53. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERROMANTZATUA

Udal ordenantza, Euskara ikasteko dirulaguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Erromantzatuko Udalak, 2020ko abenduaren 23an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Euskara ikasteko dirulaguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Erabaki hori argitaratu zen 2021eko 5. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 11n.

Legez ezarritako epea igaro delarik inork erreklamaziorik eta/edo alegaziorik aurkeztu gabe, bidezko da behin betiko onestea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Erromantzatuan, 2021eko otsailaren 18an.–Alkatea, Aitor Sola Ochotea.

UDAL ORDENANTZA, EUSKARA IKASTEKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da euskara sustatzeko dirulaguntzak arautzea. Udal honek emanen ditu laguntza horiek, Erromantzatuko bizilagunek euskara ikasteko ikastaroak egin ditzaten.

2. artikulua. Beharkizunak.

Laguntza hauek jasotzeko eskubidea izanen dute honako baldintza hauek betetzen dituzten herritarrek:

–16 urtetik gorakoak izatea.

Erromantzatuan erroldatua egotea, urtebetez gutxienez ere, kontuan izanik laguntza noiz eskatu den, eta dirulaguntzaren xede den jarduerak irauten duen bitartean.

–Egiaz udalerrian bizitzea gutxienez urtean 9 hilabetez (salbuesten dira, kasu honetan, ikasketak eta eritasuna direla-eta izaten diren nahitaezko absentziak).

–Laguntza eskatzen duen ikastarotarako matrikulatuta egotea euskaltegiren batean eta matrikularen kostu osoa ordainduta izatea.

–Euskaltegiak frogatzea gutxienez ere ikastaroaren %80ko bertaratze/aprobetxamendua izan dela. Autoikaskuntza programa batean ikasten dutenek ere ziurtagiri hori aurkeztu beharko dute.

–Erromantzatuko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

3. artikulua. Sartzen diren ikastaroak.

Dirulaguntzei dagokienez, lehentasuna emanen zaie euskara ikasteko ikastaro homologatu estentsiboei, trinkoei eta barnetegiei. Urteko aurrekontuak aukera ematen badu, bigarrenez, diruz laguntzen ahalko dira udako unibertsitateko euskarazko ikastaroak ere (horiek gutxienez 10 egunekoak izan behar dira).

Eskualdearen barruan ematen baldin badira ikastaro horiek, entitate sustatzaileek Udalaren berariazko dirulaguntza izanen dute, udalerriko bizilagunen gastuak ordaintzeko erabiliko baita.

4. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Oro har, matrikularen kostu osoaren %50 izanen da, gehienez ere 200 euro pertsonako.

Dirulaguntzen zenbateko osoa handiagoa bada Udalaren aurrekontuan deialdirako erreserbatutako diru kopurua baino, deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta dirulaguntzen onuradun direnen artean hainbanatuko da.

5. artikulua. Salbuespenak.

Ez dira inola ere gastutzat hartuko garraioari eta materialari dagozkienak. Aurreko urteetan dirulaguntza jaso duten ikastaroak baino maila altuagoa ez duten ikastaroek ere ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Administrazio Publikoan lan egiten duten Erromantzatuko bizilagunek, Administrazioko euskara ikasteko programetan parte hartzen badute, ezin izanen dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso.

6. artikulua. Epeak.

Dirulaguntza eskatzen ahalko da aurreko urteko irailaren 1etik urteko abuztuaren 31ra bitarte egindako ikastaroetarako.

Udalaren erregistroan aurkeztuko dira eskabideak, irailaren 1etik 30era bitartean.

Epe hori luzaezina da, eta ez da eskaerarik onartuko epetik kanpo.

7. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Agiri guztiak jatorrizkoak izanen dira edo Udalak konpultsatuak. Eskatzaileen datuak tratatuko dira Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

Ikasleak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

–Eskabidea.

–Nortasun agiriaren fotokopia.

–Ikastaroa antolatu duen entitatearen egiaztagiria; bertan zehaztuko dira ikastaroaren ezaugarriak: iraupen-datak, maila, ordu-kopurua eta kostua, bai eta bertaratze-ehunekoa ere, ikastaro osoaren ordu kopuruari dagokionez, eta matrikulan agertzen diren mailak gainditu dituela.

–Matrikularen ordainagiria, matrikularen zenbateko osoa ordaindu dela egiaztatuko baitu.

–Diru-sarrera zer banku-libretatan jaso nahi den, libreta haren lehenbiziko orrialdearen fotokopia.

Aurkeztutako eskaerak ez baditu biltzen ezarritako baldintzak eta dokumentazioa, interesdunari eskatuko zaio zuzenketa egin dezala gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela. Betiere aitzinetik ebazpena emanen da, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan jasotakoarekin.

8. artikulua. Ebazpena eta ordaintzeko modua.

Erromantzatuko alkateak hartuko du laguntzak emateko erabakia, edo eskuordetzen duen pertsonak edo organoak, behin aldeko txostena ikusirik. Erabaki hori interesdun guztiei igorriko zaie, eta laguntzak ordainketa bakarrean emanen zaizkie.

Udalean dirulaguntzaren onuradunaren izenean ez ordaintzeren bat agertzen bada, horren zenbatekoa kenduko zaio jaso beharrekoari.

Erabaki horrek administrazio bidea agortuko du, eta horren aurka, legez dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

Iragarkiaren kodea: L2102763