50. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 19koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Lerinen eta Larragan energia elektrikoa ekoizteko egitekoa den “San Marcos II. parke eolikoa” izeneko instalaziorako eta haren ebakuazio azpiegituretarako aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena.

1.– Aurretiazko administrazio baimenaren eta eraikitzeko administrazio baimenaren eskabidea.

Nafarroako parke eolikoen baimenak arautzen dituen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, 2020ko maiatzaren 25ean Agrowind Navarra 2013 SL enpresak, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatu zituen, “San Marcos II. parke eolikoa” eta haren ebakuazio azpiegiturak egin ahal izateko.

Horretarako, Agrowind Navarra 2013 SL-k “San Marcos II. parke eolikoaren proiektua” eta “San Marcos azpiestazio elektrikoaren proiektua” izeneko proiektuak aurkeztu zituen, biak ere Francisco Javier Gala Lupiani industria ingeniariak sinatuta.

Dokumentazioaren arabera, 6 MW-ko parke eolikoaren osagaiak 3 MW potentzia unitarioko bi haize-sorgailu dira, bata Lerin eta bestea Larragako udalerrietan kokatuak. Parkea ustiatzeko jardunean baliabide eolikoa zuzen ebaluatu ahal izateko, egokia ikusi da neurketa dorre bat jartzea.

Proiektuak barne hartzen ditu haize-sorgailuen ezarpena, behar diren bideak, drainatzeak, sare elektrikoak, lur-mugimenduak eta, oro har, parke eolikoaren instalazio osoak behar dituen sistema guztiak.

Barne hartzen du, orobat, 30/132kV-ko azpiestazio jasotzailea, horixe izanen baita energia parketik ebakuatzeko osagai zentralizatzailea. Parke eolikoak energia emanen du lurrazpiko 30 kV-ko zirkuituen bitartez, eta ondoren transformazioa eginen da, ebakuazio linearen tentsiora, hau da, 132 kV-ra.

132 kV-ko ebakuazio lineak lehen aipatutako parke eolikoak emandako energia garraiatuko du, bidean hainbat konexio gune eta azpiestazio elektriko zeharkatuz, dagoeneko han den eta Red Eléctrica de España SAU-rena den “Olite” Azpiestazioraino. Azpiegitura horiek beste hainbat proiekturen objektu dira.

Parkea Jenariz eta Linte parke eolikoen ipar-mendebaldean dago, eta haize-sorgailuen eta neurketa dorrearen kokapenak hauek dira:

HAIZE-SORGAILUA

KOORDENATUAK UTM ERS89 (HUSO 30)

X

Y

POTENTZIA (MW)

SM-08

589.650,00

4.710.163,00

3,00

SM-06

589.217,00

4.709.941,00

3,00

Wind Farm Mast

588.924,00

4.709.612,00

-

Haize-sorgailu ereduari dagokionez, dokumentazioan ageri dena GE fabrikatzailearen haize-sorgailu bat da, 140-116 mHH diametroko turbina duena, eta 140 metroko diametroko errotorea.

Dokumentazioak aurreikusten du 4.925.947,92 euroko egikaritze aurrekontua parke eolikorako, eta 1.522.840,72 eurokoa azpiestaziorako.

2.–Aurrekariak: Ingurumen, lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko organo eskudunek egindako izapidetzea.

Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak ekainaren 14an emandako 400E/2018 Ebazpenaren bidez, ingurumen eraginaren adierazpena egin da Agrowind Navarra 2013 SL-k sustatu eta “Nafarroako Proiektu Eolikoa” izenez aurkeztu den Udalaz gaindiko Eragineko Proiektu Sektorialari buruz; hona hemen edukia:

–Linte parke eolikoaren aldeko txostena ematen da LI-1 zenbakitik LI-11 zenbakira bitarteko haize-sorgailuentzat, 2018ko ekainaren 1eko dokumentazioaren arabera, betiere LI-05, LI-06 eta LI-07 haize-sorgailuak bateragarriak baldin badira hirigintza aldetik.

–San Marcos I parke eolikoaren aldeko txostena ematen da: SM1-01 zenbakitik SM1-8 zenbakira bitarteko haize-sorgailuentzat, eta San Marcos II parke eolikoa: 2018ko ekainaren 1eko dokumentazioan jasotako SM2-03 zenbakitik SM2-10 zenbakira bitarteko haize-sorgailuentzat; aldiz, kontrako txostena ematen da SM1-9 eta SM1-10 eta SM2-01 eta SM2-02 haize-sorgailuentzat, azalpen zatian adierazitako arrazoiengatik.

