48. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLO

Udal ordenantza, Terrazak, beladoreak eta barra-mostradoreak jabari eta/edo erabilera publikoko eremuetan paratzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Hasierako onespenaren erabakia argitara eman zen 2020ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 10ean. Jendaurreko epean ez da alegaziorik egin; hortaz, behin betiko onetsi da.

Allon, 2021eko otsailaren 16an.–Alkatea, Susana Castanera Gómez.

UDAL ORDENANTZA, ALLOKO UDALERRIAN TERRAZAK, BELADOREAK ETA BARRA-MOSTRADOREAK JABARI ETA/EDO ERABILERA PUBLIKOKO EREMUETAN PARATZEA
ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Espazio publikoen edo erabilera publikoa duten espazio pribatuen erabilera pribatuak arauketa behar du, esan nahi baita, instalazio horiek arautu behar dira, beren jardueran ari daitezen bateragarri eginik herritarraren aisialdirako eskubidea, jarduera ekonomiko batean aritzea eta inguruko jendearen atsedenerako eskubidea. Beraz, mugatzailea eta banakakoa izan beharko du, edozein arrazoi dela-eta inguruko bizilagunekin gatazkan abiatzen diren instalazioei dagokienez.

Abiapuntua da beladoreak dituzten terrazak, halako establezimendu batzuen muntadura gehigarriak diren aldetik, ez direla berez bestelako erabilera bat edo erabilera bereizi bat establezimendu nagusikoaz aparte, eta, hortaz, ez direla ibiltzen ahal haietatik banandurik edo isolaturik; establezimendu horiek, bestalde, irekitzeko eta funtzionatzeko behar diren lizentziak izan beharko dituzte beren jardueran aritzeko.

Horren ondorioz, terraza beladoredunak izateko gaitzen duen titulua baimen administratiboa da. Hala den aldetik, haren ezaugarria da baimen administratibo berezia izatea, Udalaren iritziaren araberakoa. Beraz, abiapuntua da partikularrak ez duela lehenagotik dagoen eskubide bat, beladoreak dituen terraza paratzeko. Administrazioak hartuko du baimena emateko erabakia, une bakoitzean interes publikoa zein den ikusirik, esan nahi baita, oharturik segurtasunari, ingurumenean egiten den kalteari, irisgarritasunari edo hiri estetikaren alderdiei; alde horretatik, ahalmena izanen du mugak jartzeko eta baimena baldintzapean emateko, halako moldez non baldintza horiek ez betetzeak ekar baitezakeen hura ezeztatzea, behar den prozedura erabilita.

Tabakismoaren kontrako osasun neurriak finkatu eta tabako-produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituen abenduaren 26ko 28/2005 Legea aldatzen duen abenduaren 30eko 42/2010 Legea indarrean jartzearen ondorioz, aldaketa gertatu da herritarraren halako ohitura batzuetan, eta horrek ekarri du ostalaritzako establezimenduek bide publikoa okupatzea ohikoak ez diren elementuak erabiliz (aulkirik gabeko mahai luzeak, berogailuak, itxiturak, barrikak etab.); horrek alderdi estetikoari nahiz herritarren bizikidetzari eragiten dienez gero, kontu horiek arautu behar dira, elkarren lehian gerta litezkeen interesak bateratu ahal izateko.

Barra-mostradore eramangarrien kasuan, eta jaietako ekitaldietatik hurbil dauden eremu batzuetan jendetza izaten eta metatzen denez, herriko jaietan baizik ez dira baimenduko.

I. KAPITULUA

Xedea, kontzeptua, aplikazio eremua, muga orokorrak eta aplikatzeko araudia, erantzukizun zibileko asegurua

1. artikulua. Xedea eta kontzeptua.

1. Ordenantza honek araubide tekniko, estetiko eta juridikoa arautzen du jabari eta/edo erabilera publikoko eremuen aprobetxamendu berezirako, hain zuzen ere eremu horiek terrazekin eta beladoreekin edo gisako instalazioekin aldi baterako okupatu nahi badira, ostalaritzako establezimenduen zerbitzurako irabazi asmoz.

2. Hona zer diren terrazak eta beladoreak: mahai eta aulkien multzoa, baita haien muntadura osagarri finko nahiz mugigarriak ere, hala nola eguzkitakoak, alboetako babesgarriak, argiak, berotzeko ekipamenduak etab., sarrera libreko edo erabilera publikoko espazio publiko eta pribatuetan egonik, ostalaritzako establezimendu legeztatu baten (ostatua, kafetegia, jatetxea, ostatu-jatetxea, kafetegi-ostatua, taberna, txokolategia, izozki denda eta gisakoak) osagarri direnean hala aldi baterako nola modu jarraituan.

3. Barra-mostradorearen kasuan: elementu mugigarria, haren modulua gehienez ere 2 metro lineal denean.

4. Altzari-elementuak terraza-beladorerik gabe: mahai altuak (aulkirik gabeak), barrikak, berogailuak, establezimenduko kartak etab.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau erabilera publikoko espazio guztiei aplikatzen ahal zaie, haien titulartasuna edozein izanik ere. Egitatezko egoerak nahiz indarra duen planeamenduak finkatzen dute erabilera publikoaren izaera.

3. artikulua. Muga orokorrak.

1. Terraza paratzeko eskubidea izateko, nahitaezko baldintza izanen da Udal Ogasunarekin zorrik ez izatea jardueraren eta/edo jarduera gauzatzen den establezimenduaren ondorioz, eta orobat zaratari buruzko araudia ez betetzeagatik zehatua ez izana, administrazio ebazpen irmoaren bidez, eskabidea aurkeztu aurreko hiru hilabetean.

