43. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

FITERO

Ordenantza, arautzen duena Udalaren eta irabazi asmorik gabeko elkarte eta entitateen arteko lankidetza, aurrera eramateko kultura, turismo eta kirol jarduerak eta gizarte interesa dutenak. Behin betiko onespena

Fiteroko Udalak, 2020ko azaroaren 24an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen duena Udalaren eta irabazi asmorik gabeko elkarte eta entitateen arteko lankidetza, aurrera eramateko kultura, turismo eta kirol jarduerak eta gizarte interesa dutenak.

Iragarkia 2020ko 288. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 19an, eta jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu ez denez, behin betiko onetsi da ordenantza, eta argitaratu egin behar da.

Fiteron, 2021eko otsailaren 1ean.–Alkatea, Miguel Aguirre Yanguas.

ORDENANTZA BEREZIA, ARAUTZEN DUENA UDALAREN ETA IRABAZI ASMORIK GABEKO ELKARTE ETA ENTITATEEN ARTEKO LANKIDETZA, AURRERA ERAMATEKO KULTURA, TURISMO ETA KIROL JARDUERAK ETA UDALERRIARENTZAT GIZARTE INTERESA DUTENAK

ZIOEN AZALPENA

Fiteroko Udalak, 2019ko azaroaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Fiteroko Elkarteen Udal Erregistroa arautzen duen ordenantza. Ordenantza horren behin betiko testua 2020ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 21ean.

Fiteron kultura, gizarte eta hezkuntza arloan jarduten diren elkarteek ehun garrantzitsua osatzen dute. Elkarte horiek, eguneroko lana egiteko eta gure herriko hainbat sektoreri zuzendutako jarduerak antolatu ahal izateko, behar-beharrezkoak dituzte udalaren instalazioak eta baliabide ekonomikoak.

Orain arte, fede onak gidatuta, udalbatzek baliabide materialak eta ekonomikoak eman izan dizkiete elkarteei, bere jardueren programazioak gauzatuko zirela bermatzeko.

Behin Elkarteen Udal Erregistroa eratuta, uste dugu beharrezkoa dela Udalaren eta tokiko elkarte horien arteko lankidetza materiala eta ekonomikoa gidatuko duten irizpideak finkatzea.

1. Xedea.

Udal ordenantza honen xedea da finkatzea zer oinarri arautzailek gidatuko duten Fiteroko Udalaren eta irabazi asmorik gabeko elkarte eta entitateen arteko lankidetza, baldin aurrera eramaten badituzte kultura, hezkuntza, turismo, kirol eta ingurumen arloko jarduerak eta, oro har, udalerriarentzat gizarte interesa dutenak edo halakorik aurrera eramateko asmoa badute. Lankidetza, bada, jarraian adierazitako moduan bideratuko da.

2. Lankidetza motak.

Aurreko apartatuan aipatutako lankidetza gauzatzeko, Fiteroko Udalak honako hauek ekar ditzake:

2.1. Dirulaguntzak eta laguntza ekonomikoak: ekarpen ekonomikoak, bai udal aurrekontuen kargura egiten direnak, bai beste administrazio, erakunde edo entitate eskudunetatik datozen funtsak, behar bezala baimenduta daudela.

2.2. Lankidetza gauzatzea materialak, zerbitzuak edo langileak utziz:

–Erabiltzen uztea higiezinak (eraikinak, lurzoruak, instalazioak eta abar), ekipamenduak (ibilgailuak, makinak eta abar), askotariko gauzak (agertokiak, hesiak, aulkiak eta abar) eta, oro har, Udalaren beraren materialak edo propio kontratatutakoak.

–Zerbitzuak, bai udal titulartasunekoak (edateko ura, saneamendua eta abar), bai Udalak kudeatutakoak edo propio kontratatutakoak (argiteria, soinua eta abar).

–Udal enplegatuek edo beste batzuek egindako lanak eta zerbitzuak, edozein delarik ere Udalarekin daukaten lan harremana edo harreman funtzionala.

Bi lankidetza motak aldi berean gerta daitezke, eta jarduera beraren barruan.

3. Udalaren laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Ordenantza honetan araututako lankidetzaren xede izateko, jarduerek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

3.1. Kultura, hezkuntza, turismo, kirol eta ingurumen arloko jarduerak behar dute izan, eta, oro har, izaera soziala eduki eta udalerriarentzat interesekoak izan, eta bat etorri udal gobernuak eta administrazioak bere eskumeneko arloetan ezarrita dauzkaten jarraibide eta helburuekin.

