50. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

52E/2021 EBAZPENA, otsailaren 2koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, MBR sistemaren bidezko arazketaren instalazioa zabaltzeko proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera onartzen ez duena. Sustatzailea Depurados Azud AIE da.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 7d) Taldean sartzen da proiektua. Hortaz, ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura dagokio.

–Aurrekariak:

2008an, jarduera hasi zenean, jarduera sailkatuaren baimena eskatu zen instalazio horrentzat, Funesko Udalaren aurrean.

2009ko abuztuaren 10ean, beharrezkoa zuen aldeko ingurumen eraginaren adierazpena lortu zuen, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 1643/2009 Ebazpenaren bidez; haren bidez gauzatu zen Funesko (Nafarroa) Bodega Romana industrialean AZUD AIEk sustatutako Hondakin Uren Araztegiaren proiektuari buruzko ingurumen eraginaren adierazpena, eta gaur ere indarrean da hura.

2018ko maiatzean jarduera sailkatuaren baimenaren aldaketa bat aurkeztu zen, eskatzailearen ustez funtsa ukitzen ez zuena, gauza zelako emergentziazko tanga bat ezartzea, eta etorkizunean hura erreaktore anaerobio berria bihurtuko zen, haren jabetzako lurzatian. Indarra duen araudia aplikatuta, eskumena duen erakundearen ustez aldaketa horrek proiektuaren funtsa ukitzen du, eta beraz, Depurados Azud sustatzaileari eskatzen dio Funesko Udalean izapidetzeko bere jardueraren baimenaren funtsezko aldaketa bat.

Gainera, aipatutako instalazioa Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen eraginpean dagoela aintzat hartuta, ondorioztatzen da proiektua sartzen dela I. eranskineko 7d) Taldean, 150.000 biztanle-baliokide baino gehiagoko gaitasuna duten hondakin ur araztegiak, aldaketak gainditzen duelako eranskinaren atalasea, eta beraz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta dagokio, xedapen horren 33. artikuluan eta hurrengoetan araututakoaren arabera.

Funesko Udalak, dokumentazioa aski zela egiaztatu ondoren, 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatzen denarekin bat, proiektua eta ingurumen eraginaren azterlana jendaurrean jarri zituen 30 egunez, eta iragarkia 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2020ko maiatzaren 5ean. Gainera, hainbat kontsulta egin dira proiektuak ukitzen dituen administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, hain zuzen ere, honako hauei: Azagrako Udala; Ingurumen eragineko Atala; Kutsaduraren Prebentzioaren Atala; Ibai-inguruneko Atala; Lurralde Antolamenduaren Atala; Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia; Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua; Ebroko Konfederazio Hidrografikoa; Ekologistak Martxan Iruñea; Gurelur, Natur Ingurua Babesteko Nafarroako Funtsa; Lurraren Defentsarako Elkartea, Lurra; Nafarroako Erdialdeko Toki Ekintzako Taldea; eta Sustrai Erakuntza Fundazioa.

2020ko ekainaren 16an, Funesko Udalak ziurtatu zuen epe horretan ez zela alegaziorik jaso.

Organo substantiboak dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu ondoren, ekainaren 23an, Funesko Udalak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura igorri zuen ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera.

–Proiektuaren eta ingurumen eraginari buruzko azterlanaren laburpen ez teknikoa.

Proiektuaren xedea da Funesko Bodega Romana industrialdeko araztegi sistema mankomunatua handitzea, eguneko 7.050 m³-ko gaitasunera, bi fase independentetan. 1 FASEA, 6000 m³/eguneko emaria jaso arte, eta ondoren 2 FASEA, 7.050 m³/eguneko jaso arte; kudeatzailea Depurados Azud, AIE da. Gaitasun hori handitzeko, beharrezkotzat jotzen da gaurko instalazio batzuk aldatu eta handitzea.

1 Fasean egikaritu beharreko jarduketa berriak hauek izanen dira: sistemaren hasierako ur-biltegi berria, eta bahegailu birakariarekiko iragazketa handitzea; homogeneizazioko 4.500 m³-ko tanga berria, aireztapena duena, ezartzea; MBR mintzekiko tratamendu sistema handitzea 6.000 m³/eguneko gaitasunera iristeko; eta Araztegiaren kontroleko etxola berria jartzea.