2. Baimenen izaera juridikoa dela eta, aldi baterako eteten ahal dira, baldin Udalak sustatutako edo baimendutako festa, kultura, gizarte edo kirol jarduerak egiten badira. Orobat, eten eginen dira herri lanak egiten direlarik, edo zerbitzuen hornitzaile diren enpresek nahiz partikularrek egiten dituzten obra pribatuak egiten direlarik, gauzatzeko baimendu den denboran, horietarako nahitaezkoa baldin bada espazio publiko bera erabiltzea.

3. Terrazek edo beladoreek, betiere, honako hauek libre utzi beharko dituzte, berehala erabili ahal izateko:

–Higiezin eta garajeetarako sarbideak.

–Larrialdietarako irteerak.

–Garraio publikoaren geralekuak.

–Lurpeko aparkalekuen arnasbideak.

–Oinezkoendako pasabideak eta semaforoak.

–Galtzada edo ibilgailuak ibiltzeko edo aparkatzeko bide aldea.

4. Eguzkitakoak eta berotzeko ekipamenduak, halakorik bada, baita terrazaren gainerako elementuak ere, ez dira finkagailuen bidez zoladuran lotzen ahalko.

5. Terraza edo beladorea ez da inola ere lorategi moduko azaleran paratzen ahal.

6. Halaber, terrazak eta beladoreak jartzea debekatzeko beste arrazoi batzuk izan daitezke, behar bezala arrazoituz gero: bide segurtasuna, traba nabarmena egitea oinezkoen trafikoari, irisgarritasuna, nahiz segurtasuna (eraikin eta lokal hurbilen ebakuazioa, larriki galarazten edo trabatzen delako hiri-ekipamenduen edo altzarien erabilera, edo interes publikoko antzeko beste inguruabar batzuk).

4. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Ordenantza honetan arautzen diren instalazioek, gainera, ikuskizun publiko eta josteta jarduerei buruz eta ingurumenaren babesari buruz indarra duen araudiari jarraitu beharko diote; beraz, haien determinazioak oso-osorik galdatzen ahalko dira, ordenantza honetan berariaz ez aipatuagatik ere.

5. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.

Baimenaren titularrak establezimendu nagusiaren gaineko erantzukizun zibileko eta suteetatik babesteko asegurua beharko du izan, eta haren estaldurak instalazioaren funtzionamendutik etor daitezkeen arriskuak ere hartu beharko ditu.

II. KAPITULUA

Instalazioak bete beharreko baldintzak

1. ATALA

Baldintza orokorrak

6. artikulua. Baldintza orokorrak.

Instalazioek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

1. Eremu publikoan terrazak paratzen direnean, haien erabilera orokorra errespetatu beharko da, lehentasuna baitu. Hortaz, ez die traba eginen oinezkoen joan-etorriei, ez hiri irisgarritasunari, ezta kalterik eginen ere haren segurtasunari edo ibilgailuen joan-etorriei ere.

2. Lizentzien baldintzetan zer jasotzen den, epe horretarako emanen dira.

3. Ordenantza honetan arautzen diren baimenak lurren okupazioari baizik ez dagozkio; beraz, Udalak ez die ez onarpenik ez oniritzirik ematen egiten diren jarduerei, eta ez da izanen terrazaren erabileren ondorioz pertsonei eta ondasunei etortzen ahal zaizkien kalte-galeren erantzulea.

4. Instalazioak titulartasun pribatuko eta erabilera publikoko lurretan paratu nahi izanez gero, jabetza edo horiek erabiltzeko gaitasuna ematen duen titulua frogatu beharko da. Hori posible ez bada, ukitutako jabeen elkarteen baimena frogatu beharko da.

7. artikulua. Definizioa.

Ordenantza honetan ezarritakoaren ondorioetarako, terrazatzat eta beladoretzat hartzen dira honako hauek: Udalaren baimena duen jarduera nagusia ostalaritzako jarduera baten aldi baterako osagarri izanik, mahai, aulki eta aldi baterako instalazioak. Hona kontzeptu horiek:

a) Terraza: behar bezala baimenduta, leku ireki eta eraikinik gabeko batean, jabari publikoan edo erabilera publikoko lurzoru pribatuan kokatua den espazioari esaten zaio terraza, bertan dituztela, erabilera publikorako, mahai, aulki, eguzki-babes, berokuntzako aparatuak eta bestelakoak, hala nola, lore-askak edo lorontziak, ostalaritzako establezimendu bati erantsita.

b) Itxitura iraunkorra duen terraza: beladoreak dituzten terrazak dira, beren perimetroan itxiak elementu desmuntagarrien bidez, titulartasun eta erabilera publikoko lurretan daudenak.

c) Beladorea: mahai batek eta gehienez ere lau aulkik osatutako multzoa; okupazioa gehienez ere 3 metro koadro izanen da beladore bakoitzeko.

2. ATALA

Itxiturak dituzten terraza beladoredunak paratzeko baldintza berariazkoak

8. artikulua. Okupatzeko moduak.

1. Lokal edo establezimendu bakoitzean itxitura egonkor bakarra baimenduko da.

2. Egituraren kanpoko gehieneko garaiera 3 metro izanen da. Itxituraren barnean gutxieneko garaiera 2,5 metro izanen da.

3. Orokorrean, establezimendu nagusia zer eraikinetan dagoen, haren fatxada bezainbat izanen da okupazioaren luzera, gehienez ere. Oinezkoendako espazioetan, itxituren antolamendua homogeneoa izanen da.