–Corraliza Paulino parke eolikoaren kontrako txostena ematen da, arrazoi hauengatik: inguruan abifauna mehatxatua dagoelako; instalazioekin talka egiteko arrisku handia dagoelako; hegazti horiei beren ziklo biologikoaren fase batzuetan eragiten ahal zaizkien eragozpenengatik; estepako abifaunaren eta hegazti urtarren joan-etorrietarako izan dezakeen hesi-efektuagatik; energia garraiatu eta banatzeko hurbil dauden beste instalazio eoliko batzuekin batera sor dezakeen eragin metatuagatik; paisaiaren gaineko ukipenengatik; eta Monte Plano lekunearen apartekotasun ekologikoagatik.

–Tres Hermanos parke eolikoaren kontrako txostena ematen da, arrazoi hauengatik: estepako abifaunaren kontserbaziorako interesekoak diren guneen artean kokatuta egotea, inguruko abifauna mehatxatuarentzat hesi-efektua sortuz; hegaztiek instalazioarekin talka egiteko arrisku handia egotea; hegazti horiei beren ziklo biologikoaren hainbat fasetan eragiten zaizkien eragozpenak; eta paisaiaren gainean ukipen nabarmena eragitea, parke eolikoen aprobetxamendu handia dagoen eremu batean.

–Jenariz parke eolikoaren aldeko txostena ematen da, 2018ko ekainaren 1ean aurkeztutako dokumentazioaren arabera, JE-07 zenbakitik JE-12 zenbakira bitarteko haize-sorgailuei dagokienez, lerrokadura bakarrean jarriz gero, eta kontrako txostena, berriz, JE-01 zenbakitik JE-06 zenbakira bitarteko haize-sorgailuentzat, faunari eraginen liokeen ukipen kritikoagatik, hesi-efektua sortuko lukeelako estepako abifauna kontserbatzeko garrantzitsuak diren eremuen artean kokatzen den alde batean.

Ebazpenak ezartzen duenez, espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta gainera, okerrak zuzentzeko eta ingurumen jarraipena egiteko zenbait neurri beteko dira.

2018ko abuztuaren 24an, sustatzaileak proiektuaren testu bategina aurkeztu zuen, non, besteak beste, argibideak eskatzen zituen ingurumen eraginaren adierazpenak (IEA) ezarritako baldintza bati buruz, hain zuzen ere, abifaunaren jarraipenari buruz. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren irailaren 11ko 698E/2018 Ebazpenaren bidez, lehen emandako ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpena hein batean aldatu zen.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 3an hartutako Erabakiaren bitartez onartu zen “Nafarroako Proiektu Eolikoa” izenez aurkeztutako Udalez gaindiko eragineko Proiektu Sektoriala, honako zehaztapen hauek eginda:

a) Linte parke eolikoko LI07, LI06 eta LI05 haize-sorgailuak ukatzea, Haize-parkeen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuaren 2. artikuluan adierazitakoa oinarri hartuta eta artikulu horren ondorioetarako.

b) Espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzen arabera eta San Marcos I, San Marcos II, Linte, Jenariz, Tres Hermanos eta Corraliza Paulino parke eolikoen ingurumen eraginaren adierazpena egiteko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak ekainaren 14an emandako 400E/2018 Ebazpenean ezarritako baldintzen arabera garatuko dira San Marcos I, San Marcos II, Linte eta Jenariz parkeak eta horiei lotutako instalazioak.

c) Mugaketa grafikoak UPSaren araudira egokitu beharko du, bereziki “UPSaren eremua” izeneko 1. artikulura. Linte parke eolikoko LI05 haize-sorgailuaren inguruan mugatutako eremuak ez du kontuan hartu behar haizeak neurtzeko proposatzen den estazioa.

3.–Garraio sarerako sarbidea eta konexioa izateko baimena.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen duenaren arabera, “ezin izanen da sorkuntza instalazioetarako administrazio baimenik eman, titularrak aldez aurretik ez baditu lortu banaketa edo garraio sareetan sartzeko eta konektatzeko dagozkion baimenak”.

2020ko urtarrilaren 21ean, Red Eléctrica de España SAU-k agiri bat eman zuen “Erantzun eguneratua, oraingo OLITE 220 kV azpiestazioan Garraio Sarerako sarbide koordinatua izateari buruz, kontuan hartuta gaitasun banaketa desberdina, sarbide auziari buruz CNMCk (Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak) CFT/DE/051/18 Ebazpena eman ondoren”.