3.2. Fiteroko bizilagunei zuzenduta egon behar dute, edo, bestela, onura nabarmena eragin interes komunean edo udalerriaren sustapenean, kulturaren, hezkuntzaren, turismoaren, kirolaren, ingurumenaren eta gizartearen arloetan eta eskualdeari, Nafarroari, Espainiari eta nazioarteari begira.

4. Onuradunak.

Ordenantza honetan araututako udal lankidetzaren onuradun izaten ahalko dira baldintza hauetakoren bat betetzen duten elkarte, talde, klub eta irabazi asmorik gabeko bestelako entitateak:

–Eratuta egotea indarrean dauden legedietan ezarritakoarekin bat etorriz, eta izena emanda egotea Elkarteen Udal Erregistroan.

–Egoitza Fiteron edukitzea eta Fiteron egitea laguntzaren xede izan behar duten jarduerak.

–Irabazi asmorik gabekoak izatea, eta ordenantza honetan jasotako jarduerak izatea xede, eta hori behar bezala egiaztatuta edukitzea elkartearen estatutuetan.

5. Lankidetza deialdiak eta motak.

Hauek dira udal lankidetzarako deialdi motak:

5.1. Norgehiagoka araubidea: Udalak, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean, urteko deialdiak egiten ahalko ditu, eskumen arloen araberakoak edo elkarte eta entitate onuradunen ezaugarrien araberakoak (kultura, hezkuntza, turismoa, kirola eta abar).

5.2. Udal lankidetzako araubide berezia, Udalak antolatutako edo besteren bati agindutako jarduera zehatzetarako: Udalak laguntza ematen ahalko du tradizioa, errotzea edo udalaren interes soziala direla-eta ezaugarri bereziak dituzten jarduerak aurrera eramateko, baldin eta horiek antolatu eta egitearen ardura ematen badie legez eratutako elkarte edo entitateei, laguntza horren onuradun izateko aitorpena izanik eta irabazi asmorik gabe jardundakoak izanik; hori guztia, ordenantza honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz. Jarduera mota honetarako laguntza eskuratzeko, ez da beharrezkoa ordenantza honetan ezarritako eskabidea eta dokumentazioa aurkeztea. Aitzitik, udalaren organo eskudunak kasu bakoitzerako ezarriko du zein diren bete beharreko baldintzak prestazioa jaso ahal izateko. Jarduera mota honetan, Udalak laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbateko osoa aurreratzen ahalko du.

5.3. Berariazko beste jarduera batzuk: salbuespen gisa, eta Udalak nahikoa baliabide badu, laguntza ematen ahalko du eskaera egiten duten elkarte eta entitateek antolatzen dituzten jardueretarako. Horretarako, ezarritako betekizunak bete beharko dituzte, eta ordenantza honetan ezarritakoari jarraitu. Kasu honetan, interesdunek ordenantza honetan adierazitako eskabidea eta dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte udalaren laguntzaren xede d(ir)en jarduera(k) hasi baino 20 egun baliodun lehenago gutxienez.

6. Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

Deialdian agertuko da eskaerak zer epetan eta non aurkeztu behar diren eta zer ereduren bidez. Beharrezko eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira, entitate eskatzailearen idazkariak behar bezala sinatuta eta entitateko lehendakariaren oniritzia dutela:

6.1. Elkarte edo entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa: jarraian ageri diren agiriak aurkeztu egin beharko dira baldin eta udal artxiboetan ez badaude eskabidea aurkeztu aurretik edo aldaketarik egon bada agiriotan:

a) Entitate eskatzailearen identifikazioa eta egoitza soziala.

b) Estatutuen kopia legeztatua.

c) Legezko ordezkariaren ahalmena ziurtatzen duen agiria eta haren NANaren fotokopia.

d) IFKren fotokopia.

e) Kide edo bazkideen kopurua ziurtatzen duen agiria eta azken ekitaldian kuotengatik bildutako urteko zenbatekoa, bai eta entitateak onetsia duen urteko kuota ere.

f) Udalaren laguntza zer aurrekontu-ekitalditarako eskatu den, ekitaldi horretarako indarrean dauden entitatearen aurrekontu orokorrak, diruzainak eginbidetuak.

g) Udalaren laguntza zer aurrekontu-ekitalditarako eskatu den, ekitaldi horretan beste administrazio publiko edo entitateri eskatutako laguntzak eta onetsitakoak, zehaztuta zenbatekoa eta eskaera eta emate data. Halakorik ez badago, hori ere ziurtatu beharko da.

h) Entitatearen bankuko datuak.

i) Adierazpena, ziurtatzen duena entitate eskatzaileak egunean dituela Gizarte Segurantzarekiko eta Ogasun Publikoarekiko ordainketak.

