instalazioaren ezaugarriek ahalbidetzen badute, eta baldin eta instalazioaren entitate titularrak edo lehiaketaren entitate antolatzaileak baimentzen badu.

Proposatutako neurri guztiek bai Nafarroako Foru Komunitateko presidenteak, bai Osasuneko kontseilariak ondoz ondo onetsitakoak errespetatzen dituzte.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1.–Baimentzea Nafarroako lehiaketa ofizialak abiatzea 2021eko martxoaren 21etik aurrera, kontaktu edo aurkakotasuneko kirolen edozein kirol modalitatetan, haur eta kimuen kategorietan.

Nafarroako lehiaketa ofizialak hasteko eta egiteko (bai kontaktu edo aurkakotasuneko kiroletan, bai kontaktu edo aurkakotasunik gabekoetan) bete beharko dira Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urtarrilaren 26ko 48/2021 Ebazpenaren 1. (bertan ezartzen diren hasiera datak alde batera utzita), 2., 3. eta 4. eranskinetan zehaztuta dauden betebehar eta baldintzak.

2.–Aldatzea Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpenaren eranskineko 6.2 eta 6.3 puntuak, honela idatzita gera daitezen:

“6.2. Aire zabaleko entrenamenduak.

Kirol kolektiboetako taldeetan dauden kirolariek entrenamendu osoak egiten ahalko dituzte aire zabalean, gehienez ere 25 lagun bitarteko taldeetan. Kirol instalazio berean gehienez ere 25 lagun bitarteko bi taldek entrenatzen ahalko dute aldi berean.

Dena den, taldeek instalaziotik sartu eta atera beharko dute 15 minutuko tartearekin gutxienez, eta ezin izanen dira nahastu talde desberdinetako kideak.

Banakako kirol entrenamenduetan aire zabalean ere entrenamendu talde bakoitzeko gehienez 25 pertsonak parte hartzen ahalko dute.

6.3. Entrenamenduak instalazio itxietan.

Kirol kolektiboetako taldeetan dauden kirolariek entrenamendu osoak egiten ahalko dituzte instalazio itxietan, entrenamendu talde bakoitzeko gehienez ere 15 lagun bitarteko taldeetan. Kirol instalazio berean, gehienez ere 15 lagun bitarteko bi taldek entrenatzen ahalko dute aldi berean, baldin eta instalazioak parte-hartzaile bakoitzeko 5 metro koadro baditu, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta parte-hartzaile bakoitzeko 16 metro koadro, mugikortasun handiko jardueretarako, aireberritze naturala edo behartua (mekanikoa) badu, airearen zirkulaziorik gabe.

Dena den, taldeek instalaziotik sartu eta atera beharko dute 15 minutuko tartearekin gutxienez, eta ezin izanen dira nahastu talde desberdinetako kideak.

Banakako kiroletako (kontaktukoak izan ala ez) kirolariek entrenamendu osoak egiten ahalko dituzte instalazio itxietan, 15 lagun bitarteko taldeetan, baldin eta instalazioak 5 metro koadro baditu parte-hartzaile bakoitzeko, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta 16 metro koadro parte-hartzaile bakoitzeko, mugikortasun handiko jardueretarako, eta aireberritze naturala edo behartua (mekanikoa) badu, airearen zirkulaziorik gabe”.

3.–Aldatzea Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpenaren eranskineko 1. puntuan (Ohar orokorrak) dagoen tarteki hau: “Galarazita dago izaera ofizialik ez duen lehiaketarik egitea”, honela idatzita gera dadin: “Eranskin honetan ezarritako egoera eta baldintzetan baimenduko da soilik izaera ez-ofiziala duten lehiaketak egitea”.

4.–Gehitzea Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpenaren eranskinari bederatzigarren apartatu berri bat, honela idatzita gera dadin:

“9. Kontaktu edo aurkakotasunik gabeko kirolen Nafarroako lehiaketa ez-ofizialak egitea.

Kontaktu edo Aurkakotasunik gabeko kirolen Nafarroako lehiaketa ez-ofizialak egiten ahalko dira, gehienez ere lau parte-hartzailerekin partida bakoitzeko. Gune itxietan pertsonako 5 metro koadroko ratioa hartuko da kontuan, mugikortasun txikiko jarduera bada, eta 16 metro koadrokoa, mugikortasun handikoa bada; bai eta aireztatze natural edo behartua (mekanikoa) ere, airearen zirkulaziorik gabe”.

Parte-hartzaileen gehieneko kopuruaren ondorioetarako, ez dira zenbatuko lehiaketan modu aktiboan parte hartzen ari ez diren langileak (antolakuntzako langileak, epaileak, arbitroak, etab.). Pertsona horiek une oro 1,5 metroko pertsonen arteko distantzia mantendu eta maskara jantzi beharko dute”.

5.–Gehitzea Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen otsailaren 25eko 105/2021 Ebazpenaren eranskinari hamargarren apartatu berri bat, honela idatzita gera dadin:

“10. Nafarroako Kirol Jokoen programan ikusleen bertaratzea.

Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 25eko 692/2020 Ebazpenaren –Nafarroako XXXIV. Kirol Jokoak dei egiten ditu ebazpen horrek– VI. eranskinaren 4. apartatuan (Instalazioak) xedatutakoarekin lotuta, kirolari parte-hartzaile bakoitzeko gehienez ere pertsona bat bertaratzen ahalko da ikusle gisa, baldin eta instalazioaren ezaugarriek ahalbidetzen badute, eta baldin eta instalazioaren entitate titularrak aurrez baimentzen badu, edo, kasua bada, lehiaketaren entitate antolatzaileak”.

6.–Ebazpen honetan onesten diren neurriek mugarik gabeko indarraldia izanen dute, eta egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

7.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Horrez gain, informazioa emateko xedez, ebazpen hau Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunean argitaratuko da, eta, gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuaren sare sozialetan eta hedabide orokorretan zabalduko da.

8.–Ebazpen hau igortzea Kirolaren Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 10ean.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

Iragarkiaren kodea: F2104173