2020ko azaroaren 10ean Red Eléctrica de España SAU-k agiria eman zuen “Konexioari buruz erantzun eta IVCTC txostena (konexiorako baldintza teknikoak egiaztatzeko txostena) emateko, garraio sarerako konexioa izateko OLITE 220 kV-ko azpiestazioan”. Agiri horretan konexio baimena eman zen instalazio hauentzat, eta sarbiderako baimena aurretiaz eskuratua zuten.

–Linte parke eolikoa: 33 MW potentzia instalatua / potentzia nominala.

–Jenariz parke eolikoa: 24 MW potentzia instalatua / potentzia nominala.

San Marcos II parke eolikoa: 6 MW potentzia instalatua / potentzia nominala.

4.–Dokumentazioa helaraztea ingurumen, lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloko organo eskudunei.

Nafarroako parke eolikoen baimenak arautzen dituen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazioaren kopia igorri zien ingurumen, lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren gaineko eskumena duten organoei, haiek egiazta zezaten proiektuak betetzen dituela ingurumen eta hirigintza baimenen arloetako izapideen ebazpenak.

2020ko uztailaren 1ean, Lurralde Antolamenduaren Ataleko Landa-lurzoruaren Bulegoak 0003-OT12-2020-000072 txostena eman zuen, San Marcos II parke eolikoaren inguruan; hartan adierazi zenez, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, ez da beharrezkoa lurzoru urbanizaezinaren baimen berri bat izapidetzea.

2020ko uztailaren 29an, Ingurumen Eraginaren Atalak 0003-0215-2020-000172 txostena eman zuen, bertan jasoz hainbat baldintza eta gomendio. Txosten horren kopia igorri zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Agrowind Navarra 2013 SL-ri, eta hark erantzuna eman zuen 2020ko irailaren 17an.

Erantzun hori eta espedienteak jasotzen duen dokumentazio guztia ikusirik, Ingurumen Eraginaren Atalak 0002-0106-2020-000084 txostena eman zuen, 2021ko urtarrilaren 19an.

5.–Kontsultak ukitutako administrazio publikoei eta proiektuak ukitzen dituen erakunde nahiz enpresei.

Era berean, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Mehatzeen Zerbitzuak proiektuaren separatak igorri zizkien bere ardurapean ondasunak eta eskubideak dituzten administrazio publikoei, edo zerbitzu publikoak edo interes ekonomiko orokorrekoak ematen dituzten erakunde edo enpresei, bidezko baldintza teknikoak ezar ditzaten.

Hain zuzen ere, hauei bidali zitzaizkien separatak:

1. Leringo Udala.

2. Oteitzako Udala

3. Larragako Udala

4. Nafarroako Gobernuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

5. Nafarroako Gobernuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzua.

6. Aire Segurtasunerako Estatu Agentzia.

7. Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

8. Sociedad Concesionaria Aguas de Navarra SA

9. Canal de Navarra SA (CANASA).

Erantzuna eman zuten honako hauek:

1. Oteitzako Udala 2020ko uztailaren 16ko txostenean, Udalak adierazi zuen “San Marcos II” parke eolikoa eta “San Marcos” azpiestazio transformatzailea, biak ala biak, oso-osorik daudela Oteitzako udalerritik kanpo, eta beraz, “ez dagokiola berari proiektuari buruzko aurretiazko txostena ematea”.

2. Larragako Udala Larragako Udalak batera eman zituen instalazio hauei buruzko txostenak: Linte parke eolikoa, San Marcos II parke eolikoa eta San Marcos azpiestazioa eta San Marcos-Olite 132kV linea elektrikoa, guztiak ere elkar lotuak eta merkataritza enpresa berak sustatuak izanik.

Ondoren, txosten horien edukia laburbiltzen da, eta halaber, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzutik emandako erantzuna.

2.1. Larragako Udalak txostena eman zuen 2020ko abuztuaren 10ean:

–Lehenik eta behin, alegatzen du Udalak berak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri zuela, “Nafarroako Proiektu Eolikoa” UPSa, 463/2018 prozedura, onartzeko 2018ko urriaren 3an Nafarroako Gobernuak hartu zuen Erabakiaren aurka.

Erantzuna: Prozedura hori artean bukatu gabe dagoenez, ez dira sartu auzi horiek baloratzera.

