47. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARRIBE-ATALLU

Ordenantza, baso pista eta bideen erabilpen berezia arautzen duena. Behin betiko onespena

Arribe-Atalluko kudeaketa batzordeak, 2020ko urriaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Arribe-Atalluko kontzejuaren jabetzako baso pista eta bideen erabilpena berezia arautzen duen udal ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia paratuta, 2020ko 263. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 10ean, eta Kontzejuko iragarki oholean. Inork ez du erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu eta horren ondorioz ordenantza behin betiko onetsita dago.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoarekin bat, osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Arribe-Atallun, 2021eko otsailaren 15ean.–Lehendakaria, Jose María Amundarain Aranalde.

ARRIBE-ATALLUKO KONTZEJUAREN JABETZAKO BASO PISTA ETA BIDEEN ERABILPEN BEREZIA ARAUTZEKO ORDENANTZA

1. artikulua.

Ordenantza honek kontzejuaren jabetzako nahiz erabilera publikoko bideen erabilpen berezia arautzen du. Kontzejuari baitagokio herri erabilerako ondasunekin zerikusia duten gaiak arautzea.

Ordenantza honek eragiten die: herri bideei, erabilera publikoko bideei (titulartasuna edozein dela ere), baita diru publikoekin konpondu eta berritu diren bideei ere.

2. artikulua.

Kontzejuaren jabetzakoak diren era eta maila guztietako pista eta bideek herri-jabetzako ondasuna osatzen dute.

3. artikulua.

Titularra den heinean, kontzejuari dagokio herri jabetzako erabilpenen plangintza egitea eta arautzea, Nafarroako Toki Administrazioaren Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluak dioenaren arabera.

4. artikulua.

Ibilgailuen bideen erabilerarako hurrengo arau orokorrak ezartzen dira:

4.1. Ondorengo ibilgailuek debekatua dute erabilera: oruga ibilgailuak, gurpiletan kateak eta antzekoak dituztenak, arrastrekoak, 20 t-tik gorakoak eta hiru ardatz baino gehiagoko kamioiak.

4.2. Landa kamioiek muga hauek errespetatu beharko dituzte: Gehienezko abiadura 30 km/ordukoa eta gehienezko zama 26 t.

4.3. Unean uneko jarduera berezien kasuan baimena eskatu beharko da.

4.4. 10 t eta 20 t bitarteko pisua duten ibilgailuak ere baimena eskatu beharko dute.

Lizentzia eskuratzeko derrigortasuna

5. artikulua.

Bideak erabiltzen hasi aurretik, derrigorrezkoa da lizentzia eskuratzea.

6. artikulua.

Lizentzia eskatzeko dagokion inprimakia Araizko Udaletxean bete beharko da eta eskatzen dituen datu guztiak behar bezala zehaztu beharko dira.

Inprimaki horretan zehaztu beharrekoak ondorengoak dira: Erabili beharreko bideak, zer garraituko den, zertarako, zer pisu edota bolumen edukiko duen, zer ibilgailu mota erabiliko den eta zenbat aldiz eta noiz hasi eta noiz bukatuko den erabilera.

Baimen eskaerak ondorengo datuak eduki beharko ditu:

–Lursailaren jabearen edo kontratistaren identifikazio datuak.

–Garraiorako erabiliko den ibilgailuari buruzko datuak, egingo dituen joan-etorriak, joan-etorri bakoitzean garraiatuko den zama eta egingo den ibilbidea kokapen planoan zehaztuz.

–Kubikazioa eta garraiatuko den materiala.

–Garraiatze lanen hasierako eguna eta amaierakoa.

–Materiala pilatzea beharrezkoa balitz, non egingo den zehaztea, kokapen plano baten bidez. Material pilaketa errepidetik gertu balitz, Nafarroako Gobernuko Errepide Zerbitzuetako baimena ezinbestekoa izango da.

–Materiala aterako den lekuaren izena eta kokapena, katastroko erreferentziarekin zehaztuta.

