43. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OBANOS

Dirulaguntzen ordenantza orokorra. Behin betiko onespena

Obanosko Udalak, 2020ko azaroaren 11n egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Dirulaguntzen ordenantza orokorra.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 283. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 4an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Obanosen, 2021eko otsailaren 5ean.–Alkate udalburua, Arantxa Hernández Lacalle.

DIRULAGUNTZEI BURUZKO ORDENANTZA OROKORRA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Obanosko Udalaren dirulaguntzak emateko prozedura eta irizpideak arautu eta finkatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoari jarraituz, betiere udalerriaren lurralde-eremuan.

Honen xedea da herritarrei eta erakundeei prestazio hauek baldintza beretan eskuratu ahal izateko aukera bermatzea, egin ditzaten hezkuntza, gizarte, kultur eta kirol arloetan tokiko eskumeneko zerbitzu eta jarduerak osatu edo ordezkatzen dituzten zerbitzu eta jarduerak.

2. artikulua. Dirulaguntza esaten zaio udalak pertsona edo elkarteei, erakunde publikoei nahiz pribatuei dirua zein gauzak emateari, horren xedea baldin bada onura publiko edo interes sozialeko jarduerak bultzatu edo sustatzea, inolako irabazi-asmorik gabe, eta dirua pertsona edo erakunde onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe ematen bada.

3. artikulua. Honako printzipio hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen dirulaguntzak:

1. Publikotasuna, gardentasuna, konkurrentzia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza eta kontrola.

2. Eraginkortasuna, administrazio emaileak finkatutako helburuak betetzean.

3. Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

4. artikulua. Dirulaguntzak emateko, arau hauei jarraituko zaie:

1. Borondatezkoak eta aldi baterako izanen dira.

2. Ezin izanen dira aurrekaritako erabili.

3. Jarduerari ematen zaion dirulaguntza haren oihartzun sozialaren arabera aplikatuko da.

4. Ezin izanen da eskatu dirulaguntza handitu edo berritzerik.

5. artikulua. Baliorik ez dute izanen dirulaguntzak emateko eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.

6. artikulua. Dirulaguntzak emanen dira horretarako onesten diren oinarri arauemaileetan aurreikusitako irizpide, xede eta prozedurei jarraikiz.

Oinarriak onetsi aurretik, nahitaezkoa izanen da xede horretarako dirua esleitzea aurrekontuetan.

7. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren jardueretarako dirulaguntzak emateko prozedurak eta baldintzak honako arau honi egokitu beharko zaizkio, eta bertan jasotzen ez den orotan, berriz, honako hauei jarraituko zaie: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta haren Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bitartez onetsia, Toki Korporazioei aplikagarria zaien heinean, eta aplikatzekoa den gainerako legezko araudia.

II. KAPITULUA

Dirulaguntzen xedea eta emakida

8. artikulua. Diruz lagungarriak dira jarduera programatuak, hezkuntza, gizarte, kultura eta kirol arlokoak, Udalaren eskumeneko zerbitzuetan lagundu edo horiek ordezten badituzte edo tokiko intereseko jarduerak badira, eta dirulaguntzen deialdiari dagokion aldian gauzatzen badira.

9. artikulua. Ez dira diruz laguntzekoak:

a) Lokalak moldatzea edo eraikinetako beste edozein esku-hartze.

b) Ondasun higiezinen erosketa.

c) Funtzionamenduak eragindako gastuak (alokairua, telefonoa, argia, langileen nominak eta abar). Horretan salbuespena egiteko, Udalak baloratu beharko du, arrazoitu ondotik.

10. artikulua. Printzipio ekonomikoak:

1. Dirulaguntzaren zenbatekoa banaka zehaztu ahalko da edo gastuetarako ezarritako portzentajeak aplikatzetik aterako da edo jarduerak berak ezarriko du.

2. Udalak ematen dituen dirulaguntzak bateragarriak izanen dira beste erakunde edo entitate publikoetatik jaso ahal direnekin.

3. Edonola ere, diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoak ez du gaindituko eskatutako zenbatekoa, ez eta jardueraren guztizkoa ere. Zenbaketa horretan sartuko dira beste instituzio edo erakunde publikoetatik espero diren edo jaso diren dirulaguntzak. Udalak konturako ordainketarik edo ordainketa aurreraturik egin izan balu, beste erakunde batzuen dirulaguntza jasotzean zenbatekoak erregularizatuko lirateke.

