43. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZIZUR NAGUSIA

Kultura eta Euskara Arloko Kontseiluaren Erregelamendua. Behin betiko onespena

Zizur Nagusiko Udalak, 2020ko azaroaren 26an egin zuen osoko bilkuran, Zizur Nagusiko Kultura eta Euskara Arloko Kontseiluaren Erregelamenduaren hasierako onespena eta ondorengo izapidetzea onetsi zituen.

Erregelamendu horren espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2020ko 288. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 15ean, eta Udaleko iragarki oholean. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da.

Argitara ematen da, aipatutako erregelamenduaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan.

Zizur Nagusian, 2021eko otsailaren 3an.–Alkatea, Jon Gondán Cabrera.

ZIZUR NAGUSIKO KULTURA ETA EUSKARA ARLOKO KONTSEILUAREN ERREGELAMENDUA

ZIOEN AZALPENA

Herritarren parte-hartzearen udal ordenantzan oinarrituta (154. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 9koa). Zizur Nagusiko Udalak herritarrek udalaren kudeaketan parte hartzeko eta informazioa jasotzeko bide batzuk antolatu nahi ditu, herriko hainbat erakundek eta kolektibok duten rola aintzatetsiz eta kontuan izanik ezen, ordenantza horren III. kapituluaren arabera, kontseilu sektorialak ezartzen ahal direla udalaren jarduera eremuetan, horrela behar edo erabakitzen bada.

Azken helburua kontseilu sektorialen funtzionamendua eraginkorragoa eta efizienteagoa izatea da, Zizur Nagusiko Udalaren jarduerari buruzko informazioa emateko, parte hartzeko, proposatzeko eta kontrolatzeko organoak baitira. Horren guztiaren helburua da jarduera hori hobetzen laguntzea eta, ondorioz, baita zerbitzuen kalitatea hobetzen ere.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Erregelamendu honen xedea da Kultura eta Euskara Arloko Kontseiluaren antolaera, eskumenak eta funtzionamendua arautzea. Herritarren parte-hartzearen udal ordenantzaren III. kapituluko 18. artikuluan xedatutakoaren arabera eratzen da kontseilu hori (ordenantza hori Udalbatzaren osoko bilkurak onetsi zuen behin betiko 2018ko apirilaren 26ko bilkuran eta 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2018ko abuztuaren 9an).

2. artikulua. Izaera juridikoa.

Kultura eta Euskara Arloko Kontseilua Zizur Nagusiko udalaren kide anitzeko organo iraunkor bat da, eta haren bidez udalerriko herritar eta erakundeen parte-hartzea bideratzen da, kirolaren, elkartegintzaren eta euskararen arloan.

Kontseilua Kultura eta Euskarako Informazio Batzordeari lotuta egongo da, eta kontseiluak egiten dituen bileren berri berri eman beharko dio batzordeari.

3. artikulua. Araubide juridikoa.

Kultura eta Euskara Arloko Kontseiluaren jarduna Erregelamendu honen araberakoa izanen da. Erregelamenduan aurreikusten ez den guztirako, toki erakundeen beharrezko diren organoen funtzionamenduari buruzko xedapen orokorrak aplikatuko dira, bai eta herritarren parte-hartzearen udal ordenantza bera ere.

4. artikulua. Helburuak eta eskumenak.

Hauek dira Kultura eta Euskara Arloko Kontseiluaren helburuak:

a) Herritarren eta horien erakundeen parte-hartzea erraztea eta sustatzea udalak kulturaren, musikaren eta artearen arloetan eta euskararen sustapenean garatzen dituen ekimenetan, legez araututako ordezkaritza organoei dagozkien erabakitzeko ahalmenak errespetatuz, betiere.

b) Zizur Nagusiko Udalari aholkularitza ematea kulturaren eta euskararen arloan dagozkion programa eta jarduketetan.

c) Zizur Nagusiko Udalak helarazten dizkion kulturaren eta euskararen arloko ekimenak eztabaidatzea eta balioestea.

d) Bere jarduera eremuko proposamenak prestatzea, Kultura eta Kirol Batzordeak eztabaidatu ditzan.

e) Udal organo eskudunek erabakiak hartu aurretik, Zizur Nagusiko Udalak eskatzen dizkion azterlanak egitea eta txostenak ematea.

