47. ALDIZKARIA - 2021eko martxoaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

37/2021 FORU AGINDUA, otsailaren 10ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira hautagaitzak aurkezteko epea eta balizko bozketa eguna Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko sarearen batzordeko kide batzuk izendatzeko proposamenerako.

Abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira, batetik, Nafarroako Foru Komunitateko gizarte zerbitzuen sistemaren barruan, egoitza zerbitzuen, eguneko zerbitzuen eta zerbitzu anbulatorioen funtzionamendua adinekoen, desgaitasuna dutenen, eritasun mentala dutenen eta gizarte-inklusioaren arloetan, eta bestetik, baimenen, aurretiazko komunikazioen eta homologazioen araubidea. Foru dekretu horren 44.3 artikuluan ezartzen da ezen Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko sarearen batzordean zortzi aditu izanen direla gutxienez (pertsonarengan zentratutako arretan oinarritutako ikuspegia, ekintzak eta ereduak dituzten zentro edo zerbitzuen kudeatzaile diren pertsonek edo entitateek aukeratuak), eta gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuaren bi ordezkari ere arituko dira, batzordeko lehendakari eta idazkari lanetan.

Orobat, foru dekretuan aurreikusten da batzordekideak izendatzeko prozedura hasiko dela gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuaren titularraren foru agindu baten bidez, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluarentzat ezarritako bide bera edo antzekoa erabiliz. Ahaleginak eginen dira, betiere, oreka egon dadin emakumeen eta gizonen artean eta foru dekretu honen xedeko eremuen artean, deusetan galarazi gabe eremu horietako batzuetarako azpibatzordeak eratzea.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren urriaren 2ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez ezarri zen hautagaitzak aurkezteko epe bat, bai eta balizko bozketa egun bat ere, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko kide batzuk izendatzeko proposamenerako, aipatu foru dekretuan aurreikusitako entitateak ordezkatzeko. Horrela bada, zortzi adituren izendapena antolatu beharra dago, foru dekretu horretan ezarritako irizpide berberei edo antzekoei jarraikiz, ordezkatuta egon daitezen abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren xedeko lau eremuak.

Horrenbestez, abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea hautagaitzak aurkezteko epea, balizko bozketa eguna eta arauak Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko sarearen batzordeko kideak izendatzeko, foru agindu honen eranskinari jarraikiz.

2. Foru agindu hau Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari igortzea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu honek 2021eko martxoaren 17tik aurrera izanen ditu ondorioak.

ERANSKINA

1. Bat etorriz abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren 44.3 artikuluarekin, bina aditu izendatuko dira honako eremu hauetako bakoitzeko: adinekoak, desgaitasuna dutenak, eritasun mentala dutenak eta gizarte-inklusioa. Izendapen hori lau urterako izanen da, eta epe hori igarota, izendapen berriak eginen dira.

2. Eskubide Sozialetako kontseilariak izendatuko ditu ordezkariak, Gizarte Zerbitzuen Sistema osatzen duten entitateek egindako proposamenaren arabera (behar adina proposamen baldin badago). Entitate horien xedeak lotura zuzena izanen du aurreko apartatuan aurreikusitako lau eremuekin.

3. 15 egun balioduneko epea izanen dute entitateek beren hautagaitzak aurkezteko, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hautagaitzak idatziz aurkeztu beharko dira, eskabidea Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira zuzenduta, eta, ahal dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan administrazio publikoei zuzendutako eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

Idazkian, berariaz aipatuko dira Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko sarearen batzordeko kide izateko hautagai(ar)en izen-deiturak, baita ordezko(ar)en izen-deiturak ere, eta zein entitateren ordezkari den adieraziko da.

Bi pertsona proposatzen badira, bata emakumezkoa izanen da, eta bestea gizona.

4. Ezarritako epea iraganik soilik 2 hautagaitza aurkezten badira eremu bakoitzerako, Eskubide Sozialetako kontseilariak Pertsonarengan zentratutako arretari sostengua emateko sarearen batzordeko kide izendatuko ditu.

Aipatu epea iraganik hautagaitza nahikorik aurkezten ez bada, kontseilariak libreki izendatuko ditu adituak zortziko talde bat osatu arte, izendatuek onartu ondoren.

Eremuren batean bi entitatek proposatzen badituzte hautagaitzak, aditu bat izendatuko da entitate bakoitzeko, bat etorriz entitate horiekin eta, ahal dela, emakumeen eta gizonen arteko oreka mantenduz.

Entitate batek zenbait eremutarako hautagaitzak aurkezten baditu, eta horietakoren batean beste hautagaitza batzuk badaude, lehenetsiko da entitate kopuru handiena ordezkatzea ahalbidetzen duen hautagaitza, eta hori gertatzen bada, bozketa eginen da hautagaitzak aurkeztu dituen eremu guztietan.

Edozein eremutan bi hautagaitza baino gehiago aurkezten diren gainerako kasuetan, bozketa eginen da aurkeztatutako hautagaien artean aukeratzeko, jarraikiz eranskin honen 6. apartatuan ezarritako prozedurari.

5. Bozketa egitea beharrezkoa ez bada, behar diren hautagaitzak aurkeztu ez direlako edo soilik 2 aurkeztu direlako eremu bakoitzeko, departamentuaren webgunean emanen da horren berri. Bozketa egitea beharrezkoa bada, aipatu webgunean iragarriko da zein hautagai aurkeztu diren, eta zein entitatek proposatu dituen.

6. Bozketa, beharrezko izatekotan, 2021eko apirilaren 19an, astelehenarekin, eginen da, 8:30etik 14:30era, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egoitzan (González Tablas kalea 7, 31005 Iruña), Idazkaritza Tekniko Nagusiaren bulegoetan.

Bozketan aurkeztutako hautagaitzak identifikatuko dira, baita zein entitatek proposatu dituen ere.

Bozketaren ondorioetarako, eranskin honen 2. apartatuan adierazitako entitateetako bakoitzak boto bat izanen du. Entitatearen ordezkaritza duen pertsonak edo entitateak berak bozketarako izendatu duenak gauzatuko du eskubide hori.

Bozketan hautesle bakoitzak Nortasun Agiri Nazionala erakutsi beharko du, baita entitatea ordezkatzea ahalbidetzen dion titulua ere.

Boto gehien lortzen duena izanen da hautatua. Berdinketarik izanez gero, zozketa eginen da.

Deialdia egin eta bozketa egin ez bada eremu eta/edo hautagaitza guztiei dagokienez, Eskubide Sozialetako kontseilariak libreki izendatuko ditu ordezkariak zortziko taldea osatu arte, izendatuek onartu ondoren.

Iruñean, 2021eko otsailaren 10ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2102499