4. Kontuan hartuko dira pertsona edo erakunde eskatzaileak bere kabuz lor ditzakeen bestelako diru-sarrerak, bai eta babesleak edo mezenasak direla medio lortutakoak ere, sustatuz, horrela, autokudeaketa eta neurri txikiagoan udal funtsekiko mendekotasuna.

5. Deialdiaren oinarri arautzaileetan horrela ezartzen den guztietan, eman ez den aurrekontuko zenbatekoa hainbanatu ahalko da deialdiaren gainerako pertsona edo erakunde onuradunen artean, gehieneko zenbateko osoa gainditu gabe.

6. Oro har, dirulaguntzak ordainduko dira pertsona edo erakunde onuradunak jarduera edo proiektua gauzatu duela frogatu ondotik.

7. Konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak eskatu ahalko dira justifikatuz gero. Beraz, justifikatu aurretik funtsak eman ahalko dira, dirulaguntzari lotutako jarduerak gauzatu ahal izateko finantzabide gisa.

III. KAPITULUA

Pertsona edo erakunde onuradunak

11. artikulua. Hona hemen zeinek eska ditzakeen dirulaguntzak:

a) Irabazi asmorik gabeko entitate, erakunde eta elkarteak, Obanosen helbidea izanik Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

b) Pertsona fisikoak, Obanosen helbidea izanik Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

c) Irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteak eta pertsona fisikoak, Obanosen erroldatu gabe egon arren Udalaren intereseko zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

Dirulaguntzak arautzen dituzten oinarrietan ezarri ahalko da funts publikoak erakunde laguntzaile baten bidez eman ahalko zaizkiela pertsona edo erakunde onuradunei. Hala bada, lankidetza hitzarmena eginen da Udalaren eta erakunde laguntzailearen artean, eta hartan arautuko dira erakundeak bere gain hartzen dituen baldintzak eta betebeharrak. Hitzarmen horrek ez du inondik ere lau urte baino gehiago iraunen.

IV. KAPITULUA

Prozedura

12. artikulua. 1. Oro har, dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

Udalak zenbateko bat finkatuko du urtero aurrekontuan, dirulaguntza jaso dezaketen jardueretarako.

Dirulaguntzak eman aurretik, organo eskudunak dirulaguntzen deialdia egin beharko du, oinarri arautzaileak onetsita.

Aurrekontuan dagoen dirua banatuko da aurkeztu diren eskaeren artean, honako hauek kontuan hartuta: deialdiaren oinarrietan aipatzen den jardueraren arlo edo esparrua, lortu nahi diren xedeak eta horretarako aurrekontu-aplikazioa. Biltzen diren inguruabarrak aztertu ondoren emanen da, zenbateraino eta zer ehunekotan laguntzen ahal diren zenbatetsi ondoan.

2. Nolanahi ere, beste dirulaguntza batzuk modu zuzenean ematen ahalko dira, horretarako egiaztatzen diren arrazoiak direnean interes publikokoak, sozialak, ekonomikoak, hezkuntzakoak, kulturalak, kirol arlokoak, zientifikoak, humanitarioak edo bestelakoak, baldin eta, hartzailea dela-eta, ez badago konkurrentzia publikorako aukerarik, pertsona edo erakunde onuradun bakarra edo onuradun talde bakarra dagoelako dirulaguntzaren xedea aitzina eramateko gaitasuna duena.

Kasu hauetan ematen diren dirulaguntzak ere zuzenekoak izanen dira:

a) Udalaren aurrekontuan berariaz aurreikusita daudenean.

b) Lege mailako arau batek agintzen badio Administrazioari dirulaguntza emateko edo zenbat eman behar duen.

c) Dirulaguntzaren izaeragatik edo helburuagatik lehiaketa publikoaren deialdirik behar ez denean, edo izaeragatik nahiz helburuagatik publikotasunaren tramitea betetzea ezinezko bada, gauzatzeko gaitasuna duen pertsona edo erakunde onuraduna bakarra delako.

Apartatu honi jarraikiz ematen diren dirulaguntzak gauzatzeko, erabaki edo lankidetza hitzarmenak eginen dira. Haietan dirulaguntzak arautzeko oinarriak ezarriko dira, ordenantza honetako aurreikuspenekin bat, salbu publikotasunaren eta lehiaren printzipioei dagozkienetan.

