5. ALDIZKARIA - 2021eko urtarrilaren 11

4. PROZEDURA JUDIZIALAK

NAFARROAKO JUSTIZIA AUZITEGI NAGUSIA

Oinarrizko Eskubideen gaineko 467/2020 Prozedura

Fabiola Llorente Llorente, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua.

Aditzera ematen dut: sala honetan bideratu den Oinarrizko Eskubideen gaineko 467/2020 Prozeduran, 186/2020 Autoa eman da 2020ko azaroaren 28an, eta irmo geratu da. Hona hemen haren aurrekariak eta xedapen zatia, hitzez hitz:

“186/2020 Autoa. Lehendakaria: Francisco Javier Pueyo Calleja jauna. Magistratuak: Raquel Hermela Reyes Martínez andrea, Antoni Sánchez Ibáñez jauna. Iruñean, 2020ko azaroaren 28an.

Aurrekariak:

Lehena.–Nafarroako Foru Komunitateko legelari eta aholkulari juridikoak eskatu du, 2020ko azaroaren 27an, judizialki berrets daitezen Osasuneko kontseilariaren azaroaren 27ko 62/2020 Foru Aginduaren bidez onetsitako neurriak. Foru agindu horren bidez luzatu egin ziren Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez hartutako berariazko prebentzio neurri apartekoak Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz, eta haren aldaketak.

Bigarrena.–Fiskaltzari igorri zitzaion, txostena egin zezan berehala; 2020ko azaroaren 27an berean egin zuen, prozeduran ageri den emaitzarekin, eta ebazteko zain dago.

Xedapen zatia:

Salak erabakitzen du:

1. Baimentzea Osasuneko kontseilariaren azaroaren 27ko 62/2020 Foru Aginduaren bidez onetsitako osasun neurriak, ebazpen honen bosgarren eta seigarren oinarrietan ezarritakoarekin bat. Foru agindu horren bidez luzatu egin ziren Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez hartutako berariazko prebentzio neurri apartekoak Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz, eta haren aldaketak.

2. Administrazioak jakinarazi beharko dio Administrazioarekiko Auzien Sala honi berretsitako neurrien betearazpenean eragina duen edozein gorabehera, edo, kasua bada, neurri horiek kentzea eragiten duen beste edozein. Halaber, neurrien luzapena baimentzeko eskaera egin beharko du, osasun arloko administrazioak halakorik erabakitzen badu.

3. Administrazioak txosten bat igorri beharko dio auzitegi honi, zazpi egun naturaleko epean, bilakaera epidemiologikoari eta hartutako neurrien eraginkortasunari buruz.

4. Ez dira espresuki ezartzen eragindako prozesuko kostuak.

Ebazpen hau jakinaraz bekie alderdi guztiei, eta ohartaraz bekie ez dela irmoa eta haren kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daitekeela bost eguneko epean.

Hori erabaki, agindu eta sinatzen dute idazpuruan adierazitako magistratuek. Fede ematen dut.”

Eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, honako hau egin eta sinatzen dut, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 72.2 artikuluan ezarritakoarekin.

Iruñean, 2020ko abenduaren 28an.–Administrazioarekiko Auzien Salako Justizia Administrazioaren letradua, Fabiola Llorente Llorente.

Iragarkiaren kodea: J2016236