Arau hauetan ezarritako baldintzak betearaztearen eta baimen eskaera egitearen erantzunkizuna terreno jabearena izango da salbu eta salmenta-kontratuan hitzartzen bada erosleak edo beste subjektu batek egingo duela. Aldiz, bidearen erabilera obretarako, harrobietako materiala garraiatzeko, lur mugimenduak egiteko eta antzeko jarduerak burutzeko kasuetan, jarduerataz arduratzen den enpresak egingo du eskaera eta bera izango da bidearen mantenuaz arduratuko dena.

7. artikulua.

Erabilera egurra ateratzeko denean, aurrekoez gain, lizentzia eskaerarekin batera Nafarroako Basozaintza Zerbitzuak emandako baimena eta egindako neurketa orria aurkeztuko dira.

Obra bati lotutako erabilera berezi baten kasuan, egin beharreko obrak duen aurrekontua aurkeztu beharko da.

8. artikulua.

Lehendakariak edo dagokion organoak lizentzia eman edo ukatuko du aurkezten den egunetik luze jota hilabeteko epean.

9. artikulua.

Lizentziak zehaztutakoez gain, ondorengoak ere bete beharko dira:

–Erabilerak ezingo du bideen erabilera arrunta oztopatu. Horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu arduradunak.

–Bukatutakoan, bidea beste edozein erabilerako prest dagoela bermatu beharko da. Horretarako beharrezkoak izan litezkeen garbiketak eta konponketak egin beharko dira.

–Garraiolariak uneoro baimenaren kopia eraman beharko du. Kontzejuko agintariek edo autoritateak eskatzen duten guztietan erakutsi beharko da.

–Debekaturik egongo da eguraldi txarrarekin (euria den egunetan) baimendutako erabilerak egitea.

–Kontzejuak ibilbide alternatibo edo egokiagoak proposatu ditzake. Kasu hauetan eskatzaileak derrigorrez hauek erabili beharko ditu.

–Lizentziak ez du hirugarren bat kaltetzeko biderik ematen. Ezta ere eskatu beharreko beste baimenik lortu beharraz salbuesten.

10. artikulua.

Baimenak, emandako egunetik, hiru hilabeteko iraupena izango du, jarduera egin ala ez egin. Epea iragan ondoren, baimen berria eskatu beharko da.

11. artikulua.

Pista edo baso bide bakarrerako eskaera bat baino gehiago daudenean, eskaera aurkeztu duen lehenengo eskatzaileak lehentasuna izango du.

12. artikulua.

Lizentziaren eskatzaileak berme fidantza jarriko du, jarduera bitartean sor litezkeen kalteei erantzuna emateko.

Fidantza uztea

13. artikulua.

Fidantzaren zenbatekoa honela zehaztuko da:

13.1. Egur garraioak:

–500 m³-rainoko egur kopurua = 7.000 euroko fidantza.

–500 m3-tik gorako egur kopurua = 12.000 euroko fidantza.

13.2. Obra material edo antzekoen garraioak, obraren aurrekontuaren araberakoak izango dira eskala honen arabera:

• 0,00-15.000 euro bitarteko obrak, 1.000 euroko fidantza.

• 15.000,00-30.000,00 euro bitarteko obrak, 2.500 euroko fidantza.

• 30.000,00-60.000,00 euro bitarteko obrak, 4.000 euroko fidantza.

• 60.000,00 eurotik gorako obrak 8.000,00 euroko fidantza.

14. artikulua.

Jarduerari ekin aurretik, fidantza Kontzejuaren bankuko kontuan sartuko da. Abal, titulu edo indarrean dagoen araudiak onartzen duen beste edozein bide ere erabili ahalko da.

Fidantza itzultzea

15. artikulua.

Ordaindutako fidantzaren itzulketa eskatzeko Kontzejuari idazki bat aurkeztu beharko zaio, lanak burutu direla eta hala bada, sortutako kalteak zehaztuko dituena.