13. artikulua. Alkatea da organo eskuduna ordenantza honetan aipatu deialdiaren oinarriak onetsi, argitaratu, zuzendu, luzatu edo aldatzeko, baita dirulaguntzak ematea edo ukatzea erabakitzeko eta haien zenbatekoa zehazteko ere.

Oinarriek eduki hau izan behar dute:

a) Dirulaguntzaren xedearen zehaztapena.

b) Dirulaguntza eskuratzeko pertsona edo erakunde onuradunek bete behar dituzten baldintzak, eta eskaerak aurkezteko modua eta epea.

c) Pertsona juridikoek kaudimenaren eta eraginkortasunaren aldetik bete behar dituzten baldintzak.

d) Dirulaguntza emateko prozedura.

e) Dirulaguntza onartzeko irizpide objektiboak eta, hala behar badu, horien haztapena.

f) Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa edo hori zehazteko irizpideak.

g) Dirulaguntza emateko prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak, eta ebazpena jakinarazteko epea.

h) Dirulaguntzaren justifikazio egokia bermatzeko kontabilitateko liburu eta erregistrorik behar bada, horien zehaztapena.

i) Pertsona edo erakunde onuradunak edo, kasua bada, erakunde laguntzaileak zer epe eta modu izanen duten frogatzeko ezen, dirulaguntza zertarako eman zen, xede hori bete dela eta eskuratutako funtsak aplikatu direla.

j) Dirulaguntza ematen duen organoaren aldeko berme neurriak eratu behar badira, horiek zein diren, nola eratzen diren eta horiek bertan behera uzteko prozedura zein den.

k) Ordainketa aurreratuak eta konturako ordainketak egiteko aukera, eta pertsona edo erakunde onuradunek eman behar dituzten bermeak.

l) Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea eta bestelako inguruabarrak, ebazpena aldatzeko bidea eman dezaketenak.

m) Bateragarritasuna edo bateraezintasuna xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik edo nazioko, Europar Batasuneko nahiz nazioarteko erakundeetatik etorrita ere.

n) Dirulaguntzak emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez betetze hori norainokoa den neurtzeko irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira azken-azkenean pertsona edo erakunde onuradunak jaso edo, hala behar badu, itzuli behar duen dirua zehazteko, eta proportzionaltasun printzipioari jarraitu beharko diote.

14. artikulua. Deialdi bakoitzeko oinarri partikularretan agertzen diren baldintza zehatzez gain, dirulaguntza eskaera egiteko, betiere, eskabide bat aurkeztuko da, pertsona edo erakunde eskatzaileak sinatua edo, pertsona juridikoen kasuan, erakundeko buruak edo behar bezala egiaztatutako ordezkaritza duenak sinatua. Deialdiko oinarri partikularretan aipatzen den dokumentazioa eman beharko da eskabidearekin batera.

Eskabidean azalduko da sinatzaileak zer gisa diharduen. Orobat honako alderdi hauek ere azaldu beharko dira: dirulaguntza zer jarduera zehatzetarako eskatzen den, lortu nahi den helburua, hedapen-eremua, non eginen den, kostua eta sor ditzaketen diru-sarrerak.

Eskabidearekin kopia bat aurkeztuko da. Zigilua jarrita, kopia horrek frogagiri gisa balioko du pertsona edo erakunde eskatzailearentzako.

15. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea ezarriko da dirulaguntza emateko deialdi bakoitzaren oinarri partikularretan.

16. artikulua. Deialdiaren oinarriak onestean finkatzen diren irizpide berariazkoez gain, honako hauek jotzen dira dirulaguntzak emateko irizpide objektibo orokortzat:

a) Jardueraren interes orokorra Obanosko Udalarendako.

b) Programa hauetan herritarrek aktiboki parte hartzea eta jarduerek eragin soziala izatea.

c) Prestakuntzaren edo hezkuntzaren aldetik biztanleriaren bizi mailaren hobekuntza eragin dezaketen alderdiei mesede egitea.

d) Proiektua zer esparrutan garatuko den, horrexen baldintzetara egokitzea gizartearen, kulturaren, kirolaren eta abarren aldetik.

e) Jarduerak Obanosko herritarren eskura izatea eta iritzi publikoa sentsibilizatzen laguntzea.

f) Boluntarioen parte hartzea proiektua edo jarduera gauzatzen.

g) Antzinatasuna Obanosko erroldan.

h) Gisako jardueren urritasuna.

i) Kirola eta kultura sustatzea.

j) Dirulaguntzarik gabe nekez gauzatuko liratekeen interes orokorreko jarduerei laguntza ematea.

k) Proiektuan ingurumenaren, gizartearen nahiz genero berdintasunaren ikuspegia txertatzea.

l) Antzinatasuna eta eskarmentua, gisako proiektuetan.

m) Pertsona edo erakunde onuradunaren gaitasun teknikoa, antolakuntzazkoa eta kudeatzekoa.