f) Arrazoitutako eskaera egin ondoren, Kontseiluaren intereseko gaien inguruko informazioa biltzea eta udalak kulturaren eta euskararen arloan gauzatzen dituen jarduketa programen jarraipena eta ebaluazioa egitea.

g) Kulturaren eta euskararen sustapenaren arloetan funtzioak eta eskumenak dituzten erakunde eta entitateen arteko koordinazioa sustatzea, publikoak edo pribatuak (irabazi asmorik gabekoak) izan.

h) Arte eszenikoak, grafikoak eta plastikoak, eta baita musika ere, barnean hartzen dituzten alderdi guztien gainean sentsibilizatzeko kanpainak bultzatzea, eta horri esker herritarren parte-hartzea aktiboagoa izan dadin bilatzea.

i) Euskara sustatzeko ekintzak, jarduerak eta kanpainak bultzatzea, hizkuntza normalizazioari laguntzen baitiote.

j) Bere jarduera eremuan diskriminazioa desagerrarazteko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko jarduketak bultzatzea.

k) Aldez aurretik Kultura eta Euskara Batzordean bozkatu ondoren, Zizur Nagusiko kultur taldeen dirulaguntzen deialdi publikoko eskaerak balioesteko irizpide objektiboak eztabaidatzea, proposatzea eta erabakitzea.

l) Lankidetzan aritzea kulturaren arloan eta euskararen sustapenean jarduten diren elkarte eta herritarren entitateekin, elkar hartuta sustatzeko jarduerak, jardunaldiak, proiektuak eta antzekoak.

m) Hitzarmenak sinatzea udal arloko elkarte, herritarren entitate eta legez eratutako bestelako taldeekin.

n) Lege nahiz erregelamendu bidez Kontseiluaren esku utzitako beste eginkizun oro.

II. KAPITULUA

Osaera, kideen izendapena eta eskudantziak

5. artikulua. Kontseiluaren osaera.

Honako kide hauek izanen ditu Kontseiluak:

a) Alkatea edo Alkatetzaren ebazpen bidez izendatutako ordezko zinegotzia.

b) Udalbatzako talde politiko bakoitzak edo talderik gabeko zinegotzi bakoitzak izendatutako ordezkari bat.

c) Kultura eta Euskara Alorreko teknikariak; aholkularitza emanen dute, baina ezin izanen dute bozkatu.

d) Ordezkari bana Zizur Nagusiko Herritarren Elkarte eta Entitateen Udal Erregistroan inskribatuta dagoen elkarte edo herritarren entitate bakoitzeko. Elkarte horien xede sozialak, xedeak eta jarduerek zerikusia izan behar dute kulturaren eta euskararen arloekin.

Kontseiluaren bileretara joaten ahal dira, halaber, hitz egiteko eskubidearekin baina botorik gabe, Kontseiluko buruak gonbidatutako pertsonak, adituak eta eztabaidatuko diren gaiek ukitutako erakundeak.

Legealdi bakoitzaren hasieran berritu eginen da ordezkari guztien izendapena.

Kontseiluak ahaleginak eginen ditu ordezkaritza eta osaera orekatua izateko, Zizur Nagusiko Udaleko emakume eta gizonen arteko berdintasunerako ordenantzan jasota dagoen moduan (2019ko 170. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 29an).

6. artikulua. Kontseiluaren egitura.

Kontseiluak egitura hau izanen du:

a) Kontseiluko burua: alkatea edo hark eskuordetutako zinegotzia.

b) Buruordetza: udal-talde politikoek eta, halakorik bada, talderik gabeko zinegotziek izendatutako kideetako bat.

c) Idazkaria: Kultura eta Euskara Alorreko teknikarietako bat.

d) Kontseilukideak: Udalbatzako talde politikoen eta kirol klub eta atalen ordezkariak.

e) Aholkulariak: Kultura eta Euskara Alorreko teknikariak.

f) Kontseiluaren bilkura: aurreko guztiak eta gonbidatuak.

g) Lantaldeak eratzen ahalko dira gai zehatzetarako, Kontseiluko osoko bilkurak eskatzen duenean edo Kontseiluko buruak proposatzen duenean.

7. artikulua. Kideen izendapena.

Klubek eta atalek ordezkari titular eta ordezko bana izendatuko dituzte, Kultura eta Euskara Arloko Kontseiluaren buruari igorritako idazki baten bidez.

