61. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 16a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 9/2021 FORU DEKRETUA, martxoaren 12koa, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren otsailaren 23ko 7/2021 Foru Dekretua, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko zenbait neurri ezarri zituena.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren otsailaren 23ko 7/2021 Foru Dekretuaren bidez, zenbait neurri ezarri ziren SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren martxoaren 9ko 8/2021 Foru Dekretuaren bidez, erabaki zen neurri horiek martxoaren 25era arte luzatzea, egun hori barne.

Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak martxoaren 10ean egindako Osoko Bilkuran erabaki bat onetsi zuen Osasun Publikoaren arloko Jarduketa Koordinatuen Adierazpenari buruz, 2021eko San Jose festa-eguna eta Aste Santua direla eta.

Erabaki horretan zenbait neurri berezi jaso ziren, aplikatuko direnak 2021eko martxoaren 17tik 21era arte martxoaren 19a jaieguna den lurraldeetan, eta 2021eko martxoaren 26tik apirilaren 9ra arte lurralde osoan.

Osasuneko Estatuko Idazkaritzaren 2021eko martxoaren 11ko Ebazpenaren bidez, xedatu da Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren erabaki hori argitaratzea, eta, hala, martxoaren 12ko 61. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu da.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 18ko 217/2020 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2021eko jaiegunen egutegi ofiziala ezarri zen. Horren arabera, martxoaren 19a, besteak beste, jaieguna da ondorio horietarako.

Egun horietarako harturiko neurri bereziek, eta, zehazki, San Jose festa-eguna dela eta hartu direnek, funtsean, ez dute alde handirik Lehendakariaren otsailaren 23ko 7/2021 Foru Dekretuaren bidez onetsi zirenekin, dekretu horren bidez zenbait neurri ezarri baitziren SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Izan ere, diferentzia bakarra da espazio publikoetan edo pribatuetan elkartzen ahal diren pertsona taldeei buruzko araua. Horri dagokionez, erabaki da espazio publiko itxietan lau pertsona biltzen ahal direla gehienez, eta espazio publiko irekietan, sei pertsona, salbu eta bizikideak baldin badira, kasu batean zein bestean. Gune pribatuetan, bizikideak baizik ezin dira elkartu.

Kontseiluaren Osoko Bilkura hori egin baino lehen Nafarroako Foru Komunitateak esana zuen aplikatuko zituela bere lurraldean bilkura hartan onetsitako neurriak, adostasun handia egonez gero.

Hortaz, bidezkoa da aldatzea Lehendakariaren otsailaren 23ko 7/2021 Foru Dekretua, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko zenbait neurri ezarri zituena. Aldaketaren xedea da eremu publikoan eta pribatuan egin daitezkeen bilerak mugatzea.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko asmoz zenbait neurri ezarri zituen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren otsailaren 23ko 7/2021 Foru Dekretuaren 3. artikulua aldatzea.

Honela idatzita geldituko da SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko asmoz zenbait neurri ezarri zituen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren otsailaren 23ko 7/2021 Foru Dekretuaren 3. artikulua:

“3. artikulua. Bilerak mugatzea eremu publikoan eta pribatuan.

1. Sei pertsona biltzen ahalko dira gehienez erabilera publikoko espazioetan, bizikideak ez badira behintzat, eta galarazi gabe jendearentzat irekitako bulego, instalazio eta establezimenduei buruz ezartzen diren salbuespenak.

Elkartzen direnak bizikideak nahiz elkarrekin bizi ez direnak badira, aurreko paragrafoan aipatzen den gehieneko kopurua sei pertsonakoa izanen da.

2. Erabilera pribatuko espazioetan, berriz, bi bizikidetza-unitate desberdinetako sei pertsona elkartuko dira gehienez; bizikidetza-unitatetzat joko da etxe berean bizi den pertsona taldea, zaintzaileak eta laguntzakoak barne. Nolanahi ere, gomendatzen da bilera horiek bizikidetza-unitatera mugatzea.

3. Artikulu honen aurreko apartatuetan jendea biltzeko ezarritako mugak ez dira aplikatuko 2021eko martxoaren 17tik 21era bitarte, biak barne. Egun horietan, hauexek izanen dira mugak:

a) Espazio publiko itxietan lau pertsona bilduko dira gehienez, salbu eta bizikidetza-unitate bereko pertsonak badira.

b) Espazio publiko irekietan sei pertsona bilduko dira gehienez, salbu eta bizikidetza-unitate bereko pertsonak badira.

c) Espazio pribatuetan, bizikidetza-unitate bereko pertsonak baizik ez dira elkartuko.

4. Mugatu, baldintzatu edo debekatu ahal izanen dira igarobide publikoetan egiten diren bilerak eta manifestazioak, hots, Konstituzioaren 21. artikuluan araututako oinarrizko eskubidea erabiliz egindakoak, baldin eta ez bada bermatzen kutsatzeak eragozteko behar den segurtasun-tartea sustatzaileek aurkeztutako aldez aurreko jakinarazpenean.

5. Artikulu honetan ezarritako muga ez zaie aplikatuko laneko edo erakundeetako jarduerei, garraiokoei edo Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetakoei, –unibertsitateko irakaskuntza ematen dutenak barne, ez eta aplikatzekoak diren arauetan berariazko neurriak ezarriz arautzen direnei ere.”

2. artikulua. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2021eko martxoaren 17an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 12an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2104271