4. Itxitura bat paratzeko interesa duten establezimenduek Udalaren iritzia eskatzen ahal dute, aitzinetik, beren proiektu zehatzei buruz; horretarako, muntadura deskribatzeko krokisa aurkeztuko dute; hartan, okupazioaren, oinplanoaren eta altxaeraren neurriak agertuko dira, eta ukituriko espazio publiko zehatzarekin eta zerbitzu eta inguruabarrekin duen harremana, baita paratu gogo den instalazioa deskribatzeko argazki muntaia ere. Udalari egiten zaion kontsultaren emaitza titular bakoitzari igorriko zaio, behin betiko proiektua presta dezan Udalaren jarraibideekin bat, behar ez diren lan eta gasturik gabe.

9. artikulua. Terraza paratu gogo den eremuaren baldintzak.

Titulartasun eta erabilera publikoko lurretan, beladoreak dituzten terrazak paratzeko baimena emanen da, baldintza hauek betetzen badira:

a) Espaloietan: okupazioaren ondoren, oinezkoak ibiltzeko eremuaren zabalera 1,50 metrokoa izanen da gutxienez.

b) Okupazioak lerrokadura jarraitua izanen du, okerrunerik gabe etxe-sail baten lerro osoan.

c) Lorategi moduko azaleretan ez da itxiturarik paratzeko baimenik emanen.

d) Eremu batek terraza paratzeko baldintza guztiak beteta ere, baimena ukatzen ahalko zaio edo eskatutakoak baino neurri txikiagoak baimendu, baldin oinezkoen joan-etorria edo hiri irrisgarritasuna trabatzen badu, edo interes publikoko beste edozein inguruabar gertatzen bada.

e) Itxituren diseinua bakarra izanen da ingurune berdinetarako (plazak, hiribideak, pasealekuak etab.) eta materialek ongi emanen dute inguruarekin. Ematen den lehenbizikoaren bidetik joanen dira gainerakoak.

f) Men eginen zaio Tabakismoaren kontrako osasun neurriak finkatu eta tabako-produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituen abenduaren 26ko 28/2005 Legean ezarritakoari (abenduaren 30ko 42/2010 Legeak eman idazketaren arabera).

10. artikulua. Itxitura paratzeko baldintzak.

Terraza eta beladoreetarako eremuetan, itxitura paratzen ahalko da honako baldintza hauek betez gero:

1. Itxituren lokailuak aise desmuntatzeko sistemen bidez eginen dira, eta espaloi gainean paratu, betiere haien neurriek horretarako aukera ematen badute, aitzineko artikuluan xedatuari jarraikiz. Salbuespenez baizik ez dira espaloiaren gainean finkatuko, betiere beharrezkoa egiten duen sistema zehatz-mehatz arrazoitu ondoan. Finkagailu horrek berekin ekarriko du fidantza ezartzea; hura Udalaren zerbitzu teknikoek zehaztuko dute, proiektuaren arabera, eta ez du galaraziko kendu beharra Udalak eskatuz gero. Behin kenduta, zoladura lehengoratu beharko da eta, Udalaren oniritzia bilduz gero, fidantza itzultzeko eskatzen ahalko da.

2. Nolanahi ere, itsuek identifikatzeko modukoa izanen da terrazen itxitura.

3. Alboetako babesak direnean:

a) Mugigarriak, gardenak edo opakuak izan beharko dira, baina betiere inguruneari egokituak. Administrazio unitate eskudunak oniritzia eman beharko dio haren egokitasunari.

b) Ez dira instalaziorako baimendu baino zabalagoak izanen eta, garaieraz, metro 1 izanen dira gutxienez.

c) Itsuei oztopoa identifikatzeko aukera eman beharko diete.

11. artikulua. Itxituretarako mugak.

Honelakoetan, udal organo eskudunak itxiturarako eskabidea ukatzen ahalko du:

1. Bide segurtasunari kalte egiten, oinezkoen joan-etorria nabarmen trabatzen eta hiri irisgarritasuna galarazten dutenean.

2. Eraikin eta lokal hurbiletako segurtasunari eragiten dionean.

3. Formaz ingurunearekin egokia ez denean edo bat etortzen ez denean, edo hiri paisaiaren irakurketa zuzena zailtzen duenean.

4. Haren luzetarako garapena establezimendu interesdunari dagokion fatxadaren luzera baino handiago denean.

5. Galtzada edo aparkatzeko tokia 3.3 artikuluan xedatutakoaren arabera okupatzen denean.

3. ATALA

Halako altzari batzuen baldintzak

12. artikulua. Eguzkitakoen baldintzak.

Eguzkitakoak paratzeko baimena ematen ahalko da, baldin eta ez badira inola ere okupatzeko baimendutako espaziotik haratago ateratzen, eta beren garaiera dela-eta oinezkoendako arriskurik ekartzen ez badute. Elementu horien egitura sendoa eta segurua izan beharko da pertsonendako; gainera, oihalezkoak izanen dira, hiri inguruarekin bat egiten duen kolore leunekoak, eta aise biltzeko manerakoak.

Haizea harrotzen denean eguzkitakoak tolestu eta bildu beharko dira, haizearen abiadura baldin bada egileak segurtasun baldintzak mantentzeko gehienekotzat jotzen duena edo handiagoa.

13. artikulua. Berokuntzako aparatuen baldintzak.

Terraza/beladoreak paratzeko baimena duten establezimenduei berogailuak paratzen utziko zaie, ondotik ematen diren baldintzei lotuz gero eta, nolanahi ere, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak homologaturik badaude.

a) Paratzen den berogailu mota lotu beharko zaio Estatu kideek gas aparatuen gainean duten legeria elkarrengandik hurbiltzeari buruzko ekainaren 29ko 1990/396/EEE Zuzentarauan finkatzen den araudi europarrari edo, halakorik bada, zehazki aplikatzekoa den araudiari, une bakoitzean indarra baldin badu.

