59. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko martxoaren 3an hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela “Nafarroako Getze Galar-Espartza Galar NA-6008 errepidea zabaldu eta hobetzea” izeneko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

Lurralde Kohesiorako kontseilariak azaroaren 4an emandako 75/2020 Foru Aginduaren bidez (268. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 17koa), “Nafarroako Getze Galar-Espartza Galar NA-6008 errepidea zabaldu eta hobetzea” izeneko proiektua onetsi zen behin-behinean eta, horrekin batera, jendaurrean jarri zen proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak egindako txostenaren arabera, gaur egun NA-6008 errepidea oso trazadura mugatukoa da, bai oinplanoan bai altxaeran, eta haren zeharkako sekzioa ez da nahikoa, 1,60 metroko bi erreiko galtzada bakar bat eta gutxi gorabehera 0,10 metro zabaleko bazterbideak dituelako. Horren ondorioz sortzen den plataforma osoa 4 metro zabal baino gutxiagokoa da, ez du bermerik bazterbideen alde banatan eta areka sakonak ditu tarteka. Horrenbestez, galtzadaren zabalera ez da nahikoa, eta zirkulazioa ez da segurua, ezta erosoa ere, ez baitu apenas ahalbidetzen kontrako norabideetan ibiltzen diren bi ibilgailu pasatzea. Egoera horren ondorioz, errepide horretan ibiltzen den trafikoak bide segurtasunean duen hutsunea nabarmena da.

Gainera, Arrizabalaga eta Etxabakoitz aldera doan NA-6000 errepidearekiko bidegurutzea –Espartza Galarko hirigunetik hurbil– 57 m-ko erradiokoa den eta %6,9ko goranzko malda duen bihurgune baten ingurunean dago, Etxabakoizko norabidean, bi errepide horietara sartzeko eta ateratzeko inolako erreirik gabe.

Ezaugarri horiek guztiek istripuak izateko arrisku handia sortzen dute eremu horretan, bai ibilgailu arinen eta nekazaritzako ibilgailuen zirkulazioari dagokionez, bai erabiltzaile zaurgarriei (moto gidariak, ziklistak eta oinezkoak) dagokienez. Errepidearen funtzionamendua eta bide segurtasuna hobetzeko, zabaltzearen eta hobetzearen alde jo da eta, horregatik, gomendagarria da ahalik eta lasterren ekitea obrei. Hala, behar diren lurrak eskuratzeko tramiteak azkartzearren, nahitaezkoa da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakotzat jotzea; hori guztia, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presako deklaratzea, nahitaez desjabetzeko, “Nafarroako Getze Galar-Espartza Galar NA-6008 errepidea zabaldu eta hobetzea” izeneko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

2. 270.466,48 euroko gastua kalkulatu da ukitutako ondasun eta eskubideak eskuratzeko, eta 2021eko gastu aurrekontuko “Suspertu plana. Getze Galar-Espartza Galar NA-6008 errepidea zabaldu eta hobetzea” izeneko 220002-22100-6010-453219 partidaren kargura ordainduko da.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitaratzen den egunetik beretik ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau igortzea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzura, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta departamentu horretako kontu-hartzailetza delegatura.

Iruñean, 2021eko martxoaren 3an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2103556