57. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 11 - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 8/2021 FORU DEKRETUA, martxoaren 9koa, zeinaren bidez luzatzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren urtarrilaren 13ko 7/2021 Foru Dekretuan onetsitako neurriak. Foru dekretu horren bidez, neurriak hartu ziren SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez emandako eskumen horiek erabiliz onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa. Horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Zehazki, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatu zen gauez Nafarroako Foru Komunitatean, 23:00etatik 06:00etara bitartean; mugatu egin zen Nafarroako Foru Komunitatera sartzea eta bertatik irtetea, salbu foru dekretu horretan aipatutako eta behar bezala justifikatutako joan-etorrien kasuan; eta mugatu egin ziren pertsonen arteko bilerak: sei lagun, gehienez ere, eremu publiko eta pribatuan, eta bizikidetza-unitatea eremu pribatuan, foru dekretuan jasotzen ziren salbuespenekin. Pertsonen joan-etorriei gaueko ordutegian ezarritako mugen indarraldiari dagokionez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan deklaratutako alarma-egoerak zeukan berbera ezarri zen, eta gainerako neurrien kasuan, berriz, 2020ko azaroaren 4ra arteko indarraldia, egun hori barne. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 4ko 26/2020 Foru Dekretuaren bidez luzatu zen foru dekretu hori, 2020ko azaroaren 18ra arte luzatu ere, eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 16ko 28/2020 Foru Dekretuaren bidez, berriz, 2020ko abenduaren 18ra arte.

Alarma-egoera 2021eko maiatzaren 9ko 00:00etara arte luzatu da. Luzapena xedapen hauetan bildutako baldintzen menpe dago: urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratu zuena SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko, eta, kasua bada, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretu horren azken xedapenetako lehenbizikoak emandako gaikuntza erabiliz ematen diren dekretuak, ezertan galarazi gabe hurrengo apartatuetan ezartzen dena.

Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak 2020ko abenduaren 2an hartutako Erabakiaren bidez hartu ziren Eguberrietan COVID-19ari aurre egiteko osasun publikoko neurriak. Erabaki horren bidez, zenbait neurri malgutu ziren: autonomia erkidegoetan eta hiri autonomoetan sartzeko eta bertatik irteteko mugak, familiakoekin eta hurbileko pertsonekin elkartzeko bilkurak, gaueko mugikortasunaren muga eta Eguberrietako ekitaldiak.

Abenduaren 14an, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 29/2020 Foru Dekretuaren bidez (gero abenduaren 28ko 31/2020 Foru Dekretuaren bidez aldatua), neurriak ezarri ziren Eguberrietarako. 29/2020 Foru Dekretuan ezarritako neurrien ondorioak 2021eko urtarrilaren 14ra arte luzatu ziren, egun hori barne.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren urtarrilaren 13ko 2/2021 Foru Dekretuaren bidez, neurriak hartu ziren SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Neurriok gero aldatu ziren, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren urtarrilaren 20ko 3/2021 Foru Dekretuaren bidez. Neurri horien indarrak 2021eko otsailaren 15era arte iraun zuen, egun hori barne.

Bukatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren otsailaren 9ko 6/2021 Foru Dekretuaren bidez, otsailaren 25era arte luzatu ziren neurriak, egun hori barne.

Azkenik, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren otsailaren 23ko 7/2021 Foru Dekretuaren bidez, neurriak ezarri ziren SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Foru Dekretu horren eragina martxoaren 11ra arte luzatu zen, egun hori barne.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, otsailaren 22tik 28rako asteko diagnostiko berrien tasak behera egin du, 61 kasukoa baita 100.000 biztanleko. Aste honetako tasa antzekoa izanen da, edo pixka bat handiagoa; horrek esan nahi du, beharbada, joera aldatzen ari dela, lehenagoko bilakaerarekin alderatuz gero.

Maila apaletan jarraitzen dute 7 egunean 64 urtetik gorakoen artean metatutako intzidentzian islatutako gaixotasunaren transmisio adierazle epidemiologikoek.

