44. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 25a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

5/2021 FORU AGINDUA, otsailaren 23koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri aparteko gehiago ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz; abenduaren 30era arteko indarraldia eman zien foru aginduak, egun hori barne. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak berretsi zuen foru agindu hori, abenduaren 15ean emandako 189/2020 autoaren bidez.

Era berean, Osasuneko kontseilariaren abenduaren 28ko 64/2020 Foru Aginduaren bitartez luzatu ziren, baldintza berberetan, abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduan ezarritako neurriak. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak abenduaren 29ko 205/2020 Autoaren bidez. Gerora, Osasuneko kontseilariaren urtarrilaren 13ko 1/2021 Foru Aginduaren bitartez, berriro luzatu zen, aldaketa puntual batzuk eginda. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak judizialki berretsi zuen foru agindu hori, urtarrilaren 14ko 3/2021 Autoaren bidez; neurri guztiak berretsi zituen, salbu terrazetan erretzeko debekua.

Osasuneko kontseilariaren urtarrilaren 20ko 2/2020 Foru Aginduaren bidez Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Agindua aldatu zen. Foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren, ostalaritzan eta jatetxeetan, Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak judizialki berretsi zuen foru agindu hori, urtarrilaren 21eko 8/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren urtarrilaren 26ko 3/2021 Foru Aginduaren bitartez luzatu ziren, berriro, Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2021 Foru Aginduan ezarritako neurriak. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak urtarrilaren 27ko 10/2021 Autoaren bidez.

Bukatzeko, Osasuneko kontseilariaren otsailaren 9ko 4/2021 Foru Aginduak berriz luzatu zituen Osasuneko kontseilariaren abenduaren 14ko 63/2020 Foru Aginduaren bidez hartutako neurriak, eta haren aldaketak, eta judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2021eko otsailaren 10eko 18/2021 Autoaren bidez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, azken asteko diagnostiko berrien tasak behera egin du, 68 kasukoa baita 100.000 biztanleko.

Azaroaren 30etik abenduaren 27ra arte metatutako intzidentzia egonkorra izan da: 95 kasu ingurukoa 100.000 biztanleko. Hala ere, joera hori urteko azken astean hautsi zen, aste horretan kasuak %34 emendatu zirelako, eta metatutako intzidentzia 123 kasu 100.000 biztanleko izatera iritsi zen. Aste horretatik aurrera, 7 egunetara metatutako intzidentziak goranzko joera eduki du, datu hauekin: 169, 218 eta 249 kasu 100.000 biztanleko urtarrilaren 4tik 10era, 11tik 17ra eta 18tik 25era arteko asteetan, hurrenez hurren, goranzko malda pixka bat leunagoa izan den arren. Lehendakariaren urtarrilaren 20ko 3/2021 Foru Dekretuaren ondoren, zeinetan ezartzen baita bizikideen artekoak izan daitezkeela soilik eremu pribatuko bilkurak, eta Osasuneko kontseilariaren urtarrilaren 20ko 2/2021 Foru Aginduaren ondoren, zeinetan debekatzen baita ostatuen barnean kontsumitzea, eten egin zen goranzko joera, eta urtarrilaren 25etik 31ra bitarteko astean eta otsailaren 1etik 7ra bitartekoan, 7 eguneko intzidentzia pasatu zen 100.000 biztanleko 233 eta 181 kasukoa izatera hurrenez hurren. Joan den astean jarraitu zuen jaisten, 100.000 biztanleko tasa 96 kasukoa izan baitzen, abenduan bezalatsu, eta azken aste honetan beherago egin du, 68 kasukoa baita 100.000 biztanleko.

Nabarmenki jaitsi dira 7 egunean metatutako intzidentzian islatutako gaixotasunaren transmisio adierazle epidemiologikoak, populazio orokorrari dagozkionak eta, batez ere, 64 urtetik gorakoei dagozkienak. Ospitaleen okupazio mailak ere jaisten ari dira, nahiz mantsoago, hala akutuen oheetan, nola ZIUko oheetan.

Aste honetan, SARS-CoV-2aren zirkulazio epidemikoak jarraitu du jaisten intentsitatearen mailan, eta, transmisioaren jaitsieraren ondorioz, ospitaleratzeen kopurua txikiagoa izan da.