Nolanahi ere, berogailuaren egitura babesturik egon beharko da karkasa edo gisako batekin, propano gasa daukaten elementuen manipulazioa galarazteko.

b) Kanpoko berogailuak paratzeko proportzioa lau mahai baimendutik bat izanen da gehienez ere.

c) Berogailu horiek paratzeko denboraldia azarotik apirilera bitartekoa izanen da.

d) Eremu publikotik kendu beharko dira terrazari baimendutako ordutegiaren arabera.

4. ATALA

Paratzeko baldintza teknikoak.

14. artikulua. Aprobetxamenduaren baldintzak eta ezaugarriak.

1. Espazioak eta banaketa:

a) Beladore/terraza establezimenduaren fatxadaren ondoan paratzen bada, haren luzera gehienez ere establezimenduarena bera izan daiteke, salbu eta mugakideek idatzizko baimena ematen badiote, betiere haien sarbidea galarazi gabe.

b) Terraza establezimenduaren parean badago, haren luzera fatxadaren frontearena eta mugakideena izan daiteke.

c) Aldi berean nahi bada terraza bat fatxadaren ondoan eta beste bat fatxadaren frontean, bien arteko eremu bat ezarri beharko da pasabide aski izan dadin.

d) Terraza/beladoreak paratzeak ez du inola ere trabatuko edo galaraziko oinezkoen joan-etorri librea edo irisgarritasuna oztopatuko; gutxienez ere 1,50 metroko tartea utzi beharko da libre.

e) Baimentzeko erabakiak non zehazten duen, hantxe paratuko dira barra-mostradoreak.

2. Terraza paratzea:

a) Udalari dagokio erabakitzea zein den terraza paratzeko lekurik egokiena.

b) Nahiz eta eremu batek baldintza guztiak bete terraza bat paratzeko, jaso dezake debekua edo eskatu baino tamaina txikiagokoa paratzeko baimena, lehentasuna emanik interes orokorrari interes partikularraren gainetik.

c) Bermatu beharko da beti Udalaren zerbitzu eta ekipamenduen sarrera eta zerbitzu konpainietakoa, eta hori egunean 24 orduz.

d) Lokaleko jabea da arduraduna bezeroek terraza heda ez dezaten muga baimenduetatik at.

3. Baldintza estetikoak:

a) Udalak muntadura paratzeko eskabideari ezetza ematen ahal dio, ingurunearekin egokia ez bada edo harekin ez badator bat, hori guztia hiriaren estetika begiratu beharrez.

b) Altzariak metalezkoak baldin badira, gomazko babesgarriak edo neoprenoak beharko dira paratu bai aulkietako hanketan baita mahaietakoetan ere.

4. Galtzadaz bereizitako terrazak. Salbuespenez, lizentzia ematen ahalko da beladoreak dituzten terrazak paratzeko establezimendutik eremu publikoko galtzada batez bereizirik daudela. Zerbitzuari sostengu emateko mahai osagarri bat paratzeko baimena ematen ahalko da halakoetan.

15. artikulua. Debeku dira ikus-entzutezko ekipoak eta zuzeneko emanaldiak.

Debeku dira arrunt zuzeneko emanaldiak, baita ikus-entzutezko ekipoak paratzea edo audioa edo bideoa erabiltzea terrazetako eremu eta instalazioetan.

III. KAPITULUA

Baimena lortzea eta hura berritzea

16. artikulua. Terrazak paratzeko baimenak.

1. Terrazak paratzeko baimenak.

Ostalaritzako establezimendu behar bezala legeztatuei baizik ez zaie emanen terrazak paratzeko baimena, hau da, egin behar duten jarduerarekin bat datorren jarduteko eta irekitzeko lizentzia dutenei.

Jabari publikoa besterenezina eta preskribaezina denez eta baimen hauek guztiak aukerakoak direnez, aitzinetik ez da halakorik paratzeko eskubiderik, ez jabari publikoko lurzoruetan ez erabilera publikoa duten titulartasun pribatuko espazioetan; beraz, baimenak behin-behinekoak izanen dira.

2. Baimena errebokatzea, aldatzea eta etetea.

Lizentziak noiznahi errebokatzen ahalko dira, arrazoiak emanez, interes orokorraren kariaz. Bereziki, bidezko izanen da errebokatzea, geroago onesten diren arau edo irizpideekin bateraezinak direnean, espazio publikoan kalteak eragiten dituztelarik, hura interes publiko handiagoa duten jardueretarako erabiltzea galarazten dutelarik, erabilera orokorra mendratzen edo zailtzen dutelarik, baimena ematea ekarri zuten arrazoiak aldatzen direlarik edo baimena eman zen momentuan gertatu balira ukatzea ekarriko zuten inguruabarrak gertatzen direlarik.

Aitzineko paragrafoko arrazoi berengatik eta baldintza beretan, Administrazioak lizentziak aldatzen ahalko ditu kokalekuaz, zabaleraz, altzariez, ordutegiez edo beste edozein alderdiz den bezainbatean.

Aitzineko paragrafoetan aipatzen diren errebokatzea edo aldaketa deklaratzeko, beharrezkoa izanen da legez ezarritako prozedurari segitzea; hartan behin-behineko neurriak hartuko dira, tramitazioaren bitartean, interes orokorrak segurtatzeko, betiere Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatuari jarraikiz. Hala ere, errebokatzea ekarri badu baldintzak ez betetzeak, arrazoi berengatik segitzen ari den zehapen prozeduran ebazten ahalko da.