–Bigarrenik, alegatzen du lau proiektuetan aipatzen dela Parke eolikoen ezarpena arautzen duen otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretua betetzen dela, baina foru dekretu hori indargabetuta dagoela, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren bidez.

Erantzuna: Txosten hori Agrowind Navarra 2013 S.L.ri igorri ondoren, hark onartu zuen formazko akatsa zegoela bere aipamenean, “Separataren Xedea eta Justifikazioa” apartatuan; formazko akatsa dela egiaztatzen da ikusirik administrazio baimenaren eskabidea egiteko prozeduraren esparrua dela indarra duen eta aplikagarria den araudian, hau da, Nafarroako parke eolikoen baimenak arautzen dituen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan, ezarritakoa.

Horrez gain, aurkeztutako dokumentazio guztia, eta orobat proiektuen edukia, 56/2019 Foru Dekretuan xedatzen diren baldintza eta eskakizun guztiak betez eginak dira.

–Hirugarrenik, alegatzen du igorritako lau espedienteek ez dutela betetzen 56/2019 Foru Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoa, hor eskatzen den dokumentu teknikorik ez delako bat ere aurkezten.

Erantzuna: Foru Dekretu horren 14. artikuluko 1.a) apartatuan ezartzen denez, proiektuan berezita jasoko dira beste administrazio publikoen, organismoen edo zerbitzu publikoak edo interes orokorrekoak eskaintzen dituzten enpresen menpekoak diren ondasunak, instalazioak, obra edo zerbitzuak, zentroak edo eremuak ukitzen dituzten zatiak; dokumentazio hori igorri zaie dagokien erakunde eta entitateei, besteak beste, Larragako Udalari. Gainerako dokumentazioa exekuzio proiektuan jasoa dago.

–Udalak alegatzen du proiektuak ez direla jendaurreko informazio aldian egon.

Erantzuna: Horri dagokionez, hona hemen 56/2019 Foru Dekretuaren Lehen Xedapen Iragankorrak aurreikusten duena: “Parke eolikoak ezartzeko udalez gaindiko proiektu sektorialen eskaerak, foru dekretu honek indarra hartzean tramitazioan daudenak, indarra hartzeko une beretik aurrera modu automatikoan aldatuko dira, eta lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrietarako baimen eskaera bihurtuko dira, eta lurralde antolamenduaren arloko eskumena duen departamentuak ofizioz egokituko ditu, foru dekretu honetan dauden aurreikuspenen arabera. Era berean, dagoeneko eginik dauden tramiteak baliozkotu eginen dira”.

Baliozkotuko diren tramiteetako bat izanen da, besteak beste, UPSaren esparruan egindako jendaurreko informazio aldiari dagokiona.

–Linte eta San Marcos II parke eolikoen espedienteei dagokienez, alegatzen du proiektuan jaso den haize-sorgailuan ez dela fabrikatzailea adierazten, eta proiektuetan falta direla eskala handiagoko xehetasunezko planoak, koordenatuak dituzten planoak, zehaztasunezko plano katastralak eta ukipenak.

Erantzuna: Horri dagokionez, adierazi behar da espedienteek zehaztasun aski ematen dituztela instalatuko diren makinen ezaugarri teknikoei buruz, eta gainerako informazioa eraikuntza proiektuan jasota dagoela.

–Udalak hainbat inguruabar alegatzen ditu, Oteitza eta Larragako udalerrien arteko azpiestazioaren eraikuntzaren inguruan.

Erantzuna: Industria, Energia eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren aurrean izapidetzen ari da SAT11109 espedientea, “Olite Azpiestazio Transformatzailea” 132/220 kV proiektuari dagokiona.

–Udalak alegatzen du aurkeztutako proiektuetan Af Aries Energia SL enpresari egiten zaion aipamenari buruz. Udalak dio inguruabar hori jasoa dagoela, baita ere, Udalak berak jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoan, 463/2018 prozedura.

Erantzuna: Agrowind Navarra 2013 SL-k argitu du hori dela proiektua idatzi duenaren berezko eta ohiko erreferentzia.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzutik ez dira 463/2018 prozeduraren esparruan ebatzi gabe dauden auziak baloratzera sartu.

–Udalak alegatu du ezen, 2014ko urtarrilaren 22an egindako Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren Irismeneko Txostenean, nahitaezkotzat jotzen zela proiektuak ukituko zuen faunari buruzko azterlan bat aurkeztea, batez ere abifaunari eta kiropteroei buruzkoa.