Etengabeko jaitsiera horren atzean arrazoi hauek egon daitezke: urtarrilaren 20an hartutako neurri zorrotzagoak, jendea errutinara itzultzea oporraldiaren ondoren, eta, adinekoei dagokienez, zentro soziosanitarioetan hartutako txertoa; horretaz gainera, beste elementu batzuk egon daitezke, hala nola negu honetan izandako eguraldi epelagoa.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren txostenaren arabera, azken lau astean nabarmenki eta gutxika-gutxika jaitsi dira COVID-19arekin lotutako larrialdiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ospitaleetan.

Urtarrilaren 18ko eta 25eko asteetan, guztira, COVID-19ak jotako 42 pertsona sartu behar izan ziren ZIUetan, eta gaixotasun hori zuten 19 pazienteri soilik eman zitzaien alta. Horren ondorioz, nabarmen igo zen ZIUetan SARS-CoV-2aren infekzioagatik ospitaleratuta zeudenen kopurua. Azken hiru asteetan, berriz, joerari buelta eman zaio, eta ZIUn sartutakoen eguneko kopurua nabarmen jaitsi da, astean 6-8 izan baitira soilik, eta bat ere ez azken 4 egunean.

Nafarroako ZIUetan COVID-19a edukitzeagatik zeuden gaixoak 14 ziren urtarrilaren 17an, eta 36 urtarrilaren 31n. Otsailean hasi da jaisten Nafarroako ZIUetan COVID-19a edukitzeagatik daudenen kopurua, eta 23 ziren otsailaren 12an. Kopurua egonkortu da zenbait gorabeherarekin, eta egun 22 dira. Handia da, beraz, arrazoi horregatik ZIUetan dagoen okupazio maila.

Dauzkagun adierazle onak ikusirik, neurriak malgutu eta osorik egokitu daitezke (eremu pribatua eta ostatuen barruko aldea barne) egungo alerta maila altura, pixkanaka eta egoera epidemiologikoaren behaketa zorrotza eginez.

Nolanahi ere, aldagai ingelesa, kutsatzeko ahalmena eta, beharbada, hilgarritasuna ere handiagoak dituena, zabaltzen ari denez, are sendoagoa da prebentzio neurriak betetzeko gomendioa: maskara modu egokian erabiltzea, distantzia fisikoa gordetzea, ongi aireztatutako guneak aukeratzea, bizikideak ez diren pertsona gutxirekiko harremanak, eskuak garbitzea eta, sintomak eta/edo koronabirusak eragindako infekzioarekin bateragarriak diren zantzuak izanez gero, norbere burua bakartzea eta kontsulta egitea.

Foru agindu honetan adierazitako neurriek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu ahal izanen dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehenik.–Berariazko prebentzio neurri aparteko hauek hartzea Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta:

1.–Prebentzio neurri orokorrak.

1.1. Birusaren transmisioa murrizteko hartu beharreko prebentzio neurri orokorrak dira maskarak egoki erabiltzea, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Aginduan araututakoaren arabera (foru agindu horren bidez hartu baitziren maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak) eta abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Aginduan araututakoaren arabera (maskarak hezkuntzaren eremuan erabiltzeari buruzkoa), pertsonen artean gutxienez ere 1,5 metroko segurtasun-tartea mantentzea, eskuak garbitzeko soluzio hidroalkoholikoa edo ura eta xaboia erabiltzea eta, azkenik, aireztapena, ahal dela, naturala eta etengabekoa izatea erabilera publikoko establezimenduetan.

1.2. Horrez gain, oinezkoek pasiboki ez erretzeko duten eskubidea zaindu eta babesteko, eta orobat COVID-19aren kutsapen arriskua murrizteko, kalean eta espazio publikoetan bakarrik erretzen ahalko da ostalaritzako establezimenduetako terrazetan, eserlekuetan, espazio publikoetan eta antzekoetan. Erretzaileak geldirik egonen dira, mugitu gabe, eta gutxienez ere 2 metroko segurtasun-tartea bermatu beharko dute beste pertsona batekin.

1.3. Ebidentzia zientifikoa badago, eta gero eta sendoagoa, erakusten duena birusa barnealdeko eta itxitako espazioetan transmititzen dela, eta bereziki, gutxi edo gaizki egurastuta daudenetan. Aurrekoan oinarrituta, erabilera publikoko establezimenduek ahalik eta gehien aireberritu beharko dituzte lokalak, eta, betiere, egunean hirutan gutxienez.

1.4. Esparru publikoko espazio itxi guztietan, ahal den neurrian, Osasun Ministerioak indarrean dituen gomendioei jarraituko zaie, hots, SARS-CoV-2a hedatzea eragozteko eraikin eta lokaletako klimatizazio eta aireztapen sistemak ibiltzeko eta mantentzeko emandako gomendioei.