Lizentziaren eraginkortasuna besterik gabe etenik geldituko da baldin egiten badira segizioak, kabalkadak, azokak, merkatuak, ikuskizunak, kirol emankizunak, manifestazioak edo lehentasunezko interesa duten antzeko ekitaldiak, baita obrak, zerbitzu publikoen eskakizunak edo bestelako jarduerak direlarik ere, betiere nahitaez behar badute libre gelditzea terrazak okupatzen duen espazioa. Eteteak ezinbesteko iraupena izanen du, eta lizentziak bere eraginkortasuna berreskuratuko du etetea ekarri duten arrazoiak desagertzen direnean, betiere administrazio ebazpen baten beharrik gabe.

Horren ondorioz, lehentasunezko interes publikoa dela-eta terraza aldi baterako edo behin betiko eteteak ez du inolako kalte-ordainik ekarriko, bai ordea jabari publikoa erabiltzeagatik kobratu diren tasak itzuli beharra, behar den ordenantza fiskalean ezartzen den gisan.

17. artikulua. Baimenaren eskaera eta erantsi beharreko dokumentazioa.

Interesdunak baimenaren eskaera aurkeztu beharko dio Udalari, eskabide eredu ofizialaren arabera eta behar bezala betea. Hartan jasotzen diren datuez aparte, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Kokalekuaren planoa, gutxienez ere 1:1000 eskalakoa, muntadurak okupatzen duen azaleraz xehetasun aski ematen duena; hartan, hauek jasoko dira: paratu nahi diren altzariak, haien mota, kopurua, tamaina, guztira okupatu beharreko azalera eta antolamendua. Berogailuak paratu nahi izanez gero, 13. artikuluan ezarritakoaren egiaztapena ere aurkeztu beharko da.

b) Egiaztagiria, dioena 5. artikuluak aipatzen duen aseguru poliza indarrean dagoela eta haren ordainketa eguneratua dagoela.

c) Alboko establezimenduen titularren baimena, 14.1.a) artikuluan jasotako kasuan.

18. artikulua. Eskaera aurkezteko epea.

1. Urte osorako terraza paratzeko eskaerak, oro har, aitzineko ekitaldiko azaroaren 15etik abenduaren 31ra bitarteko aldian aurkeztuko dira.

2. Terrazak egun batzuetan paratzeko eskaerak, gutxienez ere, egin gogo den okupazioa egin aitzineko 15 egunean aurkeztu beharko dira.

3. Terraza paratzeko eskaera epe horietatik kanpora egiten bada, ez da tramitera onartuko, honako kasu hauetan izan ezik:

a) Baimen litezkeen establezimendu berriak.

b) Irekitzeko lizentziaren titulartasuna aldatzen duten establezimenduak.

c) Izatezko okupazio bat erregularizatzeari dagozkionak, haren titularrak egoera legeztatzeko interesa duelarik eta frogatzen duelarik, modu fede-emailean eta eskaerarekin batean, behar den isuna ordaindu duela jabari publikoa baimenik gabe okupatzeagatik.

4. Herriko jaietarako mahaiak eta aulkiak paratzeko eskabideak uztailaren 10a baino lehen aurkeztu behar dira. Egun horretatik aitzina ez da bakar bat ere hartuko, eta zuzenean artxibatuko dira, ez onartzeko ebazpena eman ondoan, eta ez da posible izanen aitzineko atalean aurreikusitako erregularizazioa.

19. artikulua. Baimena ematea.

1. Eskaera aitzineko artikuluetan adierazitako baldintzetan aurkeztuta, ikustaldia eginen da edo eskatzailearekin harremanetan jarriko dira terrazaren kokaleku eta luze-zabal zehatzak finkatzeko. Horren ondotik, bidezko diren txosten tekniko eta juridikoak eginen dira eta gero, udal agintaritza eskudunak hilabetean emanen du ebazpena.

2. Baimena emateko, betiere, inguruabar hauek hartuko dira kontuan: ostalaritzako establezimenduaren azalera erabilgarria bera eta gehieneko edukiera baimendua; ostalaritzako beste establezimenduekiko pilaketa, diren zerbitzu publikoak, oinezkoen joan-etorrien ugaria, kasuan kasuko kaleko merkataritza ekipamenduaren maila.

3. Baimentzen den muntaduraren baldintza zehatzak (kokalekua, okupazioaren azalera, mahai eta aulki kopurua eta bestelakoak) grafikoki biltzen dituen agiri edo fitxara bilduko da txosten teknikoa.

4. Lizentziak beti ematen dira jabetza eskubiderik gabe eta hirugarrenik kaltetu gabe, eta ezin da haietara jo onuradunak bere jardueretan aritzean izan dezakeen erantzukizun zibila edo penala baztertu edo apaltzeko. Orobat, ez du salbuesten bestelako baimenak eskuratu behar izatetik, hala behar badu.

5. Administrazioaren isiltasunak ezespen ondorioak ditu; gisa hartara, ez da espazioa erabiltzen ahal horretarako gaitzen duen titulua aitzinetik eskuratu gabe.

6. Lizentziaren titularra behartua dago eremu publikoan instalazioaren edozein elementuren ondorioz egiten diren kalteak konpontzera.

20. artikulua. Terrazen funtzionamendurako aldiak eta aroak.

1. Baimena gehienez ere urtebeterako eta gutxienez ere hilabeterako eskatzen ahal da.

2. Lizentzia aldi hauetakoren baterako emanen da:

–Urtebete natural oso baterako, hau da, urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte.