6.2. Udal laguntza zer jardueratarako eskatu den, horiei buruzko dokumentazioa:

a) Jardueraren justifikazioa: iruzkin laburra, froga dadin jarduerak daukan interesa kulturaren, hezkuntzaren, turismoaren, kirolaren, ingurumenaren edo gizartearen ikuspegitik, ordenantza honetako 4. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz.

b) Antolatuko diren ekintzen nondik norakoak azaltzen dituen memoria (ordutegia, tokia...) edo haiei buruzko gutxi gorabeherako plangintza bat.

c) Guztizko aurrekontua, zehaztuta zer zenbateko daukan jarduera osatzen duten kapitulu bakoitzak.

d) Eskaeran laguntza materiala, zerbitzuak edo langileak eskatzen badira, zehaztu egin beharko da zenbat behar diren eta noiz (eguna eta ordua) eta non egon beharko luketen jarduera behar bezala gauzatu ahal izateko. Aurreko apartatuko epigrafeetan adierazitako datu guztiak zehazterik ez badago, entitateak adierazi beharko du konpromisoa hartzen duela bere gain laguntzaren xede den jarduera hasi baino 20 egun baliodun lehenago gutxienez aurkezteko datuok Udalari. Eskaerak ez baditu betetzen adierazitako baldintzak, ez bada aurkezten eskatutako dokumentazio guztia edo aurkeztutako dokumentazioan akatsak badaude, interesdunari eskatuko zaio jakinarazpen egin eta hamar egun baliodunean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, jakinaraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, inguruabar hori deklaratzen duen ebazpenaren ondotik.

7. Dirulaguntzak eta laguntza ekonomikoak.

7.1. Aurrekontu-aplikazioa eta kreditua: aurrekontu-aplikazioa eta, halakorik bada, laguntza eta dirulaguntza hauek finantzateko kreditua izango dira Fiteroko Udalaren Aurrekontu Orokorrean horretarako aurrekontu-ekitaldi bakoitzean onetsitakoak, haietan zehaztutako aplikazio eta zenbatekoekin.

7.2. Kontsezio araubidea: 5.3 apartatuan xedatutakoa gorabehera, norgehiagokako araubidearen bidezko deialditik kanpo dirulaguntzak eta laguntzak emateko, ezinbesteko kausak edo ezustekoak jazo beharko dira, eta behar bezala jusfitikatuta egon.

7.3. Dirulaguntzen eta laguntzen zenbatekoa.

–Dirulaguntzen kasuan, jardueraren aurrekontuaren %50 ordainduko da gehienez, eta udal administrazioak aldez aurretik onetsi egin beharko du.

–Laguntzen kasuan, jardueraren aurrekontuaren %100 ordaintzen ahal da, eta udal administrazioak aldez aurretik onetsi egin behar du.

Udalaren ekarpen ekonomikoek, guztira, ezin izango dute gainditu jarduerarako onetsitako guztizko zenbatekoa. Azkenik ordainduko den dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako justifikazioaren arabera kalkulatuko da. Hala, aurkeztutako justifikaziok ez badu osorik hartzen diruz lagundu nahi den ekintza, laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da.

7.4. Diruz lagun daitezkeen gastuak. Honako hauei lotutako gastuak ordaintzeko jasotzen ahalko dira laguntzak edo dirulaguntzak, ordenantza honetan xedatutako baldintzetan betiere:

a) Materialak, ekipoak eta zuzkidurak, 4. apartatuan adierazitako elkarte eta entitateek erabiltzekoak.

b) Elkarteen egoitzak eraiki, zaharberritu, egokitu eta ekipamenduz hornitzeko gastuak. Baldintza da Fiteroko udal-mugartean egon behar dutela.

c) Udalaren laguntza jaso dezaketen jarduerak aurrera eramateko gastuak. Kanpo gelditzen dira lurrak edo ondasun higiezinak eskuratzeari lotutako gastuak, bai eta egoitzen eta bestelako bulegoen funtzionamendurako gastu arruntak ere.