2.–Garraioa.

2.1. Iruñerriko bidaiarien hiri-garraio erregularreko ibilgailuen okupazioak ez du gaindituko baimendutako gehieneko edukieraren %50, ordu-tarte guztietan, betiere flotaren gehieneko edukierak horretarako aukera ematen badu.

2.2. Iruñerriko bidaiarien hiri garraioko ibilgailuetan, honako baldintza hauek bete beharko dira:

–Ireki daitezkeen leihatilak izanez gero, guztiek irekita egon beharko dute airearen zirkulaziorako.

–Sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoaren banagailuak paratuko dira, eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie komeni dela eskuak garbitzea autobusera sartzean eta horretatik ateratzean.

–Hiriarteko garraioari dagokionez, eskatuko da autobusetan gel hidroalkoholikoa egotea sarreran zein irteeran, eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie komeni dela eskuak garbitzea autobusera sartzean eta horretatik ateratzean.

2.3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa ez zaio eskola-garraioari aplikatuko, jada aplikagarriak zaizkien osasun-babeserako neurriei kalterik egin gabe.

2.4. Gomendatzen da enpresek eta administrazio publikoek langileen sarrera-irteerak malgutu ditzatela, edo erraztasunak eman, bidaiari gutxiago elkar daitezen Iruñerriko hiri garraio erregularreko linea nagusietan jende gehien ibiltzen den orduetan.

3.–Ostatuak eta jatetxeak.

3.1. Establezimenduen barnealdeak.

a) Kontsumoa baimentzen da taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxe gisako lizentzia duten establezimenduetan, baimendutako gehieneko edukieraren %30ean.

b) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa. Kontsumitzaileek barrak erabiltzen ahalko dituzte edariak eskatu eta jasotzeko.

c) Mahaien arteko tartea 2 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

d) Mahaiaren edo mahaien inguruan ezin izanen dira lau pertsona baino gehiago elkartu. Salbuespen gisa, gehienez ere sei lagun elkartzen ahalko dira, baldin eta mahaiaren edo mahai multzoen neurriek 1,5 metroko segurtasun-tartea bermatzen badute pertsonen artean.

e) Establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, kartelak jarri beharko dira, gutxienez ere DIN A3 tamainakoak, eta horietan adierazi beharko dira lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena.

f) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

g) Ahal dela, gomendatzen da establezimenduek aireztapen naturala izatea, edo mekanika behartua, airearen birzirkulaziorik gabe. Gomendatzen da, halaber, ahalik eta gehien aireztatzea eta airearen kalitatea neurtzea, CO2-aren neurgailuen bidez. CO2-aren kontzentrazioa milioiko 800 partetik gorakoa denean, gomendatzen da aireztapena handitzea edo jende kopurua gutxitzea, adierazle horretatik behera jaitsi arte.

3.2. Kanpoaldeak.

Baimentzen da Nafarroako Foru Komunitatean taberna berezi, ikuskizunetarako kafetegi, taberna, kafetegi eta jatetxe gisako lizentzia duten establezimenduek eremu publikoan dituzten aire zabaleko terrazak irekitzea.

Foru agindu honen ondorioetarako, aire zabalean dauden terrazak honakoak dira: eremu estalia edo estali gabea, aldeetan gehienez ere bi hormak, paretak edo paramentuk inguratua, baldin itxitako azalera bada aldeko perimetroaren %50 edo hori baino txikiagoa (perimetro horren barnean da eraikinaren fatxada, terraza atxikirik duena).

Ez dira paramentutzat hartzen espazio fisikoak mugatzeko erabiltzen diren eta airearen zirkulazio librea ahalbidetzen duten elementuak, finkoak nahiz mugikorrak, altuera edo bolumen gutxikoak (gehienez ere metro batekoak).

Lehendik dauden eta baimenduta dauden terrazetan ez dira paramentutzat hartuko garaiera handiagoko elementuak, finkoak edo mugikorrak, baldin eta ez badira 1,60 metrotik gorakoak.