Jardueraren garapena, funtsean, ez da izanen oraingoaren oso bestelakoa, salbu eta gaitasuna handiagoa izanen dela; industrialdeko enpresen hondakin urak bilduko ditu, eta Araztegira eramanen ditu, han arazketa egiteko prozesu biologiko aerobio baten bidez, lohi aktiboekin eta MBR sistemarekin, orain handitu behar dena, eskatzen den tratamendu gaitasuna izan dezan.

Prozesuaren emaitza izanen da, alde batetik, ur tratatua, Ebro ibaira isuriko dena arroko erakundearen (Ebroko Konfederazio Hidrografikoa) baimenean ezarritako mugarekin; beste aldetik, iragazketaren detritu eran aterako diren azpiproduktuak edo hondakinak, eta lohi deshidratatuak. Lehenbizikoak udal zabortegira eramanen dira, eta lohi deshidratatuak, berriz, hondakinen kudeatzaile baimendu batera.

Proiektuak erantsita du ingurumen eraginaren azterlana, zeinak 0 alternatibaz gain, bestelako alternatibak ere aztertzen baititu. Arazketaren sistemaren bestelako aukerak dira, baina ez da aztertzen kokapenaren bestelako aukerarik. Irizpide logistikoak kontuan hartuta, eta oraingo sistemak emaitza asegarriak ematen dituelarik, 1 faserako, behinik behin, sistema horri eustea aukeratu da, tratamendu gaitasuna zabalduz.

Ingurunearen osagai desberdinak aztertzen dira (klima, ur-emariak, landaredia, fauna, ingurune sozioekonomikoa eta kulturala), eta orobat, proiektuan jaso eta, bai eraikitzeko garaian, bai ustiatzeko garaian, inpaktua eragin dezaketen ekintzak ere. Baloratu dira, baita ere, jarduera bertan behera uzteak eragin litzakeen inpaktuak.

Inpaktuen identifikaziotik eta haien baloraziotik ondorioztatu da inpaktuak bateragarriak direla, eta haien artean nabarmentzen dira, proiektua gauzatzen den unean, lurzoruen okupazioa eta lur-soberakinen sorrera eta mugimendua, eta ustiatzeko garaian, berriz, uraren kalitatearen gaineko inpaktua, baina Araztegiaren eguneko emaria, 7.050 m³/eguneko, Ebroren emariaren aldean txikia dela kontuan hartuta, eta gainera, gai kutsagarrien karga txikia izanen duela, bateragarria jotzen da inpaktu hau ere.

Aztertu ere, hondamendi edo ezbehar larrien egoeran ingurumen faktoreen gainean etor litezkeen arriskuak eta eraginak aztertu dira.

Ingurumen eraginaren azterlanak zenbait prebentzio eta zuzenketa neurri proposatzen ditu, eta ingurumena zaintzeko plan bat ere bai.

–Proiektuaren ingurumen ebaluazioa.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, proiektuaren objektu den kokapena aztertu ondoren, egiaztatu du proiektua egikarituta dagoela, eta beraz, ezinezkoa dela ingurumenean eragin ahal izan dituen inpaktuen ebaluazio zuzena egitea.

Ingurumen eraginaren adierazpena nahitaezkoa izanik, hori gabe egikaritu den proiektuak alde batera utzi ditu proiektuen ingurumen ebaluazioa sostengatzen duten oinarrizko printzipioak, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 2. artikuluan jasotzen direnak: “Zuhurtasuna eta kautelazko ekintza prebentiboa, eta ingurumenaren gaineko eraginak zuzentzea eta konpentsatzea”.

Horrenbestez, Lege horren 9.1. artikuluan xedatutakoarekin bat, Betebehar orokorrak... baliogabeak izanen dira lege honen aplikazioaren eremukoak izanik ingurumenaren ebaluazioa jasan ez duten planak, programak eta proiektuak hartzeko, onartzeko edo baimentzeko egintzak, ukatu gabe kasuan kasuko egoki litezkeen zehapenak, eta lege honen 7. artikuluan jasotzen diren proiektuen II. tituluan araututako ingurumen eraginaren ebaluaziorik ez da eginen, horiek parte batean edo osorik egikaritu badira ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura aldez aurretik bete gabe; beraz, proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazioa bertan behera uztea eta proiektua ez onartzea erabaki da.

Adierazitakoarekin bat, eta eskudantziak ematen dizkidatenez, bai Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, eta bai Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak,

EBAZTEN DUT:

1. Ez onartzea MBR sistemaren bidezko arazketaren instalazioa zabaltzeko proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko Depurados Azud AIE sustatzaileak egin duen eskaera.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren aurrean, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Funesko Udalari eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 2an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2101705