8. Instrukzioa eta ebaluazioa.

8.1. Dagokion eskumen arloko zinegotzi delegatuari dagokio prozedura instruitzeko ardura.

8.2. Eskaerak ebaluatu eta dirulaguntzak emateko irizpideak. Dirulaguntzak eta laguntzak jasotzeko eskaerak, norgehiagokako araubideko deialdietara aurkezten direnean, baloratuko dira kontuan hartuta irizpideen ordena hau, eta eskatzaile guztiekin alderatuta:

a) Jardueren xedeen interes maila edo erabilgarritasuna herritarrentzat: laguntzaren edo dirulaguntzaren xede diren jardueren garrantzia, kontuan hartuta helburuak, nori zuzenduta dauden eta interes komunari edo udalaren sustapenari dakarkion onura, ordenantza honetako 3. apartatuan adierazitako betekizunei jarraikiz.

b) Ahalmen ekonomiko autonomoa: inbertsioaren zenbatekoa, entitatearen aurrekontu orokorrekin alderatuta.

c) Bestelako dirulaguntzak eta laguntzak edukitzea, bai udalak emandakoak bai beste nonbaitetik datozenak.

d) Elkarte edo entitatearen ordezkagarritasuna: legez aitortutako kideen kopurua, kanpoan utzita ohorezko bazkideak eta kide aktiboaren estatusarekin bat ez datozen gainerako modalitateak.

e) Lankidetzan eta modu koordinatuan aritzea udal zerbitzuetan eta programetan, bai eta beste entitate publiko edo pribatuekin ere.

f) Urteko memorian finkatutako helburuak zer mailaraino bete diren, justifikazio ekonomikoaren egokitasuna eta aurkeztutako proiektuaren kalitatea.

g) Lehentasuna ematea kudeaketagatik eta herritarren parte-hartzea bilatzeagatik zailtasuna dakarten jarduerei, bai eta elkarteen arteko lankidetza koordinatzea eskatzen duten jarduerei ere.

9. Ematea edo ukatzea.

9.1. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera, eta eskatzaileek jakinarazpena jasoko dute. Alkatea dagokio, edo gastua baimendu eta eskuragarri jartzeko eskumena eskuordetua daukan zinegotziari, laguntza eman edo ukatzea. Dirulaguntzen zerrenda jendaurrean jarriko da.

9.2. Eskatutako dirulaguntza edo laguntza eman edo ukatzen duen prozeduraren ebazpena eman aurretik, dagokion espedientea aztertu eta txosten bat egingo da. Horretarako, eskatzailearen instalazioak bisitatzen ahalko dira, bai eta prozedura ulertu eta ebaluatzeko beharrezko jotzen den informazio edo agiri oro eskatu ere.

9.3. Dagokion deialdiaren babespean dirulaguntza bat eman izanak ez dio obligaziorik sortzen Fiteroko Udalari hurrengo ekitaldietan ere dirulaguntzak emateko antzeko proiektuetarako.

9.4. Ebazpena arrazoitua izanen da eta onuradunari jakinaraziko zaio, baita ukatu zaienei ere; horrelakoetan ukatzeko arrazoiak gehituko dira. Ebazpen honen aurka, administrazio bidea bukatzen baitu, hautara, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke, alkateari zuzendua, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 123. eta 124. artikuluei jarraikiz; edo, zuzenean, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluen arabera.

10. Laguntzen bateragarritasuna.

10.1. Ordenantza honi jarraikiz ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo entitate batzuek ematen dituzten edonolako laguntzekin, baldin eta haien guztien baturak ez badu gainditzen diruz lagunduko den jardueraren kostua.

10.2. Eskatzaileak deklaratu beharko ditu eskatu eta eskuratu dituen laguntzak, bai espedientea administratiboa hastean bai prozeduraren edozein unetan hala gertatzen denean.

11. Onuradunek bete beharrekoak.

11.1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Zertarako eman zitzaien, horrexetarako erabiltzea dirulaguntzaren zenbatekoa.

b) Diruz lagundutako jarduerak edo ekintzak gauzatzea dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako irizpideei jarraikiz eta adierazitako epeen barruan.

c) Udalaren ikuskapena onartzea, Kontu-hartzailetzak berezko duen finantza kontrola barne.

d) Diruz lagundutako jarduera amaitutakoan, haren kostu osoa akreditatzea, horretarako aurkeztuz legez ezarritako betekizun guztiak dauzkaten egiaztagiriak.

e) Betetzea dirulaguntzen publizitatearen gaineko baldintzak, 12. artikuluan adierazitakoak. f) Beste edozein tokitatik xede bererako eskuratutako dirulaguntza edo laguntzen berri ematea Udalari.