Terrazak baldintza hauek betez irekiko dira:

a) Mahaien arteko tartea 2 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

b) Establezimenduetako titularrek seinaleak egin beharko dituzte lurrean, mahaiak kokatu behar diren tokietan, segurtasun-tartea errespetatze aldera.

c) Mahai bakoitzaren bueltan, gehienez ere, lau pertsona egonen dira. Salbuespen gisa, gehienez ere sei lagun elkartzen ahalko dira, baldin eta mahaiaren edo mahai multzoen neurriek 1,5 metroko segurtasun-tartea bermatzen badute pertsonen artean. 70 cm baino gutxiagoko aldea edo diametroa duten mahaien edo upelen bueltan gehienez ere bi pertsona egonen dira eta, kasu guztietan, eserita.

d) Mahaian eta eserita eginen da kontsumoa.

e) Maskara erabiltzea nahitaezkoa izanen da beti, salbu eta edateko edo jateko unean. Kontrolatuko da bezeroek maskara behar bezala erabiltzen dutela.

f) Debekaturik dago terrazetan erretzea, bapeatzea edo nikotina bota dezaketen gailuak erabiltzea, baldin eta ezin bada bermatu 2 metroko segurtasun-tartea terrazan dauden pertsona guztien artean. Halere, gomendatzen zaie bezeroei terrazetan ez erretzea, arriskua dagoelako erretzaileak aerosolen emisioa handitzeko, eta, horren ondorioz, COVID-19a kutsatzeko arriskua ere.

Toki-erakundeei gomendatzen zaie aukerak azter ditzatela aire zabaleko terrazarako eremuak handitzeko, baina beti bermatu beharko da mahaien arteko eta pertsonen arteko segurtasun-tartea.

3.3. Puntu honetan aipatutako ostalaritzako establezimenduak eta jatetxeak 21:00etan itxiko dira.

3.4. Halaber, janariak prestatu eta zerbitzatzen ahalko dira, etxera eramateko edo aurretiko hitzordua izanda establezimenduan hartzeko, 22:30ak arte.

4.–Hotelak.

4.1. Hoteletako eta ostatu turistikoetako eremu komunetan, okupazioak ezin izanen du gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50, eta uneoro mantendu beharko da 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean.

4.2. Hoteletako eta ostatu turistikoetako kirol-instalazioei dagokienez (adibidez, igerilekuak eta gimnasioak), instalazio horietarako berariazko neurriak aplikatu beharko dituzte.

5.–Aterpetxeak.

5.1. Aterpetxeen modalitateko ostatu turistikoetan, baldin eta logeletan literak badaude eta, beraz, ezin bada pertsonen arteko gutxieneko segurtasun tartea gorde, okupazioaren muga baimenduriko gehieneko edukieraren %30 izanen da.

5.2. Pertsonen arteko gutxieneko segurtasun tartea bermatzea ahalbidetzen duten oheak dituzten logelak edo logela bereiziak dituzten aterpetxeetan, okupazioaren muga baimenduriko gehieneko edukieraren %50 izanen da.

5.3. Establezimenduaren titularrek antolamendu neurri batzuk ezarriko dituzte, egokiak direnak pilaketak saihesteko eta barnealdean pertsonen arteko segurtasun tartea gordetzen saiatzeko. Bestela, babes fisikorako beste neurri batzuk ezarriko dituzte bezeroak elkarrengandik zein langileengandik behar bezala babesteko, maskara janztea ekarriko dutenak.

5.4. Establezimenduan jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen bada, zerbitzuak foru agindu honetan establezimendu horietarako ezarritako baldintzak beteko ditu.

6.–Beilak eta hiletak.

Hiletetan eta beiletan gehienez ere 50 pertsona biltzen ahalko dira aire zabalean direnean, eta 10 pertsona gehienez toki itxietan direnean. Hileten segizioan 50 pertsona elkartzen ahalko dira gehienez.

7.–Kultua.

7.1. Gurtza-lekuetan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30, eta, betiere, 150 pertsona gehienez; sarrerak eta irteerak mailakatuak izanen dira, eta saihestuko da jendea pilatzea, bai gurtza-lekuen barruan bai sarbideetan eta irteeretan.

7.2. Ebidentzia zientifikoa baitago adierazten duena kantuaren bidez kutsatzeko arriskua handitzen dela, gomendatzen da ospakizunetan ez kantatzea.

8.–Ezkontzak, bataioak, jaunartzeak eta beste ospakizun sozial, familiar, erlijioso edo zibil batzuk.

8.1. Gurtza-lekuetan egiten diren ospakizunetarako, foru agindu honen 7. puntuan ezarritako edukierak aplikatuko dira. Gurtza-lekuak ez diren lokaletan ospatzen direnen kasuan, pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-tartea errespetatu beharko da (hots, 2,25 metro koadro pertsona bakoitzeko) lokal horien barnean.