Era berean jokatuko dute Udalbatzako talde politikoek beren ordezkariak eta horien ordezkoak izendatzeko.

8. artikulua. Kontseiluko burua.

Alkatea izanen da Kultura eta Euskara Arloko Kontseiluko burua. Funtzio hori Kultura eta Euskara Batzordeko buruari eskuordetzen ahal dio, eta eskudantzia hauek izanen ditu:

a) Kontseiluaren bileren deialdia egitea, gai-zerrenda ezartzea eta bilerak amaitutzat jotzea.

b) Kontseiluaren bileren buru izatea eta Kontseiluaren ordezkari gisa jardutea, beharrezkoa denean.

c) Kontseiluko bileretako eztabaidak zuzentzea eta moderatzea.

d) Kontseiluaren gainean ezarritako arauak aplikatzea.

e) Kontseiluko kideek aurkezten dituzten proposamenei erantzuna ematea.

f) Herritarren parte-hartzea bermatzea.

g) Kontseiluaren eta Udaleko kudeaketa organoen arteko koordinazioa sustatzea.

9. artikulua. Buruordetza.

Kultura eta Euskara Arloko Kontseiluko buruordea Udalbatzako talde politikoek eta, halakorik balego, talderik gabeko zinegotziek izendatutako ordezkarien artean hautatuko da bozketa bidez. Boto gehien lortzen duen hautagaia izanen da hautetsia. Kontseiluko buruak eskuordetzen dizkion eskudantziak hartuko ditu bere gain, eta Kontseiluko buruaren ordez arituko da bururik ez dagoenean, bilkuretara joan ezin denean edo gaixo dagoenean.

10. artikulua. Idazkaritza.

Kontseiluko idazkaritza lanak Kultura eta Euskara Alorreko teknikariek eginen dituzte.

Idazkaria arduratuko da bileretako akta egiteaz eta Kontseiluko buruari eta, oro har, Kontseiluari aholkularitza teknikoa emateaz. Gainera, Kontseiluaren bilkurak onetsitako erabakiak jakinaraziko ditu, Kontseiluko buruak ikusi eta onetsi ondoren.

III. KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

11. artikulua. Kideen eskubideak.

Kultura eta Kirol Arloko Kontseiluko kideek eskubide hauek dituzte:

a) Kontseiluaren bilkuretara joatea.

b) Kontseiluaren eta haren edozein organoren eta Kultura eta Euskara Batzordearen jarduerei buruzko informazioa jasotzea.

c) Kontseiluaren aktak eta dokumentazioa eskuratu ahal izatea.

d) Norbere erakundearen, elkartearen edo talde politikoaren ordezkari izatea eta haren interesak defendatzea Kontseiluaren esparruan.

e) Gai-zerrendan sartzeko gaiak proposatzea.

f) Boto eskubidea erabiltzea eta, beharrezkoa bada, boto partikularra ematea, haren arrazoiak azalduz.

g) Kontseiluan ekimenak eta proposamenak aurkeztea eta defendatzea. Proposamen horiek onetsi eta, egoki bada, Kultura eta Euskara Batzordeari helarazten ahal zaizkio.

h) Erregelamendu honen kontrakoak direla uste duen erabakiak aurkaratzea.

12. artikulua. Kideen betebeharrak.

Kultura eta Euskara Arloko Kontseiluko kideek betebehar hauek dituzte:

a) Kontseiluaren bilkuretara joatea.

b) Kontseiluaren funtzionamendu egokia eta sustapena bultzatzea.

c) Inongo kudeaketarik ez egitea Kontseiluaren izenean hark espresuki jakin eta baimendu gabe.

d) Harreman jarraitua edukitzea ordezten dituzten klub eta atalekin, Kontseiluan lantzen diren gaiei buruz.

e) Kontseiluaren bilkurak harturiko erabakiak errespetatzea.

f) Kontseiluak bere jarduera gauzatzean bere gain hartzen dituen lan guztietan laguntzea.

g) Erregelamendu honetan xedatutakoa errespetatzea eta betetzea.

13. artikulua. Kide izateari uztea.