–Denboraldirako: halakotzat ulerturik aldi hauetariko bat:

  • Udakoa: urte bereko maiatzaren 1etik urriaren 31 arteko aldia.
  • Negukoa: azaroaren 1etik hurrengo urteko apirilaren 30a arteko aldia.

–Hilabete natural oso baterako edo gehiagotarako, hau da, hilabete baten 1etik hil beraren edo hurrengo baten azken eguna arte.

3. Salbuespenez, hilabete baino gutxiagoko aldiak baimentzen ahalko dira, halako ospakizun, ekitaldi eta/edo jai batzuk daudenean.

4. Indarraldia iraganik, lizentziaren titularrak edo establezimendukoak instalazio guztia kendu beharko du eta eremu publikoa lehengoratu.

5. Lizentziaren titularra den establezimendua itxirik dagoenetan (oporretan etab.) ere kendu beharko dira elementu baimenduak.

21. artikulua. Berritzea.

Zer denboralditarako ematen diren, horrexek irauten duen bezainbat izanen dute baimenek indarra; alabaina, hurrengo ekitaldirako berritutzat joko dira haien titularrak kontrakoa adierazten ez badu 18.1 artikuluan aipatu den epean (urtebete irauten duten baimenei buruzkoa). Nolanahi ere, uko egiten ahalko zaio paratzeko epe baimendua hasi baino 10 egun lehenago.

Beharrezkoa izanen da berritzeko eskaerarekin batera aurkeztea hura emateko baldintzak betetzen direlako erantzukizunpeko adierazpena.

Hala ere, 14.1.a) artikuluan ezarritako kasurako, alboko establezimenduen adostasuna eguneraturik aurkeztu beharko da. Halaber, itxiturak paratzen direnean, berritzeko eskaerarekin batera, ziurtagiri teknikoa aurkeztu beharko da, adierazten duena itxitura eta haren muntaketa eta dauden altzariak egokiak direla.

Bi agiriak, beharrezkoak baldin badira, 18. artikuluaren 1. eta 2. puntuetan ezarritako epeetan aurkeztu beharko dira.

IV. KAPITULUA

Erabilera baimenduaren baldintzak

22. artikulua. Ordutegia eta funtzionamenduaren araubidea.

1. Erabilera eta titulartasun publikoko lurzoruan dauden terrazen ordutegia, eta horretarako sasoian, hau da martxoaren 1etik urriaren 31 bitarte, goizaldeko ordu bata arte izanen da astelehen, astearte, asteazken, ostegun eta igandeetan, eta goizaldeko 03:00ak arte, berriz, ostiral, larunbat eta jai bezperetan. Urtearen gainerakoan, urtebeterako baimena edo, neguan, hilabeterako edo egun baterako baimena dutenendako, ordutegia 24:00ak arte izanen da, salbu ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetan, goizaldeko 01:30era arte izanen baitute. Kasu batean nahiz bestean, debeku da terrazaren muntaia egitea eta lanean hastea 8:00ak baino lehen.

Inolaz ere ezin izanen da lokal hartarako zehaztutako ordutegiaz kanpo aritu.

Udalak, salbuespenez, bukaerako ordutegi malguagoa baimentzen ahalko du, udalerri osorako edo halako eremu jakin baterako baimendu ere, herriko jaietan eta garrantzi bereziko bestelako egunetan, gai honi buruz indarra duen araudiari jarraikiz.

Aitzineko ataletan agindu denagatik ere, Udalak murrizten ahalko du ordutegia, inguruabar soziologikoak, ingurumenekoak edo hirigintza mailakoak bilduz gero, edo inguru hartako bizilagunendako eragozpenak sortzen dituzten asotsak jarduera horietatik heldu direla frogatzen bada. Halakoetan, ordutegi murrizketa baimenean berean agertu beharko da ingurumenaren arloko nahitaezko baldintza gisa, hori gabe ez baita baimenik emanen.

2. Aitzineko puntuan ezarritako ordutegia bukatuta, titularrak 30 minutuko epea izanen du instalazioa jasotzeko.

3. Lokalaren barnean pilatuko dira instalazioa osatzen duten elementuak, salbu baimenduta dauden beladoreen kopuruagatik barnean biltzen ahal ez badira. Halakoetan, lokalaren fatxadaren ondoan bilduko dira, eremu publikoan ahalik eta zatirik txikiena okupatzeko maneran.

4. Biltzeko lanek bizilagunei nahiz eremu publikoan traba egiten badute, salbuespena erabakitzen ahal da betebehar horretatik; inguruabar hori Udalak aztertuko eta baimenean jaso beharko da berariaz.

23. artikulua. Okupatzen den azalera mugatzea eta baimena ikusgai paratzea.

1. Lizentzia eskuraturik, titularrak seinalatu beharko du, bere bizkar, zein diren okupatzen den gehieneko azalera baimenduaren mugak, argi eta garbi adierazi ere. Udal zerbitzuekin koordinatu beharko du eta hark ematen dizkion aginduei jarraitu.

Udalari komenigarri iruditzen zaionetan, lurreko marka zuri jarraituak erabiliko dira mugatzeko; halakoetan pintura klorokautxozkoa izanen da, ez labaingarria eta udal zerbitzu eskudunek zehazten duten zabalerakoa.

Nolanahi ere, udal zerbitzu eskudunek mugatzeko bestelako sistemak ezar ditzakete, okupatzeko eskatu den eremuari begiraturik, egokiagoak eta komenigarriagoak badira.