8.2. Ezkontza, bataio, jaunartze eta bestelako ospakizun sozial, familiar, erlijioso edo zibil batzuetan, zeremoniaren ondotik ospakizunak egiten badira ostalaritzako establezimenduetan edo jatetxeetan, errespetatu beharko dira 1,5 metroko segurtasun-tarteak pertsonen artean, eta ez dira behin ere egonen 12 pertsona baino gehiago establezimenduen barruan, eta 20 pertsona, gehienez ere, kanpoan bada. Ulertzen da muga hori ospakizunetan ari den talde bakoitzari dagokiola, ongi bereizitako eremuetan baldin badaude. Ospakizun horietan, betiere, ez da gaindituko edukieraren %30 establezimenduen barnealdean.

Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea.

8.3. Horrez gain, aurreko puntuan aipatutako kasuetan, foru agindu honen 3. puntuan ostalaritzari eta jatetxeei buruz ezarritakoa ere bete beharko da.

9.–Txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzuetakoak.

9.1. Jendaurreko txikizkako merkataritza establezimendu eta lokaletan eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoetan, ezin izanen da gainditu gehienez baimendutako edukieraren %50.

9.2. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

9.3. Establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, ongi ikusten den kartel bat jarri beharko da, gutxienez ere DIN A3 tamainakoa, eta horretan adierazi beharko da establezimenduan baimendutako gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena.

10.–Hipermerkatuak, azalera ertain eta handiko establezimenduak eta merkataritza-gune edo -parkeak, edo horien zati direnak.

10.1. Hipermerkatuetan, azalera ertain eta handiko establezimenduetan eta merkataritza-gune edo -parkeetan, edo horien zati direnetan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %40 bertako merkataritzako lokal bakoitzean.

10.2. Merkataritza-guneetako establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, ongi ikusten den kartel bat, pantaila bat edo antzeko zerbait jarri beharko da, eta horretan adierazi beharko da establezimenduan baimendutako gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena. Kartela, pantaila edo antzekoa gutxienez ere DIN A3 tamainakoa izanen da.

10.3. 10. puntu honetan aipatutako establezimenduen ate nagusietan, ongi ikusten den kartel bat, pantaila bat edo antzeko zerbait jarri beharko da, gutxienez ere 70 x 120 cm-koa, eta horretan adierazi beharko da establezimenduaren gehieneko edukiera orokorra (merkataritza-gunean dauden establezimendu guztietan baimendutako edukieren batura).

10.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

10.5. Ez da utziko bezeroak gune komunetan egotea, barne direla atsedenguneak, saltokien arteko joan-etorrietarako ez bada.

10.6. Jolaserako eremuak itxita egon beharko dira, hala nola haurren jolastokiak edo antzekoak.

10.7. Ostalaritza- eta jatetxe-jarduerari, bai eta puntu honetan aipatutako establezimenduetan dauden zinema- eta jolas-aretoei, foru agindu honetan jarduera bakoitzerako ezarritako arau eta ordutegi berariazkoak aplikatuko zaizkie.

10.8. Puntu honetan aipatzen diren establezimenduetako arduradunak behartuta daude, une oro, sartzeko ateetan kontrola eta zenbaketa-sistema egitera, establezimenduan onartzen den gehieneko %40ko edukieraren kontrola eta bermea izatera, bai eta bezeroak gune komunetan ez daudela kontrolatu eta bermatzera ere, joan-etorrietarako izan ezik.

11.–Bide publikoan jarduten duten merkatuak.

Bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentan jarduten duten merkatuetan (merkatu txikiak), postuak aurrez aurre bereizita egon beharko dira, igarobide baten bidez. Bide horrek erabiltzaileak ibiltzeko espazioa markatuko du, eta bermatuko du erabiltzaileen artean gutxienez 1,5 metroko segurtasun-tartea gordetzen ahal dela, eta 4,5 metroko zabalera izanen du gutxienez. Elkarren ondoko bi posturen artean elementu isolatzaileak paratuko dira, postuen arteko independentzia gordetzeko; halakorik ez bada, 1,5 metroko tartea egon beharko da.

Erabiltzaileak ezin izanen dira inolaz ere saltokien alboetatik ibili. Barrutiak sartzeko gune bat eta irteteko beste bat edukiko ditu, eta biak ongi bereizita egonen dira.

12.–Akademiak, autoeskolak eta irakaskuntza ez-arautuko zentroak, eta prestakuntza zentroak.

