49. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

38E/2021 FORU AGINDUA, otsailaren 9koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez toki entitateentzako dirulaguntza-deialdi bat onesten baita zahartze aktiboa sustatzeko programak garatzeko 2021. urtean, zehazki, ongizate fisikoari, ongizate psikikoari eta gizarte ongizateari heltzen dioten programak, zahartu ahala pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoz. DDBN identifikazioa: 548429.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Orobat, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan xedatutakoarekin bat. Agindua Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluan xedatutakoarekin lotu behar da; izan ere, horren arabera, agintari publikoek urritu fisikoak, zentzumenezkoak eta psikikoak tratatzeko, bizkortzeko, integratzeko eta haien arazoei aurrea hartzeko politika eginen dute.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17. artikuluak emate-prozedurak ezartzen ditu, eta bertan adierazten da ohiko prozedura norgehiagoka bidezkoa izanen dela. Salbuespenez, foru legeak aurreikusten du ezen, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, dirulaguntzetarako bideratzen den gehieneko zenbateko osoa dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatzea proposatuko dela. Horixe da deialdi honetan gertatzen den kasua; izan ere, nahi dena da toki entitate onuradunen kopurua ahalik eta handiena izatea.

Biztanleriaren zahartzea errealitate bat da, jaiotze tasaren jaitsieraren ondorioz etorri dena. Izan ere, halako moduan jaitsi da tasa hori non, 30 urte baino gutxiagoan, bikoiztu egin baita 65 urtetik gorakoen kopurua. Nafarroako Foru Komunitatearen errealitatea bide beretik doa: 65 urtetik gorako pertsonak biztanleria osoaren %18,94 dira, eta 80 urtetik gorakoak, berriz, biztanleriaren %6,33. Horren ondorioz, gero eta gehiago dira mendekotasun egoeran egon daitezkeen pertsonak.

Adinekoak gero eta gehiago dira, eta bizi itxaropena ere handiagoa da. Horrek eskatzen du botere publikoek erantzun bat ematea 65 urtetik gorako gero eta pertsona gehiago dituen gizarte baten erronka berriei. Nafarroako bizi itxaropenaren tasa 84,13 urtekoa da, altuenetako bat autonomia erkidegoen eskalan. Gainera, espero da bizi itxaropena handituz joatea, herritarren gizarte ongizatea eta osasuna hobetuz doazen neurrian.

Bestalde, COVID-19ak pertsona guztiengan eragiten du, baina ez modu berean. Adinekoen eta/edo mendekotasuna duten pertsonen taldea bereziki zaurgarria da SARS-CoV-2 gaixotasunaren aurrean. Haiek daukate pronostiko gaiztoena, beren komorbilitatea, sindrome geriatrikoak eta zahartzeari lotutako ahultasuna direla kausa.

Konfinamenduak, gainera, ondorio negatiboak ekarri ditu adinekoentzat eta/edo mendekotasuna duten pertsonentzat: ariketa fisiko gutxiago egitea edo deus ez egitea; lo arazoak eta egunean zehar logura izatea; narriadura kognitiboa handitzea; jokabidearen nahasmenduak; egoera emozionala eta animikoa aldatzea eta sintomatologia depresiboa handitzea; sare sozialarekin kontakturik eza eta bakardadea. Gainera, bakardadearekin, beste arrisku batzuk ugaltzen dira: egoneko bizitza, gaixotasun kardiobaskularrak, elikadura desegokia, eta, horren guztiaren ondorioz, hiltzeko aukera gehiago.

Horregatik guztiagatik, Eskubide Sozialetako Departamentuak beharrezkotzat jotzen du egoera berri honetara egokitutako politikak garatzea, erantzun egoki bat emateko, autonomia pertsonala sustatuz, prebentzioaren bidez eta mendekotasunari aurrea hartuz eta arreta emanez, bai eta osasun krisi honi aurre egiteko estrategiak sustatzea eta sendotzea ere.

Azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 92/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdi honen oinarriak onestea: toki entitateei dirulaguntzak ematea autonomia sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak gara ditzaten 2021. urtean. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira oinarri horiek.

2. Horretarako gastua baimentzea 2021eko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura, edo helburu bererako gaitzen den antzeko partiden kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

920005 93100 4609 231B02 (E) Toki entitateentzako dirulaguntza, autonomia sustatu eta mendekotasunari aurrea hartzeko programetarako

2021

160.000

920005 93100 460902311511 Toki entitateentzako dirulaguntzak adinekoei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko

2021

200.000

Dirulaguntzei buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 58.2 artikuluarekin bat, aipatu partidetan aurrekontu erabilgarri gehiagorik badago deialdiaren ebazpena eman baino lehen, hasiera batean aurreikusitako zenbatekoak handitzen ahalko dira.

Partida bakoitzerako baimendutako zenbatekoa programa bakoitza ebazteko erabiliko da. Bi programa horietako baterako dirulaguntzak ez badu gainditzen modalitate bakoitzerako erreserbatutako zenbateko osoa, soberakina beste programarako dagoen zenbatekoari gehituko zaio.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021ko otsailaren 9an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Toki entitateentzako dirulaguntzen deialdia, 2021. urtean zahartze aktiborako programak garatzeko, zehazki, ongizate fisikoa, ongizate psikikoa eta gizarte ongizatea sustatzen duten programak, zahartu ahala pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmoz. Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da toki entitateei honako jarduera hauek garatzeko emanen zaizkien dirulaguntzen araubidea ezartzea: batetik, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurre egiteko programak, eta bestetik, COVID-19aren ondorioz, adinekoengan eta/edo mendekotasuna duten pertsonengan sortu eta/edo larritu diren bakardade egoerei erantzuteko jarduketak.

2. Modalitateak.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntza jasotzeko bi modalitate daude, bateragarriak direnak:

a) “Adinekoen autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programak”.

b) “Adinekoei eta/edo mendekotasuna duten pertsonei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko programa”.

3. Entitate onuradunak eta betebeharrak.

3.1. Dirulaguntza hauen onuradun izaten ahal dira Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, baldin eta 2021. urtean programaren bat gauzatzen badute adinekoen autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko eta/edo adinekoei eta/edo mendekotasuna duten pertsonei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko.

3.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debeku egoeraren batean dauden toki entitateak.

4. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza jasotzeko aurkezten den proiektua edo programa gauzatzeko asmoz entitate onuradunak kontratatzen dituen langileen gastuak diruz lagunduko dira.

5. Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Toki entitate interesdunek horretarako prestatu den ereduaren araberako eskabide bat aurkeztu beharko dute. Eredua Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziaren web orrian eskura daiteke. Eskabidean, toki entitateak adierazi beharko du deialdiko programa baterako edo bietarako laguntza eskatzen duen.

Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaizkio.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.

Toki entitate bakoitzak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) 3.1 oinarrian aipatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa, finantzatu beharreko proiektua adierazita.

b) Dirulaguntzaren xede den programaren memoria teknikoa, non ekintzak, baliabideak, aurrekontuak eta epeak zehatz azalduko baitira, eta programaren oinarrizko fitxa deskribatzailea, behar bezala betea, 4. eranskineko ereduaren araberakoa. Fitxa bat aurkeztuko da dirulaguntzaren xedeko programa bakoitzeko.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, 5. eranskineko ereduaren araberakoa, adierazteko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen menpe dagoela eta 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituela.

d) Entitate eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo haiek kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik eta sinaturik, 6. eranskineko ereduaren araberakoa.

Dokumenturen bat jadanik Foru Komunitateko Administrazioaren esku badago, entitate interesdunak hala azaldu beharko du eskaeran, adieraziz zer dokumentu den eta dokumentua dagoen administrazio espedientearen zenbakia, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren arabera edo Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermerako abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera datu babesturik bada, baimena emanen zaio Eskubide Sozialetako Departamentuari haietan sartzeko.