Erantzuna: Proiektuek dagoeneko Ingurumen Eraginaren Adierazpena dute, ekainaren 14ko 400E/2018 Ebazpenaren bidez Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emandakoa, eta ondoren aldatua, irailaren 11ko 698E/2018 Ebazpenaren bidez.

Espedientean jaso dira 0003-0215-2020-000171 eta 0002-0106-2020-000083 txostenak, ingurumenari dagozkion auzietan eskumena duen Ingurumen Eraginaren Atalak emandakoak.

–Azkenik, Udalak alegatzen du Olite 220 MW azpiestazioari buruzko auzi bat dagoela auzitegietan planteatuta, Red Eléctrica de España SAU-ren esku-hartzea tartean dela, eta horren arabera, dirudienez, Agrowind Navarra 2013 SL-k 63 MW bakarrik dituela esleituak.

Erantzuna: 2020ko azaroaren 10ean Red Eléctrica de España SAU-k agiria eman zuen “Konexioari buruz erantzun eta IVCTC txostena (konexiorako baldintza teknikoak egiaztatzeko txostena) emateko, garraio sarerako konexioa izateko OLITE 220 kV-ko azpiestazioan”. Agiri horretan konexio baimena eman zen Linte, Jenariz eta San Marcos II parke eolikoentzat, hirurek ere sarbiderako aurretiazko baimena bazutelarik.

Beraz, sustatzaileak aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eskatzen ditu, sarerako sarbidea izateko orain arte eman zaion baimenaren irismen berarekin, hori baldintza baita eskatutako administrazio baimena lortzeko.

2.2. Larragako Udalak txostena eman zuen 2020ko urriaren 1ean:

–Udalak berriro ere adierazten ditu 463/2018 prozeduran, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren edukian, jasota dauden alegazioak.

Erantzuna: Prozedura hori artean bukatu gabe dagoenez, ez da auzi horien gaineko baloraziorik egin.

–Alegatu du Agrowind Navarra 2013 SL-k 2020ko irailaren 10ean aurkeztutako idazkia sinatzen duen pertsonak gaitasuna duen edo ez, zalantza duela, administratzaile mankomunatua izanik, idazkian ez baita ageri beste administratzailearen sinadura.

Erantzuna: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5 artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hau xedatu da: “Beste pertsona baten izenean eskabideak egin, erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkeztu, errekurtsoak jarri, ekintzak bertan behera utzi eta eskubideei uko egiteko, ordezkaritza agiri bidez egiaztatu beharko da. Izapide hutsezko egintza eta eginbideetarako, hitzezko ordezkaritza onartuko da”. Ondorioz, agiri hori aurkezteko ordezkaritza onartzen da.

2.3. Larragako Udalak, 2020/1085369 eta 2020/1085417 zenbakidun agirien bidez, biak ere 2020ko azaroaren 27koak, adierazi du Udalak 2020ko urriaren 1ean egindako txostenaren aurrean Agrowind Navarra 2013 SL-k aurkeztu zituen alegazioak epetik kanpo aurkeztu zirela. Era berean, garraio sarerako sarbidearen inguruko Auziaren Ebazpena erantsi du espedientean, Merkataritzaren eta Lehiaren Batzorde Nazionalak emandakoa.

Erantzuna: Horri dagokionez, bidezkoa da adieraztea Agrowind Navarra 2013 SL-k, 2020ko urriaren 28an, erantzuteko epea zabaltzeko eskatu zuela, eta eskaera onartu zitzaiola, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak 2020ko urriaren 30ean eman eta egun berean jakinarazitako ofizioaren bidez.

Beste alde batetik, espedienteari eransten zaio Merkataritzaren eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren Ebazpena. Bidezkoa da argitzea ezen, Ebazpen horretan oinarrituta, 2020ko urtarrilaren 21ean Red Eléctrica de España SAU-k agiri bat eman zuela “Oraingo OLITE 220 kV azpiestazioaren garraio sarerako sarbide koordinatuari buruzko erantzuna eguneratzeko”, Ebazpen honen 3. apartatuan adierazten denarekin bat.

3. Nafarroako Gobernuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzua 2020ko uztailaren 15ean, Zerbitzu honek kontrako txostena eman zuen, VP054/20 erreferentziarekin.