Inguruabar hauek direla-eta utziko zaio Kultura eta Euskara Arloko Kontseiluko kide izateari:

a) Kargua borondatez uztea, Kontseiluko buruari idatziz jakinarazita.

b) Erregelamendu honetako 12. artikuluan ezarritakoa ez betetzea, behin eta berriz eta nahita.

c) Ordezten duen entitatea edo taldea desegitea, baja hartzea edo antzeko inguruabarren bat.

d) Ordezten duen erakundeko kide izateari uztea.

e) Jarrera desegokia izatea, baldin eta Kontseiluaren izen onari kalte egiten badio edo larri erasaten badie Kontseiluak antolatzen dituen jarduerei edo kontseilukideen arteko bizikidetza normalari.

f) Kontseiluaren bilkuretara ez joatea justifikaziorik gabe, bi aldiz jarraian edo hiru aldiz jarraian izan gabe.

g) Kontseilutik botatzeko erabakia Kontseiluko osoko bilkurak hartuko du. Kontseiluko buruak bakarrik proposatzen ahalko du kide bat botatzea, eta hala erabakiz gero kide horrek ezin izanen du Kontseiluan parte hartu aurreko akordioa jakinarazi eta gutxienez urtebete iragan arte.

IV. KAPITULUA

Kontseiluko bilkuraren funtzionamendua

14. artikulua. Kontseiluaren eraketa bilkura eta ohiko bilkurak.

Kultura eta Euskara Arloko Kontseiluaren bilkura formalki eratuko da Erregelamendu hau indarrean jarri eta hurrengo hiru hilabeteetan. Lehen bilkura horretan ohiko bilkuren egutegia onetsiko da, gutxienez hilean ohiko bilkura bat jarrita. Ondoren, urtero antolatuko da bileren egutegia, lehen aipatutako maiztasuna errespetatuta.

Kontseilua eratu aurretik, beharrezkoa bada, Udalak bilera eginen du kirol klub eta erakunde guztiekin, jarraitu beharreko prozeduraren berri emateko.

15. artikulua. Bilkura bereziak.

Landu beharreko gai bereziren bat dagoenean, bilkura berezia egiten ahal da, Kontseiluko buruak edo kideen heren batek eskatuta.

Azken kasu horretan, bilkura berezirako eskaera egin eta hamabost egunera eginen da, beranduenez ere.

16. artikulua. Deialdia.

1. Kontseiluaren ohiko bilkuraren aurretik, deialdia igorriko zaie bitarteko elektronikoen bidez kideei, bilera egiteko ordua baino 72 ordu lehenago, gutxienez. Bertan adieraziko dira Kontseiluko buruak ezarritako gai-zerrenda eta bilkuraren lekua eta ordua. Kideek deialdia hartu izanaren agiria igorri beharko dute.

2. Bilkura bereziak bilera egiteko ordua baino 24 ordu lehenago deituko dira, gutxienez.

17. artikulua. Bertaratze quoruma.

Bilkurak egin ahal izateko, kideen gehiengoak bertaratu beharko du, gutxienez, lehen deialdian, eta heren batek bigarrenean, Kontseiluko buruaz eta idazkariaz gainera. Bigarren deialdia lehen deialdia eta ordu erdi beranduago izanen da.

18. artikulua. Gai-zerrenda

Kontseiluburuak finkatuko du gai-zerrenda. Gai-zerrendako gaiak baino ez dira landuko, premiazko kasu arrazoituetan izan ezik. Premia hori badela berretsi beharko dute Kontseiluko kideek gehiengo osoz.

19. artikulua. Bilkuraren aktak.

Kontseiluko bilkura guztien akta eginen du Kontseiluko idazkariak. Akta publikoa izanen da eta kontseilukide guztiei igorriko zaie.

Honako hauek jasoko dira aktan: bilkuraren eguna, ordua eta lekua, bertaratu direnen izenak, eztabaidatutako gaiak, bozketaren emaitzak eta hartutako erabakien edukia.

Aktekin batera hurrengo bileraren deialdia igorriko da, onesteko.

20. artikulua. Bozketak.

1. Bozketak, oro har, eskua altxatuta eginen dira, salbu eta Kontseiluko kide batek bozketa sekretua egiteko eskatzen badu. Kasu horretan, boto paper bidez eginen dira.