Entitateak, nahi izanez gero, bestelako eranskin osagarriak aurkezten ahalko ditu. Eranskin horiek argibideetarako eta ez beste ezertarako izanen dira, eta baloratzeko behar diren nahitaezko dokumentuetatik behar bezala bereiziak aurkeztuko dira.

5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabidearekin batera nahitaezko agiriak aurkeztu ezean edo oso-osorik ez badaude, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio horrela egin ezean haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri bezala.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak goitik behera betetzen direla frogatzekoa ere.

6. Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalari esleitu zaizkio.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

7. Arau orokorrak: dirulaguntzak emateko prozedura, lehentasunak eta balorazioa.

7.1. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira, aurkezten diren eskaerak erkatuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Dirulaguntzaren zenbatekoa modalitate bakoitzean aurreikusten den gehieneko dirulaguntzaren eta eskatzen den dirulaguntzaren arabera esleituko da.

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko diru zenbatekoa, guztira, aurrekontuan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoaren aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatuko dira, bi modalitateetan.

7.2. Balorazioa.

Bi modalitateetan, aurkezten diren proiektu guztiak baloratuko dira, baina kontuan hartuko dira bakarrik teknikoki ongi oinarrituak daudenak, eta, helburu eta jarduera egokiak edukitzeaz gain, giza baliabideak, baliabide teknikoak eta aurrekontu-baliabideak era egokian erabiltzen dituztenak. Programak parte hartzen duten pertsonen beharrei erantzun behar die, eta onuradunek prestaketa prozesuan parte hartu beharko dute.

Hori hala ez bada, balorazioa negatiboa izanen da eta ez da dirulaguntzarik emanen.

8. Dirulaguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Bi modalitateetan, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa aurkeztutako proiektua gauzatzeko kontratatzen diren langileen gastuaren %50 izanen da, aurrekontu-kontsignazioak horretarako bidea ematen badu (ikus 2. eta 3. eranskinak).

Kopuru hori handiagoa bada dagoen kreditu erabilgarria baino, modalitate bakoitzerako aurrekontu-kontsignazioak duen diru kopuru osoa dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatuko da.

Dirulaguntza jasotzen duen entitate batek eskuratzen ahal duen gehieneko zenbatekoa ez da inoiz izanen deialdian modalitate bakoitzerako ezarritako aurrekontuaren %25 baino handiagoa.

9. Prozeduraren gaineko ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaera guztiak ebaluatu eta gero, behin betiko balorazioa eginen da. Balorazio positiboa duten proiektuei dagokienez, dirulaguntzaren zenbatekoa ezarriko da entitate bakoitzak aurkezten duen langileria gastuaren arabera, eta modalitate bakoitzaren aurrekontu-kontsignazioa eta eskaera-kopurua ikusita aplikatzen den hainbanaketaren arabera.

Balorazio negatiboa jaso duten eskaerek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamenak ikusita, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emanen du.

Ebazpenak entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie, adierazita ebazpena emateko aintzat hartutako oinarriak, dirulaguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ezesteko arrazoiak. Dirulaguntza emanez gero, helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntza justifikatzeko modua eta epea zehaztuko dira.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, dirulaguntzak emateko ebazpenak Nafarroako Gobernuko webgunean argitaratuko dira. Argitalpen horretan honako hauek adieraziko dira: deialdia, dirulaguntzak aurrekontuko zer kredituri egozten zaizkion, entitate onuradunak, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.

Toki entitateek, halaber, egoki jotzen dituzten bitartekoen bidez eginen dute publizitatea.

Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.4 artikuluan legez ezarritako gehieneko epean. Epe hori bukatuta, entitate interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

10. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo diruz lagundutako jardueraren berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

11. Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza ordaintzeko, kasu guztietan beharrezkoa izanen da irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoa betetzea, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak.

Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, eranskin honen 11. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

12. Dirulaguntzaren justifikazioa.

12.1. Dirulaguntzaren justifikazio partziala.

Entitateek, beranduenez, kasuan kasuko urteko azaroaren 10ean justifikatuko dituzte gastuak, dokumentazio hau aurkeztuta:

a) Dirulaguntzari aplikatzen zaizkion langileria gastuen zerrenda.

Proiektua gauzatzeko entitateko langileak erabiltzen badira, zerrenda horrekin batera honako hauek aurkeztuko dira: nominak, nominak ordaindu izanaren frogagiriak, kontratatutako profesionalen TC2 agiriak, kotizazioen likidazioen ordainagiriak, PFEZa ordaindu izanaren ordainagiria eta PFEZaren konturako diru-sarrerak (190 eredua). Gastuen zerrenda hori entitateek telematika bidez igorriko dute, entitatearen legezko ordezkariaren sinadura digitala duela, eta adierazirik gastuok dirulaguntza honetarako baizik ez direla aurkeztu.

Proiektua aholkularitza tekniko baten kontratazioaren bidez gauzatzen bada, zerbitzuaren fakturak eta ordainagiriak aurkeztuko dira.

Organo kudeatzaileak posta elektronikoz bidali beharko die entitateei onartutako gastuen zerrenda, haiei dagozkien aldaketak barne (baldin badaude), eta onartu den dokumentazioa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian aurkeztu dela egiaztatuko du, jasotako dirulaguntza justifikatzeko.

Horrez gain, entitateek jasotako dirulaguntzaren erabilera justifikatuko beharko dute memoria tekniko bat eta gastua diruz lagundutako jarduerari egoki aplikatu zaiola adierazten duen ziurtagiri bat aurkeztuz, azken hori udaleko idazkariak sinatua eta kontu-hartzaileak ikus-onetsia, horrelakorik baldin bada; bestetik, programari loturiko fakturen zerrenda gehituko zaie.

b) Diruz lagundutako programen exekuzioaren gaineko memoria teknikoa.

Memoria horrek gehienez ere hamar folio izanen ditu programa bakoitzeko, behar bezala zenbakituak, horietatik kenduta azala eta aurkibidea. Orriaren neurria DIN A4 izanen da, bi aldetara inprimatuta. Letra mota Arial edo antzekoa izanen da, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroarte arrunta. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute, eta ezin izanen dute orrialde osoa hartu. Aipatu orrialde kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopurura iritsi arte bakarrik baloratuko du.

Memoria horretan toki entitateak adieraziko du zer publizitate egin duen programa Nafarroako Gobernuak finantzatu duela esanez, Nafarroako Gobernuaren zigilu ofizial eta guzti.

c) Diruz lagundutako programa bakoitzeko erabiltzaileen zerrenda, generoaren arabera bereizia, euskarri informatikoan.

d) Diruz lagundutako programen emaitzen kontua (diru-sarrerak eta gastuak).

Diru-sarreren kapituluan, entitateak diruz lagundu den jarduera finantzatzeko jaso dituen diru-sarrerak azalduko ditu, funts horien zenbatekoa eta jatorria zehaztuta, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandakoarekin bateragarriak diren dirulaguntzak barne. Diru-sarrerak guztira ezin dira izan diruz lagundu den jarduera egiteko kostuak baino handiagoak.

Gastuen atalean gastu guztiak zehaztuko dira, bi kontzeptutan banatuta: langileak eta jarduerak.

12.2. Dirulaguntzaren azken justifikazioa.

2022ko otsailean, entitate onuradunak entitatearen memoria tekniko bat aurkeztuko du jarduera egin izana justifikatzeko dokumentazio gisa, non deialdi honetan diruz lagundutako programak agertuko diren.

Memoria horrek gehienez ere hogeita bost folio (50 orrialde) izanen ditu, behar bezala zenbakituak, horietatik kenduta azala eta aurkibidea. Orriaren neurria DIN A4 izanen da, bi aldetara inprimatuta. Letra mota Arial edo antzekoa izanen da, gutxienez ere 11 puntuko neurrikoa, eta lerroarte arrunta. Grafikoek gutxienez ere 10 puntuko letra izanen dute, eta ezin izanen dute orrialde osoa hartu. Aipatu orrialde kopurua gainditzen bada, organo kudeatzaileak gehieneko orrialde kopurura iritsi arte bakarrik baloratuko du.