2. Terrazak fatxaden ondoan kokatzen direlarik, mugatzeko nahitaez erabili behar den sistemak behar du izan ibiltzen direnendako arriskurik gabe eta eremu publikoan kalterik ez nahasterik eragin gabe.

3. Terrazaren baimenaren titularrak ororen ikusgai paratu beharko du baimena frogatzen duen administrazio agiria, establezimenduaren fatxadan edo terraza baimenduaren barnean kokaturik; honako hauek agertuko dira agirian: instalazio baimenduaren, altzarien eta instalazio osagarriaren krokisa, okupazio aldia eta, baimendurik badago, itxitura ere bai.

24. artikulua. Instalazioaren garbitasuna eta apaindura.

1. Lizentziaren titularra behartua dago baimendutako okupazioaren xedeko zorua, instalazioa bera eta haren elementu osagarriak egoera ezin hobean edukitzera, garbitasunaren, segurtasunaren eta apainduraren aldetik. Okupatutako eremuan eta inguruan egon daitezkeen hondarrak kendu eta erratzaz garbitu beharko da egunero.

2. Pertsona hori erantzulea izanen da terraza eta beladoreen funtzionamenduaren ondorioz udal ordenantzei arau-hausteak egiten bazaizkie (asotsak, karrikaren garbitasuna etab.).

V. KAPITULUA

Zehapen araubidea

25. artikulua. Lizentziarik gabeko muntadurak.

1. Terrazak baimentzeko eskumena duen udal agintaritzak, ofizioz, terrazak edo bestelako elementu osagarriak kentzen ahalko ditu, eskura dituen baliabideak, bereak nahiz besterenak, erabiliz horretarako, badaezpadako eta berehalako neurri gisa, eremu publikoan lizentziarik gabe paratu badira, eta, orobat, horretarako toki batean biltegiratuko ditu, betiere erantzulearen bizkar eta bidezko diren zehapenak ezartzeaz aparte.

Kendutako elementuak berreskuratzeko, egiaztatu beharko dute ordaindu dela dagokien zehapena eta horiek kentzeak eta altxatzeak ekarri duten kostua.

2. Lizentziak babesten duen aldia bukatu ondoan terrazak eta mahai hankabakarrak bertan segitzea, zehapenei dagokienez, baimen faltaren parekoa izanen da.

26. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau-haustetzat hartuko dira ordenantza honetan xedatutakoaren aurka doazen ekintzak eta omisioak.

2. Aplikatzen ahal den araudi sektorialaren arabera zehatuko dira ikuskizun publikoei eta josteta jarduerei buruzko legerian nahiz adin txikikoen babesari eta kontsumitzailearen babesari buruzkoan tipifikaturiko arau-hausteak.

27. artikulua. Subjektu erantzuleak.

Jardueren titular diren pertsona fisiko edo juridikoak dira arau-hausteen erantzuleak.

28. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetako arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

1. Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Bizilagunak gogaitzea.

b) Behar diren neurriak ez hartzea instalazioaren erabiltzaileek beladoreak okupatzeko markatu den gunetik kanpora heda ez ditzaten.

c) Terrazak edo beladoreak hartzen duen eremua eta ingurua behar bezain garbi ez edukitzea.

d) Terrazak edo beladoreak eta inguruak hartzen duen eremua behar bezain garbi ez uztea muntadura eremu publikotik kendu ondotik.

e) Lizentzian baimendu tokia ez, beste bat okupatzea.

f) Lizentzian zehaztu gabeko mahai-aulki kopurua edo bestelako zerak paratzea.

g) Hasteko edo ixteko orduak ordubete baino gutxiagoz ez betetzea.

h) Ordenantza honetan araututako elementuak paratzea Udalaren aginduzko lizentzia gabe, legeztatzeko aukera dagoenean.

i) Ordenantza honetan zehazten den beste edozein betebehar ez betetzea, arau-hauste astuna edo oso astuna ez delarik.

2. Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Arau-hauste arinetan hiru aldiz berrerortzea.

b) Irekitzeko edo ixteko orduak ez betetzea ordubete baino gehiagoz eta bi ordu baino gutxiagoz.

c) Baimendu baino azalera gehiago okupatzea, %10etik gora eta %35etik behera edo mugatzeari dagokionez dauden beste baldintza batzuk ez betetzea.

d) Nahitaezko asegururik ez izatea.

e) Muntaduraren funtzionamenduaren ondorioz bizilagunei edo oinezkoei traba frogatuak eragitea.

3. Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a) Arau-hauste astunetan berrerortzea, horren ondorioz bizikidetza modu larrian nahasten delarik.

b) Beladoreak dituzten terrazak baimenik gabe edo baimenduriko alditik kanpora paratzea.

c) Baimendutakoa baino azalera handiagoa okupatzea, %35etik gora.

d) Muntadurak zerbitzu publiko baten erabilera edo funtzionamendua galarazten edo trabatzen duenean edo ekipamenduei, azpiegiturei, zerbitzu publikoen muntadurei, espazio publikoei edo haien muntadura guztiei hondamen larria ekartzen dienean, hura berehala eteteko agindua ez betetzea.

e) Ordenantza honetan ezarritako baldintzak behin eta berriz eta larriki ez betetzeagatik, muntaduraren funtzionamenduaren ondorioz bizilagunei edo oinezkoei traba larriak eragitea.

f) Hasteko edo ixteko orduak bi ordu baino gehiagoz ez betetzea.

3.a) eta 3.d) letretako kasuetan, nahaste nabarmentzat joko da modu larrian, berehalakoan eta zuzenean eragitea beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren, osasungarritasunaren eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari.

29. artikulua. Zehapenak.

