50. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

19E/2021 EBAZPENA, otsailaren 9koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ezporogi eta Zareko udal mugarteetan “Zangoza-Oibar” eta “Zangoza-Kaseda” lineak lotzeko 13,2 kV-eko aireko linea elektrikorako proiektuari ingurumen-ukipenetarako baimena ematen diona. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da proiektuaren sustatzailea.

Goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-ukipenetarako baimena lortzeko eskaera Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen-ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen-ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatu den jarduketa 13,2 kV-eko aireko linea berri bat egitea da, Agezako ingurunean “Zangoza-Oibar” eta Zareko ingurunean “Zangoza-Kaseda” 13,2 kV-eko aireko lineak (biak ala biak “Zangoza” TBA-koak) ixteko, inguruan zerbitzua hobetu eta bermatzeko asmoz. Hasiera batez aztertzeko bi aukera proposatzen dira: bata, “Zangoza-Lizarra” NA-132 errepidearekiko paralelo, eta gero Zareko hegoaldeko sarbideko NA-5140 errepidetik; eta bestea, Agezatik ekialderantz aterako zen, herriko iparraldeko mendikate txikia inguratuz, eta handik iparraldera egin, Armillos ibaiaren ibarretan dauden Zareko soroetatik, Zareko hegoalderaino. Lehen aukera da hasiera batez sustatzaileak aukeratu duena eta, aipatutako errepideez gain, Bizkaia ibaia, Balora ibaia eta Murillo El Fruto-Zaraitzu errege altxonbidea zeharkatzen ditu.

Proposamenaren tamaina dela-eta, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan xedatutakoa betez, espedientea jendaurrean jarri zen hogeita hamar egun baliodunez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Iragarki hori 26. zenbakian argitaratu zen, 2020ko otsailaren 7an.

Jendaurreko epea bukatuta, alegazio bakarra jaso da, Zareko Udalak aurkeztuta. Bertan, udalak proiektuaren kontrako jarrera agertzen du, zenbait arrazoi direla-eta: haren arabera, proiektua ez dago justifikatuta; jendaurrean jarri den dokumentua ingurumen-ukipenen azterlan bat da eta, proiektu bat jasota ez duenez, ezin da jendaurrean jarri; ikusmen aldetik izaten ahal duen eragina ez da aztertu; balizko garapen eolikoen eta ebakuazio lineen etorkizuneko gurutzatzeak ez dira jaso, ezta herri-lur eta mahastien gaineko afekzioa ere.

Alegazio hori sustatzaileari helarazi zaio aintzat har dezan. Horrekin batera, errekerimendu bat ere helarazi zaio, aurkeztutako aukeren tarteko bat azter dezan, lehen aukerak tokiko errepide, aipatutako ibilgu eta abelbideen gainean dakartzan gurutzatzeak saihesteko.

2020ko ekainaren 26an, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU-k ordezko proposamen bat aurkeztu zuen, errekerimenduaren oharrei, posible den neurrian, jarraikiz.

Linea elektriko berria “Zangoza-Lizarra” N-132 errepidetik gertu dagoen “Zangoza-Oibar” lineako euskarri batean hasiko zen, Agezako (Ezporogi) kontzejuko lur-eremuetan. Hasieran, ipar-ekialdeko norabidea hartuko zuen, errepide horrekiko paralelo, Errotaxarra pasabideraino (San Miguel-El Coscojar mendikate txikiaren ekialdean). Bizkaia ibaiaren gaineko NA-132 errepideko zubiaren parean iparraldera hartzen du, mendikate horretako larre eta karkabetatik. Handik, laborantza eremuak zeharkatzen ditu eta Zareko hegoaldeko sarbidearen eta El Arcal inguruan Armillos ibaia zeharkatzen du, Zareko herritik iparraldera 100 metro ingurura dagoen “Zangoza-Kaseda” lineako euskarri bateraino.

Hasierako eta bukaerako deribazio-lotura euskarriak eta maniobra eta kontrol OCR elementu bat eramanen duen euskarri bat salbu, linea elektrikoak ez du beste euskarri berezirik izanen.