Ez da beharrezkoa izanen memoria hau aurkeztea justifikazio partzialean aurkeztu bada.

13. Entitate onuradunen betebeharrak.

a) Proiektua gauzatzea entitateak eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehaztu bezala, edozein jarduketa-arlotan.

b) Eranskin honen 12. oinarrian aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Dirulaguntza jasotzen duen jardueraren frogagiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

f) Erakundearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

g) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14. Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

14.1. Azpikontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, beste batzuekin hitzarmen bat sinatzea haiek gauzatu dezaten, hein batean, dirulaguntzaren xede den jarduera. Dirulaguntzaren xede den jarduera berez egin ahal izateko onuradunak egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

14.2. Hornitzaileak kontratatzea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, zerbitzuak aholkularitza edo laguntza enpresek ematen badituzte eta gastu diruz lagungarrien zenbatekoa 12.000 eurokoa baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du, dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.

Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsulta-tramitearen gaineko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu entitate onuradunak. Kontu horiek agiri bidez frogatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, egindako hautapenaren arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko da.

Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori ematen duten enpresak behar adina ez direnean, edo gastua egin denean dirulaguntza eskatu baino lehenago.

15. Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari.

Salbuespen gisa, dirulaguntza jasotzen duten entitateek diruz lagundutako programen edo oinarrizko jarduketen edukia aldatzeko baimena eskatzen ahalko dute, baita hura gauzatzeko modua eta epeak ere, kasu hauetan:

a) Oinarrizko jarduketen edo programaren garapena aldatu edo zailtzen duten inguruabarrak agertzen direnean.

b) Baliabideak egoki erabiltzearen ondorioz, diruz laguntzen den jarduerari aplikatu gabeko gerakinak daudenean eta gerakin horiek laguntza jasotzen duen proiektuko jarduerak handitzeko erabili nahi direnean.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren inguruko behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako oinarrizko jarduketak edo programak egiteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntza emateko aintzat hartutako baldintzetan egiten den edozein aldaketak dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak onartuta egonda ere, edo kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da, hala badagokio.

16. Itzulketak eta ez-betetzeak.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Dena dela, entitateak modu boluntarioan eskatzen ahalko du justifikatu gabeko dirulaguntzaren zenbatekoaren itzulketa. Horretarako, frogagiri bat aurkeztu beharko du erakusteko diru-sarrera bat egin dela Eskubide Sozialetako Departamentuaren alde, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldearen adinakoa. Kasu horretan, ez da berandutze-interesik aplikatuko, eta ulertuko da entitateak espresuki uko egiten diola itzultzen duen zenbatekoari.

Orobat, entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere eginbeharrak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli edo ordaindu beharreko zenbatekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren. Ez-betetzeak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.1.p) artikuluan ezarritakoaren arabera neurtuko dira.

Dagokion dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, partzialetan zein amaierakoan, baina bai aurkezten bada horien ondorengo 5 egunetan, honako hau izanen da atzerapenaren penalizazioa: emandako dirulaguntzaren zenbatekoa %5 murriztuko da.

17. Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun diren entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen menpe egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

18. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

19. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, ondoren aipatzen diren arauetan agertzen diren xedapenak aplikatzekoak dira: 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa; 69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena; 39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa; 1051/2013 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, mendekotasuna dutenen autonomiarako eta arretarako sistemaren prestazioak arautzen dituena; 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa; eta 39/2015 Foru Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

2. ERANSKINA

A modalitateko berariazko oinarriak

Adinekoen autonomia sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programa.