1. Ordenantza honetan jasotako arau-hausteak egiteak berarekin ekarriko du honako zehapen hauek ezartzea:

1.–Arau-hauste arinek 200 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.

2.–Arau-hauste astunek 201 eurotik 500 euro arteko isuna izanen dute zehapen.

3.–Arau-hauste oso astunek 501 eurotik 1.200 euro arteko isuna izanen dute zehapen.

2. Oso astunen sailkapena duten arau-hausteek, aitzineko artikuluko 3.d) eta 3.e) kasuetakoek, badaezpadako neurritako ekarriko dute jarduera etetea, horren gainean ireki den zehapen espedientea ebazten den bitartean.

30. artikulua. Zehapenak finkatzea.

Zehapen espedientea instruitu bitartean hautematen diren inguruabar zehatzen ponderazioak aparte utzirik, urratze zehatzak duen garrantziari begiraturik graduatuko dira isunak, arau-hauste bakoitzak espazio publikoaren erabilera komun orokorrari, Udalaren zerbitzu publikoen garapen arruntari eta elkarbizitza publikoko harremanei egiten duen ukipena kontuan hartuta.

Bete beharrekoak bete daitezen agintaritzaren agenteek ematen dituzten jarraibide eta errekerimenduei kasurik ez egitea bereziki hartuko da kontuan, zehapenen zenbateko zehatza finkatzeko tenorean.

Betiere, proportzionaltasun printzipioa kontuan hartuko da zehapenen zenbatekoa zehazteko, eta aipatu diren inguruabarrez landa, asmoa, berrerortzea edo errepikatzea hartuko dira aintzat.

31. artikulua. Zehapen prozedura.

Tartean baimenik ez bada, zehapen prozedura orokorra ofizioz abiatuko da, behar den salaketaren ondorioz, eta abiatzeko ebazpen baten bidez eginen; hura, zehapenaren ebazpenaren proposamenarekin, ustezko erantzuleari igorriko zaio, bere eskubideak hobeki defendatzeko komenigarritzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan 15 eguneko epean. Prozedura abiatzeko ebazpenak pertsona bat izendatuko du prozeduraren instruktore; haren ardura izanen da zehapenaren ebazpenaren proposamen zehatza formulatzea, aurkezten diren alegazioen gainean ebaztea, komenigarri iruditzen zaizkion frogak egitea eta bidezko den isunaren azken zehaztapena, kasu bakoitzaren inguruabar berezien arabera.

Baldintzaren bat bete ez delako erantzukizuna duen pertsonari zehapen proposamena igorriz eta alegazioak egiteko 10 egun balioduneko epea emanez hasiko da jabari publikoa erabiltzeko baimena duten pertsonen kontra baimen horietan ezartzen ziren baldintzak ez betetzeagatik abiatutako zehapen prozeduren tramitazioa. Prozedurari bukaera ematen dion ebazpenak, berriz, pertsona baimenduari zer zehapen jartzen zaion zehaztuko du, edo bestela erantzukizunik ez duela ezarriko.

32. artikulua. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.

Arau-hauste arinak sei hilabeteren buruan preskribatuko dira, astunak bi urteren buruan eta oso astunak hiru urteren buruan.

Arau-hauste arinengatik ezartzen diren zehapenak urtebeteren buruan preskribatuko dira, arau-hauste astunengatik ezartzen direnak bi urteren buruan eta arau-hauste oso astunengatik ezartzen direnak hiru urteren buruan.

Preskripzio epearen kontaketa eta haren etena administrazio prozedura erkideari buruzko araudian ezartzen denari jarraikiz eginen dira.

33. artikulua. Zehapenak betetzea.

Administrazio bidean irmo bilakatu ondoko hilabetean bete beharko dira zehapenak, hau da, zehapenaren ebazpenaren kontra hautara jar daitekeen berraztertzeko errekurtsoaren ebazpena jakinarazi ondoko hilabetean; batere errekurtsorik paratzen ez bada, zehapenaren ebazpena jakinarazi ondoko hilabetean.

Zehapena ordaintzeko emaniko epea iraganik, haren ordainarazpena betearazpen-bidetik eginen da, bidezko diren errekargu eta interesekin.

Ezartzen den epean ordainarazpena ez gauzatzeak baimena errebokatzeko edo iraungitzeko prozedura abiatzea ekarriko du.

34. artikulua. Baimenen errebokatzea eta baimen berriak eskuratzeko ezintasuna.

Espazio publikoa erabiltzeko baimena errebokatuko da haren titularrak zehapen irmoa hartzen duenean arau-hauste astunagatik, eta urtebetean, hura irmo bilakatzen denetik, berriz ere arau-hauste astuna egiteagatik, beste zehapen irmo bat hartzen duenean. Komenigarri ikusten bada, errebokatzearen ebazpenak zehaztuko du pertsona berari zenbat denboraz ez zaion emanen espazio publikoa erabiltzeko baimen gehiago.

Orobat, baimenik ez dutenek arau-hauste oso astunak egiten dituztenerako, zehapenaren ebazpenak zehaztuko du zenbat denboraz ez zaion emanen espazio publikoa erabiltzeko baimenik; epe hori ez da inoiz izanen urtebete baino gutxiago ezta lau urte baino gehiago ere.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honek indarra hartu baino lehenago emandako lizentziak orduko baldintzetara egokituko dira.

Bigarrena.–Ordenantza fiskala onesten bada, tasen egokitzapena ordenantzaren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoko hilabetean eginen da. Beraz, urtebeterako eskaerak hilabete horren barnean aurkeztu beharko dira.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorioak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: L2102552