11.2. Fiteroko Udalaren Kontu-hartzailetzak eta bestelako organo eskudunek finantzak kontrolatuko dizkielaguntzen onuradunei. Hala ere, dirulaguntza jaso duten pertsonek aukera izango dute ordenamendu juridiko administratiboaren aurkako ekintzengatik bidezko jarduketak hasteko, edo egozten ahal zaizkien erantzukizunak eskatzeko.

12. Publizitatea.

Ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradunak behartuta daude diruz lagundutako proiektuei buruzko memoria, argitalpen, iragarki edo bestelako hedabideetan erakustera Fiteroko Udalak horietan parte hartu duela. Oro har, udalaren laguntza jasotzen duten jardueren publizitatean, honako lelo hauetako bat jarriko da, ongi ikusteko tokian, eta, ahal dela, udal armarriaren azpian edo ondoan, eta letra larriz idatzita:

–Udalaren laguntza izan baldin bada materialak, zerbitzuak eta langileak uztea, honako lelo hau: “LAGUNTZAILEA: FITEROKO UDALA”.

–Laguntza ekonomikoa edo dirulaguntza izanez gero, honako lelo hau: “FITEROKO UDALAK DIRUZ BABESTUA”.

–Bi laguntza motak izanez gero, honako lelo hau: “LAGUNTZAILEA ETA BABESLEA: FITEROKO UDALA”. Orobat, eta aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, Udalaren laguntza jaso dela adierazi beharko da dirulaguntza jaso duten jarduerek irauten duten bitarte osoan, bai eta jarduera horiekin lotutako argitalpen, prentsa-ohar, edizio eta mota guztietako dokumentuetan ere.

13. Diru-laguntzen ebazpena eta ordainketa.

13.1. Azkenean ordaindutako dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu behar bezala justifikatutako zenbatekoa, eta, hala badagokio, ziurtatutako jarduketei esleitutako dirulaguntzaren ehunekoa aplikatzetik datorren zenbatekoa. Dirulaguntza, hain zuzen, aurretik xedatutako baremoen arabera emango dira.

13.2. Ordainketak aurreratzen ahalko dira. Horretarako baldintza da elkarte onuradunak berme nahikoa aurkeztea Udalari laguntzaren guztizko zenbatekoaren gainean. Berme hori Udalaren Diruzaintzan sartuko da, eta itzultzeko, entitate interesdunak eskatu egin beharko du, behin jasotako dirulaguntza justifikatutakoan eta Kontu-hartzailetzak dagokion txostena emandakoan. Erabaki hori dagokion zinegotzi ordezkariak onetsi beharko du.

13.3. Orobat, konturako ordainketak egiten ahalko dira, behar bezala justifikatutako zenbatekoena. Horretarako aldez aurretik Kontu-hartzailetzak txostena eman beharko du eta Udalaren organo eskudunak onetsi. Edonola ere, interesdunek berariaz eskatu beharko dute. Ezingo dira kontura ordaindu dirulaguntzaren %25etik beherako zenbatekoak.

13.4. Dirulaguntzen justifikazioa. Jasotako dirulaguntza justifikatzeko, onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte abenduaren 15a baino lehen:

a) Elkarte onuradunak izandako gastuak justifikatzeko fakturak, bai eta elkarteari zerbitzu egiten dieten teknikarien nominak ere, eta, hala badagokio, PFEZren kontura egindako atxikipena Zerga Administrazioko Estatu Agentzian sartu izanaren ziurtagiria.

b) Dirulaguntza zer helburutarako eman den, helburu horiek betetzeko zer jarduera egin diren jasotzen duen memoria.

c) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean daudela ziurtatzen duten agiriak.

14. Dirulaguntza itzultzea edo galtzea.

14.1. Dirulaguntza zertarako eman zaien, elkarteek ez badute zati batean edo osorik horretarako erabiltzen, eskubidea galduko dute etorkizunean antzeko deialdietan parte hartzeko. Halaber, indarrean dagoen urterako eman zaien dirulaguntza kenduko zaie, eta udaleko diru-kutxan utziko da.