1. Xedea.

Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programen barruan modu anbulatorioan ematen den zerbitzu multzo bat sartzen da, helburua dutenak norberak, bere arau eta lehentasunen arabera, nola bizi nahi duen kontrolatzeko gaitasun pertsonala garatzea eta mantentzea, bizimodu horri aurre eginez eta behar diren erabakiak hartuz, eta, horrekin batera, eguneroko bizitzaren oinarrizko jarduerak erraztea.

2. Helburu orokorrak.

Hauek dira horrelako programak gidatu behar dituzten helburu orokorrak:

–Zahartze aktiboa sustatzea, mendekotasunari aurrea hartzeko ekintzak garatuz eta bizimodu osasungarria erraztuz.

–Adinekoen autonomia eta garapen pertsonala eta zaintzaileen atsedena sustatzea.

–Adinekoek eguneroko jarduerak egiteko dituzten gaitasunak indartzea, mantentzea edo haien galerari galga jartzea.

–Norberaren zainketarako jarduerak garatzeko behar diren sostenguak eta zainketak bermatzea.

–Pertsona bakoitzak bere egoera eta bere bizi kalitatea hobetzeko behar dituen zainketak eta sostengu pertsonal eta soziala eskaintzea, tratu duina emanez, norberaren borondatea errespetatuz eta, kasua bada, ahaideen ekarpenak aintzat hartuz.

–Adinekoek autonomiari eusteko bideak sustatzea eta haien lehentasun, interes eta bizi proiektuen garapena bultzatzea.

–Pertsona bakoitzak bere ezagutza-ahalmenari eusteko gaitasun intelektual esanguratsuenak lantzea.

–Esperientziak garatzeko moduko testuinguruak sortzea.

–Gainerako pertsonekiko interakziorako eta komunikaziorako gaitasun sozio-afektiboak mantentzea eta garatzea.

–Zaintzaileari behar bezalako laguntza ematea, adinekoari eta bere buruari arreta egokia ematen diola bermatzeko.

3. Programa diruz lagungarriak.

Agindu honen ondorioetarako, diruz lagungarriak izanen dira autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programa hauek: 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31 arte garatzen direnak 65 urte baino gehiago dituzten pertsonentzat, edo 60 urte baino gehiago dituztenentzat, pentsiodunak badira.

Programa diruz lagungarriak arlo hauetan garatu beharko dira:

a) Jarduera fisikoaren arloa. Programek autonomia funtzionala sustatzea edo/eta mantentzea bilatuko dute, ariketa fisikoan oinarritzen diren jarduerak diseinatuz eta gauzatuz. Programa hauen helburua da bizi-estilo aktibo eta osasungarria sortzea, adinekoen osasuna, gaitasun funtzionala eta, beraz, bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duena.

b) Gaitasun funtzionalaren arloa. Programak adineko pertsonen gaitasun funtzionala hobetzera bideratuko dira, eguneroko egitekoak gauzatzeko autonomia hobetu dezaten, jarduerak berak entrenatuz, gorputz-jarreren teknikei buruzko aholkularitzaren bidez, eguneroko errutina antolatuz, eta abar.

c) Arlo kognitiboa. Arlo honetako programen helburua izanen da goi mailako gaitasun kognitiboak piztea, hots, arrazoitzea, arintasun mentala mantentzea, hizkuntza eta oroimena entrenatzea, hori guztia gaitasun kognitiboen hobekuntza eta errehabilitazioa sustatuko dituzten teknikak eta estrategiak eskainiz. Programa hauek teknologia berriak erabiliz gauzatzen ahalko dira.

Jarduketak bideratuak egonen dira narriadura kognitiboa atzeratzera edo, ahal dela, apaltzera, eguneroko bizitzaren jardueretan eta erabakiak hartzean behar diren trebetasun psikosozialak mantentzeko.

d) Arlo emozional-afektibo soziala. Programek aholkularitza, prestakuntza eta informazioa emanen diete adinekoen eta/edo mendekotasuna dutenen zaintzaile ez-profesionalei. Programa hau diseinatzean, informazioa eta aholkularitza sustatzea bilatuko da, bai eta taldekako esku-hartze psikoedukatiboak ere familia zaintzaileentzat.

4. Dirulaguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Diruz lagungarriak izateko, programa egiteko kontratatzen diren langileek profil profesional soziosanitarioa edo soziala izan beharko dute. Toki entitateak zuzenean kontratatuak izan daitezke, edo programa gauzatzen duen enpresa baten bidez kontratatuak, laguntza teknikoa emateko.

5. Aurrekontuko diru erabilgarria.

Helburu horietarako 160.000 euro bideratu dira, “Toki entitateentzako dirulaguntzak autonomia sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko programetarako” izeneko 920005 93100 4609 231B02 (E) partidaren kargura.

3. ERANSKINA

B modalitateko berariazko oinarriak

Adinekoei eta/edo mendekotasuna duten pertsonei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko programa.

1. Xedea.

COVID-19aren ondorioei aurre egiten laguntzeko, adinekoei eta/edo mendekotasuna duten pertsonei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko programen barruan, estresa, depresioa, antsietatea eta antzekoak kudeatzeko ekintza multzo bat sartzen da.

2. Helburu orokorrak.

Hauek dira horrelako programak gidatu behar dituzten helburu orokorrak:

–Herriko adinekoen eta/edo mendekotasuna duen pertsonen egoera emozionala identifikatzea, pandemia dela kausa laguntza psikologikoa eta/edo emozionala behar duten pertsonak detektatzeko.

–Osasun mentalari buruz informatzea eta sentsibilizatzea.

–Erraztasunak ematea osasun krisiak eta pertsonen arteko urruntzeak eragindako estresa kudeatzeko.

–Laguntza psikologikoa ematea eritasuna igaro duten edo hurbileko ahaide bat galdu duten adinekoei eta/edo mendekotasuna duten pertsonei.

–Pandemiaren ondoriozko estrategia emozionalak eskaintzea parte hartzen duten pertsonei.

–COVID-19aren egoeraren ondorioz eragin psikologikoa jasaten ari diren pertsonen beharrei erantzutea.

–Herrian laguntzarako gizarte sareak garatzea eta laguntza emozionala behar duten pertsonen eta herriko gizarte sarearen arteko loturak erraztea.

3. Programa diruz lagungarriak.

Agindu honen ondorioetarako, diruz lagungarriak izanen dira adinekoei eta/edo mendekotasuna duten pertsonei zuzenduriko psikologia komunitarioko programa hauek: pandemiak biztanle horiengan izan duen eraginari erantzuteko asmoz, gizarte entitateek 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31 arte diseinatu eta garatzen dituztenak.

Diruz lagunduko dira adinekoen eta/edo mendekotasuna duten pertsonen ongizatea eta erresilientzia sustatzeko ekintzak jasotzen dituzten programak, krisi egoeran dauden pertsonei laguntzeko tresnak eskaintzen dituzten neurrian.

Alde horretatik, honako hauek lagunduko dira:

–Krisi garaietan osasun mentala sustatzeko eta prebentziorako tailer psikoedukatiboak.

–Ongizate emozionalari buruzko eta antsietateari eta estresari aurrea hartzeko tailerrak.

–Lehen sorospen emozionalei buruzko tailerrak.

–Daukaten zaurgarritasun egoera dela kausa, arreta pertsonalizatua behar duten pertsonentzako laguntza, orientazio eta aholkularitza indibidualerako programa.

4. Dirulaguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Diruz lagungarriak izateko, programa egiteko kontratatzen diren langileek psikologia arloko profil profesionala izan beharko dute. Toki entitateak zuzenean kontratatuak izan daitezke, edo programa gauzatzen duen enpresa baten bidez kontratatuak, laguntza teknikoa emateko.

5. Aurrekontuko diru erabilgarria.

Helburu horietarako 200.000,00 euro bideratu dira, “Toki entitateentzako dirulaguntzak adinekoei laguntza psikologikoa eta emozionala emateko” izeneko 920005 93100 460902311511 partidaren kargura.

Iragarkiaren kodea: F2102198