47. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SARTAGUDA

2021erako lan-egutegia eta egun baliogabeen deklarazioa

Aintzat hartuz zer xedatzen duten abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak (horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 34.6 artikuluak, ezartzen baitu enpresak urtero prestatu behar duela lan-egutegia (legegintzako errege dekretu horren bidez onetsi zen Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina).

Abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (foru lege horren bidez aldatu zen ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legea, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri hartzeari buruzkoa), zeinak ezartzen baitu urtean 1.592 lanordu izanen dutela Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioek.

Kontuan hartuz zer eskumen ematen dizkidaten apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.h) artikuluak (lege horren bidez arautzen dira Toki Araubidearen Oinarriak) eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 84.1 artikuluak, eta ikusirik langileen ordezkariarekin izandako negoziazioa 2020ko lan-egutegiko proposamenaren gainean.

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onestea Sartagudako Udalaren zerbitzuko langileek 2021ean izanen duten aste barreneko jaiegunen egutegia, hementxe zehaztu bezala:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Martxoaren 19a: San Jose.

–Apirilaren 1a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 2a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 5a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Abuztuaren 4a: Andre Maria Arrosariokoa, herriko zaindariaren festa.

–Urriaren 12a: Pilareko Ama Birjina.

–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri.

Bigarrena.–Egutegia arautzeko, horiez gain, ondotik ematen diren egunak ere ez dira lanegun izanen udal bulegoetan lan egiten duten langileendako:

–Abuztuaren 5a eta 6a. Abuztuaren 3an bulegoak 12:00etan itxiko dira.

–Urriaren 11.

–Abenduaren 24a.

–Abenduaren 31.

–Abuztuaren 5ean eta 6an lanaldi osoan ariko dira zerbitzu anitzetako lantaldeko langileak.

–Udaletxea, kultura etxea eta kontsultategia garbitzen duten langileek abuztuaren 4an, 5ean eta 6an 3 orduko lanaldia eginen dute garbitasuneko gutxieneko zerbitzuak emateko.

Hirugarrena.–Lanaldiaren urteko egiazko lanordu kopurua 1.592 da, jarraikiz abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeari eta abenduaren 27ko 624/1999 Foru Dekretuari, eta haren banaketa honela eginen da:

Laugarrena.–Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 30 minutukoa izanen da.

Bosgarrena.–Bulegoetan, jendea hartzeko ordutegia 10:00etatik 14:00ak arte izanen da.

Seigarrena.–Aparteko orduak egiten dituzten langileek, alkatearen aldez aurreko baimenarekin, asteko gaztigu-orri batean jaso beharko dituzte, horien ordaina bil dezaten, dela diruz dela denboraz.

Zazpigarrena.–Orobat, baliogabeak izanen dira, 2020. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak eta ebazpen honen lehenbiziko xedapenean adierazitako jaiegunak.

Zortzigarrena.–Administrazio honetako zerbitzuen premiak direla eta, eta behar bezala jardun ahal izateko, urteko oporraldiak hartuko dira halako moduz non bermatuko baita langile bat gutxienez bertan egotea zerbitzu bakoitzean.

Bederatzigarrena.–Eguneko lanaldi jarraitua 6 ordukoa baino luzeagoa duten langileek atsedenaldi bat izanen dute, gehienez 30 minutukoa. Oro har, 10:00etatik 11:00etara har daiteke eta langileek ez dute zertan erabili asistentziaren kontrolerako sistema.

Hamargarrena.–Ebazpen hau langileen ordezkariari igortzea, eta argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Gardentasunaren Atarian eta Sartagudako Udalaren iragarki-taulan, eta Udalbatzari horren berri ematea, egiten duen lehen bilkura arruntean.

Ebazpen honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Sartagudan, 2021eko otsailaren 10ean.–Alkatea, Ignacio Eguizábal Martínez.

Iragarkiaren kodea: L2102299