17. artikulua. Eskabideak aztertu eta gero, alkateak ebazpena emanen du, eta dirulaguntza esleituko du kasu bakoitzean egoki jotako zenbateko eta ehunekoarekin, inguruabarrak balioztatu ondoren. Arau orokor gisa, jarduerak diruz laguntzeko guztizko zenbatekoak ez du gaindituko horretarako aurkeztutako aurrekontu osoaren 100eko 50. Deialdi bakoitzaren oinarri partikularrek adieraziko dute gehieneko zenbatekoa. Dena dela, salbuespen gisa, ikusirik jardueraren izaera, pertsona edo erakunde eskatzailearen ibilbidea eta sendotasuna, eta proposatzen den jarduerak hala Obanosko udalerrian nola herritik kanpo izan dezakeen oihartzuna, organo eskudunak, bidezko iruditzen bazaio, dirulaguntzaren zenbatekoa ezarritako %50 horretatik gorakoa izan daiteke, eskatutakoaren mugara iritsi bitarte.

V. KAPITULUA

Informazioa eta irizpideak lankidetza-hitzarmenei buruzko proiektuak egiteko, dirulaguntzak zuzenean ematen direnean

18. artikulua. Aurkeztutako proiektuak datu hauek jasoko ditu:

1. Identifikazio datuak: elkartearen edo entitatearen izena eta Udal Erregistroko zenbakia.

2. Justifikazio orokorra: orokorrean proiektu honekin lortu nahi diren helburuak, zioen azalpena.

3. Datu ekonomikoak: urte horretarako elkarteak oro har aurreikusi duen aurrekontu osoa, diru-sarrera propioak xehatuz (kuotak eta derramak, udalenak ez diren dirulaguntzak, babesleak, loteria, salmenta eta antzeko bestelako diru-sarrerak) eta espero diren kostuak (jardueraren antolaketa, gastu arruntak eta funtzionamendukoak, erosketak eta abar).

4. Aitorpena: elkartearen edo erakundearen legezko ordezkariaren edo pertsona fisikoaren zinpeko aitorpena erantsiko da eta bertan bere sinadurarekin ziurtatuko du emandako informazioa benetako dela.

5. Bankuko datuak: liburuxkaren kopia edo banku-kontuko zenbakiaren ziurtagiria, bertan dirulaguntza uzteko, titularra elkartea edo entitatea dela adierazten duena.

6. Bestelakoak: aurkezterakoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak egokitzat jotzen duen informazio oro.

19. artikulua. Proiektuan jarduerak zehaztu beharko dira, informazio honekin:

1. Jardueren definizioa: jarduera bakoitzaren xedea, deskripzioa eta garatu beharreko edukiak, erabili ahal diren bitartekoak eta baliabideak eta abar.

2. Jardueren aurrekontua: kostuen balorazioa, jarduerek izanen dituzten kontzeptu eta partidengatik eta diru-sarrerarik espero ote den, babesleengatik, beste dirulaguntza batzuetatik edo haien ondoriozko diru-sarreretatik.

3. Beharrak: jarduerak egiteko behar nagusiak azaldu eta arrazoitzea: behar materialak, ekonomikoak eta espazio publikoen erabilerari buruzkoak.

4. Programazioa denboran: azaldutako jardueretarako egutegi eta ordutegiak.

VI. KAPITULUA

Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak

20. artikulua. Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak dira:

–Dirulaguntzaren oinarri diren xedea betetzea, proiektua gauzatzea, jarduera egitea edo behar den jokabidea izatea.

–Organo emaileari edo, halakorik bada, erakunde laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

–Organo emaileak edo, halakorik bada, erakunde laguntzaileak egin beharreko egiaztatze lanak onartzea, baita kontrol organo eskudun nazionalek zein europarrek finantzak egiaztatu eta kontrolatzeko egin ditzaketenak ere, eta lehenagoko jarduketen ondorioz eska dakiokeen informazio guztia ematea.

–Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari edo erakunde laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, beti, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

–Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

–Obanosko Udalak ematen duen dirulaguntza orok betebehar bat izanen du pertsona edo erakunde onuradunarentzat; diruz lagundutako jardueraren agiri eta iragarki idatzi guztietan aditzera emanen da Obanosko Udalaren dirulaguntza jaso dela, eta Udalaren logotipoa ere agerraraziko da, eta/edo dagokion udal alorrarena, hala dagokionean, ematen diren eredu tipografikoak erabiliz.

21. artikulua. Erakunde laguntzaileak, onuradunak eta dirulaguntzen xedearekin edo haren justifikazioarekin ikusteko duten hirugarrenak beharturik daude Udalaren kontrol organoen lana erraztera, baita kontrol organo eskudunek finantzen egiaztatze eta kontrolaren arloan egin ditzaketen gainerakoak ere, bereziki uztea kontrolaren eta segimenduaren xedeko dokumentazioa aztertzen eta lokaletan sartzen.

22. artikulua. Jarduera baterako dirulaguntza eskabidea aurkezteak berarekin dakar ordenantza hau eta dirulaguntza emateko oinarriak jakitea eta onartzea.

23. artikulua. Ordenantza honetako betebehar eta aginduak ez betetzeak dirulaguntza itzuli beharra ekar dezake. Erabaki hori organo emaileak hartuko du, espedientea ireki ondoan. Hartan, zentro kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batean, bidezko diren txosten eta frogak aurkeztuko dira, baita pertsona edo erakunde onuradunaren alegazioak ere, halakorik bada. Espedientea hiru hilabeteko epean ebatzi beharko da.

VII. KAPITULUA

Justifikazioa eta kobrantza

24. artikulua. Hitzarmenaren esparrua.

Hitzarmen baten ondoriozko dirulaguntza denean, horren klausulek agintzen dutena eginen da justifikatzean eta ordaintzean.

Beste kasu guztietan, arau arautzaile hauetan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio; hitzarmenen kasuan, berriz, modu osagarrian aplikatuko dira arau hauek.

25. artikulua. Hitzarmenetik kanpoko esparrua.

Ordenantza honetako aginduei jarraikiz emandako dirulaguntzak biltzeko, oinarri arautzaileetan eskatutako agiriak aurkeztu behar dira Udalean. Horiek ez badute horretarako araudirik ezartzen, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskabidea, alkateari zuzendua, dirulaguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

b) Pertsona edo erakunde onuradunaren zinpeko aitorpena, justifikatzeko aurkeztu dituen fakturak dirulaguntza izandako jardueran aplikatu direla.

c) Fakturak, adieraziko dutenak jarduera diruz lagungarriaren guztizko zenbatekoa. Hala ere, salbuespenez deialdiak ezartzen ahalko du fakturak emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren heinekoak izatea.

Nolanahi ere, fakturek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izatea.

–Jaulkitzailearen NANa edo IFZ, izena eta helbide soziala edukitzea.

–Fakturaren zenbakia eta jaulkipen eguna; egun hori jarduera garatu den aldikoa izanen da, ezinbestean. Dirulaguntza eman den urteko data eduki beharko dute, edo aitzineko urteko laugarren hiruhilekokoa. Jarduera puntuala baldin bada, aipatu jarduerari dagokion data.

–Jardueraren deskribapena.

d) Jarduerak sortutako gastuen zerrenda eta dokumentazio idatzia.

e) Beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek emandako dirulaguntzen zerrenda.

26. artikulua. 24. artikuluan aipatzen diren frogagiriak dirulaguntza ordaintzeko eskabidearekin batera aurkeztuko dira. Udalaren zerbitzu teknikoek espedientea aztertuko dute eta alkateari proposatuko diote dirulaguntza onetsi eta ordaintzea, bidezkoa bada. Alkateak espedientea ebatzi eta ordainketa onetsiko du.

27. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan jarraituko zaio honako arau hauetan ezarritakoari: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, hari buruz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira ordenantza honetan xedatuari kontra egiten dioten indarreko udal ordenantzetako xedapenak, bai eta kontrakoa esaten dutenak ere.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2101995