12.1. Autoeskola eta irakaskuntza ez-arautuko zentroetan eta prestakuntza zentroetan gauzatzen den jarduera aurrez aurre ematen ahalko da, baldin eta gainditzen ez bada baimendutako gehieneko edukieraren %50 eta bermatzen bada 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean.

12.2. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

13.–Liburutegiak eta artxiboak.

13.1. Liburutegiek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan) beren jarduerei lotutako zerbitzuak emanen dituzte, baina okupazioak ezin izanen du gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50.

13.2. Sustatuko da erabiltzaileek zerbitzuak telematikoki erabiltzea.

13.3. Liburutegi eta ludoteketan haurrentzako jarduerak egiten ahalko dira, gehienez ere hamabi partaideko taldeetan.

13.4. Artxiboek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan) beren jarduerei lotutako zerbitzuak emanen dituzte, baina gehieneko okupazioak ezin izanen du gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50.

13.5. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

14.–Kirol-jarduerak.

14.1. Kirol-jardueretarako partaideen kopuruak, barnealdean nahiz kanpoaldean egiten direnetarako, Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez ezarriko dira.

14.2. Debekatuta dago iturriak, saunak, bainu turkiarrak edo antzekoak erabiltzea.

Aldagelak eta dutxak erabiltzen ahalko dira bakar-bakarrik zuzendutako kirol-jarduera fisikoetan, baita baimendutako entrenamendu eta lehiaketetan ere.

Baimentzen da dutxak erabiltzea, banaka, betiere, eta ezin izanen dituzte pertsona batek baino gehiagok erabili aldi berean. Neurri hau ez da aplikatuko baimendutako lehiaketetan.

14.3. Gimnasioetan kirol-jarduera egiteko, hitzordua eskatu beharko da aurretik. Desplazamendua eskatzen duten jardueretarako, 20 m²-ko espazioa gordeko da pertsona bakoitzeko. Desplazamendurik gabe egiten diren jardueretan, berriz, 8 m²-ko espazioa mantenduko da pertsona bakoitzeko. Nolanahi ere, nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea.

14.4. Lehiaketa ez-profesionalak eta kirol-ekitaldiak ikusleekin egiten ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %50. Instalazio itxietan, 200 lagun joaten ahalko dira gehienez ikusle gisa, eta beti errespetatu beharko da 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean eta maskararen erabilera egokia.

Aire zabaleko instalazioetan egiten diren lehiaketa ez-profesionalen eta kirol-ekitaldien kasuan, 400 lagun joaten ahalko dira gehienez ikusle gisa, eta beti errespetatu beharko da 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean eta maskararen erabilera egokia.

Barrualdean 200 pertsona baino gehiago eta kanpokoetan 400 pertsona baino gehiago biltzen dituzten jardueretarako, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten loteslea beharko da.

Nolanahi ere, debeku da jatea eta edatea kirol-lehiaketa eta -ekitaldietan.

14.5. 21:00etan itxiko edo bukatuko dira beranduenez. Hala ere, 21:00etatik aurrera erabiltzen ahalko dira kirol-instalazioak lehiaketak eta entrenamenduak egiteko, baldin eta horretarako baimena ematen badu instalazioaren titularrak. Entrenamenduen kasuan, 22:00ak arte egiten ahalko dira.

15.–Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak egitea espazio itxietan, eta bestelako jarduera fisikoak aire zabaleko espazioetan.

15.1. Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak espazio itxietan egiteko, taldeetan ez dira arituko 10 pertsona baino gehiago, eta Nafarroako Kirolaren Institutuak xedatutakoa beteko dute.

Edonola ere, zuzendutako kirol-jarduera fisikoak hamabosnaka egiten ahalko dira espazio itxietan, instalazioak 5 metro koadro baldin baditu parte-hartzaile bakoitzeko, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta 16 metro koadro baditu parte-hartzaile bakoitzeko, berriz, mugikortasun handiko jardueretarako, aireberritze naturala badu edo behartua (mekanikoa), airearen birzirkulaziorik gabe.

15.2. Nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea instalazioetako sarbide eta joan-etorrietan, bai eta kirol-jardueretan ere, intentsitate txikiko modalitateak badira. Kirol-praktika mota bakoitzaren modalitatea arautuko da Nafarroako Kirolaren Institutuak xedatutakoaren arabera.

15.3. Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluan aipatzen diren irakaskuntzen babesean egiten diren kirol-jarduera fisikoak salbuetsirik daude 1. puntuan xedatutakotik.

