59. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AIEGI

Eskumenak eskuordetzea

Aiegiko Udalak, 2021eko otsailaren 25ean egin osoko bilkura arruntean, erabaki hau hartu zuen, legez eskatutako quoruma zuela:

ERABAKIA:

Aintzat harturik uztailaren 2ko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 86.4 artikulua (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa), zeinaren bidez udalei aukera ematen baitzaie beren erregelamendu organikoetan jasotzeko zinegotziek zehazki noiz nola eskuordetzen ahalko duten beste zinegotzi bat, beren ordez botoa emateko:

4. Udalaren Osoko Bilkurak zilegi izanen du zinegotzien botoa eskuordetzeko kasuak sartzea Erregelamendu Organikoan, honako honen arabera:

a) Amatasunaren kariaz bilkuretara joan ezin den zinegotziak bere botoa uzten ahalko du beste zinegotzi baten esku, erditu ondoko sei asteetan.

Aitatasunagatiko baja, edoskitzea edo haurdunaldia ez dira arrazoi izanen botoa eskuordetzeko, salbu eta arriskuko haurdunaldia dagoenean, mediku arduradunak behar bezala ziurtatua.

b) Ospitaleratua egoteagatik edo, behar bezala frogaturik, eritasun larria izateagatik bilkuretara joan ezin den zinegotziak bere botoa uzten ahalko du beste zinegotzi baten esku.

c) Baja medikoa frogatzeko, osasun ziurtagiri sinatua aurkeztu beharko da, elkargokide zenbakia zehaztuta eta pairatzen duen eritasunaren larritasuna jasota.

d) Osoko bilkuretan baizik ez da posible izanen botoa eskuordetzea, inoiz ez batzordeetan, lan bileretan edo bozketa behar duten bestelako egoeretan.

e) Zinegotzi batek ez du inoiz izanen boto bat baino gehiago bere esku utzia.

f) Besteen esku utzitako botoen kopurua ez da inoiz izanen Udalbatza osatzen duten zinegotzien erdia baino gehiago.

g) Botoa eskuordetzeko aldia ez da inoiz urtebete baino luzeagoa izanen.

Ez baitu erregelamendu organikorik, udal hau izaera orokorreko xedapenen bidez gobernatzen denez, delako 86.4 artikuluak eskaintzen duen aukera bere funtzionamenduan sartzeko, horretarako erabakia hartu behar da Udalaren osoko bilkuran, legean jasotzen diren kasuetan boto-eskuordetzea egiteko bide hori onarturik, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa), toki-erakundearen beraren antolaketari dagokion erabakia izateagatik.

Aipatu aurrekariak eta oinarriak kontuan hartuz, bada, zera proposatzen zaio Aiegiko Udalari:

Lehenbizikoa.–Onartzea Aiegiko Udalean aplikatzea uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 86.4 artikuluan ezarritakoa (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa), boto-eskuordetzea egin ahal izateko foru lege horrek aurreikusten dituen kasuetan.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Aiegin, 2021eko otsailaren 26an.–Alkatea, Leonardo Camaces Murillo.

Iragarkiaren kodea: L2103264