48. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko otsailaren 17an hartua, zeinaren bidez xedatzen baita Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren zorpetze-eragiketak egitea 358.083.214,00 euroko muga gainditu gabe.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluak xedatzen du Foru Komunitatearen zorpetzea mota hauetakoa izaten ahalko dela:

a) Mailegu edo kreditu eragiketak.

b) Zor publikoaren baloreen jaulkipena.

c) Finantza tresnekiko bestelako eragiketak.

Halaber, aipatutako 13/2007 Foru Legeak 64. eta 66. artikuluetan xedatzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, zorpetze-eragiketak erabakitzea, baldin eta foru lege baten bidez baimendu badira.

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak 20. artikuluan xedatzen du ezen, Estatuak, aurrekontu egonkortasunaren, zor publikoaren eta gastu arauaren helburuak betetzeari buruzko txostenak, lege horren 17. artikuluan aipatzen direnak, aintzat hartuz, egiaztatzen badu aurrekontu egonkortasunaren helburua, zor publikoarena edo gastu arauarena ez dela bete, ez-betetzea egin duen autonomia erkidegoaren zorpetze eragiketa guztietarako beharrezkoa izanen dela Estatuaren baimena, ez-betetzeak dirauen bitartean. Halaber, 2/2012 Lege Organiko horren beraren azken xedapenetako hirugarrenaren lehen puntuan zehazten da ezen, bere foru araubidea dela-eta, Nafarroako Foru Komunitatean legea aplikatuko dela Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen 64. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoarekin bat.

Nafarroako Foru Komunitateak ez zuen bete 2019ko ekitaldiko gastu araua, aurrekontu egonkortasunaren, zor publikoaren eta gastu arauaren helburuen betetze mailari buruzko 2019ko azken txostenak dioenaren arabera. Txosten hori 2020ko azaroaren 24koa da eta Gobernuari igorri zitzaion aipatutako lege organikoaren 17.4 artikuluaz baliatuz.

Ministroen Kontseiluak, 2021eko otsailaren 9an, baimena eman zion Nafarroako Foru Komunitateari epe luzerako zor eragiketak formalizatzeko, 483.083.214 euroko muga gainditu gabe.

Nafarroako 2021erako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 20/2020 Foru Legeak 15. artikuluan ezartzen du baimena ematen zaiola Nafarroako Gobernuari zorpetze-eragiketak egiteko, honako muga honekin: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren azpisektorea osatzen duten entitateen saldo bizia, Europako kontuen sistemaren arabera (EKS-SEC 2010), ez dadila izan 2021eko abenduaren 31n 2021eko urtarrilaren 1eko saldo bizia baino 461.820.000 euro handiagoa (BPGaren % 2,2ko defizit aurreikusiaren finantzaketa).

Aurreikuspen hori gauzatzeko, beharrezkoa da halako zorpetze-eragiketak egiteko bide ematen duen erabaki bat onestea.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Xedatzea zorpetze-eragiketak egin daitezela, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 61. artikuluan aipatzen diren horietakoak, 358.083.214,00 euroko mugarekin, batetik, epemuga arruntak birfinantzatzeko, 244.583.214,00 euroko zebatekoarekin, eta bestetik, aurreikusitako defizita erreferentziatzat hartuta, horren 113.500.000,00 euroko lehen tarte bat finantzatzeko.

2. Aurreko apartatuan jasotako zorpetze-eragiketen jaulkipena eta, kasua bada, formalizazioa, eragiketa batean edo batzuetan gauzatzen ahalko dira, eta proiektu jasangarriak finantzatzeko erabiltzen ahalko dira (berdeak edo sozialak).

3. Zenbateko horren barrenean, egiten diren balore-jaulkipenek Nafarroako Zorraren ohiko izendapena eta ezaugarriak izanen dituzte, eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

4. Erabaki honetan jasotako finantza-eragiketetarako, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren esku uzten dira Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 66.1 artikuluaren c) eta d) letretan aipatzen diren eskumenak, lege horren 66.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

5. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren foru agindu baten bidez zehaztuko dira balore-jaulkipenen baldintza guztiak eta gainerako finantza-eragiketak xedatzekoak. Horretarako, ahalmena ematen zaio aipatu kontseilariari erabaki hau betearazteko behar diren neurriak hartu eta ebazpenak eman ditzan.

6. Erabaki honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak.

7. Erabaki hau Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Ekonomia eta Finantza Zerbitzuari igortzea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko otsailaren 17an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2102655