15.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

15.5. Korrikalariek (“runner-ak”) maskara erabili beharko dute ezin dutenean bermatu pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-tartea, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Aginduak ezartzen duenaren arabera (foru agindu horrek prebentzio neurriak ezartzen ditu COVID-19ak eragindako osasun krisian Nafarroako Foru Komunitatean maskara erabiltzeari dagokionez).

Gomendatzen da, halaber, jarduera fisiko hori egiten dutenean pertsona asko dauden tokietan, hala nola, parke, ibai ondoko pasealekuetan, hirigunean edo antzekoetan, banaka egitea.

16.–Igerilekuak

16.1. Aisialdiko igerilekuetan edukieraren %50eko muga gorde beharko da, hala haietara sartzeko nola aisialdiko jardueretan bertan.

16.2. Baimentzen da aldagelak erabiltzea, eta dutxak banaka erabiliko dira, eta ezin izanen dituzte pertsona batek baino gehiagok erabili aldi berean.

16.3. Nafarroako Kirolaren Institutuak arautuko du kirol-jardueretarako igerilekuen erabilera.

16.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

17.–Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak.

Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak erabiltzen ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %75.

21:00etan itxiko dira beranduenez.

18.–Monumentuak, erakustaretoak eta museoak.

18.1. Museoetan eta erakustaretoetan egiten diren jardueretan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50.

18.2. Inaugurazioak eta ekitaldi sozialak egiten ahalko dira, baldin eta jatetxe zerbitzurik ez badago, eta segurtasun-tarteak bermatzen ahal badira. Edukiera %50ekoa izanen da, eta jarlekuak aurretik esleituko dira. Jarduera zutik egiten bada, edukiera irizpide honi jarraikiz kalkulatuko da: 3 metro koadro pertsonako.

18.3. Bisita edo jarduera gidatuak gehienez ere hamabi pertsonako taldeetan eginen dira, eta 18koak izaten ahalko dira kanpoan direnean.

18.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

19.–Zinema-aretoak, antzokiak, auditoriumak, karpadun zirkoak eta antzekoak, aire zabaleko esparruak eta antzeko beste lokal batzuk, eta ikuskizun publikoetarako eta olgetako edo aisialdiko jardueretarako establezimenduak.

19.1. Zinema-areto, antzoki, auditorium, karpadun zirko eta antzekoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute aurretik esleitutako eserlekuak erabilita, baldin eta gainditzen ez bada areto bakoitzean baimenduriko gehieneko edukieraren %50. Nolanahi ere, gehieneko edukiera ezin izanen da 200 pertsonatik gorakoa izan. Debeku da jatea eta edatea puntu honetan aipatzen diren ikuskizun edo jardueretan. 22:00etan itxiko dira beranduenez.

19.2. Aire zabaleko esparruetan eta antzeko lokaletan egiten diren jardueretan, eta ikuskizun publikoetarako, josteta edo aisia jardueretarako aire zabaleko establezimenduetan egiten direnetan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50; edonola ere, 400 lagun bilduko dira gehienez.

19.3. Barrualdean 200 pertsona baino gehiago eta kanpokoetan 400 pertsona baino gehiago bildu nahi dituzten jardueretarako, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten loteslea beharko da.

20.–Turismo-gidarien jarduera garatzeko baldintzak.

20.1. Jarduera horiek, barnean zein kanpoan, ahal dela, aldez aurretik hitzordua eskatuta eginen dira eta taldeak, gehienez ere, 12 lagunekoak izanen dira. Jarduera egiten den bitartean, saihestuko da pilaketak sor daitezkeen eremu edo tokietatik ibiltzea. Halaber, errespetatu beharko dira monumentuak eta bestelako kultur ekipamenduak bisitatzeko baldintzak, foru agindu honetan ezarritakoaren arabera.

20.2. Turismo aktiboko eta naturako irteerak gehienez ere 18 laguneko taldeentzat ere onartuko dira, aldez aurretik erreserba eginda, enpresa edo gidari profesionalekin.

21.–Biltzarrak egitea.

Lehenetsiko da biltzarrak telematikoki egitea. Beste modalitate edo formatu batean egin nahi izanez gero, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari jakinarazi beharko zaio aurretik.

22.–Topaketak, akziodunen batzarrak, lanbide-elkargoen bilerak, negozio-bilkurak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak egitea.