2020ko abuztuaren 26an, Agrowind Navarra 2013 SL-k igorri zuen idazki baten bidez, ohartarazi zuen Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak emandako txostena ez dagokiola Agrowind Navarra 2013 SL-k izapidetutako proiektuari, beste espediente bati baizik. Horretan oinarrituta, eta 2015eko abenduan onartutako Udalez gaindiko eragineko proiektuarekin (PROSIS) lotuta idazkian jasotzen diren beste hainbat gogoeta aintzat hartuta, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari eskatu zaio “txosten berri bat eman dezan, izapidetzen ari den proiektuari buruz”.

Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak txosten berria eman zuen, VP054–2/20 erreferentziarekin, 2020ko irailaren 4an. Egindako akatsa aitortu ondoren, eta proiektuak Portillo de los Lobos izeneko lekuan altxonbidearen gainean duen eragina aintzat hartuta, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak kontrako iritziari eusten dio parke eolikoaren eta haren azpiestazioaren instalaziorako sarbideen kasuan. Hala ere, txostenak eransten du bere xedea “Eskaeraren objektua den proiektua, Abelbideei dagokienez, baldintzatzen duten faktoreak azaltzera mugatzen dela” eta “Abelbideetan baimen bat izapidetzea, eraikuntzazko jarduketei edo azpiegituren instalazio/mantentze lanei dagokienean, eta abelbide bat edo haren zortasun-eremua igarotzen diren lurretan egiten direnean, izapide hori lurzoru urbanizaezinetako eraikuntzazko jardueren baimenaren prozeduraren bidez egin behar dela”.

Erantzuna: 2020ko uztailaren 21ean, Lurralde Antolamenduaren Ataleko Landa-lurzoruaren Bulegoak 0003-OT12-2020-000072 txostena eman zuen, eta hartan adierazi zenez, aurkeztutako dokumentazioa ikusita, ez da beharrezkoa lurzoru urbanizaezinaren baimen berri bat izapidetzea. Horren ondorioz, administrazio baimenaren prozedurak aurrera jarraitzen du.

6.–Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emateko proposamena.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 5. artikuluarekin bat, espedientean egiaztatuta dago Agrowind Navarra 2013 SL-ren gaitasun teknikoa, ekonomikoa eta legala.

Era berean, erantzukizun sozial korporatiboari buruzko jarduketen agiria jasoa dago, maiatzaren 8ko Foru Dekretuaren 14. artikulua betez.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, eta Nafarroako parke eolikoen baimenak arautzen dituen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa aintzat hartuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak proposatzen du onartzea Agrowind Navarra 2013 SL-k eskatutakoa, kontuan hartuta ingurumenaren, lurralde antolamenduaren eta hirigintzaren arloetan eskumena duten organoek ezarritako baldintzak, hala nola espedienteak bildu dituen txostenetan jaso diren gogoetak ere.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio baimena ematea Agrowind Navarra 2013 SL-ri, San Marcos II 6 MW-ko parke eolikoa, 30/132 kV azpiestazioa eta neurketa dorrea instalatzeko.

2. Eraikitzeko administrazio baimena ematea Agrowind Navarra 2013 SL-ri, Francisco Javier Gala Lupiani industria ingeniariak sinatutako proiektuen arabera, eta kontuan hartuta erakunde hauek ezarritako baldintzak:

–400E/2018 Ebazpena, ekainaren 14koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana.

–698E/2018 Ebazpena, irailaren 11koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana.

–2020ko maiatzaren 25eko 0003-0215-2020-000172 txostena eta 2021eko urtarrilaren 19ko 0002-0106-2020-000084 txostena, Ingurumen Eraginaren Atalak emandakoak.

–Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 3an hartutako Erabakia.

–Lurralde Antolamenduaren Atalak 2020ko uztailaren 21ean emandako 0003-OT12-2020-000072 txostena.

3. 24 hilabeteko epea ematen da obrak egiteko.

4. Instalazioak gauzatu beharko dira aurkeztutako proiektuari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

5. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari fakultatibo eskudun batek sinatua.

6. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

7. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurralde Antolamenduaren Atalera, Basoen eta Ehizaren Zerbitzura eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

9. Ebazpen hau jakinaraztea Agrowind Navarra 2013 SL-ri, Sociedad Concesionaria Aguas de Navarra SA-ri, Canal de Navarra SA-ri (CANASA) Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Aire Segurtasunerako Estatu Agentziari, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik, hilabeteko epean, espedientearen zenbakia adieraziz.

10. Ebazpen hau Leringo Udalari, Oteitzako Udalari eta Larragako Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko urtarrilaren 19an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F2101556