14.2. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, betiere, 10. artikuluko baldintzak betetzen ez dituen Estatuko edo nazioarteko edozein erakunde publiko edo pribatuk aldi berean dirulaguntzak ematen baditu, emandako dirulaguntza aldatzen ahalko da, edo baita kendu ere, eta horren zenbatekoa udaleko diru-kutxara itzuli beharko da.

14.3. Jarraian ageri diren inguruabarretako bat jazotzen bada, dirulaguntzen onuradunek Udalari itzuli beharko dizkiote kontzeptu horregatik jasotako zenbatekoak, zati batean edo osorik (dagozkion txosten teknikoetan xedatutakoa), gehi dirulaguntza ordaindu zitzaienetik sortutako berandutze-interesak eta Aurrekontuei buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 36. artikuluan ezarritako zenbatekoaren arabera:

a) Diruz lagundutako jarduerak ez egitea osorik edo ez egitea eskaera egiterakoan aurkeztutako proiektu edo memoriari jarraituz, eta ez betetzea dirulaguntzak emateko ebazpenean adierazitako determinazioak.

b) Ez betetzea beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasunari buruzko betekizunak. Halakorik gertatzen bada, jardueraren kostua gainditzen duen zenbatekoa itzuli beharko da.

c) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea.

d) Dirulaguntza eskuratzea eskatzen ziren baldintzak bete gabe.

14.4. Itzuli beharreko zenbatekoak eskubide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira (ez dira tributu arlokoak).

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hausteak.

–Arau-hauste arintzat joko dira:

  • Epez kanpo aurkeztea jasotako funtsen erabilera justifikatzeko agiriak.
  • Funtsen erabilera justifikatzeko agiri guztiak ez aurkeztea edo zehaztasun falta justifikazioan.
  • Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 56. artikuluan ezarritako beste guztiak.

–Arau-hauste astuntzat joko dira:

  • Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 57. artikuluan ezarritako beste guztiak.

–Arau-hauste oso astuntzat joko dira:

  • Dirulaguntza eskuratu izana hura lortzeko eskatzen diren datuak edo baldintzak faltsututa.
  • Jasotako diru-zenbatekoak bestelako helburuetarako erabiltzea, osorik edo zati batean.
  • Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 58. artikuluan ezarritako beste guztiak.

15.2. Zehapenak: arau-hauste arinek 100 euroko isuna izanen dute zehapen. Arau-hauste astunen zehapena izanen da laguntzarik jaso ezin izatea gehienez ere bi urtez. Arau-hauste oso astunen zehapena izanen da laguntzarik jaso ezin izatea gehienez ere bost urtez.

16. Erantzukizun penala.

Udal-lankidetzaren elkarte edo erakunde onuradunaren legezko ordezkariak bere gain hartzen du antolatzaile gisa duen legezko erantzukizuna, eta erantzuten du eskabidean eta aurkeztutako gainerako agirietan jasotako datuen zehaztasunari buruz, bai eta emandako baliabideak aurreikusitako helburuetarako behar bezala eta esklusiboki erabiltzeari buruz ere. Eskabideetan eta udal-lankidetza emateko eskatzen diren gainerako agirietan datu faltsuak ematen badira, edo ordenantza honetan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, sortutako gastuak ordaindu beharko dizkio entitateak udalari, eta jasotako laguntza edo dirulaguntza guztiak itzuli beharko ditu, galarazi gabe bestelako erantzukizunak ere eskatu ahal izatea. Kasu bietan, gainera, esan gabe doa elkarte horrek ezin izango duela udalaren bestelako laguntzarik jaso.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.–Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 75. artikuluan aurreikusiari jarraikiz, ordenantza hau indarrean jarriko da Udalak behin betiko onetsitakoan, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta lege testu horren 65.2 artikuluan ezarritako epea iragandakoan. Orobat, indarrean egongo da hierarkia maila bereko edo goragoko beste arau batek indargabetzen ez duen bitartean.

Bigarrena.–Ahalmena ematen zaio alkateari edo arlo honetan eskumena duen zinegotzi ordezkariari ordenantza honen aplikazioa dela-eta sor litezkeen zalantzak argitzeko eta ordenantza garatu eta betetzeko beharrezkoak diren ebazpen osagarri guztiak emateko.

Iragarkiaren kodea: L2101604