41. ALDIZKARIA - 2021eko otsailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MORENTIN

Aldaketa Udal hilerria arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Morentingo Udalak, 2020ko irailaren 10ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldatzea Udal hilerria arautzen duen ordenantza (2020ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 7an).

Hura inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Morentinen, 2020ko azaroaren 25ean.–Alkatea, M.ª Pilar Barbarin López.

UDAL HILERRIA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

LEHENENGO KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4.25 eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, udal hilerriaren administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak Morentingo Udalaren esku egon behar dute, batere ukatu gabe bertze administrazio batzuek alor berean dituzten legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioa. Ahalmen hauek zuzendaritzari eta zaintzari lotuta daude:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen ditu, eta bere eginkizun hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Hilerrian hilobi hutsak izanen dira udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako kopuruan, edo horietarako lur aski bederen bai.

5. artikulua. Ehorzteko ekartzen diren hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira zerbitzu horiengatik.

6. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

7. artikulua. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

Eskatzaileak hilotza ateratzeko lanak bere kontura eginen ditu. Alkatetzari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

8. artikulua. Bertze hilerri batetik ekarritako hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutxienez ere hamar urteko antzinatasuna duen hilobian paratuko dira edo, bertzenaz, hezurtegira eramanen dira.

9. artikulua. Hiltzeko arrazoiak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan atera daitezke:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan, zinkezko hilkutxan ehortzi bada, noiznahi atera eta lekuz aldatzen ahal da, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik aterako epaileak agindu ezean.

10. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, baldin ongi kontserbaturik ez badago.

11. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko, bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar den liburuetan.

12. artikulua. Ordenantza honetan arauturiko zerbitzuak emateko udal tasak ordaindu eta gero, hilerriko lur guztiak erabiliko dira lurpeko lagun bakarreko hilobietarako, hamar urteko epean. Dena den, leku gutxi izateagatik beharrean egonez gero, legeak agintzen duen gutxienekoa beteta ateratzen ahalko dira hilotzak eta, hileta zerbitzuen kontzesio administratiboa tartean baldin bada, zerbitzuak dagokion kostua izango du.

13. artikulua. Hilerriko lurra lurperatzeko eta hilobiak edo gisako eraikuntzak egiteko erabiliko da, ez beste deusetarako.

Hilobietan gurutzeak edo zutikako hilarriak baizik ez dira paratzen ahalko, eta lurra egonkortutakoan paratuko dira. Lerrokaturik egonen dira, eta ondoko ezaugarri hauek izanen dituzte:

–Diseinu mota: librea.

–Materialak: hareharria edo marmola.

–Garaiera, gehienez: 90 cm.

–Zabalera, gehienez: 45 cm.

–Lodiera: 8 cm.

Debeku da hilerriko lurzoruan edo paretetan edozein mota eta tamainatako lauzarik paratzea.

14. artikulua. Hilobien kokapena, lur-erauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Udalaren kontura izango dira.

15. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.

16. artikulua. Emakidak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

BIGARREN KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik

17. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:

a) Ehorzketak.

b) Hilobiei lotutako beste lan batzuk.

18. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, izan pertsona fisikoak, izan pertsona juridikoak edo izan, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare bereizia eratzen duten entitateak.

19. artikulua. Zerga-oinarria da ordenantza honen tarifen eranskinean ageri dena. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

20. artikulua. Hobi berean bi hilotz edo gorpuzki, nahiz gehiago, batera lurperatzeko lizentziak ematen ahalko dira, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularraren kontura izango dira.

21. artikulua. Hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak atera eta bertako beste batean ehortziz gero, hilobitik ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

22. artikulua. 17. artikuluan jasotako 1. eta 2. zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak eman baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan, langileak oharra jasoko du eta horren berri emango die udal bulegoei, behar den tarifa ordainarazteari ekin diezaioten.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.

23. artikulua. Kolunbarioa da hilotz erraustuen errautsak dauzkaten errausketa-kutxak paratzeko tokia.

Hilotzen errautsak kutxetan sartu beharko dira, kanpoaldean zenduaren izena ageri dela.

24. artikulua. Kolunbario guztiak dohainik erabiliko dira. Udalak adieraziko du zer ordenatan okupatuko diren.

25. artikulua. Gehienez ere 10 urtean okupatuko dira; Udalak epe hori laburtzen ahalko du komenigarri zaion heinean, aipatu epea iragan baino lehen kolunbario guztiak okupaturik badaude.

26. artikulua. Erabili ahalko da hilerrian dagoen kolunbarioaren tapakia, edo familiak nahi baldin badu, beste bat jartzen ahalko du. Neurriak kolunbarioaren markoarekin bat etorri behar du.

Kolunbarioaren gainean zenduaren familiak identifikazio plaka bat paratu beharko du.

Idazkunaz gain, lorez egindako apaingarria paratzen ahalko da horretarako prestatutako tokian, baina ez da kolunbarioko tapakiaren neurriak baino handiagoa izaten ahal.

27. artikulua. Errauts-kutxa kolunbarioan paratzeko beharrezkoa izanen da zendua Morentinen egon izana gutienez ere urtebetez eta modu jarraituan erroldaturik.

Kolunbarioa erabiltzeko eskaerarekin batean, interesdunak agiri hauek ekarri beharko ditu:

–Eskatzailearen NANaren fotokopia.

–Hildakoaren Erregistro Zibileko inskripzioaren ziurtagiria.

–Errausketa legez baimendutako erraustegi batean egin izanaren frogagiria.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

ERANSKINA

1.–Ehorzketak:

a) Morentingo Udalean erroldatuak: salbuetsita.

b) Morentingo Udalean erroldatuak ez direnak: 150,00 euro.

2.–Kolunbarioak

a) Morentingo Udalean erroldatuak: salbuetsita.

b) Morentingo Udalean erroldatuak ez direnak: 150,00 euro.

Herritarrak salbuetsirik daude b) kasuan, eritasunagatik edo zainketak behar izateagatik egon behar badute kanpoan. Halakoetan a) kasukoekin parekatuko dira, eta ez dute inolako diru ordainketarik egin beharko.

Iragarkiaren kodea: L2101736