Talka eta elektrokutatze arriskua saihesteko proposatutako neurriei dagokienez, linea elektrikoaren iparraldeko tartea txoriak babesteko balizekin seinaleztatzea proposatzen da, mendikateko ekialdetik Zareko sarbideko errepideko bidegurutzeraino. Halaber, elektrokutatze arriskua gutxitzeko eta saihesteko zenbait neurri proposatzen dira: besteak beste, metro batetik goragoko amarratze-isolatzaileak erabiltzea; lokailu, deribazio eta lotura zubiak forratzea; eroleak forratzea, metro bateko tartean, gangaren euskarrietako euste-graparen alde bakoitzean, eta euskarri berrietan tentsioan dauden elementuak eta grapak elementu aurreformatuekin babestea.

Proposamenaren hasierako tarteak (San Miguel-El Coscojar mendikatearen hegoaldean) ingurumen aldetik sakan txiki batzuk zeharkatzen ditu, nolabaiteko balioa dutenak ibilguagatik beragatik eta haren bazterrean dauden zuhaitz edo ibaiertzeko zuhaixkengatik. Linearen ingurunean badaude iturbururen bat eta buztin-lurrean hondeatutako idoi artifizialen bat larreen artean. Aipatutako mendikatea ekialdetik inguratzean, linea elektrikoak ezponda, karkaba eta larreen arteko terraza txikiak zeharkatzen ditu. Aurreikusia dago Armillos ibaia zeharkatzea ibaiertzetako landarediko zuhaitzen tamaina oso handia ez den tarte batean.

Proposatutako trazadurak ez du Zare eta Ageza herriguneetatik ikusmen aldetiko eragin nabarmenik. Inguruneko errepideetatik ikusi egiten da, baina ez da ikusmen aldetiko eragin bereziki negatiboa, eta linea elektrikoak errepideen gainetik gurutzatzea edo haiekin paralelo joatea ohikoa da Nafarroako inguru horretan.

Trazadura berriaren azken proposamenak ez du Murillo el Fruto-Zaraitzu errege altxonbideren gaineko eragin zuzenik. Era berean, ez du eragin zuzenik inguru horretan NA-132 errepidea hobetzeko egindako lanetan altxonbide hori aldatu ondoren mugarrizturiko lurretan, ezta altxonbidearen antzinako trazadurarekin bat egiten duten lur-eremuetan ere.

Espedienteak jasotzen du Zareko Udalaren 2020ko irailaren 8ko kontrako txostenak. Bertan aipatzen da sustatzaileak ez diela erantzun jendaurreko informazioan aurkeztu ziren alegazioei, bai eta adierazi ere abelbideen gaineko balizko ukipenarekin lotutako bestelako gaiak zein sustatzaileak inguruan egin dituen beste proiektuen gaineko kexak. Kontuan hartuta udalaren kontrako txostenaren edukiak ez dituela jasotzen proposamena bateraezin egiten duten ingurumen-auziak, ingurumen-ukipenetarako baimenaren izapidetzeak aurrera segitzen du, aintzat hartuta ikusmen aldetiko eraginari, altxonbideen gaineko ukipenari eta ingurunearen gainerako ingurumen balioei buruz udalak egindako oharrak.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak txostena egin du 2020ko azaroaren 2an, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin. Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea “Zangoza-Oibar” eta “Zangoza-Kaseda” lotzeko 13,2 kV-eko linea elektrikorako proiektuari, Ezporogi eta Zareko udal-mugarteetan. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da proiektuaren sustatzailea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Linea berriaren euskarriek bertan pausatzen ahal diren hegaztiak elektrokutatzea saihesteko proposatutako neurriak izanen dituzte; bereziki, honako hauek: eroaleen zein horien eta pausatze guneen arteko metro bateko distantzia; gurutzeten azpiko zubiak; metro bateko isolamendurako amarratze-isolatzaileak; amarratze, deribazio eta lotura zubiak forratzea; eroleak forratzea, metro bateko tartean, gangaren euskarrietako euste-graparen alde bakoitzean; grapa-estalkiak eta amarratzeko eta eusteko grapentzat beste babes elementuak, bai eta tentsioan dauden beste elementuentzat ere, hala nola instalatzen diren maniobra eta babes OCR-koak.