Otsailaren 22tik 28ra arte izandako etengabeko jaitsiera horren atzean arrazoi hauek egon daitezke: urtarrilaren 20an hartutako neurri zorrotzagoak, jendea errutinara itzultzea oporraldiaren ondoren (hartu-emanak gutxitzen dira), eta, adinekoei dagokienez, zentro soziosanitarioetan hartutako txertoa; horretaz gainera, beste elementu batzuk egon daitezke, hala nola negu honetan izandako eguraldi epelagoa.

Nolanahi ere, aipatu txostenaren arabera, aldagai ingelesa, kutsatzeko ahalmena eta, beharbada, hilgarritasuna ere handiagoak dituena, zabaltzen ari denez (otsailaren 18tik 24ra arte %33tik %53ra pasatu gara), are irmoagoa da prebentzio neurriak betetzeko gomendioa: maskara modu egokian erabiltzea, distantzia fisikoa gordetzea, ongi aireztatutako guneak aukeratzea, bizikideak ez diren pertsona gutxirekiko harremanak, eskuak garbitzea eta, sintomak eta/edo koronabirusak eragindako infekzioarekin bateragarriak diren zantzuak izanez gero, norbere burua bakartzea eta kontsulta egitea.

Ildo horretan, oinarrizko ugaltze zenbakiaren bilakaera kontrolatu behar da; izan ere, azken egunotan handitzen joan da, eta martxoaren 6an 1aren balioa gainditu du (1,02); horrek esan nahi du goranzko joera hasia dela.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Kudeatzailetzaren txostenak zehazten du gutxiago direla ospitaleratuta daudenak, ospitalizazio arruntean nahiz ZIUetan, eta jaitsi dela COVID-19ak eragindako ospitaleko hilkortasuna. Horrek adierazten du hirugarren olatuak eboluzio epidemiologiko ona izan duela aste honetara arte.

Aurrekoa gorabehera, datuen arabera, Nafarroan otsailaren 26tik aurrera neurriak malgutu ondoren eta Erresuma Batuko aldaera (B.1.1.7) zabaldu ondoren, handitu egin da larrialdietan arreta behar duten eta ospitaleratu behar diren kutsatutakoen kopurua. Joera horrek aurrera jarraituz gero, ondorioak izanen ditu hurrengo asteetan ospitaleetan eta ZIUetan daudenen kopuruan eta heriotzen kopuruan. Hori guztia Aste Santuko jaiegunetatik hurbil gertatzen ari da, non mugikortasun eta sozializazio handiagoak izaten baitira, eta, hortaz, infekzioa hedatzeko arriskua ere handiagoa baita.

Hori dela eta, beharrezkoa da, txostenak dioenez, prebentzio komunitarioko neurriei eustea, joan diren hilabeteetan ikasitakoa oinarri hartuta, arriskua kontrolpean edukitzeko, eta, halaber, hartutako neurrien eragina behatzen jarraitzea, ahal dela laugarren olatua saihets dezagun eta prest egon gaitezen neurri zorrotzagoak hartzeko eta baliabide asistentzialak berpizteko, behar izanez gero.

Horiek horrela, eta kontuan harturik txosten teknikoek adierazten dutela azken astean beheranzko joera aldatu dela, eta Erresuma Batuko aldaera zabaltzen ari dela, bidezkoa da hartu diren neurriak (Nafarroako Foru Komunitatean askatasunez gauez zirkulatzeari, Nafarroako Foru Komunitatean sartu eta ateratzeari, eta bilerak egiteari buruz, hala eremu publikoan, nola pribatuan) luzatzea, baldintza berdinetan.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko neurriak luzatzea.

Luzatzen dira Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren otsailaren 23ko 7/2021 Foru Dekretuaren bidez SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko ezarri ziren neurriak.

2. artikulua. Luzatutako neurrien indarraldia.

Neurri hauek 2021eko martxoaren 25era arte egonen dira indarrean, egun hori barne, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

3. artikulua. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2021eko martxoaren 12an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 9an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2103958