Topaketak, akziodunen batzarrak, lanbide-elkargoen bilerak, negozio-bilkurak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak egiten ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %50, eta betiere 200 lagun gehienez; horiek eserita egon beharko dute, 1,5 metroko segurtasun-tartea bermatuz horien artean. Horrek ez du galaraziko modalitate telematikoa gomendatzea.

Bozketarik egin behar bada, pertsonak mugitzea saihesten duten bozketa sistemak erabiliko dira.

23.–Bingoak, eta joko-, apustu- eta jolas-aretoak.

23.1. Bingoek eta joko-, apustu- eta jolas-aretoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute, baldin eta ez bada gainditzen baimenduriko edukieraren %30.

23.2. Establezimenduen ate nagusietan, bai barrualdean bai kanpoaldean, kartelak jarri beharko dira, gutxienez ere DIN A3 tamainakoak, eta horietan adierazi beharko dira lokalaren gehieneko edukiera eta foru agindu honek baimentzen duena.

23.3. Establezimendu horiek 21:00etan itxiko dira.

23.4. Edatekoak edo jatekoak emateko zerbitzua baldin badute, bezeroendako soilik, foru agindu honen 3. puntuan ezarritako arau berariazkoak aplikatuko zaizkie.

24.–Ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dauzkaten establezimenduak.

24.1. Funtzio anitzeko espazioak alokatzeko xedea duten establezimenduek bete beharko dituzte Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakian eta ondoren emandako araudian ezarritako higiene eta prebentzio arauak.

24.2. Ospakizunak egiten badira establezimendu hauetan, kontrol presentziala bermatu beharko dute eta errespetatu beharko dira pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun-tarteak gordetzeko neurriak, eta ez dira behin ere 12 pertsona baino gehiago izanen barrualdean, eta 20 pertsona gehienez kanpoaldean. Ulertzen da muga hori ospakizunetan ari den talde bakoitzari dagokiola, ongi bereizitako eremuetan baldin badaude. Ospakizun horietan, betiere, ez da gaindituko edukieraren %30 establezimenduetako barnealdean.

24.3. Lokalaren barruan, kontsumoa eserita egiten ahalko da soilik, mahai batean edo mahai batzuk elkartuta.

24.4. Edonola ere, ahalik eta gehien erabiliko da maskara, eta pertsonen arteko tartea gordeko.

24.5. Lokalean ez da dantzalekurik baimenduko.

24.6. Lokal horiek 21:00etan itxiko dira.

24.7. Ahal dela, gomendatzen da establezimenduek aireztapen naturala izatea, edo mekanika behartua, airearen birzirkulaziorik gabe. Gomendatzen da, halaber, ahalik eta gehien aireztatzea eta airearen kalitatea neurtzea, CO2-aren neurgailuen bidez. CO2-aren kontzentrazioa milioiko 800 partetik gorakoa denean, gomendatzen da aireztapena handitzea edo jende kopurua gutxitzea, adierazle horretatik behera jaitsi arte.

25.–Elkarte gastronomikoak eta peñak.

25.1. Elkarte gastronomikoek eta peñek itxita jarraituko dute.

25.2. Etenaldi horretatik salbuetsita daude 500 biztanle baino gutxiagoko udalerri eta kontzeju txikietan kokatutakoak, udalerri edo kontzejuan ez badago kafetegi, jatetxe edo tabernarik eta haiek badira herri guztia elkartzeko lokal bakarrak. Kasu horietan, eta salbuespen gisa, alkateek baimena eman dezakete horiek irekitzeko, baldin eta eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte eta osasun arloko prebentzio neurri guztiak betetzen badira, foru agindu honen 3. puntuan ezarritakoak alegia.

26.–Alkoholaren salmenta.

Debeku da alkohola saltzea 21:00etatik 8:00etara bitarte, publikoari saltzen dioten mota guztietako establezimenduetan, edozein dela ere duten lizentzia, salbu eta lizentzia hauek dituzten establezimenduetan: taberna berezia, ikuskizunetarako kafetegia, tabernak, kafetegiak eta jatetxeak.

Bigarrenik.–Neurri hauek mugatu egiten dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakian aurreikusitakoak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Neurri horiek osotara aplikatzekoak dira bertan arautzen diren gainerako neurriei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoak ez badira, eta galarazi gabe izaera orokorrarekin beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Hirugarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2021eko otsailaren 26tik martxoaren 11ra bitarte, bi egunak barne, eta, egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, baimen judiziala eman dezan, aurretiaz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek 2021eko otsailaren 26an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko otsailaren 23an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2103114