16. artikulua.

Idazki hau aurkezten den egunetik hilabeteko epean, lehendakariak erabakiko du fidantzaren itzulketa gauzatu ala ez. Hala badagokio, lizentziaren jabeari jakinaraziko zaizkio konpondu beharrekoak. Jakinarazpena egin eta hilabeteko epean beharrezko konponketak burutu ez badira, Kontzejuak, indarrean dagoen Prozedura Administratiboaren Legearen arabera, exekuzio subsidiarioari ekingo dio.

17. artikulua.

Baldin eta utzitako fidantza, zuzenean edota zeharka sortutako kalteen konponketa gastuak estaltzeko nahikoa ez balitz, Kontzejuak ondoriozko erantzukizunak eskatuko dizkio lizentziaren jabeari eta behar izanez gero, premiamendu bidea erabiliko du.

Tasaren ordainketa

18. artikulua.

Egur ateratze lanetarako, obretarako, harrobi lanetarako, buztingintzarako, meategietarako, eta beste edozein garraio motarako, bide publikoak erabili behar diren guztietan tasa ordaindu beharko da.

19. artikulua.

Tasaren zenbatekoa ondoren zehaztutakoa izango da: 0,90 eurouro/m³.

Garraiatu beharreko materialen bolumena metro kubikoetan baino beste neurri batzuetan adierazita badago (adibidez stereotan edo tonetan) kalkulurako koefizienteak hauek izango dira:

–Egurraren kasuan: 1 m³ = 1,54 estereo.

–Lur edo antzekoen kasuan: 1 m³ = 0,82 tona.

20. artikulua.

Tasa ordaintzeak ez du fidantzak edo abalak jartzetik salbuesten.

Arau-hausteak eta zigorrak

21. artikulua.

Kontzejuaren titulartasuna duten edo kontzejuak kudeatzen dituen bideak ordenantza honetan aipatutako baimenik gabe erabiltzeak edo ordenantza honetan aipatutako betebeharrak edo teknikoek zehaztutako baldintza bereziak ez betetzeak, ondorio hauek izan ditzake: Lizentzia baliogabetzea, jarduera edo lanak gelditzea edota zirkulazioa debekatzea.

Arau hausteak honela zigortuko dira:

–Arau-hauste arinak:

  • 9. artikuluan aipatzen den dokumentazioa eskatzen den kasuetan, ez aurkeztea.
  • Bideak erabiltzen diren bitartean, erabilera publikoa bermatzeko beharrezkoak diren konponketak eta garbiketak ez egitea.
  • Baimenean jasotako hasiera eguna ez errespetatzea.

–Arau-hauste larriak:

  • Lanak amaitzeko baimenean zehaztutako epea gainditzea, dagokion luzapena eskatu gabe.
  • Materiala pilatzea baimenik gabeko tokietan.
  • Arau-hauste arinak errepikatzea.

–Arau-hauste oso larriak:

  • Bide publikoa erabiltzea dagokion baimenik gabe.
  • Udal zerbitzu teknikoek zehaztutako edozein erabilera baldintza berezi ez betetzea.
  • Lanekin hasi aurretik fidantza ez ordaindu edo banku abala ez aurkeztea.
  • Abiadura eta tona kopuruaren mugak ez betetzea.
  • Baimenik gabeko ibilgailuak erabiltzea.
  • Arau-hauste larriak behin eta berriro errepikatzea.

22. artikulua.

Ordenantza honetako arau-hausteak isunekin zigortuko dira, jarraian adierazten denaren arabera:

–Arau-hauste arinak: 30,00 euro eta 100,00 euro arteko isuna.

–Arau-hauste larriak: 101,00 euro eta 1.000,00 euro arteko isuna.

–Arau-hauste oso larriak: 1.001,00 euro eta 3.000,00 euro arteko isuna edota lizentziaren baliogabetzea.

Iragarkiaren kodea: L2102558