57. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 11 - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

6/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 9koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren berriz Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu horri baimen judiziala eman zion Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, otsailaren 24ko 21/2021 Autoaren bidez; otsailaren 25etik martxoaren 11ra arteko indarraldia aurreikusten zuen foru aginduak, bi egun horiek barne, eta unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera, berrikusi eta luzatzen ahal zen.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, otsailaren 22tik 28ra arteko asteko diagnostiko berrien tasak behera egin zuen, 61 kasukoa baitzen 100.000 biztanleko. Martxoko lehendabiziko asteko tasa antzekoa edo handixeagoa izan daiteke; horrek joera alda dezake aurreko eboluzioaren aldean.

Maila apaletan jarraitzen dute 7 egunean 64 urtetik gorakoen artean metatutako intzidentzian islatutako gaixotasunaren transmisio adierazle epidemiologikoek.

Otsailaren 22tik 28ra arte izandako etengabeko jaitsiera horren atzean arrazoi hauek egon daitezke: urtarrilaren 20an hartutako neurri zorrotzagoak, jendea errutinara itzultzea oporraldiaren ondoren, kontaktu gutxiago baitaude horrela, eta, adinekoei dagokienez, zentro soziosanitarioetan hartutako txertoa; horretaz gainera, beste elementu batzuk egon daitezke, hala nola negu honetan izandako eguraldi epelagoa.

Nolanahi ere, aipatu txostenak adierazten duenez, aldagai ingelesa, kutsatzeko ahalmena eta, beharbada, hilgarritasuna ere handiagoak dituena, zabaltzen ari denez (%33 izatetik %53 izatera pasatu da otsailaren 18tik 24ra), are sendoagoa da prebentzio neurriak betetzeko gomendioa: maskara modu egokian erabiltzea, distantzia fisikoa gordetzea, ongi aireztatutako guneak aukeratzea, bizikideak ez diren pertsona gutxirekiko harremanak, eskuak garbitzea eta, sintomak eta/edo koronabirusak eragindako infekzioarekin bateragarriak diren zantzuak izanez gero, norbere burua bakartzea eta kontsulta egitea.

Ildo horretan, oinarrizko ugaltze zenbakiaren bilakaera kontrolatu behar da; izan ere, azken egunotan handitzen joan da, eta martxoaren 6an 1aren balioa gainditu du (1,02); horrek esan nahi du goranzko joera hasia dela.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Kudeatzailetzaren txostenak zehazten du gutxiago direla ospitaleratuta daudenak, ospitalizazio arruntean nahiz ZIUetan, eta jaitsi dela COVID-19ak eragindako ospitaleko hilkortasuna. Horrek adierazten du hirugarren olatuak eboluzio epidemiologiko ona izan duela aste honetara arte.

Aurrekoa gorabehera, datuen arabera, Nafarroan otsailaren 26tik aurrera neurriak malgutu ondoren eta Erresuma Batuko aldaera (B.1.1.7) zabaldu ondoren, handitu egin da larrialdietan arreta behar duten eta ospitaleratu behar diren kutsatutakoen kopurua. Joera horrek aurrera jarraituz gero, ondorioak izanen ditu hurrengo asteetan ospitaleetan eta ZIUetan daudenen kopuruan eta heriotzen kopuruan. Hori guztia Aste Santuko jaiegunetatik hurbil gertatzen ari da, non mugikortasun eta sozializazio handiagoak izaten baitira, eta, hortaz, infekzioa hedatzeko arriskua ere handiagoa da.

Hori dela eta, beharrezkoa da, txostenak dioenez, prebentzio komunitarioko neurriei eustea, joan diren hilabeteetan ikasitakoa oinarri hartuta, arriskua kontrolpean edukitzeko, eta, halaber, hartutako neurrien eragina behatzen jarraitzea, ahal dela laugarren olatua saihets dezagun eta prest egon gaitezen neurri zorrotzagoak hartzeko eta baliabide asistentzialak berraktibatzeko, behar izanez gero.

Horregatik, eta kontuan izanik txosten teknikoek diotela beheranzko joera aldatu dela eta Britainia Handiko anduia gero eta zabalduago dagoela, bidezkoa da bere horretan uztea Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduan hartutako neurriak, salbu eta foru agindu horren 26. puntuan egiten den zuzenketa; izan ere, ostalaritzako establezimenduei eta jatetxeei kentzen zaie alkohola 21:00etatik 08:00etara saltzeko salbuespena, 21:00etan itxi behar dutelako; hortaz, 26. puntuko testua zuzentzen da, bat etor dadin Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduarekin.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan aurreikusten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak aukera ematen die, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariei, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzeko, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Luzatzea Osasuneko kontseilariak otsailaren 23an emandako 5/2021 Foru Aginduan hartutako neurriak, baldintza berdinetan, haren 26. puntua izan ezik; foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen dira berriz Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.–Osasuneko kontseilariak otsailaren 23an emandako 5/2021 Foru Aginduaren 26. puntua aldatzea; honela idatzita geldituko da:

“26.–Alkoholaren salmenta.

Debeku da alkohola saltzea 21:00etatik 8:00etara bitarte, publikoari saltzen dioten mota guztietako establezimenduetan, edozein dela ere duten lizentzia”.

Hirugarrena.–Neurri hauek mugatu egiten dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakian aurreikusitakoak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Hala ere, neurri horiek osotara aplikatzekoak dira bertan arautzen diren gainerako neurriei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoak ez badira, eta galarazi gabe izaera orokorrarekin beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Laugarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira martxoaren 12tik 25era bitarte, biak barne, eta unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Bosgarrena.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, baimen judiziala eman dezan, aurretiaz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Seigarrena.–Foru agindu honek 2021eko martxoaren 12an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 9an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2103951