2. Botoa aldekoa, aurkakoa edo abstentzioa izaten ahalko da. Bozketako emaitzak zenbatzeari dagokionez, bileran egonik ere bozketan parte hartzen ez duten pertsonak eta gai baten eztabaida hasi ondoren bileratik joan direnak abstenitu egin direla joko da.

21. artikulua. Erabakiak.

Erabakiak gehiengo sinplez hatuko dira, hots, aldeko botoak aurkakoak baino gehiago izan behar dira. Berdinketa izanez gero, beste bozketa bat eginen da eta, berdinduta jarraituz gero, buruaren kalitatezko botoak erabakiko du.

Gairen bat informazio batzorde batek aztertu edo funtsatu behar badu edo horrelako batzorde baten irizpena behar bada, ahal bezain laster jakinaraziko zaio batzorde horren buruari edo, halakorik ez balego, alkateari. Kultura eta Euskarako Informazio Batzordeak onetsi ondoren, ohiko administrazio prozedurari jarraituko zaio, eta Kultura eta Euskara Zerbitzua arduratuko da betetzen dela zaintzeaz.

V. KAPITULUA

Lantaldeak

22. artikulua. Xedea eta sortzeko era.

Kontseiluak proposatuta, kirolarekin lotutako gai zehatzak modu eraginkorragoan lantzeko lantaldeak sortzen ahal dira (adibidez, kirol diziplina jakin bati buruzkoak, espazioen erabilerari buruzkoak, etab.). Lantalde horiek eginiko azterlanak Kontseiluari, Kultura eta Euskarako Informazio Batzordeari eta/edo gobernu organo eskudunari aurkezten ahal zaizkio. Gobernu organoak, Kultura eta Euskarako Informazio Batzordeak aldeko irizpena eman ondoren, berresten baditu, Kultura eta Euskara Zerbitzua arduratuko da horiek betetzen direla bermatzeaz.

23. artikulua. Lantaldeetan parte hartzea.

Lantaldeetan parte hartzen ahalko dute herritarrek, kultura elkarte eta entitateek eta kulturaren eta euskararen arloetan diharduten lagunek. Horretarako, eskaera egin beharko diote Kontseiluko buruari eta Kontseiluak berak oniritzia eman beharko du. Gainera, udaleko edo kontratatutako teknikarien aholkularitza jaso ahalko dute, betiere Kultura eta Euskarako Informazio Batzordeak onetsi badu.

VI. KAPITULUA

Memoria eta ebaluazioa

24. artikulua. Memoria.

Urtero, epe horretan egindako jarduketei buruzko txosten bat eztabaidatu eta onetsiko du Kontseiluak, eta hobetzeko zer egin proposatuko da. Txosten hori Udalean aurkeztuko da, eta batzordeetan edo dagokion gobernu eta erabakitze organoetan eztabaidatuko da hari buruz.

Txosten hori egitean, gainera, sexuaren aldagaia kontuan izanen da, bai eta genero ikuspegia ere, ondorioetan.

25. artikulua. Ebaluazioa.

Etengabeko ebaluazioa sustatuko da. Urteko bilera batean, gutxienez, Kontseiluaren funtzionamendua, erabilgarritasuna, parte-hartzea eta jarduna ebaluatuko dira.

Metodologia bat diseinatuko da Kontseiluaren beraren funtzionamendua eta Zizur Nagusiko Udalak kontseilu horren erabakien azken onespena egiteko modua ebaluatzeko. Metodologia hori Kultura eta Euskara Alorrak eginen du, behar duen aholkularitzarekin, eta Kultura eta Euskara Batzordeak eta Kontseiluak berak onetsiko dute.

Ebaluazioa negatiboa bada, egoera oneratzeko bideak sortuko dira. Ebaluazioa negatiboa bada oraindik ere, Kultura eta Euskara Arloko Kontseiluaren kideek, gehiengo osoz, Kontseilua desegiteko prozesua abiarazten ahalko dute.

VII. KAPITULUA

Erregelamendua aldatzea eta Kontseilua desegitea.

26. artikulua. Erregelamendua aldatzea eta Kontseilua desegitea.

Kontseilua desegiten ahalko da, edo Erregelamendua aldatzen, osoko bilkurak onetsita bakarrik, Kontseiluak berak eskatu ondoren eta, edonola ere, azken horri entzun ondoren.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honek ez du ondorio juridikorik izanen, harik eta oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari begira.

Iragarkiaren kodea: L2101910