–Txoriak babesteko balizei dagokienez, sustatzaileak proposatutako tarteaz gain, ETRS89 (630.654, 4712.880) eta (631.658, 4714096) UTM koordenatuen puntuen arteko tartea seinalatuko da. Seinaleztatze horretan, txoriak babesteko balizak ukitutako egituraren bao osoetan jarriko dira, eta fase bereko bi baliza kontsekutiboren arteko tartea 15 metrokoa izanen da gutxienez, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.

–Errotaxarra pasabide bitarteko hegoaldeko tartean, non linea elektrikoa Bizkaia ibaiaren eskuin bazterrera hurbiltzen den, euskarriak laborantza eremuen mugan jartzeko ahalegina eginen da; baina, lanek iraun bitartean, landaredia duten ezpondak ukitu gabe. Zareko 4. poligonoko 346D eta 342F azpilurzatietan, arestian aipatutako tartearen iparraldean, instalatu beharko diren euskarriak lehentasunez jarriko dira larre guneetatik kanpo. Hori ezinezkoa balitz, larreen gaineko ukipena euskarri berriaren zimenduaren gutxieneko okupaziora murriztuko da.

–Aurkeztu den dokumentazioaren arabera, linea elektrikoak ez du euskarririk izanen Nafarroako Foru Komunitatekoak diren Murillo el Fruto-Zaraitzu errege altxonbidearen lurretan, eta ez da lur horien gainetik pasatuko. Halaber, lur horien kasuan kasuko zortasunak errespetatu beharko dira.

–Lanak egitean zuhaitzak kendu beharko balira, ahalik eta gutxien kendu beharko lirateke, eta kentzekotan, jakinarazi eta baimena eskatu beharko zaio Basoak Kudeatzeko Atalari, Tafalla-Zangozako Koordinazio Unitateari (gmatafalla@navarra.es; tel.: 609 90 70 84), hala xedatuta baitago Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean, otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutakoan, eta hura garatu duen erregelamenduan.

–Jarduketa bukatzean linearen eta euskarrien artxibo geoerreferentziatua entregatuko da, baita espedienteko eta ebazpen honetako ingurumen neurriak betetzeari buruzko txostena ere.

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean jarri gogo diren jarduerak sare elektrikora lotzea.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Herri-lurren Atalak 2020ko urtarrilaren 9an eta 2020ko abuztuaren 20an bi txosten egin ditu eta honakoa ondorioztatu du:

“Herri-ondasunen arloan.

Obra lizentzia eman aurretik, herri-ondasunen titularrak diren toki-erakundeek, bai Zareko Udalak bai Agezako Kontzejuak, okupazio espediente bat izapidetu eta hura onartzea lortu behar dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri lurzati bakoitzean ukitutako azalerak zehaztu ondoren eta nahitaezko tramiteen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan xedatutakoaren arabera”.

Lurzati biltzearen arloan.

Herri-ondasunen masako 9. poligonoko 396. lurzatiaren gaineko ukipenei dagokienez, jarduketaren aldeko txosten ematen da, baldin eta honako baldintzak betetzen badira:

1. Herri-lurren okupaziorako espedientean zortasun mota honetarako izapidetzen den baldintza-agiri bera aplika dadila.

2. Okupazio espedientean behar bezala zehaztuta geldituko dira zortasuna eta haren kokapena, eta okupazio espediente horren kopia Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalera helaraziko da.

–Herri Lanetako Zuzendaritza Nagusiaren 2020ko urtarrilaren 28ko txosten erantsiko determinazioak bete beharko dira, “Lizarra-Tafalla-Zangoza” NA-132 errepidearen gaineko linea elektriko berriaren aireko gurutzaketen ingurukoak. Era berean, bete beharko dira sustatzaileak zuzendaritza nagusi horretan lortu behar duen baimenean ezartzen direnak, 2020ko ekaineko proposamenarekin lotutakoak, NA-5140 eta NA-132 errepideak zeharkatzeari dagokionez (Zaren), martxoaren 23ko 5/2007 Nafarroako Errepideei buruzko Foru Legean ezarritakoarekin bat.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretan, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat etorriz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen-ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan ezartzen da lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Zareko Udalera, Kasedako Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (“Tafalla-Zangoza” 10 Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko otsailaren 9an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2102182